Espainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista)
Espainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista) (gaztelaniaz: Partido Comunista de España (marxista-leninista)) espainiar alderdi komunista bat da, PCEtik sortua 1964an Bruselan. Haren sorrera Santiago Carrillo eta Dolores Ibarruriren lidergopeko PCEri egotzitako errebisionismoaren kontrako erreakzioa aurkitzen da, nazioarteko mugimendu komunistaren garai gatazkatsu baten testuinguruan. Bere buruzagi ezagunen artean Raúl Marco (Julio Manuel Fernández López), Elena Ódena (Benita Ganuza), Paulino García Moyaoya eta Lorenzo Peña aipatu daitezke.[1]
Espainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista) | |
---|---|
Datuak | |
Izen laburra | PCE (m-l) |
Mota | Espainiako alderdi politikoa |
Herrialdea | Espainia |
Ideologia | maoismoa eta Hoxhaism (en) |
Kokapen politikoa | Ezker iraultzaile politiko |
Jarduera | |
Kidetza | Frente Revolucionario Antifascista y Patriota |
Agintea | |
Egoitza nagusi (1964–1981) | |
Egoitza nagusi (1981–1992) | |
Gazteria | Communist Youth of Spain (marxist-leninist) (en) |
Historia | |
Sorrera | 1964ko urria |
Desagerpena | 1992 |
Koloreak |
Historia
aldatuAurrekariak
aldatuNazioarteko mugimendu komunistaren testuingurua oso gatazkatsua zen alderdiaren sorreraren aurreko hamarkadaren erdialdetik. Izan ere, Sobietar Batasunaren buruzagi zen Iosif Stalin 1953an hil zen eta handik hiru urtera, lider berriak, Nikita Khrustxovek, aurreko garaiko politika ugari baztertzeaz gain, Stalin bera salatu zuen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. Kongresuan aurkeztutako “Informe sekretuan”. Nazioarteko mugimendu komunistan tentsio ikaragarri handiak piztu ziren, Khrustxovek aldekoen eta bere kontrakoen artean. Bigarren talde honetan Txinako Herri Errepublikaren lider zen Mao Zedong eta Albaniako Herri Errepublikaren lider zen Enver Hoxha kokatu ziren.[2] Hain zuzen ere, etorkizunean Albania eta Txina izan ziren PCE (m-l)ren babes handienak nazioarteko mailan. PCE (m-l)k lotura estuak izan zituen Hoxharen Albaniarekin. Izan ere, bertan kokatuta zegoen “Radio Tirana” irratia erabiltzen zuten propaganda helarazteko.
Espainiako egoerari dagokionez, Santiago Carrillo eta Dolores Ibarruriren lidergopeko Alderdi Komunistak biraketa politiko sakonak egin zituen 1950eko hamarkadatik aurrera. 1956ean “Nazio Adiskidetza Politika” ezarri zuen, zeinaren bidez PCEk frankismoaren kontrako aliantza handiak osatu nahi zituen. Aliantza horren baitan are frankismotik ateratako sektoreekin bat egitea proposatzen zen, hala nola, Dionisio Ridruejo buruzagi falangista ohia edota elementu monarkikoak.[3] 1960an Pragan ospatutako alderdiaren VI Kongresuan politika horretan sakondu zen: PCEk adierazi zuen prest zegoela ezkerreko eta eskuineko antifrankistei beharrezko kontzesio guztiak egiteko erregimenarekin amaitzeko.[4] Era berean, 1965etik aurrera, Palmiro Togliattiren PCIren lerroari jarriki, alderdiak aniztasun politikoa onartu zuen, eta estrategia gradualista bat hartu zuen, de facto sozialismoari bide iraultzailea uztea zekarrena.[5] Testuinguru horretan, “La Chispa”, “Mundo Obrero Revolucionario”, “Proletario” eta “España Democrática” izeneko kolektiboak, PCEren deribarekin oso kritikoak zirenak, PCE (m-l) osatzea erabaki zuten 1964ko urrian.[6]
1970eko hamarkadaren amaieran, Mao Zedongen heriotzaren ostean, Enver Hoxha eta Albaniaren Lanaren Alderdiaren eta Txinako Alderdi Komunistaren arteko apurketa garbia gauzatu zen. Halere, albaniarrek ez zuten salatu soilik Deng Xiaopingen buruzagitza eta planteamendu berriak, baizik eta Maoren pentsamendua eta politikak ere modu erretrospektibo batean. PCE (m-l) bere aliatu albaniarrekin bat egin zuen eta maoismoaren kontrako kritika zorrotzak kaleratu zituzten, errebisionismoa leporatuz.
Trantsizioa
aldatuBeste alde batetik, 1973an Frente Revolucionario Antifascista y Patriota (FRAP) sortu zen Parisen, 1971ean adostu zen arren, Julio Álvarez del Vayo sozialista zaharraren lehendakaritzapean. Fronte hartan, PCE (m-l)az gain, Comités Antiimperialistas, Vanguardia Socialista eta Frente Español de Liberación Nacional erakundeak bildu ziren. Fronte honen helburua 1936ko Fronte Popularraren antzeko zerbait sortzea zen. Dena dela, FRAParen kasuan alderdiaren nagusitasuna oso argia zen.
FRAPek destakamentu armatuak sortu zituen manifestaldietan poliziari aurre egin ahal izateko 1975 inguruan. Manifestazio batzuetan gertatutako istiluetan polizia eta guardia zibil batzuk hil ostean, erregimenak indar erakustaldi bat egin zuen eta urte horretako irailaren 27an FRAPeko hiru kide (Xose Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz) fusilatu zituen ETAko bi kideekin batera. Fusilamendu horien erantzun gisa agertu zen GRAPO (Grupos de Resistencia Antifascista Primero de Octubre) talde armatu iraultzailea. Urte horretatik aurrera FRAPen aktibitatea alderdia eta beste erakundeak finantzatzeko banketxeak lapurtzera mugatu zen baina, hein handi batean, sigla fosildu gisa geratu zen.[7]
Trantsizioan zehar PCE (m-l)k erregimen frankistaren aurkako jarrera gogorra mantendu zuen. Bere aldarrikapen nagusiak erregimena iraultzea, behin behineko gobernu bat eratzea, segurtasun indarrak purgatzea eta Estatu Batuen eta mendebaldeko inperialismoen influentziatik libre egongo zen herri errepublika bat sortzea ziren.[8]
1977ko Amnistia Legearen kontra ere agertu zen, haien analisien arabera lege honetan erregimenaren krimenen erantzuleak ere sartzen baitziren. Urte horretako hauteskundeei dagokienez, PCE (m-l) ez zen aurkeztu. Izan ere, 1981era arte ez zuen lortu legeztatua izatea. Dena dela, 1979ko hauteskundeetan Izquierda Republica izenpean aurkeztu ziren, arrakasta handirik gabe. 1978ko Konstituzioaren inguruko eztabaida eta erreferendumean, PCE (m-l) ia bakarrik geratu zen errepublikaren aldarrikapenean. Hortaz, abenduko erreferendumean ezezko bozka eskatu zuen.[9]
Desagerpena eta birfundazioa
aldatuHurrengo urteetan alderdia guztiz marginala izan zen eta 1992an, zenbait barne borroka izan ostean, autodisolbatu zen. Hala ere, 2006 inguruan Raúl Marcoren inguruan berriro agertu zen PCE (m-l) izeneko alderdi bat. Nazioarteko mailan CIPOML (Batasuna eta Borroka) alderdi eta erakunde marxista-leninisten elkartearen parte da.
Ideologia
aldatuEspainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista) ezker erradikal edo iraultzailearen esparruan kokatu ohi da. Bere ideologiari dagokionez marxismo-leninismoaren irakurketa ortodoxo bat aurkeztu du beti, pentsamendu horretatik aldentzen diren planteamendu politikoak, hots, errebisionismo deitu ohi dena, gogor salatuz. Horren adibide dira Sobietar Batasunaren defentsa sutsua, Lenin eta Stalinen garaiei dagokienez. Stalinen heriotzatik aurrerako SESB errebisionista eta sozialinperialistatzat hartzen dituzte. Kalifikatibo horiek Bloke Sozialistako beste herrialdeei (Albania izan ezik) ere hedatu zizkieten, baita Txinari ere 1976tik aurrera. Hori baino lehenago maoismoarekin bat egin zuen urte luzez.[10]
PCEri dagokionez, errebisionista etiketa jarri zion Khrustxovekin bat egiteagatik baina baita ere 1956an onartutako “Nazio Adiskidetza” politika planteatzeagatik, zeinak frankismoari aurre egiteko aliantza zabal bat sortzea bilatzen zuena, errepublikaren aldarrikapena alde batera uzten zuelarik. Gerora, 60ko hamarkada amaieran eta, bereziki, 70eko hamarkadan zehar, PCEk PCI eta PCFekin batera bultzatutako “eurokomunismoaren” ideia salatu zuen eta 1978an leninismoa abandonatu zuen.[11] Beste talde batzuei dagokienez, PCE (r), ORT edo PTE, esaterako, maoista gisa salatu zituzten.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Peña, Lorenzo. (2010). Amarga juventud. Un ensayo de egohistoria. España Roja, 84 or..
- ↑ Pérez Serrano, Julio. (2007). "Servir al pueblo": trayectorias del maoísmo en la península Ibérica. Berceo, 173, 200 or..
- ↑ Mateos, Abdón. (2009). “¿República o monarquía? El PSOE y la oposición ante la forma de gobierno” in Gómez Bravo, Gutmaro (Coord.) Conflicto y consenso en la Transición española (pp. 257-267). Editorial Pablo Iglesias, 260-262 or..
- ↑ Juliá, Santos. “Santiago Carrillo y la reformulación político-ideológica de la izquierda. Alrededor de la Primavera de Praga” in Gómez L-Quiñones, A. & Winter, U. (Eds.) Cruzar la línea roja. Hacia una arqueología del imaginario comunista ibérico. Editorial Pablo Iglesias.
- ↑ Vera Jiménez. (2009). La diáspora comunista en España. Historia Actual Online, (20), 39 or..
- ↑ Peña, Lorenzo. (2010). Amarga Juventud. Un ensayo de egohistoria. España Roja, 79-80 or..
- ↑ Wilhelmi, Gonzalo. (2016). Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición española (1975-1982). Siglo XXI, 101 or..
- ↑ Hermida Revillas, Carlos. (1997). La oposición revolucionaria al franquismo el Partido Comunista de España (marxista-leninista) y el Frente Revolucionario Antifascista y Patriota. Historia y comunicación social, (2), 304 or..
- ↑ Wilhelmi, Gonzalo. (2016). Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición española (1975-1982). Siglo XXI, 247, 374-376 or..
- ↑ Hermida Revillas, Carlos. (1997). La oposición revolucionaria al franquismo el Partido Comunista de España (marxista-leninista) y el Frente Revolucionario Antifascista y Patriota. Historia y comunicación social , (2), 302 or..
- ↑ Hermida Revillas, Carlos. (1997). La oposición revolucionaria al franquismo el Partido Comunista de España (marxista-leninista) y el Frente Revolucionario Antifascista y Patriota. Historia y comunicación social, (2), 298-299 or..
Bibliografia
aldatu- Hermida Revillas, C. (1997). “La oposición revolucionaria al franquismo el Partido Comunista de España (marxista-leninista) y el Frente Revolucionario Antifascista y Patriota” in Historia y comunicación social, (2), pp. 297-312.
- Juliá, S. (2009). “‘Transición’ antes de la Transición” in Gómez Bravo, G. (Coord.) Conflicto y consenso en la Transición española (pp. 21-38). Editorial Pablo Iglesias.
- Mateos, A. (2009). “¿República o monarquía? El PSOE y la oposición ante la forma de gobierno” in Gómez Bravo, Gutmaro (Coord.) Conflicto y consenso en la Transición española (pp. 257-267). Editorial Pablo Iglesias
- Peña, L. (2010). Amarga juventud. Un ensayo de egohistoria. España Roja.
- Vera Jiménez, F. (2009). “La diáspora comunista en España” in Historia Actual Online, (20), pp. 35-48.
- Wilhelmi, G. (2016). Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición española (1975-1982). Siglo XXI