Club Ciclista San Sebastián
Club Ciclista de San Sebastián Donostiako kirol elkarte bat izan zen. XX. mendearen hasieran sortua, batez ere txirrindularitzari ekin zion baina futbol saila ere izan zuen. 1909ko Espainiako Errege Kopa irabazi zuen eta Real Sociedadeko aurrekaria izan zen.
Sorrera | 1907 | ||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Liga | Desagertua | ||||||||||||||||
|
Historia
aldatuTxirrindularitzak zale ugari zituen Donostian. Kirol honen sustatzaile nagusia Julián Comet izan zen, XIX mendearen amaieran Donostiara etorritako frantsesa eta Avenidan tailerra ezarri zuena. Comet berak Alderdi Eder parkean belodromoa eraiki zuen 1886an. Belodromo honek ez zuen askorik iraun eta ahalegin handiak egin ondoren 1888an Atotxan belodromo berria eraiki zuen Gervais lagunarekin batera[1]. Belodromo horretan lasterketa ugari jokatzen ziren uda garaian. Hiriko idoloak Cometen tailerrrean lan egiten zuen Labadie, Gipuzkoa plazako harakina zen Machefert eta Alemaniako Schulz kontsularen semea izan ziren[2].
Txirrindularitzaren inguruko zaletasun hau gorpuzteko 1907ko otsailean kirol taldea sortzea erabaki zen, Club Ciclista de San Sebastián izenekoa. 1908an Pistako txirrindularitzako Espainiako txapelketa antolatu zuen Donostian[3].
Futbol taldea
aldatuAurrekariak
aldatuDonostian 1904. urtean San Sebastian Recreation Club taldea sortu zen, gerora tenis jardueragatik ezagutuko zena baina hasiera hartan futbol taldea sortu zuena. 1905eko Espainiako Txapelketan (Errege Kopa) hartu zuen parte eta 1906an Ondarretako futbol zelaia inauguratu zuen. 1907an ordea banaketa gertatu zen eta talde berria eratu zen, San Sebastián Foot-Ball Club izenekoa[4]. Talde indartsua osatu zuen eta 1909ko Espainiako txapelketan parte hartu nahi izan zuen baina kirol taldeen lizentziarik ez zuen.
Ciclista Foot-Ball Club
aldatuBeste alde batetik, futbolaren arrakasta gora zihoala ikusita, Monsieur Cometek Ciclista Foot-ball Club sortu zuen 1908ko irailaren 21ean. Hiriko kirol zaletasuna sustatzea zuen helburu, taldea bera ez baitzen indartsua. Gauzak horrela, San Sebastian FC eta Ciclista FC taldeek bat egin zuten 1909ko urtarrilaren 3an, eta bataren indarra eta bestearen lizentzia elkartuz Errege Koparako izena eman zuten[5].
Txapelketaren amaierako fasera Club Ciclista, FC Barcelona, Galicia FC (Fortuna de Vigo), Athletic Club eta Español de Madrid taldeak ailegatu ziren. Club Ciclistak Madrilen jokaturiko hiru partidak irabazi zituen eta George McGuinness ingelesa izan zen lehiaketako izarra, partida guztietan sartu baitzuen gola. Galiziarren aurkako partidan zehar ordea MacGuinness eta Rodriguez lesionatu egin ziren, eta garai hartan aldaketarik egiten ez zenez Ciclista taldeak 9 jokalarirekin eusti behar izan zion emaitzari. Finalerako zalantzazkoa zen McGuinnessen partehartzea eta Athleticeko aurrelari bat hartzekotan izan ziren, baina azken unean McGuinnessek jokatzea erabaki zuen[6].
Finalean Español de Madriden aurka 3-1 nagusitu zen[5]. Finala jokatu zuen taldea honako hau izan zen;
- Pedro Bea, Alfonso Sena, Manuel Arozena, Domingo Arrillaga, Bonifazio Etxeberria, Jose Rodriguez, Miguel Sena, Mariano Lacort, C. F. Simmons, George McGuinness eta J. Biribén[7].
Real Sociedad de Foot-Ball
aldatuKopa lortu zuten futbolariek Club Ciclista izena alde batera utzi eta benetako futbol taldea sortzea erabaki zuten. 1909ko irailaren 7an beraz Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián jaio zen. Bost hilabete beranduago Alfontso XIII.ak, Donostian udak igarotzen zituenak, Errege titulua eman zion taldeari eta Real Sociedad de Foot-Ball bihurtu zen[8].
1909ko Errege Kopa
aldatuIbilbidea
aldatuFasea | Irabazlea | Emaitza | Galtzailea | Goleatzaileak |
---|---|---|---|---|
Aurreko fasea (apirilak 4) |
Ciclista FC | 4-2 | Athletic Club | Ciclista FC: McGuinness (3), Simmons (1) Athletic: Saura (1), Mortimer (1) |
Final 1/2 (apirilak 6) |
Ciclista FC | 2-0 | Galicia FC (Fortuna de Vigo) |
Ciclista FC: McGuinness (2) |
Finala (apirilak 8) |
Ciclista FC | 3-1 | Español FC | Ciclista FC: McGuinness (1), Simmons (1), M. Sena (1) Español: Patache Giralt (1) |
Finala
aldatu1909ko apirilaren 8a |
Ciclista Foot-Ball Club | 3 – 1 | Club Español de Madrid | Estadio de O'Donnell, Madril Ikusleak: ? Epailea: Almanasqué |
---|---|---|---|---|
George McGuinness 30' C. F. Simmons 50' George McGuinness 80' |
2. zatia' Patache Giralt |
Monsieur Cometen madarikazioa
aldatuReal Sociedad sortu eta urte gutxi pasata, 1913an, Atotxako futbol zelaia eraiki zuten Donostian futbola izaten ari zen arrakasta zela eta[1]. Horretarako Club Ciclistak eraikitako belodromoa bota behar izan zen. Monsieur Comet biziki haserretu eta mindu zen footballeursen jarrerarekin eta honako madarikazioa bota zuen: "Erreala ez da inoiz txapelduna izango". Club Ciclistak lehenengo saiakeran eskuratu zuen titulua lortzeko Errealak ia 70 urte itxaron behar zuen[9].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Gaztelaniaz) «¿Por qué se llamaba Atotxa?» Real Sociedad 2017-10-04 (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ «ATOCHA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ «Edición del Thursday 27 August 1908, Página 2 - Hemeroteca - MundoDeportivo.com» hemeroteca.mundodeportivo.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ Unknown. (2013-12-05). «EL DEPORTE EN EL MUNDO: REAL SOCIEDAD» EL DEPORTE EN EL MUNDO (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ a b «Futbol - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
- ↑ [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20090906/155280/es/Un-siglo-futbol-club-ciclista-origen «Un siglo de f�tbol con el club ciclista como origen - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Bustos, Luis. (2019-04-12). «El enano que se comió al ciclismo donostiarra» A La Contra (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «1.1 Orígenes del club (1904-1910) - web REAL SOCIEDAD» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) "La Real Sociedad jamás será campeón de Copa del Rey". 2020-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-03-24).
Kanpo estekak
aldatu