Nicasio Goitisolo

Liverpoolen jaiotako euskal jatorriko futbolaria

Nicasio Goitisolo Zubizarreta (Liverpool, 1889ko urriaren 10a - ?)[1], Ingalaterran jaiotako euskal jatorriko futbolaria izan zen, 1900. hamarkadan Ingalaterrako ligan eta ondoren Errealean eta Avilésen jokatu zuena.

Nicasio Goitisolo
Bizitza
JaiotzaLiverpool1889ko urriaren 10a
Herrialdea Erresuma Batua
Heriotza1936 (46/47 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Third Lanark A.C.1905 / 1906
Real Sociedad1909 / 1914
Real Avilés Club de Fútbol1919 / 1925
 

Biografia aldatu

Hastapenak Ingalaterran aldatu

Aita lekeitiarra zuen eta itsas kapitaina zen eta Liverpoolen zegoen itsas konpainia batetako arduradun. Nicasio Saint Francis Xavier's Collegen ikasten ari zela eskolako Old Xaverians futbol taldean hasi zen jokatzen. Berehala fitxatu zuen Liverpooleko Racing F.C. taldeak eta 1905ean taldeko goleatzaile nagusia izan zen. Liverpool FC talde handiak lagunarteko bat jokatzera gonbidatu zuen eta taldean sartzea erabaki zuen. 16 urte baino ez zituen ordea eta legez bigarren taldean jokatu behar zuen bi urtetan, horregatik ez zuen proposamena onartu[2].

1905ean bertan gurasoei Irakaskuntza ikasketak egitera Londresera joan nahi zuela esan zien. Jaiotza partida faltsua lortu zuen, 18 urte zituela esaten zuena, eta hainbat taldetan proba egin ondoren Arsenalek fitxatu zuen. Lagunarteko partida batzuk jokatu zituen baina berak nahi baino gutxiago, ondorioz Crystal Palacera aldatzea erabaki zuen. Hilabete inguru zeramala 16 urte zituela jakin zen eta taldetik kanporatua izan zen. Ikasketak ere utzi zituen eta Liverpoolera itzuli zen[2].

Eskoziako ligan 18 urteren mugarik ez zegoenez Eskoziako talde indartsuenetako batek fitxatu zuen, Glasgow hiriko Third Lanark AC taldeak. 1904an liga eta 1905ean kopa irabaziak zituen eta 1906an berriz ere Kopako finalerako sailkatu zen, baina finala galdu zuen. Urtebete han egin ondoren etxera itzuli zen eta Liverpooleko Racing FC taldean aritu zen[2].

Errealean aldatu

 
Errealaren taldea Ondarretako futbol zelaian, 1910.

1909an Euskal Herrira etorri zen eta Athletic taldearekin lagunarteko partida bat jokatu zuen arren ez zen aukeratua izan[2]. Donostian sortu berria zen Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián fitxatu zuen, Errealak hain zuzen ere. Club Ciclista San Sebastián taldearen jarraipena zen eta Kopa irabazi zuten aurreko urtean. Simmons eta McGuinness jokalari ingelesak ere baziren bertan. Errealaren aurreneko partida jokatu zuen, 1910ko martxoaren 26an London Nodmans taldearen aurka, 1-5 emaitzaz galdu zena[2]. Urte hartan bertan Kopan finalera iritsi ziren Vasconia Sporting Club izenarekin, izan ere Erreala oraindik erregistro zibilean izendaturik ez baitzegoen eta aurreko urtean gertatu bezala Donostiako beste talde baten izena erabili behar izan zuen[1] eta Ondarretako futbol zelaian jokaturiko partidan Athletic-ek irabazi zuen 1-0. Goitisolo bera izan zen taldeko kapitaina[3]. Lau urte egin zituen talde donostiarrean eta "dribling-aren aztia" ezizena jaso zuen[2]. 1914an Ingalaterrara itzultzea erabaki zuen Nicasio Goitisolok.

Asturiasen aldatu

Lehen Mundu Gerrak Ingalaterrako futbol txapelketa guztiak eten zituen 1919 artean. Gerra amaitzean Asturias kostaldeko Soto del Barco herrira joan zen, han Adelina arreba bizi baitzen. Itsas konpainia ingeles batentzako lanean hasi zen itzulpenak egiten[4]. Stadium Club Avilesino taldeko presidenteak haren berri izan zuen eta fitxatu egin zuen. "Goiti" ezizena eman zioten eta taldeko izarra izan zen. Ingalaterran ikastitakoak aplikatu eta berehala iritsi ziren emaitza bikainak, 1920an Espainiako 2. mailako txapelketa irabazi baitzuen taldeak[4][5]. Bost urte egin zituen taldean erretiroa hartu zuen arte. Ondoren Avilésko taldean entrenatzailea izan zen, bai eta Racing de Sama taldean ere.

Kirol ibilbidea aldatu

Taldeak aldatu

Jokalari
Taldeak Urteak
  Racing F.C. (Liverpool) - 1905
  Liverpool FC 1905
  Arsenal FC 1905
  Crystal Palace FC 1905
  Third Lanark AC 1905-1906
  Racing F.C. (Liverpool) 1906 - 1909
  Real Sociedad 1909-1914
  Stadium Club Avilesino 1919-1925
Entrenatzaile
Taldea Urteak
  Stadium Club Avilesino 1925-1927
  Racing de Sama 1928-1929

Palmaresa aldatu

  • Espainiako txapelketa, 2. mailakoa (1): txapeldun 1920an. (Stadium Avilesino)
  • Eskoziako Kopa (0): txapeldunordea 1906an. (Third Lanark)
  • Espainiako Errege Kopa (0): txapeldunordea 1910ean. (Vasconia Sporting - Real Sociedad)

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Goitisolo, Nicasio Goitisolo Zubizarreta - Futbolista» www.bdfutbol.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) Yustas, Publicado por: Frichu. (2019-07-03). «Nicasio Goitisolo, el primer español en el fútbol inglés» Futbolretro.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  3. (Gaztelaniaz) MACÍAS MUÑOZ, Olga. (2005-02-25). «El Athletic de Bilbao, campeón de la Copa de España de fútbol de 1910» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  4. a b (Gaztelaniaz) «1920, año del primer título nacional» El Comercio 2020-01-04 (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  5. «Cien años del primer título nacional del fútbol asturiano» www.futbolasturiano.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).

Kanpo estekak aldatu