Shohei Imamura
Shohei Imamura (japonieraz: 今村 昌平 Imamura Shōhei , Tokio, 1926ko irailaren 15a – ibidem, 2006ko maiatzaren 30a) Japoniar zinegilea izan zen.
Nekazaritza- eta, batez ere, historia-ikasketak egiten ari zela, antzerki-lanak idatzi eta zuzendu zituen unibertsitatean. 1951 urtean Schochiku estudiotan sartu zen, eta zuzendari-laguntzaile lanetan aritu zen. Nusumareta yokubo (1958, Desio lapurtuak) eta Hateshinaki yokubo (1958, Desio ase ezinak) izan ziren Imamuraren lehen filmak. Imamuraren estilo barrokoak, eta gizarteaz eta erotismoaz zituen kezkek indar bizia eman zieten hirurogeiko hamarkadan egin zituen filmei. Buta to gunkan (1961, Neskatxak eta gangsterrak); Nippon Konchuki (1963, Emakume-intsektua); Jinruigaku nuymon (1966, Pornografoa), eta Kamigami no fukaki yokubo (1968, Jainkoen desio bizia). 1965 urtean Imamura Productions izeneko zinema ekoizpen-etxea sortu zuen, eta harentzat egin zituen hurrengo lan gehienak. Hirurogeita hamarreko hamarkadan telebistarako lan egin zuen batik bat, eta bi film bakarrik egin zituen: Nippon sengoshi Madamu onbora no seikatsu (1970, Gerraondoko Japoniaren historia taberna bateko zerbitzari baten hitzetan) eta Fukushu suru wa watenniari (1979, Mendekua nirea dut). Laurogeita hamarreko hamarkadan lan gutxiago egin zuen, baina ezagun bihurtu zen mundu osoan. Garai hartako filmak ditu: Eijanaika (1980); Narayama-bushi ko (1983, Narayamako balada), Zegen (1987, Burdeletako nagusia) eta Kuroi ame (1989, Euri beltza), guztiak errealismo gordinez eginak.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Artikulu hau Japoniako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |