San Joan Bataiatzailea eliza (Arizkun)

Arizkungo eliza, Nafarroa Garaia

San Joan Bataiatzailea eliza tenplu barrokoa da, Nafarroa Garaiko Arizkun herrian dagoena. San Joan Bataiatzaileari sagaratua dago.

San Joan Bataiatzailea eliza (Arizkun)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaArizkun
Koordenatuak43°10′N 1°29′W / 43.17°N 1.48°W / 43.17; -1.48
Map
IzenaJoanes Bataiatzailea
Arkitektura
EstiloaBarrokoa

Kokalekua

aldatu

Arizkungo herrigunean dago, Aingeruen Andre Maria monasteriotik hurbil.

Eraikina

aldatu

Eraikin barroko soila da, 1568an eraikitzen hasi zena. Zenbait eragozpen zirela-eta, obrak XVIII. mendera arte ez ziren amaitu. XVII. mendean, sakristia, aldare nagusiaren aldea eta bertako kaperak, eta gurutzadura eraiki ziren, eta habeartea, gangak, ezkila-dorrea eta korua, 1722-1724 bitartean.[1]

Latindar gurutzearen oinplanoa du eta lau tarteko habearte bakarra, luneta-gangez estalirik dagoena, gurutzaduraren besoak bezala. Gurutzadura, berriz, ertz ganga batek estaltzen du. Aldare nagusiaren aldea zuzena da. Korua elizaren oinaldean dago, arku apaldu batean gainean. Koruaren azpialdea luneta-gangez estalirik dago. Sakristia ere barrokoa da, eta elizaren burualdeari atxikirik dago epistolaren aldetik.[1]

Kanpoaldean, harlanduz eta harlanduxkoz egindako murruak dauzka, eta arkupe ireki zabal bat, erdi-puntuko zortzi arku dituena ekialdeko saihetsean, eta beste bost hegoaldean. Tenplura sartzeko bi ate zuzen daude, bata hegoaldean eta bestea ekialdean. Hegoaldekoaren gainean nitxo bat dago, eta San Joan Bataiatzailearen harrizko irudi txiki bat haren barnean. Ekialdeko atariaren gainean, habeartearen hirugarren tarteari atxikia, ezkila-dorrea dago, oinplano karratukoa eta hiru gorputzez osatua; ezkilak hirugarren gorputzean daude, eta dorrea piramide-enbor formako beste bi gorputzez erremataturik dago.[1]

Erretaula nagusia barrokoa da, XVII. mendearen amaierakoa. Haren eraikuntza 1693an kontratatu zen Joan Oierena elizondar maisu eskultorearekin. Behealdeko bankuaren gainean, zutabe salomonikoen bidez banaturik dauden bi pisuko hiru kale ditu, eta atikoa goialdean. Lehenbiziko pisuaren erdian Arrosarioko Ama Birjinaren irudi eder bat dago, XVIII. mendekoa, ezker-eskuin San Frantzisko Xabierkoa eta San Fermin dituena. Bigarren pisuan, San Joan Bataiatzailearen (erdian) San Luis Gonzagaren eta San Isidro Nekazariaren imajinak daude. San Joanen irudia Madrildik ekarri zuten 1700 aldean. Ebangelioaren aldean Andre Mariaren sortze garbiari eskainitako erretaula neobarrokoa dago, eta epistolaren aldean beste bat, simetrikoa, Jesusen bihotzarena; biak XX. mendekoak dira.[2][1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d Iglesia San Juan Bautista - Arizkun. Atlas del patrimonio histórico cultural navarro, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  2. Estornés Zubizarreta, Idoia, García Nieto, Fernando. Arizkun. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-16).

Kanpo estekak

aldatu