Nadia Comăneci

gimnasta artistikoa errumaniarra

Nadia Elena Comăneci (/ˈnadi.a koməˈnet͡ʃʲ/ ahoskatua; Onesti, Errumania, 1961eko azaroaren 12a -) errumaniar gimnasta ohia da. 1976ko Joko Olinpikoetan, 14urte zituela, gimnasia artistikoko barretako proba batean 10eko puntuazioa (akatsgabea) lortu zuen lehen kirolaria bihurtu zen. Markagailuak arazoak izan zituen 10.00eko puntuaziorako behar ziren lau digituak erakusteko, ordurarte hori posible zenik uste ez baitzen. Comăneciren estiloa berritzailea bezain bikaina izan zen teknikoki. Bere ariketen zailtasun maila, teknikak eta exekuzio perfektua gimnastika artistikoaren historian mugarri izan ziren. Bere ibilbidean 24 domina lortu zituen (horietatik 16 urrezkoak), Olinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketetan eta Europako Txapelketetan. Ia 22 urterekin erretiratu zen. Une horretatik aurrera, errekonozimendu ugari jaso ditu. Bi aldiz Ordena Olinpikoa, XX. mendeko 100 emakume eraginkorrenetako bat izendatu zuten eta, 1993tik aurrera Gimnastikaren Ospe Aretoko kide da. [1][2][3][4]

Nadia Comăneci

(1976)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakNadia Elena Comăneci
JaiotzaOnești (en) Itzuli1961eko azaroaren 12a (62 urte)
Herrialdea Errumania
 Ameriketako Estatu Batuak  (2001eko ekainaren 29a -
Lehen hizkuntzaerrumaniera
Familia
Ezkontidea(k)Bart Conner (en) Itzuli  (1996ko apirilaren 26a -
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
errumaniera
Jarduerak
Jarduerakgimnasta artistikoa
Pisua60 kilogramo
Altuera163 zentimetro
Jasotako sariak

bartandnadia.com
IMDB: nm0173536 Twitter: nadiacomaneci10 Instagram: comaneci10 Olympic.org: nadia-comaneci Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Onestin jaioa, Bukarestetik 250 kilometrora, 6 urterekin hasi zen gimnasia egiten, Flacara izeneko elkarte batean. Martha eta Belá Karolyí entrenatzaileek egin zuten famatu. 1975ean Skien, Norvegian, Europako lehiaketa irabazi zuen, 13 urterekin.[5]

Olinpiar jokoetan irabazle

aldatu

Hamalau urte zituela, 1976ko Montrealgo Olinpiar Jokoetako izarra izan zen, gimnasian lor daitekeen markarik onena lortu baitzuen: hamarrekoa.[6] Aurretik ere, lurreko saio batean emaitza hura jaso zuen, baina ariketa hori ez zen famatua egin.[7] Bost domina lortu zituen joko haietan: urrezko hiru eta zilarrezko zein brontzezko bana. Lau urte geroago, Moskuko Olinpiar Jokoetan, beste lau domina eskuratu zituen, urrezko eta zilarrezko bina.[8]

Errumaniako heroi nazionala

aldatu

Nadia Comăneciren garaipenak Joko Olinpikoak gainditu zituen. Errumaniara itzulitakoan, Bukaresten jendetza zuen zain. Txalo zaparrada batekin agurtu zuten hegazkineko eskaileretan agertu orduko. Poliziek aireportuko ateak itxi behar izan zituzten segurtasunagatik, jendea gimnastarenganaino iristen saiatzen zelako. [9]

Ez dut inoiz galtzean pentsatzen. Nire anbizioa beti irabaztea da. Eta, orain arte dena ongi ateratzen zaidanez, ez zait inoiz pasatu burutik porrota deritzon hori. Beste kide batzuek irabazten badidate, ondo da. Beste batean irabaziko diet neuk. (Nadia Comăneci, 14 urte) [9]

Errumaniatik ihesi

aldatu

Ceaucescuk propagandarako ikur gisa erabili nahi izan zuen. Hurrengo urteetan, zaingo estua ezarri zien hari eta haren hurbilekoei. Gauzak horrela, 1985ean, Ceaucescuren erregimenak baimena ukatu zion Comăneciri –artean kirol enbaxadore gisa ari zen– atzerrira bidaiatzeko, beste herrialde komunistetara izan ezik. Presioak gainezka eginda, 28 urte zituela, 1989an, Errumaniatik ihes egin zuen Hungariako mugatik. [10] Handik urtebetera, Ceaucescu eta bere emaztea hil zituztenean, Comăneci jadanik AEBetan zen.[6] Bertako naziotasuna eskuratu zuen 2001ean. Liburu autobiografiko bat idatzi zuen 2004an, Letters to a Young Gymnast.

Ekintzailea

aldatu

Ezgaitasuna dutenen kirola sustatzeaz gain, hainbat ekimeni dirua eman die: besteak beste, Laureaus Fundazioaren sortzaileetako bat da.[5]

Simon Bilesen alde agertu zen, gimnasta horrek Larry Nassar entrenatzailearengandik jasotako sexu bortizkeria salatu zuenean. Izan ere, Comănecik Ceaucescu presidentearen seme Nicuk bortxatu zuela adierazi zuen. Horrez gain, hark eta beste gimnasta batzuek tratu txarrak jaso zituzten beren entrenatzailearen partez: jana eta edana murrizten zieten (batzuek bulimia garatu zuten), jo egiten zituzten, umildu... Entrenatzaileok AEBetara ihes egin zutenean, jokaera bera agertu zuten eta Larry Nassarrek haiekin lan egin zuen.[11]

Sariak eta aitortzak

aldatu
  • 1976an urteko emakumezko kirolaria izendatu zuen New Yorkeko Kirol Kazetarien Nazioarteko Elkarteak.[12]
  • 1977an jaso zuen NBEren Bakearen Domina.[9]
  • 1978an bigarren aldiz izendatu zuten Errumaniako emakumezko kirolaririk onena.[9]

Argitalpenak

aldatu
  • 2011n, Letters to a Young Gymnast (Gimnasta gazte bati gutunak) liburu autobiografikoa argitaratu zuen,.[13]

Irudi galeria

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «Nadia Comaneci | Biography, Medals, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-04-19 (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
  2. (Ingelesez) Nadia COMANECI-Biography. .
  3. (Gaztelaniaz) Martos, Claudia. (2024-04-22). «De Rumanía a EE UU: patrimonio millonario de Nadia Comaneci» Forbes España (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
  4. (Gaztelaniaz) «Nadia Comaneci, el hada cautiva» La Vanguardia 2021-07-17 (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Nadia Comaneci cumple 60 años entregada a labores solidarias y en plena forma» MARCA 2021-11-11 (Noiz kontsultatua: 2022-07-03).
  6. a b (Gaztelaniaz) Jabois, Manuel. (2016-07-18). «Nadia» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-03).
  7. (Gaztelaniaz) Iríbar, Amaya. (2016-07-19). «“Nadia era una máquina de hacer gimnasia”» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-03).
  8. (Gaztelaniaz) Iríbar, Amaya. (2010-03-07). «"Era demasiado joven para darme cuenta de lo que había hecho"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-07-03).
  9. a b c d «Contreras Mu, Alicia. Revisión documental: historia de la gimnasta rumana Nadia Comăneci. Revista Notas Históricas y Geográficas, número 27 Julio-Diciembre 2021. pp. 414-435.» https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=8107277.
  10. (Ingelesez) Howard, Alexander. (2023-08-01). «Olympic star Nadia Comăneci was a Romanian ‘hero’ who defected to escape her government. What do her surveillance files reveal?» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
  11. (Gaztelaniaz) «No sonreía nunca: la trágica vida de explotación y abusos de Nadia Comaneci, la gimnasta más importante de la historia hasta Simone Biles» Mujer Hoy 2021-07-30 (Noiz kontsultatua: 2022-07-03).
  12. (Gaztelaniaz) Alfil. (1977-03-05). «Nadia Comaneci, deportista femenina del año» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2024-04-29).
  13. (Ingelesez) Comaneci, Nadia. (2011). Letters to a Young Gymnast. Basic Books ISBN 0465025056..

Bibliografia

aldatu
  • Lola Lafon (2015). La pequeña comunista que no sonreía nunca. Anagrama.
  • Stejarel Olaru (2021). Nadia si Securitatea.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu