Burdin hesi (elizakoa)

Elizetan espazioak banatzen dituen elementu bertikala
Artikulu hau eliz arkitekturako elementuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Burdin hesi (argipena)».

Elizako burdin hesia eliza baten barruko espazioak bereizten dituen egitura bertikala da, tradizio katolikoan erabilia batik bat.

Hernaniko elizako kapera bateko burdin hesia.

Iruñeko katedralekoak aldatu

Elizako arkitekturaren elementu honen adibideak badaude Euskal Herrian, baina bereziki nabarmentzekoak dira Iruñeko Katedralean ikus daitezkeenak. Bi burdin sare handi eta baliotsu kontserbatzen dira, presbiterioa ixten duena bata eta Eukaristiaren kapera ixten duena. Antzina, kapera guztiak hesi gotiko soilez itxita zeuden, baina XIX. mendearen hasieran ezabatu zirenak eta balaustrada txikiekin ordeztu zire. Pieza zaharrak Iruñeko Udalari saldu zitzaizkion 1806an, eta honek bere burdina berrerabili zuen gaur egun San Lorentzo elizan dagoen San Ferminen kapera kanpoaldera ixten duten burdin hesiak sortzeko[1][2].

   
Iruñeko katedraleko burdin hesiak, bata gotikoa eta bestea platereskoa.


Presbiterioaren aurrealdea ixten duen burdin hesia gotikoa da. 1517an amaitua eta Gilen Ervenantekoak egina, eta garai hartako burdin sare gotikoen "erregina" bezala ezagutua. Goikaldea, orratz eta arku konopialez osatuta dago, gurutzatuak eta lorez errematatuak, euren artean eskultura multzoak tartekatuz[3].

Eukaristiaren kaperako burdin sareak, garai batean korua ixten zuen eta presbiterioko burdin sareari aurre egiten zion 1940ra arte. Platereskoa da estiloan, 1539-1540 bitartean egina, eta, bere forja eta estilo bikainagatik, Esteban de Obray hartzen da egiletzat.

Beste burdin sare garrantzitsu bat, antzinakoa denez, klaustroan kontserbatzen dena da, ikuztegiaren bi barnealdeak itxiz. Bere tipologiagatik, burdin hesi erromanikoen eskemari erantzuten dio, aurreko katedralaren zati izan daitekeelarik. Kondairak eta burdin hesiaren gainean dagoen plaka batek diotenez, Antso Azkarrak Navas de Tolosako guduan 1212an moztutako kateetako burdinarekin egin omen zen, Nafarroako armarrian irudikatzen diren kateekin alegia.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Parroquia de San Lorenzo. «Inicio» Capilla San Fermín (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  2. Gran Enciclopedia Navarra. La Caja 1990 ISBN 84-87120-02-4. PMC 801870679. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  3. (Gaztelaniaz) «02. Presbiterio» Catedral de Pamplona (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).