Paolo Ucello, jaiotza-izena Paolo di Dono (Pratovecchio, 1397ko ekainaren 15a - Florentzia, 1475eko abenduaren 10a), Quattrocentoko italiar margolari eta matematikaria izan zen. Geometria deskriptiboari buruzko ikerketak egin zituen eta perspektiba gaietan maisu eta aitzindaria izan zen. Giorgio Vasarik Vite lanean idatzi zuenez, Ucellok artea eta perspektiban interes ia obsesiboa zuen[1]. Interes hori Nazioarteko gotikoarekin uztartu izanak Quattrocentoko artistarik autonomoetariko bilakatu zuen.

Paolo Uccello

Bizitza
JaiotzaPratovecchio1397ko ekainaren 15a (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Italia
Talde etnikoaItaliarra
HeriotzaFlorentzia1475eko abenduaren 10a (78 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
italiera
Jarduerak
Jarduerakmargolaria eta mosaicist (en) Itzuli
Lantokia(k)Florentzia
Padua
Urbino eta Venezia
Lan nabarmenak
Mugimenduapizkundea
Early Renaissance (en) Itzuli
Genero artistikoamargolaritza historikoa

Musicbrainz: 7f6bad13-aca2-4f0f-91ce-afe54aaa30f4 Discogs: 3904679 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Ucello oso gaztetan sartu zen Lorenzo Ghiberti maisu eskultorearen lantegian. Bertan, besteak beste, Florentziako Bataiotegiko iparraldeko atean lan egin zuen[2]. 1415. urtean Florentziako pintoreen taldean sartu zen. 1425-1431 bitartean Venezian bizi izan zen. Bertan San Markoko fatxadako mosaikoak egin zituen.

Veneziako egonaldiaren ondoren Florentzian, Paduan eta beste leku batzuetan jardun zuen lanean. 1432an, Florentziako Santa Maria Novellako komentu zaharreko Klaustro berdeko lunetako freskoak egin zituen, Hasierako eszenekin (Kreazioa)[1]. Diseinuak Ghibertiren kutsu nabarmena du, eta estiloak Masolinorena. Irudi horietan Erdi Aroko margolari gisa agertzen da, ikonografiari dagokionez, batez ere, baina irudietan plastika bolumetrikoa bilatu zuen eta konposizioari erritmo dinamikoa eman nahi izan zion.

 
Giovanni Acuto condottieroa zaldi gainean, 1436, Santa Maria del Fiore, Florentzia.

Tankera berekoa da 1436an, Florentziako Santa Maria del Fiore katedralerako, egin zuen Giovanni Acuto condottieroa zaldi gainean freskoa. Kolore bakarreko margolana da, brontzea imitatuz pintatua. Perspektiba lantzeko ariketa gisa hartzen da obra hau; izan ere, oinarrian eta zaldi gaineko irudian ikuspuntu desberdina erabili zuen: zaldiari eta zaldunari perspektiba zentrala eman zien, baina oinarria behetik begiratua margotu zuen[3] (hasieran irudia gaur egun baino bi metro beherago zegoen). Beste lan batzuetan ere erabili zuen ikuspuntu anitzeko perspektiba, Pratoko katedraleko Ama Birjinaren jaiotza koadroan (1435-1440) esaterako. Edertasun formal bikaina du eta kromatismo oso landua, aurrekoaren aldean, errealitatearen ikuspegi fantastikoa eskaintzen duena.

Askoz ere kolore biziagoa dute Santa Maria Novellako Klaustro berdeko margolanen jarraipen gisa egindako Noeren historia freskoak (1447-1448). Obra horretan bereziki aipagarria da Uholdea adierazten duen irudia, Ucelloren perspektibarekiko kezka garbien erakusten duen margoa. Pertsonaiak eta gauzak geometrikoki behar luketenaz bestelako perspektiba baten arabera daude ordenaturik, ikuslea eszenan sar dadin, espazioan eta gertaera dramatikoan parte hartuz. Masacciorena bezalako dramatismoak eta indarrak du nagusitasuna giza irudietan, irudi biluzietan batez ere, baina gotikoko artisten joera gogorarazten duten xehetasun ugari daude. Adituen ustez, obra honetan ikusten da garai hartako artistek Pizkundeko estilo heroikoa antzinagoko pintura dekoratiboan txertatzeko izan zituzten arazoak.

 
San Romanoko Gudua: Niccolò da Tolentino alla testa dei fiorentini, National Gallery

1454-1457 urteetan haren lan ezagunenetako bat margotu zuen: San Romanoko Gudua triptikoa (1784 arte Medici jauregian egon zen; gaur egun, National Gallery, Louvre eta Uffizi Galerian sakabanaturik dago). Margo horretan, Medicitarren gobernua goresteko tresna gisa erabili zuen artea. Ucelloren obran, oro har, gertatzen den bezala, irudi eskulturalak agertzen dira, Pizkundeko ezaugarri gisa, baina kolore distiratsuz margotuak eta xehetasun apaingarri ugarirekin, gotikoan ohi zen bezala.

Uccelloren margokera

aldatu

Uccellok bi estilo elkartu zituen: Gotikoko estilo dekoratiboa, batetik, eta Lehen Pizkundeko estilo berria, bestetik (Masaccio, Donatello eta Brunelleschiren estilotik aldendua, hala ere). Haren kezka nagusia perspektiba izan zen, baina ez Brunelleschirena, objektibotasun matematikoari zegokiona, baizik eta Erdi Arokoa, ikusmenaren efektuei erreparatzen ziena.

Nazioarteko gotiko deitutako estiloa landu zuen, eta kolorea nahiz luxua gehiago azpimarratu zituen garaiko beste artista batzuek sustatzen zuten errealismo klasikoa baino. Bere estiloa idiosinkratikoa izan zen eta ez zuen eduki jarraitzale-eskolarik. Baina XX. mendeko artean -Melvin Day zeelandaberritar margolariarengan esaterako- eta literaturan -Marcel Schwoben Vies imaginaires, Antonin Artauden Uccello le pol[4] eta Bruno Tolentinoren O Mundo Como Ideia- eragina izan zuen.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Paolo Ucello. biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-02).
  2. The Florence Baptistery. florencewebguide.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-02).
  3. Funerary Monument to Sir John Hawkwood. in: Web Gallery of Art. wga.hu (Noiz kontsultatua: 2015-10-02).
  4. Esquinca, Jorge. Artaud, Uccello. uaemex.mx (Noiz kontsultatua: 2015-10-02).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paolo Uccello