Penizilina bakterioek sortutako infekzioak tratatzeko erabiltzen den antibiotiko betalaktamikoa da. Penizilina gehienak azido 6-aminopenizilanikoaren deribatuak dira eta euren artean duten desberdintasuna amino taldeari lotutako albo katean datza.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Penizilina
SMILES isomerikoa
[H][C@]12SC(C)(C)[C@@H](N1C(=O)[C@H]2NC([*])=O)C(O)=O
Konposizioanitrogeno, oxigeno eta karbono
AurkitzaileaAlexander Fleming
Aurkitze data1928ko irailaren 28a
Zeren produktuaPenicillium
EponimoaPenicillium rubens
MotaBetalaktamiko eta penams (en) Itzuli
Erabilera
HaurdunaldiaUS pregnancy category B (en) Itzuli
RolaBakterio-kontrako eta Metabolito sekundario
Eragin dezakepenicillin drug reaction (en) Itzuli
Identifikatzaileak
Gmelin17334
MeSHD010406
KEGGC00395

Historia aldatu

Antibiotiko betalaktamiko hau, Alexander Fleming mediku eskoziarrak aurkitu zuen 1928an. Aurkitutako lehen antibiotikoa izan zen. Penicillium notatum izeneko onddoak sortzen du penizilina era naturalean.

Fleming-en aurkikuntza kasualitatearen ondoriotzat jotzen da. Mediku eskoziarra Staphylococcus aureus bakterioarekin lanean zebilen. Ustekabean, Penicillium notatum lizunaz bere kultibo bakteriarrak kutsatu zirenean, Staphylococcus ez zela hazten ohartu zen. Ondorioz, onddoak bakterioaren hazkuntza galarazten zuen substantzia bat ekoiztu behar zuela ondorioztatu zuen Fleming-ek [1].

Urte batzuk beranduago Howard Florey eta Ernst Boris Chain ikertzaileek penizilina purifikatzea lortu zuten. Purifikatu ondoren laborategiko saguen gaixotasun infekziosoak osatzeko gaitasuna zuela ikusi zuten, eta hortik abiatuta 1940 urtearen inguruan arrakasta handiz egin zituzten lehenengo saioak gizakiengan. Nobel Saria eskuratu zuten Fleming, Florey eta Chain-ek 1945ean.

Erasobidea aldatu

Penizilinak oso ondo betetzen du botika orok bete behar duen araua: toxikotasun hautakorrarena, alegia. Honen arabera botikak gai izan behar du mikrobioak akabatzeko, baina gaixoari kalterik egin gabe. Horretarako, bakterioek bakarrik dituzten egiturei eraso egin behar die agente terapeutikoak, giza-zelulak kaltetu gabe. Penizilina oso selektiboa da bakterioen aurka, giza-zelulek ez duten egitura bati eraso egiten diolako: bakterioaren zelula hormari, alegia.

Penizilina bezalako antibiotiko betalaktamikoek zelula horma osatzen duten peptidoglikano (mureina) molekulen lotura inhibitzen dute. Ondorioz, zelula horma ezin da osatu eta bakterioa babesik gabe geratzen da presio osmotikoaren aldaketen aurrean, barrutik lehertuz.

Aplikazioak aldatu

Penizilina oso eraginkorra izan da bakterio Gram positiboen aurka. Denboraren poderioz, hala ere, andui oso erresistenteak agertu dira, batez ere Staphylococcus generoarenak. Andui horiek penizilinaren egitura kimikoa desegiten duten entzimak dituzte (betalaktamasak). Plasmido baten bitartez transmititu eta zabaldu egin da erresistentzia hori bakteriar populazioaren artean.

Bakterio Gram negatiboak, duten zelula horma meheagoa dela eta, ez dira penizilinarekiko hain sentikorrak izaten.

Penizilina ugari dago. Hasierako penizilinak naturalak ziren, Penicillium lizunek sortutakoak. Gero, penizilina erdi-sintetikoak eta guztiz sintetikoak garatu ziren, laborategian eginak (anpizilina eta amoxizilina, adibidez). Horrela, hasierako penizilinek ez zituzten propietate berri batzuk lortu ziren (aho bidetik sartzeko ahalmena, esaterako, urdailean indargabetuta izan gabe).

Gaixo gehienek onartzen badute ere, biztanleriaren %5ek alergia dio penizilinari. Horiengan, penizilinak shock anafilaktiko larria eragin dezake.

Erreferentziak aldatu

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHU (2019) Zio bilduma, 120-121 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu