Santuaren jauregi-etxea

Santuaren jauregi-etxea Gasteizko Armentia herrian dagoen hiri-jauregia da.

Santuaren jauregi-etxea
Kultura ondasuna
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Santuaren etxearen fatxada nagusia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°49′53″N 2°42′05″W / 42.83141°N 2.70128°W / 42.83141; -2.70128
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1806
Arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0005130

2003ko martxoaren 19an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena aldatu

"Santuaren Etxea" Armentia herriko gunerik garaienean dago, herriaren erdian; tradizioaren arabera, Tarazonako apezpiku ospetsuaren jaiotetxea egon zen orube horretan.

Hala ere, gaur egungo etxeak ez dauka inolako zerikusirik San Prudentziorekin, Díaz de Espadatarren egoitza da eta. Justo Antonio Olagibelen proiektuaren arabera eraiki zen, 1806. urtean, bertan zegoen etxe zaharra birmoldatuz. Habanako apezpiku Juan José Díaz de Espada eta Fernández de Landa jaunak enkargatu zuen proiektua.

Nekazaritza-inguru batean dago, nahiz eta inguruko etxeak garai bateko nekazaritza-xede hori galtzen ari diren azken urteotan. Etxearen aurrean bidegurutzea dago, herriko esparru zabal samarra, baina herri-plaza izatera iritsi gabe.

Eraikin soila da eta fatxada nagusia mendebaldera begira du. Oinplanoa nahikoa karratua da eta bi solairu ditu: behekoa eta lehen solairua. Teilatu azpian ere badu lekua, nahiz eta kanpotik ikusten ez den.

Teilatuak lau isurki ditu, eta fatxadak erlaitza du gainean. Gainaldea zeramikazko teilaz dago estalita.

Fatxada nagusia harlandu oso onekoa da, eta alboetakoak eta atzealdekoa harlangaitzezkoak; baoak eta eskantzuak harlanduz bornatuta daude.

Eraikinaren egitura honela taxututa dago: perimetroan zama-hormak eta erdialdean banatze-korridorea eratzen duten bi horma.

Fatxada nagusia da osagairik interesgarriena. Hiru ardatz ditu, goitik behera begiratuta: ate-aldea erdian eta bao-ardatzak alde banatan.

Ate-alde horretan, hormatik kanporago, bi koloma erraldoi daude gaineko arkitrabe handiari eusten. Bi kolomen artean atea dago, berriz ere fatxadaren plano orokorraren maila berean; atearen inguruan pilastrak, ateburua eta erlaitza daude. Ate gainean, hutsune biribila, obaloa dago, eta bertan San Prudentzioren bustoa. Santuaren albo batean eta bestean, harrizko aingeru bana.

Ateak bi orri dauzka, gainean bi isurkiko babesgarri bana dutela, frontoi klasikoa antzo. Leiho bana ere badute, landare-irudiz apaindutako burdinsarez babestuta.

Albo batean eta bestean dauden beste ardatz biak harrizko janbez bornaturik daude; beren antolaketa ere erraldoia da, baina laua. Goiko aldeko baoa balkoia da, eta ondo landutako forjazko karela du. Beheko aldekoa, berriz, leihoa da.

Alboetako fatxadek ez dute osagai interesgarririk. Iparraldekoak kofadura bat besterik ez du, eskailerari dagokiona, eta aireztatzeko hiru zirrikitu txiki; horietarik bi, gainera, itxita daude. Hegoaldekoak hiru bao-ardatz ditu, erdialdekoa balkoiduna; beren balio eta hierarkia bakarrak harrizko janbek emandakoak dira.

Atzealdeko fatxadan sarrera-ate txikia dago, erdian kokatuta, eta goiko solairuan hiru leiho-ardatz. Beste leiho bat dago behealdean, eskuineko ardatzean. Behealdeko ateak eta leihoak, biak ere ondo landuak, berriagoak ematen dute, beste era bateko harri batez egindakoak baitira.

Olagibelek oreka lortu nahi izan zuen fatxaden osakeran, simetria oinarritzat hartuta. Fatxada soila da eta sarrera nabarmena. Sarrera da osagai nagusia, horma-konka batean sartuta dagoela, ia tenplu txiki baten antzera. Fatxada nagusikoa ez ezik, eraikin osoko elementu nagusia ere bada. Etxearen barruan ere ardatz nagusia sarrerakoa da.

Eraikinaren barrualdea hainbat aldiz berritu dute, azkenekoz 1990eko hamarkadaren amaiera aldean, eta horregatik ez da barruan geratzen ezer interesgarririk.

Lorategi aldean iturria dago, eta han San Prudentzioren eskultura. Iturriaren alboetan, harrizko eserleku bana, errektangularrak. Iturri aldea babestuz, alde batean eta bestean, pilastrak, muturrean piramide antzeko zutarri bana dutela; seguruenik ere, behinola harri-bola bana ere izango zuten buruan.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa