Ovambo Altxamendua 1914ko abenduaren 18tik 1917ko otsailaren 6ra arte iraun zuen, Namibian zeuden indar hegoafrikarrek Mandume yaNdemufayo erregea hil zutenean. António Júlio da Costa Pereira de Eça jeneralak zuzendutako tropa portugaldarrak Ovambotar armada baten aurka borrokatu ziren, batez ere Oukwanyama erresuma/klaneko borrokalariz osatua.

Ovambo Altxamendua
Hego-Mendebaldeko Afrikako Kanpainia - Lehen Mundu Gerra
Portugaleko Itsas Infanteria, 1915
Data1914ko abenduaren 18 - 1917ko otsailaren 6
LekuaPortugal Angola
EmaitzaOvambotarren porrota
Gudulariak
Portugal Portugal
Erresuma Batua Hegoafrika (1917tik aurrera)
Ovambotarrak
Alemaniar Inperioa Alemania
Buruzagiak
Portugal Alves Roçadas
Portugal Pereira d'Eça
Mandume ya Ndemufayo
Kalola
Indarra
Portugal 6.000 soldadu inguru
Erresuma Batua 700
50.000 - 150.000, haietatik 20.000 inguru armak zituztenak
Galerak
52 hildako, 57 zauritu (1915ko Abuztua) 25 hildako, 100 zauritu (1915ko Abuztua)

Aurrekariak

aldatu

Angola hegoaldeko eremua Afrikaren banaketaren aurretik Kwanyama erresumaren jabetza zen. 1884ko Berlingo Konferentzian bi potentzia kolonialen artean banatu zituzten (Portugal nagusiki eta Alemaniako Inperioa) bai erresuma bai Ovambotar talde etniko handiena, Angolako indigenei kontsultatu gabe. Hala ere, bi potentzietako bat ere ez litzateke saiatuko bi hamarkadaz gutxienez lurra okupatzen edo administratzen. XX. mendean jada, Portugaldarrek Ovambotarrak menperatzeko egin zituzten ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren, gutxienez 1907an Ombandja eta 1912an Evale konkistatu zituzten arte, Mufiloko guduaren ondorioz. Ovambotarrak menperatzeko arazoen arrazoiak bi ziren: ongi armatuta zeudela, eta beldurgarriegiak zirela, are gehiago, halako eskualde ekonomikoki garrantzigabea konkistatzen saiatzeko, batez ere 1907a baino lehen.[1]

1890eko Bruselako Biltzarraren Aktaren sinatu bazen ere, afrikarrei arma eta munizioa saltzea legez kanpo utzi zuena, Alemaniako zein Portugalgo merkatariek armak, alkohola, bolia eta ganadua kontrabandoan sartzen jarraitu zuten Ovambolandera (Ovambo etniak osatutako eremua). Ovamboko buruzagiek armak bilatzen zituzten, batez ere, merkatariekin egiten zituzten tratuetan, beren erasoaldietarako behar zituztenez gero. Legez kanpoko arma-ofizio horien hamarkaden ondorioz, Ovamboko erreinu askok arma ugari zituzten, eta haien gaitasun militarra ez zen gutxietsi behar. Ia Ovambotar guztiek arma baten jabe ziren, eta hamarkada bat lehenago matxinada bat ere izan zen han. Alemaniarrak eta portugaldarrak armen salerosketa geldiarazten saiatu ziren, baina ezin izan zuten. Honekin, egora Mandume yaNdemufayo 1911n boterera igo zenean guztiz aldatu zen. Mandumek merkatari guztiak kanporatu zituen bere erresumatik, bere subiranotasuna mehatxatzen zuen intrusio kolonialagatik, beste erresuma batzuek merkatariei harrera egiten zieten bitartean.[2]

Altxamenduaren testuingurua

aldatu

Alemaniar-Kwanyama erlazioak

aldatu

Mandumek Portugalgo gobernu kolonialaren ideia baztertu zuen, eta agintari kolonialen baldintza berberetan egotea eskatu zuen beren urrutiko hiriburuetan. Mandumek ere harreman estuak bilatu zituen alemaniarrekin, bere erresumaren hegoaldeko erdiaren jabe izan arren. Alemaniako Hego-Mendebaldeko Afrikako gobernadorea, Theodor Seitz, "Windhoekeko anaia" bezala ere deskribatu zuen.

1914ko abuztuan, Outjo barrutiko gobernadore Hans Schultze-Jenak Seitz gobernadoreari Angolan tropa britainiarren ustezko mugimenduak edo, gutxienez, britainiarren eragina gero eta handiagoa zela telegrama baten bidez jakinarazi zion. Schultze-Jenak Seitzi zurrumurruak zeudela esan zion, portugaldarrak Ovambotarrak Alemaniarren aginte kolonialaren aurka jarri nahian zebiltzela. Salaketak berretsi arren, Seitzek aurrera jarraitu zuen, eta gutun bat bidali zion Mandumeri, non inoiz portugaldarrek erasotzen bazioten alemaniar indarrek babestuko zutela agindu zion. Gutunak 100 su-arma eta munizioa ere agintzen zizkion Mandumeri. Hurrengo hilean, Seitzek beste gutun bat bidali zuen eskaintza berarekin, gehi ardoa. Gutunean Alemaniak Europan izandako "garaipen handiez" ere hitz egiten zen, eta Mandumeri "alemaniarrekin leial izanez gero" ez zegoela zertan portugaldarren beldur izan esaten zitzaion. "Erasotzen badizute, tropa alemaniarrak bidaliko ditut kanporatzeko" agindu zion. Armak portugaldarrek britainiarrekin bat egin eta Ovamboland inbaditu ezean ez ziren entregatuko.[2]

Alemaniar kanpainia Angolan

aldatu

1914ko urrian, Seitz Mandumeri M71 fusilak ematen saiatu zen, baina Hermann Tönjes gobernuaren komisario indigenak Mandumeri 5 fusil eta Ovamboko beste 3 erregeei bana bidaltzeko aholkatu zion. Mandumek eskerrak eman zizkion Seitzi agindutako armengatik, eta alemaniarrekiko leialtasuna ziurtatu zion. Halaber, Seitzek galdetu zuen ea Mandumeren gizonek alemaniarrekin bat egingo zuten Naulilan, baina hau ez zen inoiz gertatu. Hurrengo hilean, azaroaren 5ean, Mandumek José Augusto Alves Roçadas gobernadoreari alemanek Angola erasoko zutela esan zion. Momentuan gezurra izan bazen ere, hurrengo hilabetean alemaniarrek Angola erasotzean egia bihurtu zen.[3]

Hurrengo hilabetean, alemaniar armadak garaipen handi bat lortuko zuen Naulilako guduan. Portugaldar armadarentzat porrot latza izan zen, eta garaiko "distira militar alemaniarra" erakutsi zuen. Euren eskualdean lortutako garaipenak Ovambotarrak txundituta utzi zituen, eta Portugalgo okupatzaile kolonialaren uztarria astintzeko garaia iritsi zela ondorioztatu zuten. Honekin, ez zen matxinadarik izan harik eta Roçadas gobernadorea, inguraketa alemaniar baten beldur, bere tropa gehienak Ovambo eskualdetik atera eta Humbe aldera mugitu ziren, atzean 1.000 fusil eta 4 metrailadore abandonaturik utziz. Alves Roçadasi zioten gorrotoak bultzatuta, Portugalen ahulezia militarrak eta goseteak bultzatuta, Ovamboko eskualde osoa Portugalen aurka matxinatu zen.[4]

Altxamendua

aldatu

Angola

aldatu

Roçadasek mendebaldeko mehatxu alemaniarrarekin arreta galtzen zuen bitartean, Mandumek bere indarrak mobilizatu ahal izan zituen. Indar berriek Kafima gotorlekua hartu zuten abenduaren amaieran. Bere gizonek 3 soldadu portugaldar harrapatu eta N 'Givara bidali zituzten, alemaniarrei. Ekintza honengatik Alemaniako Hego-Mendebaldeko Afrikako gobernadoreak 3 zaldi eman zizkion. Gerraren hasieran bi aldeen arteko liskarrik ez zegoen arren, Mandume Ovambolandeko gizonik boteretsuena bihurtu zen berehala.

Altxamenduaren lehenengo hilabeteak oso isilak izaten jarraitu zuten, nagusiki alemaniarren mehatxua askoz handiagoa zelako, eta denboraz Ovambotarren aurkako liskarrak mugatzen saiatu ziren. 1915eko abuztuaren 12an, portugaldar indarrek erasoaldi bat hasi zuten Kunene ibaian zehar, 4 infanteria-zutaberekin. Zutabe haietako handiena, 2.700 gizonekin, Pereira de Eçak berak zuzentzen zuen. Pereira de Eçak 5.000 gizon zituen guztira berarekin kanpaina honetan. Portugaldarrak guda-eremura iritsi zirenerako aurreko urteko Ovambotarren ahalmen militarra murriztua zen, goseteak eta gizarte-asaldurak gora egin zutelako denboraren poderioz.[5]

Kanpaina honen helburu nagusia Mandumerengana iristea zen bere errege-etxean, N 'Givan. Aurreko kanpainekin alderatuta, Pereira de Eçak abantaila nagusi bat zuen: ingurua ondo ezagutzen baitzuen. Mandumek bazekien portugaldarrak bila zetozkiola, eta, sarrerako atea noiz joko zain egon beharrean, eraso egitera joan zitzaien. Mandumeren gizonek portugaldarren armadaren gaineko abantaila zuen, Pereira de Eçako gizonak geldo eta urik gabe zeuden bitartean bere tropek janaria erraz topatu ahal zutelako. Lehen egunetan, portugaldarren zaldizkoen eta idien kopuru handi bat lehorteak jota hil ziren.

1915eko Abuztuaren 15ean bi indarren arteko borroka bat izan zen eremu ezezagun batean, Ovambotarrak "gehienbat indigenak bezala armatuta" eta muniziorik gabeko bi kanoi zituztela. Hurrengo egunean Portugaleko ikuskariek Monguan Ovambotar zutabe handi bat topatu zuen, ur-zulo batzuen inguruan. Pereira de Eçak azkar aurrera egin zuen haien aurka eta 17rako jada defentsa lerroak eraiki zituen, Ovambotarrek egin bezala.[6]

Abuztuaren 18an, Mandumen lagun min batek, Kalolak, ekialdeko eta iparraldeko hegalari eraso zion, Monguko guduari hasiera emanez. Pereira de Eçaren gizonek 3 orduko bala-zaparrada batekin erantzun zuten. Guztira, ofizial bat eta 16 portugaldar soldadu hil zituzten. Gero, Ovambotarrek portugesen tropak inguratu eta gotortzera behartu zituzten. Egun hartan bertan, ur-zulo baten kontrola lortzeko borrokatu ziren biak, baliabide gutxi zituztelako. Hurrengo egunean Mandume etorri zen errefortzuekin.

Abuztuaren 20an, Mandumek milaka gizon bildu zituen eta portugaldarren kanpamentuari eraso zion "Lurraldea ez da zuriena" oihukatuz. Hamar orduko borrokaren ondoren, Ovambotarrek atzera egin behar izan zuten hornidura faltagatik, galdutako ura barne. Guztira, portugaldarrek 35 hildako eta 57 zauritu jasan zituzten. Ovambotarrek ordea 25 hildako eta 100 zauritu. Guduaren ondoren, portugaldarrek Ovambotarrak alemaniar laguntza zutela aldarrikatzen hasi zuten, haientzat Afrikako indigenek gerra "era Europearrean" garatzea ezinezkoa zelako.

Guduaren ondoren portugaldarrak Monguan gotortu ziren, zaldirik eta idirik gehienak hilak baitziren, Angolan zehar mugitzea oso motela izango zelako. Pereira de Eçak errefortzuen zain egotea erabaki zuen, Humbera itzuli beharrean, portugaldarrak erretiratu ziren azken aldian Ovambotarrek are boteretsuago bihurtu baitziren. Une hartan bere indarrak ibilgetuta zeuden eta ezin zuten ingurua okupatu. Suerte hutsa izan zen portugaldarrentzat Mandumek ez ziela eraso egin hurrengo 4 egunetan. Horren ordez, munizioa salbatu nahian, mugaldera joan zen. Azkenik, abuztuaren 24an, Cuamato eta Naulilako konboi bat eta Evaleko konboi bat Monguan bildu ziren Pereira de Ecaren tropekin. Momentu hartan, 4.000 soldadu zituela, Monguan gotorleku bat eraikitzea agindu zuen eta hegoalderantz bultzatzen hasi zen.[5]

Namibia

aldatu

Monguan jasotako porrotaren ondorioz Mandume Alemaniako Hego-Mendebaldeko Afrikara ihes egin zuen, momentuan Hegoafrikaren kontrolpean zegoena. N'Giva, hiriburua, irailaren 2an erori zen, Ovambotarren kontrola Angolako hegoaldean amaitu zuena. Mandumek Oihole izeneko herrixka batean ezarri zen, eta handik portugaldarren aurka borrokatzen jarraitu zuen. Handik gutxira bere tropa gutziak hegoalderantz mugitu zituen, mugaren beste aldean egotearen onuraz konturatuta. Portugaldarrek haren estradizioa eskatu bazuten ere, Hego Afrikan "babesa" zuela aldarrikatzen zen. Hala ere, Mandumek bere "babes terminoak" behin eta berriro apurtu zituen, zenbait alditan Angolan erasoak eginez. 1916ko urrian portugaldarren patruila batekin topo egin zuten eta 16 soldadu eta ofizial bat hil zituzten. Gertakari honek Louis Botha Hegoafrikako Lehen Ministroaren atentzioa deitu zuen. Mandumeri Windhoekera bidaiatzeko agindu zion, bere ikuspuntua emateko. Mandumek ezetz erantzun zuen, Kwanyama legean erregea bere lurraldea utzi ezin zuelako eta bere ustez ez zuen ezer txarrik egin. [2]

1917 urtearen hasieran, Mandumen eta Manning komisario hegoafrikar izendatu berriaren arteko gatazka piztu zen. "Ingelesek nahi banaute, hemen nago, [Oiholen]. Gizona naiz, ez emakumea, eta azken bala jaso arte borrokatuko naiz"- Mandumek aldarrikatu zuen. Hegoafrikarrek, portugaldarrekin batera egindako operazioei uko eginez, 700 soldadu bidali zituzten de Jager koronelaren agindupean Mandume kargutik kentzera. Puntu honetan, Manningek, Carl Hugo L. Hahn tenienteak, eta, ustez, Ndjukumak, erregeak Oiholetik Omhedira eramanak, nahikoa informazio bildu zuten Mandumen aurkako erasoa bat egiteko. Azkenik, 1917ko otsailaren 6an, Hegoafrikako indarrek Mandume hil zuten bere enbalatik gertu, Oiholen, Ovambo Altxamendua amaituz. Ahozko historiak beste istorio bat kontatzen du. Bertakoen arabera, bere buruaz beste egin zuenean hil zen, zauritua izan ondoren, etsaiek harrapatu ez zezaten. Hil ondoren, Hegoafrikako administrazioak Kwanyama Erreinuarekin akabatu zuen.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Hayes, Patricia. (1993-03). «Order out of chaos: Mandume ya Ndemufayo and oral history» Journal of Southern African Studies 19 (1): 89–113.  doi:10.1080/03057079308708349. ISSN 0305-7070. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  2. a b c d Zollmann, Jakob. (2016). «PART ONE. The First World War in Angola in its Historical Context» Naulila 1914. World War I in Angola and International Law (Nomos Verlagsgesellschaft mbH & Co. KG): 31–240. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  3. Zollmann, Jakob. (2016). «PART ONE. The First World War in Angola in its Historical Context» Naulila 1914. World War I in Angola and International Law (Nomos Verlagsgesellschaft mbH & Co. KG): 31–240. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  4. Neilson, Keith. (2002-12). «The First World War. Volume I: To Arms, by Hew Strachan» Canadian Journal of History 37 (3): 558–559.  doi:10.3138/cjh.37.3.558. ISSN 0008-4107. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  5. a b Zollmann, Jakob. (2016). Naulila 1914. World War I in Angola and International Law: A Study in (Post-)Colonial Border Regimes and Interstate Arbitration. Nomos Verlagsgesellschaft mbH & Co. KG  doi:10.5771/9783845271606. isbn 9783845271606.. ISBN 978-3-8452-7160-6. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  6. Zollmann, Jakob. (2016). Naulila 1914. World War I in Angola and International Law: A Study in (Post-)Colonial Border Regimes and Interstate Arbitration. Nomos Verlagsgesellschaft mbH & Co. KG  doi:10.5771/9783845271606. isbn 9783845271606.. ISBN 978-3-8452-7160-6. (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).

Kanpo estekak

aldatu