Ragusako Errepublika

Ragusako Errepublika (latinez Respublica Ragusina, kroazieraz Dubrovačka Republika, italieraz Repubblica di Ragusa), 1358. eta 1808. urteen artean Dubrovniken inguruan eraturiko errepublika itsastar indartsua izan zen. Garai gorena XV. eta XVI. mendeetan izan zuen, Otomandar Inperioaren babesean. Lurraldea gaur egun Kroaziari dagokio.

Ragusako Errepublika
Respublica Ragusina ((Latinez))
Dubrovačka Republika ((Kroazieraz))
Repubblica di Ragusa ((Italieraz))
1358 – 1808
Errepublika
Ragusako Errepublika bandera

Ragusako Errepublika armarria

Ragusa.png
Ragusako Errepublika 1496an.
Geografia
HiriburuaDubrovnik
Kultura
Hizkuntza(k)latina, kroaziera
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Historia
Aurrekoak
[[Image:|border|20px]]Bizantziar Inperioa
Flag of Most Serene Republic of Venice.svgVeneziako Errepublika
Ondorengoa
Iliriar ProbintziakFlag of France.svg

EtimologiaAldatu

Hasieran Communitas Ragusina (latinez "Ragusa udalerria") deitu zena 1358an Ragusako Errepublika bihurtu zen. Hiriburuaren Dubrovnik izena kroazierazko dubrava hitzetik dator, zeinak haritz basoa esan nahi duen, Dubrovnik hariztiz inguratua baitzegoen. Ragusa izen latinoa berriz greziarren Laus ("labarra") hitzaren aldaera da.

HistoriaAldatu

Hasierako urteak (614-1204)Aldatu

VII. mendean eslaviarrek Epidaurum (gaur egungo Cavtat) eskuratzean, bertako biztanle erromanizatuek Laus uhartera alde egin zuten. Urteak pasa ahala inguru guztiari Ragusa deitzen hasi zitzaion. Bizantziar Inperioaren menpe egon zen, autonomia handiarekin bazen ere, merkataritza Adriatikoan ezezik Mediterraneo osoan zabaldu zuelarik (Pisa, Napoli, Iberiar penintsulako hainbat hiri...), bai eta Balkanetako hainbat estaturekin ere. Hain zen garrantzitsua ezen garaiko potentzia ugarik berenganatu nahi izan baitzute, eta eskutik eskura ibili zen hasierako urteetan:

Laugarren Gurutzadak 1204an Konstantinopla hartzean Venezia nagusitu zen baina ragusatarrak ez zeuden batere gustura eta beren senatua, Consilium Maiorum (1252), eta Konstituzioa (1272) garatu zituzten. 1345ean Mljet eskuratu zuelarik bere lurrak zabaldu zituen.

Ragusako Errepublika askea (1358-1808)Aldatu

Veneziaren eta Hungariaren arteko gerraren ondoren Habsburgotarren esku gelditu zen Ragusa; Hungariako Erreinuari lagunduko zion itsas-flotaren truke autonomia ia erabatekoa lortu zuen. 1399an iparraldean zeuden Ragusaren eta Pelješac penintsularen arteko lurrak eskuratu zituen eta 1426an hegoaldeko lurrak Cavtat barne hartu zituen, gerora bere lurraldea izango zena finkatuz. Lema esanguratsua zeukan errepublikak: Non bene pro toto libertas venditur auro (Askatasuna ez da saltzen ezta munduko urre guztiagatik ere).

1492an Espainiatik juduak bota zituztenean Ragusak sefardi kolonia bat hartu zuen, eta haien harreman sareen bidez merkatal tratu garrantzitsuak eskuratu zituzten, bai Otomandar Inperioarekin bai Europako beste herrialde batzuekin. XVI. mendean Ragusako Errepublikak 200 itsasontzi zituen eta Veneziako Errepublikaren parekoa zen. Pelješac penintsulan harresi handiak eraiki zituen, Ston herrikoak bezalakoxeak, bai eta hainbat gotorleku ere, Trpanjkoa kasu, penintsula hau baitzen Dubrovnikentzat lehenengo babes eremua. Hiriburua bera ere harresi bikoitzaz babestu zen.

GainbeheraAldatu

1667ko apirilaren 6an lurrikara bat gertatu zen eta sei mila pertsona inguru hil ziren, tartean nobleziaren zati handi bat. 1677an Otomandar Inperioari laguntza eskatu eta haren menpe gelditu zen. Hala ere, turkiarrak Vienan garaituak izan ondoren Europan zituzten lur gehienak habsburgotarrei eta veneziarrei eman behar izan zizkieten. Ragusako Errepublikak Bosnian jarraitzen zuten otomandarrei mugan zituen bi lur zati eman zizkien (Iparraldean Neum eta hegoaldean gerora Montenegro izango zena) veneziarren erasoak ekiditeko.

Horrez gain, gerra guztietan neutral jokatzeko erabakia hartu zuen Ragusak. Napoleonek Europa konkistatzeko hasitako borroketan bikain etorri zitzaion neutralitate posizio hori eta merkataritzak irabazi handiak ekarri zizkion. Hala ere Napoleonek bazekien garrantzitsua zela eta 1808an bere menpe ezarri zuen, hasieran Italiako Erresuman eta 1810ean Iliriar probintzietan.

GobernuaAldatu

Aristokraziak gobernatzen zuen Ragusako Errepublika. Burua Duca (dukea) zen, veneziarren menpe egon zenean Rettore (erretorea), baina benetako boterea bi kontseiluk (Vijeće) eta Kontseilu Handiak zeukaten, guztiak nobleek gidatuak.

ErlijioaAldatu

Hasieratik Erromatar Eliza Katolikoaren alde egin zuen eta hiria elizaz bete zen. Hala ere Veneziako eta Dalmaziako gainontzeko hiriak ez bezala oso tolerantea zen katolikoak ez zirenekiko eta beti izan zituen harreman onak otomandarrekin.

HizkuntzaAldatu

Hizkuntza ofiziala latina bazen ere ragusatarrek dalmazieraz (jadanik desagertua) eta italieraz hitz egiten zuten.

Kanpo estekakAldatu