Ireki menu nagusia
Tantaz Tanta ekimenaren irudia

Tantaz Tanta Espainian, Frantzian eta beste herrialde batzuetan sakabanatutako euskal herritar presoen giza eskubideen aldeko Euskal Herriko gizarte ekimen bat izan zen, 2013ko azaroaren 9an sortua eta 2014ko urtarrilaren 10ean desegina.[1] Hainbat arlotako pertsonek osatua, Tantaz Tantak helburu zehatz hau zuen: giza eskubideen, Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen eta bakearen aldeko jendetza handi bat («itsaso bat», ekimenaren beraren hitzetan) bultzatu eta antolatzea 2014ko urtarrilaren 11n, Bilbon (Bizkaia).[2] Goiburu hau zuen:[3]

«

Tantaz tanta itsasoa gara.
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea.
Euskal presoak Euskal Herrira.

»

Tantaz Tanta Herriraren oinordeko zela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok 2014ko urtarrilaren 10ean debekatu egin zuen Tantaz Tanta ekimenak antolatutako mobilizazioa. Debekuaren aurrean, beste manifestazio batera deitu zuten EAJk, Sortuk, Alternatibak, EAk, Aralarrek, Geroa Baik, ELAk eta LABek.[4] Euskal Herrian inoiz egin den protestarik handienetakoa ikusi zen Bilbon: 110.000 lagun, Udaltzaingoaren arabera.[5]

Ekimenaren historiaAldatu

SorreraAldatu

Ekimenaren aurkezpen ekitaldia 2013ko azaroaren 9an izan zen, Gernikako Astra fabrikaren eraikinean. Tokia berariaz aukeratu zuten: Gernika, gerraren izugarrikerien ikur bilakatu delako; eta Astra fabrika, garai batean armagintzarako erabili zelako eta orain herri kulturaren faktoria delako.[6] Ekitaldi hartan, Tantaz Tantakoek Euskal Herriko gatazkaren ondorioei heldu behar zaiela adierazi zuten, gatazka hori lehenbailehen ixtearren. Horretarako, beharrezkotzat jo zuten biktimei ezagutza eta ordaina ematea, eta bai presoak bai iheslariak etxera itzultzeko bidea taxutzea. Era berean, giza eskubideak errespetatzea eskatu zuten, eta preso nahiz iheslarien aurkako salbuespenezko neurriak amaiaraztea.[7]

 
Diman egindako ekitaldia.

Olatuak, ur-jauziak, errekak...Aldatu

Tantaz Tantak Bilbon gorpuztu asmo duen «itsaso» horretara begira, jendea mobilizatzearren, hainbat ekitaldi egin zituzten herrietan, ekimenaren helburuaren alde eta ekimenaren irudia erabiliz jendea biltzen dutenak. Ekitaldi horiek izendatzeko ere, ur multzoen metaforak erabiltzen dituzte. Adibidez, Durangoko olatua, 2013ko abenduaren 7an;[8][9] Gasteizko ur-jauzia, abenduaren 19an;[10] Beasaingo erreka, 24an;[11] eta abar.

Espainiako Estatuaren jabetzakoa den EFE albiste agentziaren iritziz, Tantaz Tantako kideak «ETAko presoen zaleak» ziren.[12][13] AVT elkarteak (terrorismoaren biktimen Espainiako elkarte bat) Tantaz Tanta ekimena aurkezteko Gernikako ekitaldia debekatzeko eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari.[14]

2014ko urtarrilaren 11ko manifestazioaAldatu

 
Bilbon 2014ko urtarrilaren 11n bildutako jendetzaren zati bat.

Tantaz Tantak deitutako ekitaldiaren debekuaAldatu

Tantaz Tantak antolatutako ekitaldi nagusia, mobilitsasoa (mobilizazioa + itsasoa) izenekoa, 2014ko urtarrilaren 11n Bilbon (Bizkaia) egitekoa zen manifestazioa zen. Asociación Plataforma de Apoyo a las Víctimas del Terrorismo, Asociación de Víctimas del Terrorismo (AVT) eta Dignidad y Justicia Espainiako elkarteek eskatuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Carlos Bautistak ekitaldi hura debekatzeko galdegin zuen. Gaiaz erabakitzea auzitegi horretako epaile Pablo Ruzi zegokion, baina fiskalak eskatu zion gaia Eloy Velascoren esku utz zezala, Velascok zeramalako Herriraren aurkako auzia; izan ere, Bautistaren ustez, manifestazioak Herriraren estrategiari erantzuten zion.[15]

Hala, bada, Ruzek Velascoren esku utzi zuen erabakia, eta Eloy Velascok —1995etik 2003ra bitartean Alderdi Popularraren zuzendaritzapean Valentziako Generalitateko kide izan zen epaileak[16][17]— manifestazioa debekatu zuen, ekitaldiaren egunaren bezperan bertan. Era berean, Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari agindu zien beharrezko neurriak hartzeko, mobilizazioa egin ez zedin. Erabakia hartzeko, Velascok argudiatu zuen mobilizazioa Herrirak deitu zuela hasiera batean, eta erakunde horrek «izaera terrorista» duela suposa zitekeela (berak agindu zuen irailaren amaieran Herrirako kideak atxilotzea). Horregatik, mobilizazioan berez deliturik ikusten ez bazuen ere, debekatzeko erabakia hartu zuen.[18]

Ikus gaineraAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. Amets MARTINEZ MORENO: «Tantaz Tantaren agurra: Itsaso honentzat ez dago aterik», Argia, 2014-01-12.
  2. «Nortzuk gara?», TantazTanta.info webgunea.
  3. «Tantaz tanta itsasoa gara» manifestua, TantazTanta.info webgunea.
  4. «Tantaz Tantak bere agurra iragarri du, helburuak betetzat eman eta gero», Berria, 2014-01-13.
  5. Aitziber LASKIBAR LIZARRIBAR: «Uholdea, konponbide eske», Berria, 2014-01-12.
  6. Amets Martinez eta Jone Galarza: «Tantak tantei gehitu, urtarrilaren 11ko itsasoa sortzeko», TantazTanta.info webgunea, 2013-11-22.
  7. (Gaztelaniaz) «Tantaz Tanta pide reparar a las víctimas y "dibujar el camino de vuelta a casa" de los presos», Deia, 2013-11-09.
  8. «Tantaz Tantak presoen eskubideen aldeko olatu bat irudikatu du», EITB.com, 2013-12-07.
  9. «Durangoko "olatua" bideo batean bildu du Tantaz Tantak», Berria, 2013-12-11.
  10. «Gasteizko ur-jauzia», TantazTanta.info webgunea, 2013-12-18.
  11. «Beasainen, abenduaren 24an, erreka egingo dute», TantazTanta.info webgunea, 2013-12-18.
  12. (Gaztelaniaz) EFE: «Simpatizantes de los presos de ETA piden "pasos" para lograr la paz», El Correo, 2013-11-09.
  13. (Gaztelaniaz) EFE: «Simpatizantes de presos de ETA organizarán una 'ola' simbólica en Durango», El Correo, 2013-12-02.
  14. (Gaztelaniaz) «La AVT pide que se prohíba el acto de presentación de Tantaz Tanta en Gernika», Gara, 2013-11-05.
  15. (Gaztelaniaz) «La Fiscalía pide prohibir la marcha a favor de los presos de ETA del sábado en Bilbao», 20 Minutos, 2014-01-09.
  16. (Gaztelaniaz) Eloy Velascoren curriculuma, auzitegietako hizkuntzalaritzari buruzko Linguisticaforensemadrid.wordpress.com webgunean eskuragarri.
  17. (Gaztelaniaz) Jaume ASENS eta Gerardo PISARELLO: «Los enemigos de la paz y el derecho a decidir», Público, 2014-01-14.
  18. «Velascok debekatu egin du Tantaz Tantaren mobilizazioa», Berria, 2014-01-10.

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tantaz Tanta