Rifeko Errepublika
Rifeko Errepublika 1921etik 1926ra iraun zuen estatu burujabe bat izan zen. Kolonialismoari aurre egiteko sortua, egitura modernoa zuen, eta haren antolakuntza geroztik eredu izan da nazio askapeneko mugimendu askorentzat eta islamiar errepublika askorentzat.[1]
Rifeko Errepublika ⵜⴰⴳⴷⵓⴷⴰ ⵏ ⴰⵔⵔⵉⴼ جمهورية الريف | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1921 – 1926 | |||||||
Errepublika | |||||||
| |||||||
Rifeko Errepublikaren mugak | |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Ajdir | ||||||
Ekonomia | |||||||
Dirua | Rifeko Errepublikako riffana | ||||||
Kultura | |||||||
Hizkuntza(k) | riftera | ||||||
Erlijioa | Islam | ||||||
Historia | |||||||
Garai historikoa | Gerrarteko garaia | ||||||
Sorrera | 1921eko irailaren 18 | ||||||
Desegitea | 1926ko maiatzaren 27a | ||||||
|
Aurrekariak
aldatuVII gizaldiaren amaieran Flavia / Rusadir hirian (gaurko Melilla) borrokak izan ziren bertako biztanleen eta ekialdetik zetozen arabiar inbaditzaileen artean; indigenek ez zuten islama onartu, harik eta 696 urtean arabiarrak Melillaz jabetu ziren arte. Hurrengo mendeetan Rif eskualdean inguruko geopolitikaren eragina igarriko zen: kalifa-herriak, taifa erresumak, Iberiar penintsularen konkista prozesua, Ipar Afrikako amazigh iraultza, bikingoen espedizio eta sarraskiak... XI gizaldira arte, behin baino gehiagotan, Rif eskualdeak egitura politiko independientea izan zuen Temsamman edo Nekor hirien inguruan.[2]
XV. gizaldiaren amaieran, Rif inguruan ez zegoen egitura politiko bateraturik: indigenen tribu eta kabila sakabanatuez gain, Portugalen eta Espainiaren menpeko hiri batzuk zeuden (Ceuta, Tanger, Asilah, Melilla).[3]
XX gizaldira arte, Marokoko sultanak Rifen gaineko aginte erlijiosoa izan zuen, baina ez politikoa; hau da, eskualdea estatuaren kontroletik kanpo zegoen, eta honen kontura gatazkak ugariak ziren. Rifen berbereak ziren nagusi, eta agintea ez zegoen zentralizaturik, baizik eta tribu edo talde txikietan sakabanaturik. Egitura hauek asanblearioak izaten ziren, eta buruzagiak urtero aukeratu ohi zituzten. Triburik indartsuena Ait Urriagel izenekoa izan zen, Ajdir hiriaren inguruan; bertako kidea zen Rifeko Errepublika aldarrikatuko zuen Abd el Krim el Khatabi.[1]
XX gizaldia
aldatuAbd el Krim el Khatabi buruzagi indartsu baten semea zen. Zuzenbide ikasketak burutu zituen Fezen eta Salamancako Unibertsitatean, eta Melillako administrazio espainiarrarekin harreman ona zuen: itzultzaile aritzen zen Tropa eta Arazo Indigenen Bulego Zentralean (gaztelaniaz: Oficina Central de Tropas y Asuntos Indígenas); El Telegrama del Rif egunkarian ere kazetari aritu zen. Oraindik gazte zela, kadi izendatu zuten (epaile islamikoa) eta, 32 urterekin, kadien buru bihurtu zen. 1915ean, alemaniarrekin kolaboratzen zuelakoan, ikerketa bat egin zioten eta kolonialismoaren aurkako bere jarrera agerian geratu zen; epaiketan errugabe atera bazen ere, urtebeteko kartzelaldia jasan zuen. 1916an libre geratzean, bere lurraldera erretiratu zan eta borroka antikolonialistarako prestatzen hasi zen.[1]
Rifeko Gerra
aldatuArtean, espainiarren base nagusia Melilla zen; hortik aurrera, basetik asko urrundu barik, Rifen zehar espainiarrek posizio militar sakabanatuak baino ez zituen, blockhaus motako gune txikiak. 1921ean, espainiar armadak posizio aurreratuagoak hartu zituen, ahulagoak zirenak, tokian tokiko buruzagiekin tratuak eginez. Abd el Krimek une hori erasorako aprobetxatu zuen, eta Annualgo guduan riftarrek garaipen sonatua lortu zuten (ia 11.000 baja espainiar vs. 2.400 indigena). Hauxe izan zen Rifeko Gerraren hasiera, Espainiako milaka gazteren hiltoki izan zena, haien artean Hego Euskal Herritar askorena.[4][5]
Rifeko Errepublikaren sorrera
aldatuAnnualgo garaipenaren ostean, Abd el Krimek Rifeko Errepublika aldarrikatu zuen, tribuen konfederazio egiturarekin. Errepublika Rifeko Gerrarekin batera garatu zen, gatazka hau 1926ra arte mantendu baitzen: riftarrak gerrilla tipoko borrokan, eta armada espainiarra bere gotorlekuetatik erasoz, besteak beste gerra kimikoarekin.[6]
Bere garaian deigarriak izan ziren Rifeko Errepublikako ezaugarri berritzaileak: gobernuko kideak orokorrean gazteak ziren, eleaniztunak, eta goi mailako ikasketak zituzten. Abd el Krim gobernuaren emir edo lehendakari izendatua izan zen (sultan izendapenari uko egin zion); 40 artikulutako Konstituzioa sortu zuten; harreman diplomatikoak abiatu zituzten inguruko herrialdeekin eta Nazio Batuen Erakundearekin; 80 kidetako legebiltzarra zuen, hilean behin Ajdirren biltzen zena; ogasuna eta zerga bilketa antolatu ziren; baita indar armatuak ere; lege islamikoa eguneratu zen, arkaismoak kenduz (mendeku eskubidea, mutilazioak...); hezkuntza bultzatu zuten... Beste aldean, osasun arloan antolatzeko eta laguntza jasotzeko arazoak izan zituzten, Espainiak eta Frantziak jarritako oztopoen eraginez.[7][8]
Rifeko Errepublikak babes handia lortu zuen nazioartean (mundu arabiarrak, Europako hainbat alderdik, Espainiako oposizioak, Gandhik... elkartasuna erakutsi zioten). Hala ere, ez zuen beste estatuen errekonozimendurik lortu; artean, nazioartean indar kolonialek pisu gehiegi zuten, eta Rifeko esperientziak bere boterea arriskuan jar zezakeen.[1]
Rifeko Errepublikaren amaiera
aldatuEuropako herrialde gehienek ez zuten begi onez hartu Rifeko Errepublika, espainiar eta frantziar indarrak Rifetik eta Marokotik kanporatzea aldarrikatzen zuenez. Europako indar aliatuek bat egin zuten, eta 1925eko irailaren 8an Al-Hoceiman lehorreratu ziren, Miguel Primo de Rivera jeneralaren agindupean; 1926rako Rifeko Errepublika garaitua izan zen, eta Abd el Krim armada frantsesari errenditu zitzaion; Madagaskarrera deportatu zuten, eta gero Egipton errefuxiatu zen; han hil zen 1963an.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e Jon Kepa. Abdelkrim el Khatabi. (Noiz kontsultatua: 2018-I-I).
- ↑ Rodríguez Marín, José. Melilla, su entorno y hechos que incidieron en su historia. XII. La invasión árabe. (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ Rodríguez Marín, José. Melilla, su entorno y hechos que incidieron en su historia. XIV. África septentrional o mediterránea, siglos XIII al XV.. (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ Zavala, Antonio. (). «Afrikako Gerra» El Diario Vasco (Donostia) (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ Tengo un hermano en el Tercio. (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ Berasain Tristan, Kristina. (2017-VII-21). «Rifeko amazigak ezin isilarazi» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ El Farisi, Said. La república del Rif y las reformas sociales. (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).
- ↑ EFE. (2009-XII-9). «Abd El Krim luchó contra España "forzado por las circunstancias"» Publico (Noiz kontsultatua: 2018-I-1).