San Martin eliza (Maurga)
San Martin eliza (Maurga, Zigoitia), Zigoitiko eraikin nabarmenetako bat da. Gaur egungo eliza gotiko berantiarrekoa da, baina bere dekorazio pieza nagusi eta aberatsak barrokoak dira.
San Martin eliza (Maurga) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Maurga |
Koordenatuak | 42°58′00″N 2°45′14″W / 42.96678133°N 2.7537622°W |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Martin Tourskoa |
Erlijioa | katolizismoa |
Eraikina
aldatuErdi Aroko eliza zaharrago bat ordezkatu zuen 1520-1530 urteen artean eraikitzen hasi zen tenplu honek, eta mende bat luzatu ziren lanak. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta burualde oktogonala.[1]
Kanpoaldean zabalkunde bat izan zuen elizak 18. mendean, atari harlanduzkoa eta estilo neoklasikokoa. 1780 eta 1807 urteen artean eraiki zen, eta napoleondar tropek erabili zuten gotorleku gisa amaitu eta gutxira, Espainiako gerretan[2].
Dorrea 18. mende amaierakoa da, bi gorputzez eraikia. Dorrea egin zen Prudentzio Maria Berastegi Maurgako Berastegi familiakoari esker (militar eta politikaria izan zen, Arabako diputatu nagusi besteak beste). Dorrearen beheko gorputza harlangaitzez egina dago, eta goikoa oktogonala da, zortzi baorekin, bostek herriari eta auzoei begiratzen dietelarik: horietan bost kanpai daude, bi tenplua bera baino zaharragoak.
Barruko aberastasun barrokoak
aldatuElizaren aberastasun ikusgarri eta nabarmena Maurga herriko zenbait familia eta pertsonaia aberatsen mezenasgoari lotuta dago.
Erretaula nagusia, Jose de Etxeberriak egina da, 18. mende hasierakoa, San Martinen omenezkoa da eta eskultura eta margoen aldetik estilo barroko aberats eta ikusgarria erakusten du[1]. Zutoin salomomikoak ditu eta hiru eskultura nagusi, San Martin apezpikua erdian, ezker-eskuin San Josef eta San Frantzisko Xabierkoa, bien arropak haizeak tolestuko balitu bezala zizelkatuak. Goialdean, margoak: Andre Mariaren Jasokundea, alboetan Luzia eta Apolonia martiriak dituelarik. Martinez de Murgia familiak finantziatu zuen erretaula[2].
Elizak beste zazpi erretaula dauzka. Nabarmenank dira hiru kapera nagusietan dauden erretaulak ere.
- Kristo Santuarena burdin-hesi barroko batek ixten du, eta urre kolorezko erretaula bat dauka. Andres Martinez de Murgia Maurgako semeak inauguratu zuen zuen 1700. urtean, artean Cadizko Indietako merkatari aberatsa zela. 18. mende amaierarako, Berastegi familiaren kapera pribatua izatera igaroa zen.
- San Joan Bataiatzailerena, Hurtado de Mendoza familiarena zen, eta Juan Hurtado de Mendozak fundatu zuen 1612an. Filipe III.a Espainiakoaren idazkaria izan zen aberats hura. Bataiatzailearen margo bat nabarmentzen da bertan, estilo flandriarrekoa.
- Andre Maria Sortzez Garbiaren kapera margoztatua zegoen guztiz, misterioz eta kolore urdinez. Oso kaltetua dago 21. mendearen lehen laurdenean.
Arrosarioaren Andre Mariaren eta Santa Katalinaren omenezko erretaulak ere aipatzekoak dira.
Irudi baliotsuen artean: bolizko bi Kristo, ate-multzo dekoratua (18. mende erdikoak) harlanduzko imitiziozko margoekin, 1732, urteko pulpitu barroko ederra, San Bizente Ferrerren irudi bat duena.
Iruditegia
aldatu-
Erretaula nagusia, Jose de Etxeberriak egina.
-
Kristo santuaren kapera, Berastegi familiaren kapera partikularra.
-
Kupula nagusia.
-
Ate margotuak, originalak, 18. mende erdialdekoak, harlandu imitaziokoak.
-
Pulpitua, 1732. urtekoa.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Informazio panela, Maurga. (). San Martin Parrokia. (Noiz kontsultatua: 2021-07-20).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Guía de Monumentos Abierto por un día - Murgia-Gopegi. Ermitaraba / El Correo, 19-21 or. (Noiz kontsultatua: 2021-07-20).