Ragnarök ("jainkoen patua") eskandinaviar mitologian munduaren amaierako gerra da. Gerra hau, Odin buruzagi duten jainko Æsirrek eta Loki buruzagi duten jotunen artean gertatuko da. Ez dira bakarrik jainkoak, erraldoiak eta munstroak izango gerra apokaliptiko honetan desagertuko direnak, baizik eta unibertso guztia.

Thor Jormundgander sugearen aurka borrokan. Johann Heinrich Füssliren margolana, 1788

Bikingoen gizarte gerlarietan, gerran hiltzea patu miresgarria zen, eta hau, betierekoak ez diren jainko talde baten gurtzan adierazi zen, jainko hauek Ragnarokean desagertuko direlarik. Eskandinaviar herrietako saga eta olerkaritza eskaldikoan, argi eta garbi zehaztuak agertzen dira Ragnarokean gertatuko diren gertakariak, baita nork noren aurka borrokatuko duen eta gerra honetan parte hartuko dutenen patua ere. Völuspak (Volvä emakumezko xamanaren profeziak), Edda poetikoko lehen sailak (Edda nagusia), 1000. urtetik datatua dagoenak, jainkoen istorioa kontatzen du, denboraren hasieratik Ragnaroka arte, 65 ahapalditan. Snorri Sturlusonek bi mende beranduago idatzitako Edda prosaikoa edo Edda txikiak, gerraren aurretik, bitartean eta ondoren gertatuko den xehetasunik txikiena ere azaltzen du.

Ragnarokari buruz, istorio apokaliptiko bezala (Armaggedonaren antzera) bakarra dena, jainkoek, gerra horretan zer gertatuko den aldez aurretik dakitela da: zerk iragarriko duen gertaera, nor, nork hilko duen, eta hala. Ragnaroka eragozteko botererik ez dutela ere badakite. Hau, antzinako herri eskandinaviarren patuaren kontzeptuarekin (Urð, Wyrd) lotua dago.

Ragnarok hitza, bi zatiz osatua dago: Bata, ragna, regin hitzaren plural genitiboa ("jainkoak" edo botere gobernariak) esan nahi duena. Bestea, berriz, rok da, "patua" esan nahi duena. Etimologikoki, regin/ragna zein rok, *rak edo *reg erro protoindoeuropar beretik datoz ("aurrera eraman", "bere tokian jarri", "gobernatu"). Roken kasuan, *reg sustraia *reig bihurtzen da "eskua luzatu" edo "abagunea heldu", hortik "irismen" (maximoa) edo "azken patua" zentzua (reach "irismen" ingelesez). XIII. mendean, eskandinabiar olerkariek, beharbada estilo arrazoiengatik, "ragnarok" hitza "ragnarokkr" hitzagatik aldatu zuten. "Rokkr" hitza, bere aldetik, *reg(w)os protoindoeurparretik dator "iluntasuna", "ilunpea", "ilunabarra". Ragnarokkr hitzaren alemanierazko itzulpena "Götterdämmerung" da, XIX. mendean Richard Wagner musikari eta konposatzaile alemaniarrak, bere Nibelungoen eraztuna izeneko opera tetralogiako azken lana den "Jainkoen Gainbeheran" (edo Ilunabarra) ezagun egin zuen hitza (Götterdämmerung alemanieraz).

Idazkera

aldatu
  • Antzinako eskandinabieraz: Ragnarök
  • Aldaerak: Ragnarøk

Sarrera

aldatu

Jarraian, Ragnarokaren hasieraren gertaera nagusi eta esanguratsuenak aipatzen dira:

  1. Hiru izaki gaizto eta boteretsuenen jaiotza, Loki eta Angrbodaren seme-alabak, honela deituak: Jormundgander, Fenrir eta Hel, eta jainkoek egiten dituzten ahalegin guztiak hiru izaki horiek preso izateko.
  2. Baldurren heriotza eta Lokiren zigorra.

Profeziak

aldatu

Ragnarokaren aurretik, Fimbulvetr edo Fimbulwinterra gertatuko da, Neguen Negua: Bata bestearen atzean, udarik gabe, hiru negu izango dira. Emaitza bezala, gatazkak eta borrokak gertatuko dira, eta hilkor guztiak desagertu egingo dira.

Ekin eta ekineko jazarpen baten ondoren, Skoll otsoak eta bere anaia Hatik, azkenik, Eguzki jainkosa eta bere anaia Mani irentsiko dituzte. Izarrak zerutik desagertuko dira, lur guztia ilunpean geratuz.

Lurra, hain indartsu astinduko da, ezen zuhaitzak errotik atereak izango direla, eta mendiak erori egingo dira, elkarketa eta maila bakoitza, hautsi eta banandu egingo da, Loki eta bere semea Fenrir otsoa askatuz. Otso honen mutur izugarria hainbeste irekiko da, goialdearekin zerua eta behealdearekin lurra joko dituela. Garrak bere begietan dantzan aritu eta bere sudurzuloetatik irtengo dira.

Eggther, jotunen zaindaria, bere hilobian eseri eta bere harpa jotzen hasiko da, irribarre serio batekin. Fjalar oilar gorriak erraldoiei eta Gullinkambi urrezko oilarrak jainkoei kantatuko die. Hirugarren oilar batek, herdoilaren antzeko gorri koloreko batek, hildakoak altxatuko ditu Helen.

Jormundgander, Midgardeko sugea, ozeanoko ohantze sakonetik altxatuko da Lurrerantz joateko, bihurtuz eta bere inguruan haserre bizian biratuz, itsasoak gorantz egin eta lurraren aurka joan daitezen eraginez. Arnasaldi bakoitzarekin, sugeak pozoia botako du, lurra eta zerua horrekin zipriztinduz.

Ekialdeko lurretatik, Jotundar armada, Hrymek gidatua, Jotunheimen duen etxetik irtengo da, eta Naglfar beldurrezko ontzian nabigatuko du (hildako gizakien azkazalekin egina), tsunamiak eta uholdeak askatuko dituztenak, Vigrideko gudu zelaietarantz.

Iparraldetik, bigarren ontzi batek ere bere oihalak Vigriderantz jarriko ditu, orain aske dagoen Loki lemazain bezala duelarik, eta Heleko biztanle izugarriekin hil pisu bezala.

Mundu osoa dago gerran, airea dardarka jarriko da oihartzun eta zaratekin. Aztoramen honen artean, Muselpheimeko suzko erraldoiek, Surtek gidatuak, hegoalderantz aurrera egingo dute, eta bitan zatituko dute zerua bera, Vigridetik gertu, bere igaroan guztia garretan erretzen utziz. Ostadarraren zubi den Bifrosterantz doazela, hau, pitzatu eta euren atzean hautsiko da. Garm, infernuko zakurrak Gnipahellirren aurrean, askatzea lortuko du, eta suzko erraldoiei batuko zaie Vigrideranzko bidean.

Honela, Jotun eta Heleko biztanle guztiak, Fenrir, Jormundgander, Garm, Surt eta Muselpheimeko suzko erraldoiak, Vigriden bilduko dira. Guzti horiek, norabide bakoitzean 120 legoako distantzia hartzen duen lubeta zabala beteko dute.

Bitartean, Heimdalek, etsaiak hurbiltzen ikusiko dituen lehen jainkoa denez, Giallar izeneko bere adarra joko du, bederatzi munduetan entzuna izango dena. Jainko guztiak esnatu eta berehala, kontseiluan bilduko dira. Ondoren, Odinek Sleipnir muntatuko du, eta bere gainean joango da Mimerren etxera, berak eta bere herriak itxaropenen bat izan dezakeen galdetzera.

Orduan, Yggdrasil, munduko zuhaitza, sustraietatik puntara astinduko da. Lurreko, zeruko eta Heleko guztiak dardar egingo du. Aesir eta Einherjer guztiek, euren gerra jantziak jantziko dituzte. Armada handi hau (432.000 Einherjer, 800 Valhallako ate bakoitzetik), Vigriderantz joango da, eta Odin buruzagi izango dute, urrezko kasko bat eta faxa distiratsu bat erabiliz, Gungnir izeneko bere lantza astinduz.

Azken guda

aldatu

Odin Fenrirrengana joango da, eta Thorrek, bere eskuinean, ezingo dio lagundu, bere antzinako etsai den Jormundgander sugeak berehala erasoko baitu. Freyrrek, suzko erraldoia den Surten aurka borrokatuko du, baina gerra honetan hilko den lehen jainkoa izango da, berak, bere ezpata, bere mirabe Skirnirri utzi baitio. Oraindik borroka luzea geratzen da Freyr hil aurretik. Tyrrek, Garm hiltzea lortuko du, baina hain modu larrian zauritua izango da, biziraungo duela, baina bakarrik mundua suak suntsitua izan eta gutxi arte. Heimdalek Lokiren aurka borrokatuko du, eta hain borroka berdindutik, bietako bakar bat ere ez da bizirik irtengo. Thorrek Jormundgander sugea hilko du bere mailu Mjolnirrekin, baina bederatzi pauso besterik ezingo ditu eman hilda erori aurretik, Jormundganderrek jaurti zion pozoiarekin pozoitua. Odinek, Gungnir izeneko bere lantza boteretsuarekin borrokatuko du Fenrirren aurka, baina honek jainkoa irentsiko du borroka luze baten ondoren. Bere aita mendekatzeko, Vidar berehala iritsiko da, eta hanka bat jarriko du otsoaren masailezurrean. Hanka honetan, denboraren hasieratik egiten egon izan den oinetakoa jantziko du, gizonek, oinaren hatz gainean eta euren oinetakoen gainean moztutako larruzko zerrendetan datzan zapata. Esku batekin, otsoaren masailezurra hartu eta bere eztarria deuseztuko du, azkenik otsoa hilez.

Orduan, Surtek mundu osoa suarekin erreko du. Lurreko izaki guztiak hilko dira. Eguzkia itzali egingo da eta izarrak zerutik desagertuko dira. Lurrin toxikoak agertuko dira, eta garrek eztanda egingo dute, zerua suarekin errez. Azkenik, lurra itsasoan urperatuko da.

Ondorioak

aldatu

Suntsipenaren ondoren, lur berri bat agertuko da itsasotik, berdea eta zuzena. Laboreak, sekula ereinak izan ez ziren lurretan helduko dira. Iðavöllr larrea, orain suntsitua dagoen Asgarden, ez da desagertu Ragnarokaren ondoren. Eguzkia, Eguzki bezala berragertuko da, Skoll otsoak irentsi aurretik, alaba bat izan baitzuen, beraren berdin-berdina. Modu birjinean izandako alaba honek, bere amaren bidea jarraituko du zeruan.

Zenbait jainko, Ragnaroketik bizirik irtengo dira: Odinen anaia Vili, Odinen seme Vidar eta Vali, Thorren seme Modi eta Magni, bere aitaren Mjolnir mailua heredatuko dutenak, eta, azkenik, Hœnir, hagatxoa eutsiko duena, eta etorkizuna aurreikusiko duena. Baldur eta bere anaia Höðr, Ragnaroka baino lehen hil zirenak, infernutik irtengo dira eta Odinen ganberetan eseriko dira, zeruetako Valhallan. Idavöllen batzean, jainko hauek elkarrekin eseriko dira, euren ezkutuko ezagutza eztabaidatuko dute, eta gertatu diren gauza askori buruz hitz egingo dute, Jormundgander eta Fenrirren gaizkiaz barne. Belarretan, urrezko xake taulak aurkituko dituzte, Aesirrek erabili zituztenak, eta mirari hau mirestuko dute (Jainkosetako bakar bat ere ez da aipatzen Ragnarokaren ondorioen bertsioetan, baina Frigg, Freyja eta beste jainkosa batzuk bizirik irten zirela onartzen da).

Bi gizaki ere bizirik irtengo dira munduaren suntsipenetik, Yggdrasil zuhaitzaren zurean barne-barnean ezkutatuz, Surten ezpataren eragina heldu ezin den tokian. Beste batzuek diotenez, Hodmimirren zurean ezkutatu ziren. Lif eta Lifthrasir deituko dituzte (antzinako eskandinabieraz "Líf ok Lífþrasir"). Euren babeslekutik irtenaz, Lif (edo liv, bizitza) eta bere senar Lífþrasir (bizitza bilatu edo nahi duena), goizeko ihintzean biziko dira eta gizakien mundua berriz pertsonez beteko dute. Euren jainko talde berria gurtuko dute, orain Baldur nagusi delarik.

Oraindik, hildakoen arimak izango dituzten toki mordoa geratuko da. Edda prosaikoaren arabera, beste zeru bat dago hegoaldean eta Asgard gainean, Andlang izenekoa, eta hirugarren bat honen gainean, Vidblain izenekoa, eta toki hauek babesa eskainiko dute Surten suak mundua erretzen duen bitartean. Bi edden arabera, Ragnarokaren ondoren, tokirik hoberena Gimli izango da, eguzkia baino mesedegarriagoa den eraikina, urrez estalia, zeruan. Han, jainkoak, bakean biziko dira, euren artean eta beste batzuekin. Brimir existituko da, Okolnir ("sekula hotzik ez")eko ganbera bat, non edari on asko zerbitzatuko den. Eta Sindri ere existituko da, erabat urre gorriz eginiko ganbera bikain bat, Nidafjollen ("mendi ilunak"). Borondate oneko arima bertutetsuak toki hauetan biziko dira.

Edda prosaikoak Nastrond ("gorpuaren haria") izeneko beste toki bat ere aipatzen du. Nastrond behe munduko zati izango da, eta zabala bezain doilorra izango da: eguzkiaren izpi bakar bat ere ez da iritsiko toki honetara, bere ate guztiak iparralderantz begira egongo dira, bere horma eta zabaltzak, elkarlotutako sugez eginak izango dira, euren buruak barrurantz begira, hainbeste pozoi jaurtiz, ibaiak bezala joango dela pasabideetatik. Hiltzaileak, euren promesak betetzen ez dituztenak eta intzestuzaleak ibai hauetatik igerian ibiliko dira betirako.

Eta, tokirik okerrenean, Hvergelmir, Ragnaroketik bizirik irten diren Nidhoggek, hildakoen gorpuak torturatuko dituzte, gorpuetako odola xurgatuz.

Dena dela, mundu berri honetan, gaiztotasuna eta miseria ez dira gehiago existituko, jainkoak eta gizakiak elkarrekin biziko dira, bakean eta harmonian. Lif eta Lifthrasirren ondorengoak Midgarden biziko dira.

Egungo egokitzeak

aldatu
  • Azken bataila: Tolkienen mitologia artifizialaren zati bat
  • Erik Bikingoa: Eskandinaviar mitologia parodiatzen duen Terry Jonesen pelikula bat
  • Ragnarok: Lee Myung-Jinen manhwa bat (komiki korearra), elezaharrean oso gutxi oinarritua
  • Ragnarok Online: Aurreko manhwan oinarrituriko MMORPG bat.
  • Age of Mythology: Estrategia joko bat benetako denboran, joko honek kanpaina bat ragnarokeko eskenategiekin du.
  • Ragnarok: Mahaiko rol joko espainiarra okultismoari buruz
  • Mythical Detective Loki: Loki jainko eskandinaviarraren "abenturak" kontatzen dituen animea. Loki gorputz hilkor baten barnean dago, 8 urteko ume batenean, Odinek, Ragnaroka eragozteko, Midgardera erbesteratzen baitu.
  • Golden Sun: Rol joko honetan, Ragnarok, etsaiaren aurka ezpata erraldoiak jaurtitzen dituen energia psikiko bat da.
  • Ragnarok: Final Fantasy VIII.n (Squaresoft), herensuge gorri formako ontzia, Adelen zaindaria eta Squall eta Rinoak, lurrera itzultzeko erabilia
  • Ragnarok: Final Fantasy VII.n (Squaresoft), Cloudek erabiltzen duen ezpata boteretsua. Ezpata honen berezitasuna, materiaren hazkuntza hirukoitza ahalbidetzen duela da.
  • Ragnarok: Final Fantasy bideo-joko sagan, ezpatarik boteretsuenetako bat da, Excalibur eta Masamunerekin batera
  • Ragnarok: Megaman Zero 4n (Capcom), suntsipen masiboko arma
  • Ragnarok Egitasmoa: Hellboyn, Rasputinek aurrera eramandako egitasmo bat da, kaosaren 7 jainkoak askatzeko, hauek, mundua suntsi dezaten.



Kanpo estekak

aldatu