Ireki menu nagusia

Société Minière et Metallurgique Peñarroya

Société Minière et Metallurgique Peñarroya (gaztelaniaz: Sociedad Minera y Metalúrgica Peñarroya, laburki SMMP, Peñarroya soilik ere deitua), frantses kapitaleko meatzaritza konpainia bat izan zen, XIX. mende bukaeratik XX. mende amaiera arte indarrean izan zena. Konpainiak Parisko Rothschild Etxea izan zuen eragile nagusi.

Konpainia meatzaritza lanean ibil zen berun eta ikatz erauzketan batez ere, nahiz eta batzuetan beste industria arlo batzuetan ere aritu zen, adibidez, metalurgia, kimika industria, elektrizitate sorkuntza, burdinbideak, etab. Bere jarduera Kordoba, Jaen, Ciudad Real, Murtzia eta Bartzelona probintzietan hedatzen zen. Espainiatik kanpora, beste herrialde batzuetan ere izan zuen jarduerarik, hala nola Frantzia, Belgika, Italia, Grezia, eta Afrika iparraldea. I. Mundu Gerraren bezperan, munduko lehen berun ekoizlea bihurtu zen.

1968an, Espainiako atala berregituratu eta Sociedad Minero Metalúrgica de Peñarroya-España (SMMPE) deitzera pasa zen, XX. mende amaieran desagertu arte izan zuen izena.

SorreraAldatu

 
Peñarroyako galdategi aztarnak eta bide estuko burdinbide geltokia

1879ko abenduan, Badajozetik Ciudad Realerako Burdinbide Konpainiako bazkideek Konpainia MZAri saltzea beste irtenbiderik ez zuten ikusi. Bestetik, 1881eko udan Carlos Huelin enpresaburu malagarrak hautsi egin zituen Rothschild familiarekin adostuta zituen mea saltzeko epeak, eta bi kontratu berri sinatu zituen ondoren bere egoera birnegoziatuz. Horien arabera eta atzerapenaren kalte ordainetan, La Consecuencia eta San Antonio meatzaritza taldeen erabilera laga zien Rothschild etxeko bankariei 1910 arte. Talde horiek ziren, hain zuzen, Carlos Huelinen meatzaritza interes guztiak Mantxan eta Berlangako zein Peñarroyako berun aztarnategietan.[1]

Eremu horren mugakide, beste konpainia bat zebilen meatzaritzan (CHMB), Badajozetik Ciudad Realerako Konpainiako jabe izandakoena. Aldiz, burdinbide tartearen kontrola galdu ondoren, beren ekoizpenerako ia aterabiderik gabe geratu ziren. Akordio adiskidetsu bat beste aukerarik ez zuten ikusi: lehiakide boteretsuenekin konponbide bat bilatzea, Rothschildekin kidetzea. CMHBk ikatz ustiapenari lotutako identitateari eutsi zion arren, bat egin zuen bere kide handiagoarekin, eta berun ustiapenean ibiliko zen beste sozietate bat sortu zen: Société Minière et Metallurgique Peñarroya (SMMP).[2]

Lehen akziodunen batzarra 1881eko urriaren 12an egin zuten, bost milioi libera frantseseko kapital sozialaz. Bilkura berean, akzio-gehiengoduntzat onartu ziren Mirabaud-Puerari Banka eta rothschildarrak. Aldi berean, lehendabiziko administrazio kontseilua hautatu zuten, zortzi kidez osatua: lau Rothschilden mendekoak eta beste lau CHMBkoak, frantsesak. Louis Cahen d'Anvers izendatu zuten presidente. CMHBk ikatz erregai hornikuntza segurtatzen zuen, Extremadura eta Ciudad Realgo aztarnategietatik heldutako mea galdategietan moldatzeko.[3]

HedakuntzaAldatu

 
Louis Cahen d'Anvers konpainiako presidentea (1901eko irudia)

Uneoro SMMPk konponduta zuen erregai (ikatz) hornikuntzaren gaia, CHMBrekin zuen aliantzarengatik. Era horretan, ez zuen mugarik izan Extremadura eta Ciudad Realgo bere meatzeetatik heldutako zilarra eta beruna mugarik gabe prozesatzeko. 1885ean, konpainia hedatzen saiatu zen, Kartagena, Garrucha eta Almeriako galdategiak bere eraginpera ekarriz. Operazioa, baina, ez zen ondo atera.[4]

Peñarroyako galdategia, berriz, arrakastatsua gertatzen ari zen: bere errendimenduak izugarri hobetu zituen, Rothschilden Le Havreko fabrikako teknikariek hornitu eta irakastsitako aurrerapen teknikoen bidez, 1887an egindako bisitan. Ondorioz, 1885etik 1889ra, Peñarroyako instalazioen berun ekoizpena hirukoiztu egin zen, hainbeste non galdaketa tailerreko ahalmena handitu egin zuten, mea gehiago prozesatu ahal izateko. Horretarako, konpainiaren zuzendaritzak Peñarroyara helduko zen bere burdinbide linea sortzea erabaki zuen; burdinbide horrek meatzea, Peñarroya eta Sevilla konektatuko zituen, Sevillan Rotschilden bezeroek prozesatutako beruna jasotzeko.[5]

CHMBk, SMMPren aliatu eta hornitzaileak, zailtasunak izaten hasi zen. Elkarri hertsiki lotuta egon arren, Andaluziako beste meatzaritza konpainiekin lehiatu behar zen; haren hazkundea gelditu egin zen. Aldiz, SMMPren hazkundea etengabea zen: 20.000 tona berun galdatu zituen 1892an eta bere akzioek balio nominala bikoizten zuten, 1.200 frankokoak izateraino. SMMPk eta CHMB haren hornitzaileak ikusi zuten ez zegoela arrazoirik bereizita jarraitzeko eta, beraz, bat egin zuten 1893an, bien arteko sinergiak hobe aprobetxatzeko. Haien aktiboak lehenengoaren 2/3 eta bigarrenaren 1/3 erlazioaz bateratu ziren; alegia, SMMPk CHMB xurgatu zuen.[6]

Uztarketa berri horri esker, SMMP bere birfintze ahalmena handitzeari ekin zion, hedakuntza politika anbiziotsu bati helduz. Aztarnategi berriak erosi ziren, eta hornikuntza kontratu berriak sinatu. 1896an, Llerense meatzea eskuratu zuen, Azuagako SMMPren instalazioen aldamenean. Aldi berean, Ciudad Realen alokairuan edo jabetza partekatuan zituen aztarnategiak erosi zituen eta, era horretan, Rothschildei Consecuencia eta San Antonioren gain zituzten eskubideak erosi zizkieten. La Manchako ondarea era horretan sendotuta, konpainiako zuzendaritzak erabaki zuen iparraldetik bigarren burdinbide adar bat sortzea, eta 1899an funtzionamenduan zen 25 kilometroko tarte hori. XX. mende hasierarako, konpainiak lotuta zituen burdinbidez bere aztarnategi eta instalazio guztiak.[7]

Aldi berean, MZA burdinbide konpainiarekin kontratu bereziak negoziatu zituen Sevillatik bere berunei aterabidea emateko. MZAk materiala hornitu zion SMMPri, eta are, trafikoak antolatzeko ingeniari bat. Trukean, SMMPk ikatza hornitzeko lehentasunezko tratua eskaini zion MZAri, bere filialei eskaintzen zion prezioan baino merkeago. Adibidez, 1898an, konpainiak ikatzaren prezioa bezero guztiei % 50 igotzea erabaki zuenean, igoera ez zitzaion MZAri aplilkatu. 1900. urterako, SMMP garrantzi handieneko konpainia zen Espainia hegoaldean.[8]

Nagusitza eta dibertsifikazioaAldatu

1900. urtean, konpainiak beste hainbat meatzaritza konpaini txiki eta haien meatze erosteko jauzi handia eman zuten, Sociedad Carbonera Españolaren Santa Elisa, Ana eta Pequeña meatzeak, adibidez. Era horretan, energia ahalmena irabazi nahi zuten, ikatz hornikuntza bermatuz. Ustiapen horietarako, SMMLk filialak sortu zituen egoki ikusten zuenean, hala nola, Nueva Sociedad de Minas de Horcajo, Sociedad Minera de Villanueva del Duque, Compañía Industrial Minera de Linares (1907), etab. Erosketa horiei burdinbidearen zabalkundeak jarraitu zien. 1908an, SMMP 57.950 tona berun ekoizteko gai zen.

 
Bleybergeko fabrikaren zink prozesaketaren eskema (1905)

Zabalkunde horren arrakastaz eta aurrerapen tekniko berriak sortuz, erauzitako zinka ere baliatu zezaketela erabaki zuten (San Froilan meatzetik ateratakoa). Horretarako, azido sulfurikoa erabiliko zutela erabaki zuten eta, prozesaketa horretako hondarren bitartez, superfosfatoak fabrikatzeko aukera ikusi zuten, eskari handikoa nekazarien artean. Fabrika handi bat eraiki zen egitasmo berrietarako, baina haren produktuek halako arrakasta izan zuten, non fabrika 1911n berriz handitu zuten. Produktu deribatu berriak lantzeko, filial berriak sortu ziren.

Egindako hitzarmen horien bidez hartutako abiadurari esker, SMMPk hirugarren hedakuntza ziklo bati ekin zion, konpainia gehiago xurgatuz (Sociedad Escombreras Bleyberg, 1912an). Era horretan, galdategiak eta meatzeak bereganatu zituen, baina ez bakarrik Espainia hegoaldean, baita Belgikan ere: Bleyberg konpainiaren zink fabrika. Haren industria ahalmenerako, aurrerapausoa handia izan zen, baina balentria handiagoa egin zuen, Societé des Produits Chimiques de Marseille l'Estaque eta Figueroa familiaren industria aktibo guztiak erosiz. Erosketen zikloa ixteko, SMMPk bi kapital zabalkunde egin zituen, erositako sozietateen jabeei akzioen bidez ordainduz.

Eragiketa horien guztien ondoren, konpainiaren kapital soziala 24.375.000 libera frantsesekoa zen. I. Mundu Gerraren atarian, SMMP munduko berun gozoko ekoizle handiena bihurtu zen: 118.017 tona 1914an. Álvaro Figueroa, Romanonesko kondea, eta Alfredo Bauer, Ignacio Bauerren biloba, konpainiaren administrazio kontseilura sartu ziren.

ErreferentziakAldatu

  1. López-Morell, Miguel A. (2015), 272-273. or.
  2. López-Morell, Miguel A. (2015), 272-273. or.
  3. López-Morell, Miguel A. (2015), 272-273. or.
  4. López-Morell, Miguel A. (2015), 274. or.
  5. López-Morell, Miguel A. (2015), 274. or.
  6. López-Morell, Miguel A. (2015), 275. or.
  7. López-Morell, Miguel A. (2015), 275. or.
  8. López-Morell, Miguel A. (2015), 276. or.

BibliografiaAldatu

  • López-Morell, Miguel A. (2015) Rothschild. Una historia de poder e influencia en España Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2.

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu