Southern Cross espedizioa

Southern Cross espedizioa, ofizialki British Antarctic Expedition 1898-1900 izendatuta, Antartikaren Esplorazioaren Urrezko Aroaren (1895-1922) lehenengo espedizio britainiarra izan zen. Jatorriz norvegiarra zen Carsten Borchgrevink esploratzaile eta irakasleari esker burutu zen. Antartikan negua igaroko zuen lehenengo espedizioa izan zen, Adare lurmuturrean. Garai honetan, Antartikaren barrualdea erabat ezezaguna zen oraindik. Espedizioa osoa Sir George Newnes argitaratzaile britainiarrak diruztatu zuen.  

Southern Cross espedizioa
Irudia
Motaikerketa espedizioa
Denbora-tarte1898ko abuztuaren 22a - 1900eko apirilaren 1a
HerrialdeaBritainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
AntolatzaileaCarsten Borchgrevink (en) Itzuli
Parte-hartzaileak

1899ko otsailean, SS Southern Cross espedizio-itsasontziak Borchgrevink eta bere taldea Adare lurmuturrean utzi zituen, non euren kanpamentua eraiki zuten, Ross itsasoaren ipar-mendebaldean. Hurrengo hilabeteetan zehar, taldeak Antartikaren klimaren bortiztasuna pairatu behar izan zuen. Honez gain, kontinentearen barnealdea esploratzeko aukerak oso mugatuta zeuden kanpamentua inguratzen zuten mendiak eta glaziarrak zirela kausa. Halere, egin beharreko lan zientifikoen egitaraua aurrera eraman zen. Antartikaren bizi-baldintza latzen ondorioz, Nicolai Hanson zoologoa gaixotu eta, ondoren, hil egin zen. 1900eko urtarrilean, Southern Cross itsasontziak esploratzaile-taldea jaso zuen Ross itsasoaren hegoaldea esploratzeko asmoarekin. Taldeak aurrera egin zuen itsasontziarekin Ross izotz-hesira arte. Bertan, otsailaren 16an, Borchgrevink-ek, beste bi kideekin batera, izotz-hesia igo zuen eta leraz 16 kilometro ibili zituen hegoalderantz, latitude-errekor berri bat egiteko 78º50'H latitudean.  

Taldea Londresera itzuli zenean, espedizioa hoztasunez hartua izan zen Royal Geographical Society elkarteagatik, izan ere, elkarte hau prestatzen zebilen Discovery espedizioak ere (1901-1904) latitude-errekor hori apurtzeko helburua zeukan. Honez gain, Borchgrevink-ek kritikak jaso zituen bere lidergo-gaitasun apalagatik eta lortutako txosten zientifiko kopuru urriagatik. Alabaina, espedizioak lorpen garrantzitsu batzuk lortu zituen, izan ere, Antartikan negua igarotzen, lera-txakurrak erabiltzen, Ross izotz-hesia esploratzen eta hegoaldeko latitude-errekorra apurtzen lehena izan zen. Lorpen hauek lortuta ere, Borchgrevink-ek ez zuen inoiz Scott edo Shackleton esploratzaileen heroi-estatusa lortu eta bere espedizioa berehala ahanzturan erori zen, geroago beste espedizio batzuek lortuko zutenaren ondorioz. Hala ere, Roald Amundsen, hego-poloa konkistatzen lehena izan zena, Southern Cross espedizioaren ekarpenak aitortu zituenetariko bat izan zen. Amundsen-ek Borchgrevink-ek esploratutako izotz-hesiaren zatia kanpamentu legez erabili zuen bere espedizioan, eta geroago zera idatzi zuen: “Izotz-hesia igotzean Borchgrevink-ek hegoalderanzko bidea ireki zuela onartu beharra daukagu, hurrengo espedizioentzako oztopo nagusia zena gaindituz”.

Carsten Borchgrevink espedizioaren komandantea, Southern Cross-en aurrean teodolitoarekin irakurketa bat egiten, 1899.

Testuingurua  

aldatu

Carsten Borchgrevink Oslon jaio zen 1864an eta 1888an Australiara emigratu zuen. Australiaren barrualdea esploratzen zebiltzan taldeekin lan egin zuen, eta geroago, Hego Gales Berriaren unibertsitatean irakasle lanetan jardun zuen[1].  

 
Sir George Newnesen karikatura bat.

1894-1895 urte bitartean, Henryk Bull-ek zuzendutako merkataritza-espedizio batean parte hartu zuen, Antarctic izeneko baleontzi batean zihoala. Itsasontzi honetan Antartikako itsasoetan zehar igaro zen Ross itsasoko Adare lurmuturrera heldu arte. Bull eta Borchgrevinkek osatutako talde bat bertan lehorreratu zen labur, eta Antartikako kontinentea zapaldu zuen lehen gizona zela adierazi zuen, nahiz eta John Davis jatorri ingeleseko foka-ehiztari estatubatuarrak 1821ean Antartikako Penintsulan lehorreratu zela uste zuen[2][3]. Possesion uhartean egon ziren baita ere (Ross itsasoan ere bai). Bertan, eztainuzko kutxa baten barruan mezu bat laga zuten, euren bidaiaren egiazkotasunaren froga legez. Borchgrevink-ek konbentzimendu osoz pentsatzen zuen Adare lurmuturrak etorkizuneko espedizio batentzako oinarri bezala balio zuela, non espedizio-taldeak negua igaro ahal izango zuen Antartikaren barrualdea esploratu baino lehen[4][5].

Berak antolatutako espedizio bat zuzenduko zuela erabakita, Borchgrevink Australiaren eta Ingalaterraren laguntza ekonomikoa lortzen saiatu zen hurrengo hiru urteetan. Royal Geographical Society (RGS) elkarteak estimulu batzuk emanda ere, 1895ko nazioarteko kongresuan parte hartu izana barne, ez zuen bere espediziorako finantzaziorik lortu[6][7]. Izan ere, elkarte hori bere espedizio propioa prestatzen zebilen (Robert Falcon Scott-ek zuzenduko zuen Discovery espedizioa) eta hau ere finantzazio bila zebilen. Gainera, Sir Clement Markham-ek, RGSaren presidenteak, Borchgrevink sudurluze bat bezala ikusten zuen, bere espediziorako lehiakide bat balitz bezala. Dena dela, Borchgrevink-ek George Newnes argitaratzailea espedizioa diruztatu zezan konbentzitu zuen. Hau horrela, espedizioa ordaintzeko diru nahikoa lortu zuen: 40.000 libera inguru (2008an 3 milioi libera izango litzatekeena). Opari horrek sutan jarri zituen Markham eta RGS, zeren Newnesen dohaintza, bere eskuetara iritsi izan balitz, nahikoa izango baitzen, bere ustez, "Espedizio Nazionala martxan jartzeko".  

Newnes-en baldintza bakarra Borchgrevink-en espedizioak Britainiako banderapean nabigatzea izan zen, “British Antarctic Expedition” izenpean. Borchgrevink-ek poztasunez onartu zituen baldintzok, espedizioko gizon bi bakarrik britainiarrak ziren arren. Honek Markham-en etsaitasuna eta arbuioa areagotu egin zituen[8].  

Antolakuntza  

aldatu

Helburuak  

aldatu

Espedizioa planifikatzen zuen bitartean, Borchgrevink-ek helburu komertzial, zientifiko eta geografikoen nahasketa bat egin zuen. Guano saleroste-enpresa bat sortzea iruditu zuen, 1894-1895 bitartean egindako bidaian ikusi zituen material honen kopuru erraldoiak zirela eta, baina ideia hau ez zen inoiz gauzatu[4]. Hainbat elkarte zientifikori igorritako gutun ugarietan, espedizio batek Antartikan egonaldia eginez gero egin ahalko zuen lan kopuru handia azpimarratzen zuen. Azkenean, eta esperientzia gutxi izanda egin bazuen ere, Borchgrevink-ek bildutako zientzialari-taldea jakintzagai anitzetan aditua zen: magnetismoan, meteorologian, biologian, zoologian, taxidermian eta kartografian. Borchgrevik-ek aurkikuntza zientifiko itzelak egitea itxaroten zuen, Hego polora heltzea barne. Zoritxarrez, garai hartako Antartikaren geografiaren inguruko ezjakintasunaren ondorioz, Borchgrevink-ek ez zekien Adare lurmuturrean aukeratutako kanpamenturako kokapenak Antartikaren barnealdea esploratzea erabat oztopatzen zuela[9].  

 
Southern Cross itsasontzia.

Itsasontzia

aldatu

Espediziorako itsasontzia lortzeko, Borchgrevink bere sorterrira joan zen, Norvegiara. Bertan, Pollux izeneko lurrun-baleontzi bat erosi zuen, Colin Archer armadore norvegiarrak eginikoa. Borchgrevink-ek itsasontzia Southern Cross izenarekin berrizendatu zuen. Markham-ek, espedizioa atzeratzeko asmoarekin, itsasontziak Antartikako uretatik nabigatzeko zeukan gaitasuna kolokan ipini zuen, itsasontzia ur haietatik nabigatzeko bikaina bazen ere. Bere pareko beste itsasontzi polar asko bezala, Southern Cross-aren bizitza laburra izan zen espedizioaren ostean: Newfoundland Sealing Company izeneko enpresa batek erosi zuen eta 1914an Terranovako kostaldeko ekaitz baten ondorioz hondoratu zen[10][11].  

Taldea  

aldatu
 
Bederatzi gizon (Ole Must Laponiar jantzi tradizionalean) eta bi txakur Southern Crossen kubiertan, 1898.

Espedizioaren taldea 19 marinel norvegiarrek eta laguntzaile suediar batek osatzen zuten, Bernard Jensen kapitainaren agintaritzapean zegoela. Jensen-ek esperientzia zeukan ozeano Artiko eta Antartikoaren nabigazioan. Borchgrevink eta Bull-ekin egon zen Antarctic baleontzian eginiko espedizioan 1894-1895 bitartean. Adare lurmuturrean negua igarotzeko aukeratutako taldeak 10 kide zeuzkan: bost zientzialari, mediku bat, sukaldari bat eta mushers bi (bost norvegiar, bi ingeles, australiar bat eta Norvegiako lapoi bi, azken hauek mushers lanak egin zituztela).  

Zientzialarien artean Louis Bernacchi zegoen, Tasmanian bizi zen belgikar bat, magnetismoan eta meteorologian aditua. Belgikar Antartikako Espedizioan parte hartzeko aukeratu zuten (1987-1899), baina ezin izan zuen espedizio horretara joan. Geroago, Londresera joan zen Borchgrevink-ekin zientzialari lan egitera. Southern Cross espedizioaren inguruan idatzi zuen kronika 1901ean argitaratu zen, To the South Polar Regions izenpean. Borchgrevink-en gidaritzaren alde batzuekin kritikoa izan zen arren, espedizioan eginiko lan zientifikoan defendatu zituen. Handik urte bete baino gutxiagora, Bernacchi Antartikara itzuli zen Scott kapitainaren Discovery espedizioarekin fisikari lan egiteko. Discovery espedizioan egon zen Borchegrevink-en taldeko beste gizon bat William Colbeck izan zen, Royal Naval Reserve-an teniente egon zen esperientziazko marinel britainiarra. Azken honek, Southern Cross espedizioa prestatzeko, magnetismoaren inguruko ikastaro bat egin zuen Kew-ko behatokian. 1902tik 1904ra SY Morning itsasontzia zuzendu zuen, Discovery espedizioaren esploratzaileak salbatuko zituen itsasontzia, alegia[12].  

 
Carsten Borchgrevink, espedizio burua.

Borchgrevink-en beste taldekide bat Hugh Blackwell zen, zoologian aditua zena. Blackwell-ek Kanadako arratxo batean hiru urte igaro zituen eta itsas otsoaren ehizan parte hartu zuen Kerguelen Uharteen inguruetan. Espedizioko zoologo nagusia Nicolai Hanson izan zen. Hansen Osloko unibertsitatean diplomatua zen. Espedizioan hil egin zen, emaztea eta Antartikarantz abiatu baino apur bat lehenago jaiotako seme bat zituela.  

Negua Antartikan pasatutako taldean Herlof Klovstad medikua zegoen, Bergen eraikitako eroetxe batean lan egitetik zetorrena. Klovstad Antartikatik itzuli eta gutxira hil egin zen. Gainontzeko taldekideak Anton Fougner (zientzialarien laguntzailea), Kolbein Ellifsen (sukaldaria) eta Per Savio eta Ole Must deituriko mushers laponiarrak zeuden. Savio eta Must, 21 eta 20 urtetakoak hurrenez hurren, taldeko gazteenak izan ziren. Borchgrevink-ek geroago holaxe deskribatuko zuen Savio “izaera fidelekoa, adimentsua eta lanerako gaitasunduna”.  

Bidaia

aldatu
 
Adare Lurmuturreko kanpamendua.

Adare Lurmuturra  

aldatu

Southern Cross itsasontzia Londresen itsasoratu zen Hobart-erako biderantz (Tasmania), 1898ko abuztuaren 23an. Taldekideekin batera, espediziorako materiala, hornidurak eta lerentzako txakur siberiarrak garraiatu zituzten itsasontzian. Aurrerago esan bezala, espedizio honetan Antartika esploratzeko txakurrak erabili ziren lehenengo aldiz. Hobart-en eginiko azken hornidura-lanen ondoren, espedizioa Antartikara abiatu zen 1898ko abenduaren 19an. Antartikako zirkulu polarra 1899ko urtarrilaren 23an gainditu zuten, itsasontziak hiru aste bankisan harrapaturik igaro eta gero. Azkenean, Sourthern Cross-a Adare lurmuturrera heldu zen otsailaren 16an, hurrengo egunean bere kostan ainguratuz.  

Antartikako negua

aldatu

Ross itsasoaren esplorazioa

aldatu

Espedizioaren ondoren

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Swan, R. A.. «Carsten Egeberg Borchgrevink (1864–1934)» Australian Dictionary of Biography (National Centre of Biography, Australian National University) (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  2. «Norway's Forgotten Explorer - Carsten Borchgrevink» web.archive.org 2009-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  3. «Antarctic Time Line of Discovery» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  4. a b «The Southern Cross Expedition - Introduction» web.archive.org 2008-10-14 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  5. Preston, Diana. (1997). A First Rate Tragedy. London: Constable & Co ISBN 0-09-479530-4..
  6. International Geographical Congress (6th : 1895 : London, England). (1896). Report of the Sixth International Geographical Congress : held in London, 1895. London : J. Murray (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  7. «Antarctic Explorers: Carsten Borchgrevink» www.south-pole.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  8. Crane, David E. L.; Crane, David. (2005). Scott of the Antarctic: a life of courage and tragedy in the extreme South. HarperCollins ISBN 978-0-00-715068-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  9. «Norway's Forgotten Expedition. Cape Adare, Antarctica. 1899-1900» web.archive.org 2009-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  10. «Fram - Ships of the Antarctic explorers» www.coolantarctica.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  11. «The 1914 Sealing Disaster» www.heritage.nf.ca (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  12. Borchgrevink, Carsten E.. (1980). First on the Antarctic continent: being an account of the British Antarctic expedition 1898 - 1900. (Facsim. of edition published London, Newnes, 1901. argitaraldia) C. Hurst [u.a.] ISBN 978-0-905838-41-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).

Kanpo estekak

aldatu