Edda poetikoa
Edda poetikoa edo Edda Nagusia antzinako eskandinavieraz idatzitako olerki bilduma bat da, hasiera batean Erdi Aroko islandiar eskuizkribua den Codex Regiusean mantenduak. Snorri Sturlusonen Edda prosaikoarekin batera, Edda poetikoa da eskandinaviar mitologiari eta germaniar elezahar heroikoei buruz dagoen iturririk garrantzitsuena.
Codex Regiusa XIII. mendean idatzia izan zen, baina ez zen bere kokapenari buruz ezertxo ere jakin 1643 arte, Skalholteko gotzaina zen Brynjolfur Sveinssonen eskuetara iritsi zenean. Garai hartan Eddaren Snorriren bertsioak oso ezagunak ziren Islandian, baina adituek beste bat zegoela susmatzen zuten, Edda nagusi bat, Snorrik bere liburuan aipatzen dituen olerki jentilak zituena. Codex Regiusa aurkitu zenean, susmo hau frogatua geratu zela pentsatu zen. Brynjolfurrek eskuizkribuaren egiletza Sæmundr jakintsuari eman zion, XII. mendeko apaiz islandiar bat. Alabaina, egungo adituek egiletza emate hau arbuiatzen duten arren, Sæmundarren Edda izenburua oraindik noiz behinka ikus daiteke.
Brynjolfur gotzainak Codex Regiusa opari bat bezala bidali zion daniar erregeari, eta hortik bere izena. Mendeetan zehar Daniar Errege Liburutegian gordea egon da, baina 1971n Islandiari itzuli zioten.
Estiloa
aldatuEddetako olerkiak hitz neurtu aliteratiboetan idatziak daude. Bere euskarri nagusia fornyrðislag da, málaháttr ohiko aldaera bat den bitartean. Gainontzekoa, laurden bat inguru, ljóðaháttrean osatuak daude.
Olerkien lengoaia orokorrean argia da, eta apaindura askorik gabea. Kenningarrak ohi erabiltzen diren bitartean, ez dira olerkaritza eskaldikoan topatutako maiztasun edo konplexutasunera iristen.
Egiletza
aldatuOlerkaritza goiztiar gehiena bezala, eddetako olerkiak trobadoreek errezitatzen zituzten, ahoz pasatzen zirenak kantari batetik bestera eta olerkari batetik bestera mendeetan zehar. Olerki hauetako bakar baten ere egiletza ez zaio egile zehatz bati ematen, horietako askok norbanako ezaugarri nabarmenak dituzten eta norbanako olerkari baten lanaren emaitza izatea litekeena den arren. Adituek, batzuetan, balizko egileetan pentsatzen dute, baina sekula ez da ondorio irmo eta onarturik lortu.
Konposaketaren data
aldatuOlerkien datazioa izan da adituen arteko eztabaida luzeen iturri bat denbora luzez. Zaila da ondorio zehatzak ateratzea. Eddetako olerkietako lerro batzuk batzuetan olerkari ezagunen olerkarietan agertzen diren bitartean, ebidentzia hau ebaluatzea oso zaila da. Adibidez, Eyvindr skaldaspillirrek, X. mendearen bigarren erdian konposatzen zuena, bere Hákonarmálen Hávamálen aurkitutako pare bat lerro erabiltzen ditu. Litekeena da olerki ezagun bat aipatzen aritu izatea, baina litekeena da, baita ere, Hávamál, edo gutxienez aipatutako ahapaldi hori, eratorritako lan berriago bat izatea.
Norbanako olerkiek norbanako pistak ematen dituzten euren adinari buruz. Adibidez, Atlamál hin groenlenzku bere izenburuagatik deitua da, eta barne ebidentziaren bategatik, Groenlandian konposatua izan zela dirudi. Hala balitz, ezingo litzateke 985 baino lehenagokoa izan, Groenlandian eskandinaviarrak ez baitziren garai horretara arte egon.