Bernard Goienetxe

Apaiza eta Zuberoako herritar xeheek nobleen aurka egindako altxamendu baten buru
Matalaz» orritik birbideratua)

Bernard Goienetxe (edo Goihenetxe), Matalas ezizenaz ezaguna (Mitikile, Zuberoa, ? – Maule, Zuberoa, 1661eko azaroaren 8a) Erromatar Eliza Katolikoko apaiza izan zen, Zuberoako herritar xeheek nobleen aurka egindako altxamendu baten buru. Bere jaioterriko erretore zela antolatu zuen matxinada; nekazarien eta Frantziako Armadaren arteko borroken ondoren, matxinadak ez zuen aurrera egin. Horren ondorioak izan ziren zuberotarren foru eta eskubideak murriztea eta bertako nobleziaren boterea sendotzea. Lextarreko plazan burua moztu eta gero, burua herriko sarreran zintzilikatu zuten, herriaren eskarmenturako.

Bernard Goienetxe
Bizitza
JaiotzaMitikile
HeriotzaLextarre1661eko azaroaren 8a
Heriotza moduaheriotza zigorra: burugabetzea
Jarduerak
Jarduerakapaiza
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

BizitzaAldatu

Bordelen egin zituen apaiz ikasketak. Bere jaioterri Mitikileko erretorea zelarik ekin zion nobleen aurkako borrokari, 1661eko ekainean. Errege borboitarrak neurri gero eta zentralistagoak ari ziren ezartzen: Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murrizteaz gainera (Herriak zuzenean aukeraturiko ordezkariek aginterik ez izatea, gehiegizko zergak...), herri-lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen, benetako agindu baten modura, "lur-sailik ez jaunik gabe" printzipio feudalaren ildotik. Zuberoako Gorteetan, hirugarren estatuko ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts eginik, Matalas apaiz kartsu eta hizlari trebeak hartu zuen laborariak neurri haien aurka gidatzeko ardura. Irabarneko Silviet edo hirugarren estatuko biltzarrean herriak zuzenean hautaturiko ordezkari gehienak aldeko zituen hasieratik. Elizako hierarkia, bestalde, aurkako izan zuen beti Matalasek.

 
Mauleko gazteluko presondegia.

1661eko ekainean hasi zen Matalasen matxinada. Nobleak eta Mauleko burgesia zituen etsai Matalasek, eta haien aurkako erasoa jo zuten bildutako lauzpabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Zuberoako nobleek Bordeleko parlamentuko militarren laguntza eskatu zuten eta, bitartean, herri antolamenduko moldeak bermatzen saiatu zen Matalas, laborariek kontrolatzen zituzten herrietan.

Urriaren 12an gudukatu ziren Sohütan Matalasen laborariak, armarik gabe ia, eta Bordeletik bidalitako 100 zaldizko eta 400 oinezko gudari ongi armatuak, Calvo izeneko mertzenarioa buru zelarik, Zuberoako nobleek lagunduta. Nobleek erabat menderatu zituzten laborariak. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalas eta bere laguntzaile hurkoak eta Mauleko gaztelura eraman.

Epaitu ondoren, urte bereko azaroaren 8an hil zituzten Matalas eta Roquehort Ibar Ezkerreko degá edo ordezkaria. Heriotza zigorra eman zuten harrapatu ez zituzten beste zortzi lagunentzat, eta biziarteko galeretara kondenatu beste hiru, Matalasen iloba bat tarteko. Burua moztuta hil zuten Matalas Lextarreko plazan, eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Bernard Goienetxek gidaturiko matxinadaren ondoren, nobleen agintea areagotu zen Zuberoan eta neurri handian ahuldu ziren Zuberoako antzinako herri-eskubideak.

Matalas herri-memorian eta literaturanAldatu

Matalasen irudiak bizirik iraun du gaur egun arte. Etxahun-Iruri koblakariak pastoral bat eskaini zion 1955ean, Matalaz, Eskiula herrian antzeztua. Gaur egungo ideologia abertzalearen iruditerian Zuberoako eta Euskal Herriko izatearen eta herriaren interesen defentsan jardun zuen heroi handi gisa ageri da.

Zubereraz Batuaz

Dolü gabe hiltzen niz,

bizia Xiberuarendako

emaiten baitüt.


Agian, agian, egün batez

jeikiko dira egiazko xiberutarrak,

egiazko eüskualdünak,

tirano arrotzen ohiltzeko

eta gure aiten aitek ützi daikien

lurraren popüliari erremetitz

Dolu gabe hiltzen naiz,

bizia Zuberoaren alde

ematen baitut.


Agian, agian, egun batez

jaikiko dira egiazko zuberotarrak,

egiazko euskaldunak,

tirano arrotzak ohiltzeko[1][2]

eta gure aiten aitek utzi diguten

lurra populuari itzuliz

ErreferentziakAldatu

  1. «ohildu - Bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  2. «ohildu - Euskaltzaindiaren Hiztegia · Bilaketa» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu