Mala Rohango soldadu errusiarren torturak

Mala Rohango soldadu errusiarren torturak 2022an Errusiaren Ukrainako inbasioan emandako tortura-ekintza bat izan zen, Kharkiv Oblastean kokaturiko Kharkiv Barrutiko Mala Rohan herriko esnetegi batetan gertatu zena. Martxoaren 2728 artean, bideo-sorta bat argitaratu zen sare sozialetan, non, erakusten zutenez, ukrainar soldaduak burla egiten eta torturatzen zituzten gerra-preso errusiarrak.

Martxoaren 31n, Human Rights Watch izeneko nazioarteko erakunde humanitarioaren arabera, gertakaria, baieztatuz gero, gerra-krimen gisa sailkatuko litzateke.[1] Maiatzaren 13an, gainera, Le Monde egunkari frantsesak eta analista independenteek bideoa egiaztatu eta benetakotasuna baieztatu zuten.[2]

Bideoa aldatu

Martxoaren 27ko goizean bi bideo argitaratu ziren Reddit eta Twitterren; halaber, bideoen bertsio osatuagoa, bi minutu luzeagoa, geroago agertu zen YouTuben. [1] The Timesek jakinarazi zuenez, bideoak Errusiako Nazioarteko Arazoetarako Kontseiluko kide den Maria Dubovikovak sustatu zituela, jatorrizko iturria argi ez zegoen arren.[3] CheckNewsen arabera, Libérationren gertakariak egiaztatzeko zerbitzua, preso-hartzeak erakusten zuten beste bideo batzuk egin zituzten ere, inguruan borrokatu zuten Azov Batailoiarekin lotutako Kraken Indar Berezien unitateko soldaduek.[4]

Bideoan bost pertsona ageri dira, uniforme militarrez jantzita eta lurrean etzanda, eskuak lotuta eta bala-zuloekin hanketan. Beste bi pertsona furgoneta batean patiora sartu eta, berehala, tirokatzen dituzte hanketan, ondoan dagoen beste gizon batekin batera. Iritsi berrietako bat, gainera, fusil baten ipurdiarekin buruan kolpatuta dagoela dirudi. Kameraren atzean, gizon batek presoei eginiko galdeketaren zati bat entzuten da, baita errusieraz azentu arrotz gabeko elkarrizketa bat ere; ustez, walkie-talkie batean.[1]

Eguraldi-baldintzetan eta eguzkiaren posizioan oinarrituta, BBCk iradoki zuen bideoa martxoaren 26ko goizaldean grabatu zitekeela.[5] France 24k, bestalde, iradoki zuen bideoa martxoaren 11 eta 27 artean grabatu zitekeela, berriro ere eguraldi-baldintzen arabera.[4] Le Mondek, amaitzeko, martxoaren 25eko ilunabar-aldera gertatu zela dio.[2] Erich Auerbach-ek, datu irekiko ikertzaileak, jakinarazi zuen ekintza Mala Rohan herriko baserri-esnetegi batean gertatu zela,. Kharkiv hiriaren erdigunetik 18 kilometrora, ekialdera. Geokokapen hori, gainera, Human Rights Watchek zein The Washington Postek baieztatu dute. Ukrainako adierazpenen arabera, herri hau Ukrainako Indar Armatuek askatu zuten, lehen bideoak agertu baino bi egun lehenago.[1][6]

Bideo-egileek besoko urdinak zeramatzaten; Human Rights Watchek adierazi duenez, ukrainar indarrek erabili ohi dituzte halakoak. halaber, eta prisioneroetako batek izan ezik –besoko gorri bat janzten zuena– besoko zuriak zituzten, Errusiako Indarrek erabiltzen dituzten koloreak, biak. Human Rights Watchen arabera, egile-kidetasuna ez dago argi; izan ere, bideoan hainbat uniforme mota ezberdinez jantzita daude, hainbat arma ezberdin daramatzate eta hainbat ekipamendu ezberdin dituzte ere, bereizgarri nabaririk gabe.[1] Nick Reynolds-ek, Defentsarako Ikasketen Errege Institutuko aditu militarrak, esan zuen bideoko eraso-fusil batek Ukrainako Operazio Berezien Indarrek erabilitako arma kamuflatuen antza zuela, baina aurretik ikusitakoetatik apur bat ezberdina dela; edozein kasutan, gatazkan zeuden bi alderdiek beste aldean hartutako armak erabili dituztela adierazi zuen ere.[5]

Bigarren bideo bat eta ikerketak aldatu

Martxoaren 28an, Juriy Butusovek [uk], Ukrainako Censor.net [uk] webguneko editore-buruak, Mala Rohango baserri bat eta hiru pertsonaren aztarnak gaizki erreak erakusten dituen bideo bat argitaratu zuen. Butosoven arabera, bideoa borrokak amaitu eta ordu gutxira grabatu zuten; adierazi zuenez, errusiar uniformeak zeramatzaten hilotzek. Human Rights Watchek, gainera, ohartarazi zuen bigarren bideo honetan baserri-eremuak leherketak eta sute bat jasan zituela, jatorrizko bideoan ez zegoena.[1]

Martxoaren 28an ere, France-Presse agentziako kazetariek Mala Rohan bisitatu zuten. Kalean soldadu errusiarren bi gorpu ikusi zituztela jakinarazi zuten eta putzu batean beste bi; gainera, Ukrainako Armadaren hitzak ere aipatu zituzten, non bost preso errusiarren harrapatzeaz aritu ziren, haietako bat, ihes egiten saiatzean, tirokatu zutena.[1]

Maiatzaren 13an, Frantziako Le Monde egunkariko ikerketa-kazetariek bideo bat argitaratu zuten, zeinetan tiroketen susmagarriei buruzko geokokapenak eta informazioa baieztatu zuten. Mala Rohango borrokan filmatutako bideoetan, Slobozhanshtxyna Batailoiko ukrainar kideak ageri dira, bai eta haien buruzagietako bat, Andrey Jangolenko, argi eta garbi agertzen da gero belaunetan tirokatu zituzten presoen fotograma berean.[2]

Erreakzioak aldatu

Ukraina aldatu

Oleksii Arestovytxek, Ukrainako Presidentearen Bulegoko Buruaren aholkulariak, esan zuen presoen legez-kanpoko tratua gerra-krimen gisa kalifikatzen dela eta zigortu egin behar dela. Halaber, ikerketa bat egingo dela adierazi zuen, eta ekintza onartezin horiek ezin errepikatu daitezkeela komunikatuko ziela defentsa-indarretako soldaduei.[1]

Valerii Zaluzhnyk, Ukrainako Indar Armatuen komandanteburuak, bideoko gertaerak antzeztutakoak zirela esan eta Errusiari leporatu zion bideoa sortu izana Ukrainako Indarrak desprestigiatzeko helburuarekin.[1][6]

Iryna Venediktova-k, Ukrainako Fiskal Nagusiak, esan zuen ikerketak eta akusazioak egingo zirela frogak nahikoa sendoak izatekotan.[3]

Errusia aldatu

Dmitri Peskov-ek, Errusiako Presidentearen Prentsa-Idazkariak, esan zuen bideoek "ikaragarrizko irudiak" zituztela eta, beraz, abokatuek egoera ikertu beharko dutela.[3]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu