Ireki menu nagusia
Maersk Elba kontainer-ontzia

Merkantzia-ontzi edo merkataritza-ontziak[1] salgaiak nahiz bidaiariak garraiatzeko gai diren ontziak dira. Gerra-ontziak ez dira genero honen barruan sartzen.

Munduko herrialde gehienek, beraien banderapean hainbat ontziz osaturiko flotak dituzte, sektore honek garrantzia handia izan baitu politikoki eta ekonomikoki historian zehar, alde batetik barne-biztanleriaren beharrak asetzeko eta bestetik guda-garaietan helburu militarrekin erabiltzeko.

Gaur egun, komenentziazko banderen areagotzearen ondorioz, herrialde askok izan zuten hegemonia historikoa galdu egin da; Panama, Marshall uharteak eta Liberia bezalako banderek mundu osoko flotaren % 40 hartzen zuten 2009an IHS Markit analisi-enpresaren  arabera.

Bestalde, aipatzekoa da greziar flota munduko handiena dela komenentziakoak kontuan hartzen ez badira, mundu osoko tonajearen % 16 hartzen baitu.

Merkantzia-ontzi motakAldatu

Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentziak (ingelesez: UNCTAD (United Nations Conference on Trade and Development)) merkantzia-ontziak honela salikatzen ditu:

Transatlantikoak edo gurutzaontziak (cruise)Aldatu

Garai batean, pertsonak garraiatzeko erabiltzen ziren, baina hegazkinek or­deztu zituzten. Hala eta guztiz ere, turismo eta aisialdirako oraindik erabil­tzen dira. Luxuzko hotelak balira bezala eraikitzen dira, gauez portutik porturako itsasaldiak egiten dituzte, hainbat herrialdetatik iga­roz opor atseginak eskainiz . Hauen helburua da bidaiariek egunero leku berri bat bisitatzea.

FerryakAldatu

Ferryak pertsonak eta haien ibilgailuak portu batetik bestera eramateko ontziak dira. Ka­mioiak ere eraman ditzakete, beren zama eta gidariekin batera.

Petrolio-ontziak (oil tankers)Aldatu

Petrolio-ontziak bere tankeetan petrolio gordina edo petrolioaren produktu finduak eramateko ontziak, gasolioa, gasolina edo hegazkin-fuela bezalako produktu finduak garraiatzen dituzte. Olio gordina garraiatzen duten ontziak tamaina handikoak izan ohi dira: 500.000 tonako pisu hila izatera irits daitezke.

OBO ontzia (OBO ship)Aldatu

Joan-etorriko bidaietan minerala, aleak eta petrolioa garraia ditzaketen ontziak (OBO siglak Ore Bulk and Oil dira). Ontzi mota honen helburua errentagarritasuna handitzea da, mota askotariko zamak eraman ditzakeelako. Hala ere, ontzi hauekin hainbat arazo egon ohi da: isuriak, kargaren zeharkako lekualdatzea (sloshing delakoa), eta soto eta tankeak garbitzerakoan gertatzen diren bestelako problemak.

Kimika-ontziak (chemical tanker)Aldatu

Gai kimikoak garraiatzeko diseinatutako ontziak. Tankeak estaldura berezi batez horniturik daude, azidorik korrosiboena ere garraiatu ahal izateko.

Gasontziak (gas carriers)Aldatu

Gasa garraiatzeko diseinatutako ontziak dira. Gasak bolumen handia hartzen duela kontuan hartuta, egoera likidoan garraiatzen dute ontzi hauek. Horretarako, presioa igo edo tenperatura jaitsiz gasaren kondentsazioa lortzen dute. Beraz, gasak egoera likidoan garraiatzeko diseinatuta daude itsasontzi hauen tangak. Honelakoak izan daitezke:

  • LPG (Liquefied Petroleum Gas): Petroliotik lortutako gas likidotuak garraiatzen dituzte.
  • LNG (Liquid Natural Gas): Gas natural likidotua garraiatzen dute, eta metano-ontzi deritze. Gas naturala —160 °C-an garraia dezaketen tanke oso sofistikatuak dituzte; tankeok isolatzeko krosko bikoitza erabiltzen da.

Bulk-Karrierrak (bulk-carriers)Aldatu

Solteko laborez osatutako kargamentuak eramateko diseinu berezia duten ontziak dira. Zama hauek erdi likidotzat hartzen dira ontziaren mugimenduaren ondorioz, sotoaren alde batetik bestera erraztasunez irrista daitezkeelako. Balantza-mugimendu hori saihesteko, sotoetako trenkadek akordeoi-forma dute, eta wig-tank deritzen tanga altu batzuk dituzte, trenkada bat sotoaren barnealderantz okertua dutenak. Solteko beste solido batzuk ere garraia ditzakete, hala nola zerealak, mineralak, ongarriak, paletetan antolatutako gaiak, material siderurgikoak, eta abar.

 
Bulk-Karrierra

Zama orokorreko ontzia (general cargo ship)Aldatu

Mota askotako gaiak garraiatzeko ontziak dira. Besangak edo garabiak dituzte  azpiegiturarik ez duten portuetan gaiak erraztasunez manipulatzeko. Ontzi mota honek, denbora luzea behar du gaiak kargatzeko eta deskargatzeko. Gaur egun, ontzi mota honen merkatu klasikoa kontainer-ontziek eta ontzi balioaniztasunek ordeztu dute, nahiz eta hainbat produktu oraindik ontzi hauen bidez garraiatzen da.

Hozkailu-ontzia (reefer)Aldatu

Hozteko/izozteko sistema batez hornitutako ontzia, tenperatura-galera saihesteko material isolatzaile batez estalia dagoena. Ontzi mota hau produktu galkorrak garraiatzeko erabiltzen da: fruituak, haragia edo arraina. Garabiak edo besangak izaten dituzte, azpiegiturarik gabeko portuetan kargak eta deskargak egiteko.

Kontainer-ontzia (container ship)Aldatu

Kontainer-ontziak kontainerrak garraiatzeko diseinatutako ontziak dira (fully cellular container ship). Beste mota bateko batzuek zama gurpilduna ere eramaten dutenean RO-LO ontzi deritze. Sotoek kontainerrak azkar estibatzeko gidak dituzte;. Gidetan, kontainerrak bata bestearen gainean ezartzen dira., gida hauek kontainerrak hozteko sistema elektriko batez hornituta daude. Kontainer batek hartzen duen espazioari zelula deritzo; horregatik, ontzi zelular ere esaten zaie (cellular ship).

Ontzi balioaniztasunak (multipurpose ship)Aldatu

Solteko gaien, zama orokorreko edota kontainer-ontzien funtzioak betetzeko diseinatutako ontziak dira. Haien soto eta eskotila tapetan, kontainerrak estibatzeko gidak daude, eta garabiak izatea ere ohikoa da merkantzien manipulaziorako.

RO-RO ontziak (Roll On Roll Off)Aldatu

Hauen zama, gurpildun ibilgailuak dira, kamioiak, autoak edo beste edozein ibilgailu dira ontzi hauen merkantzia; garaje handiak dituzte, bertan zama lokarrien bidez trinkotu eta estibatu egiten da. Itsas bidaia laburretan erabiltzeko diseinatuak izan dira, lehorreko garraioaren osagarri gisa; famatuak dira Erresuma Batuko eta Eskandinaviar  herrialdeen arteko garraioan edo Espainiako Mediterraneoko eta Balear uharteen artean. Ontzi mota honi jendea eramateko prestatuta dagoenean RO-PAX deritzo.

LASH ontzia (Lighter Aboard Ship)Aldatu

Gabarra estandarizatuak garraiatzen dituen ontzia dira. Ezaugarri nagusia karga/deskarga operazioetarako, kaiaren beharrik ez izatea da, garabi handi bat dute, gabarrak kargatzeko eta deskargatzeko. Garraio sistema horren bidez, ibai-ontziak soilik onartzen dituzten portu edo tokietara heltzen da merkantzia.

 
Atoiontzia

Atoiontzia (tug)Aldatu

Itsasoan beste ontzi bati maniobratzen laguntzeko edo atoian eramateko balio duen ontzi txiki eta potentzia handikoak dira. Laguntza gisa erabiltzen da portu eta kanaletako maniobretan, beste ontzi batzuen salbamenduan, petrolio-plataformak hornitzeko, beste ontzi batzuk itsasoan atoian garraiatzeko.

Portu-gabarra (barge)Aldatu

Berezko propultsiorik gabeko edukiontzia, zamak portuko toki batetik bestera eramateko edo ontzi batetik nasara eramateko balio duen ontzia.

ErreferentziakAldatu

  1.   Itsasontziaren eskuliburua Universidad del País Vasco, Servicio Editorial = Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua D.L. 2015 ISBN 9788490821640 PMC 927832910 . Noiz kontsultatua: 2018-12-13 .

Kanpo loturakAldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Merkantzia-ontzi