Santa Teresaren beso ustelgabea

Teresa Avilakoaren erlikia

Santa Teresaren beso edo esku ustelgabea XVII. mendeko erlikiontzia da, eta Ronda hiriko Merced elizan dago, Malagako probintzian, Espainian. Urre-koloreko zilarrezko pieza da, Santa Teresa Avilakoaren ezkerreko eskua duena barruan (besotzat hartzen den arren aipu gehienetan), harribitxiz apaindua kanpotik.[1] Eskuaren erlikia-ontziak Santa Teresaren beste erlikia bat du oinarrian, 'Teresa de Jesús' izenpe olografoa daraman gutun baten zati bat.

Santa Teresaren Merced eliza, Rondan. Barruan gordetzen da erlikia ustelgabea.
Alba de Tormes hirian, Santa Teresaren hilobia, gainerako gorpuzkinekin.

Santuaren gorputzaren beste zatiak Alba de Tormes (Salamanca) hirian daude, Deikundearen monasterioan, eskuin eskua eta bihotza barne.[2]

Historia aldatu

1582ko urrian Teresa hil eta hamar hilabetera atera ziren gorpuzkiak haren hilobitik. Haren gorputza ustelgabe eta malgu agertu zen, eta orduan Jerónimo Gracián apaizak agindu zuen ezkerreko eskua mozteko eta pieza Avilako San Joseko moja karmeldarrei eman zien, eta, ondoren, Graciánen beraren eskutik, Lisboako San Albertoren komentuko karmeldarrei. Hatz txikia falta zaio, Jerónimo Graciánen jabetzan geratu baitzen.[3]

XIX. mendean, Portugalgo gobernuak karmeldarren ordenak ezabatu zituen, eta eskua Lisboako Patriarkatura pasatu zen. Patriarkatuak Olivaisko Karmeldarren Komentu berrira eraman zuen. 1910eko Portugalgo iraultzarekin, karmeldarrak herrialdetik kanporatu zituzten, eta haietariko batzuk Andaluziako Rondako Karmeldar Oinutsen komentuan biltzea lortu zuten, Santa Teresaren erlikiontzia beraiekin eramanez.

Francoren jabetza pribatu gisa aldatu

Espainiako Gerra Zibilaren hasieran errepublikanoak kontrolatutako eremuan gelditu zen Ronda. Hiriko beste eliza batzuekin batera, motu proprio jokatzen zuten antiklerikalek eraso egin zioten Karmeldar Oinutsen komentuari; mojak salbatu ahal izan ziren arren, eskuaren erlikia-ontzia hartu zuten errepubilkarrek eta probintziako agintariengana, Malagara eraman zuten. Frankisten bandoaren tropek 1937ko otsailean hiria hartu zutenean, santuaren erlikiontzia José Villalba Rubio koronelaren gauzen artean aurkitu zuten.[4]

Santa Teresaren eskua Malagatik Valladolidera eraman zuten, erakusketa batera. Francisco Franco diktadoreak eliza-baimena lortu zuen bere egoitzako kapera pribatuan, Pardo Jauregian, erlikia gordetzeko. Francok harekin lo egiten zuela esan izan zen bere diktadurako 40 urte luzeetan.[5]

Franco hil eta aste gutxira erlikia Rondako mojengana itzuli zen, Marcelo González Martín kardinalaren bidez; zeinak Carmen Polo Francoren alargunaren eskutik jaso zuen.[6]

Francoren familiak ez zuen erlikia-ontzia jaso bezala itzuli, gehigarri batekin baizik: San Fernandoren Gurutze Ohoratuaren urrezko domina bat itsatsia zeukan, Francok gerran beti aldean eraman zuen bera.

Erreferentziak aldatu

  1. cfr. p. ej. "La mano milagrosa de Santa Teresa". El Confidencial,5/06/2010
  2. (Gaztelaniaz) «Mano de Santa Teresa en Ronda» Ciudad con Alma 2022-05-20 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  3. La mano de Santa Teresa rescatada del poder de los rojos, será venerada en la catedral de Salamanca, en el diario Azul, 17 de febrero de 1937, pag. 7.
  4. José Antonio Molero: Una novela histórica sobre la batalla de Málaga y el hallazgo de la Mano Incorrupta de Santa Teresa de Jesús. Gibralfaro. Revista de Creación Literaria y Humanidades. Año VI. Número 49. Mayo-Junio 2007. ISSN 1696-9294.
  5. Villatoro, Manuel P.. (2021-04-15). «La rara obsesión de Franco por la mano amputada del cadáver de Santa Teresa: «Dormía con ella»» abc (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  6. «ABC (Madrid) - 10/12/1975, p. 47 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es.

Kanpo estekak aldatu