Ireki menu nagusia
"Romeo eta Julieta" tragedia maitasun erromantikoaren ikurra da. William Shakespearrek idatzi zuen 1597 urtean.[1] Gazteak benetan maite duten pertsonarekin ezkontzeko borondate irmoa agertzen dute eta familien betekizunen aurka egiten dute.

Maitasun erromantikoa esapideak bi adiera ditu: alde batetik, bi pertsonen (edo gehiagoren) arteko erakarpen biziari egiten dio erreferentzia; maitale bakoitzaren askatasunean oinarritutako harremana da; erakarpen horrek beste pertsonaren idealizazioa eta erotizatzea eragin ohi ditu, biolentziarik gabekoa eta sentimentuak parte hartzen dute, intimitatea bilatzen da eta harremanak irautea nahi izaten da. Bestetik, maitasun erromantikoa maitasun eredu kulturala litzateke; azken mendeetan mendebaldeko gizarteak deritzenetan sortu da ezkontza behartuen kontra, baina gaur egun planeta osoan zabalduta dago, batez ere fikzio erromantikoaren hedapenaren bidez. [2]

Eduki-taula

JatorriaAldatu

Garai aurremodernoan pertsonen bizitza lotura tradizionalek baldintzatzen zuten, alegia; familia, aberria, erlijioa etb. Lotura hauek bi aurpegi zituzten: alde batetik, gizabanakoa mugatu egiten zuten baina, bestetik, babesa eskaintzen zuten. Modernitatean, aldiz, indibidualizazioa agertzen da eta horrek lotura tradizionalekin apurtzen du, aukera eta pentsamolde berriak ekarriz. Aurreko gizarteen ardura nagusia biziraupena zen baina, modernitatean gizarteko hainbat sektorek beharrizanak hasetuak zituzten eta, ondorioz, espazio eta aukera berriak ireki zitzaizkien. [3]

Europa aurremodernoan familia komunitate ekonomiko bezala ulertzen zen. Bizitza eta belaunaldien ondorengotza ziurtatzea berebiziko garrantzia zuen eta, hortaz, sentimenduetarako tarte txikia gelditzen zen. Bikotearen hautaketa ez zen erakarpenagatik gauzatzen baizik eta arrazoi ekonomikoengatik eta, klase baxuen kasuan, ezkontzaren bitartez landa lana antolatzen zuten. Frantzia eta Alemanian XVII mendean zehar musuak eta laztanak sexuarekin harremantzen ziren eta bikoteen artean gutxitan gertatzen ziren. Baina, aldiz, gizonen kasuan oso ohikoak ziren ezkontzatik kanpoko amodio harremanak. Bakarrik aristokraziaren barruan baimentzen zen emakumeen askatasun sexuala eta horrek adierazten du nola askatasun sexuala boterearekin harremana duen. Azpimarratzekoa da nola emakume aristokratak ugalketa eta lanetik liberatuak zeuden goxamen sexual independientean arduratu zitezen.

Maitasun erromantikoa XVIII mendetik aurrera indarra hartu zuen eta, garai horretan zehar, emakumeengan aldaketa nabariak gauzatu ziren: etxearen sorrera, guraso eta seme-alaben harremanen aldaketa eta, azkenik, amatasunaren sorrera. XIX mendean botere patriarkala errotuta egon harren, gizonaren boterea etxearen barruan ahuldu egin zen hau sistema produktiboaren erdigunea bilakatu baitzen eta, baita, etxea eta lanaren banaketa gauzatu baitzen. Hori dela eta. emakumeak seme-alaben heziketaz arduratu ziren eta amen idealizazioa gauzatu zen. "Ama eta emaztea" irudia bi sexu eredua indartu zuen eta emakumeak eta gizonak desberdinak izango balira bezala irudikatu ziren. Laburbilduz, esan genezake maitasun erromantikoa maitasun feminizatu bezala garatu zela eta gaur egun arte indar handia izan duela. [4]

Sozializazioaren garrantziaAldatu

Sozializazioa bizitza osoan zehar gertatzen den prozesua bada ere, genero rolak barneratzeko unean testuinguru sozial hurbilena (batik bat, familia) bereziki garrantzitsua da, eta, hortaz, haren efektuek eragin handiagoa dute haurtzaroan, non genero-nortasunaren oinarrizko elementuak eskuratzen eta garatzen diren imitazio- eta identifikazio-mekanismoen bitartez. Bigarren mailako sozializazioan (eskola, komunikabideak, berdinen taldea), aurrez barneratutako rol eta nortasun horien zilegiztatzea nahiz finkatzea (edota errefusatzea, zenbait kasutan) gertatzen da. Hau horrela izanik, nabarmentzekoa da nola egun sozializazio prozesuak ezberdintzaileak dira gizon eta emakumeentzat.[5]

Sozializazio hori maitasun-eredu konkretu baten inguruan gauzatzen dela, maitasun erromantikoaren inguruan, alegia. Amodio mota hori kulturalki onartzen diren mito batzuen gainean eraikitzen da, eta, oro har, maitasun erromantikoaren ezaugarri nagusia bikote maitasun idealtzat onartua egotea da. Idealizatua daukagun pertsona batengatik edozer egitea esan nahi du, maitasunaren izenean edozein sakrifizio egitea. Maitasun horrek gainditu beharreko zailtasunak ugariak izan ohi dira, eta bidea sufrimenduz betea egoten da. Hala ere, sentitzen dena benetako maitasuna bada, zailtasun oro gainditzeko gai den bizi osoko amodioa dela sinesten da, eta igarotako sufrimendu guztia maitasun-froga ere kontsideratzen da. Pasioz beteriko maitasuna da, magikoa, irrazionala eta aurresanezina eta menderaezina , marku afektibo-sexual onargarri bakartzat heterosexualitatea hartuta.[6]

Maitasun erromantikoa eta genero indarkeriaren loturaren inguruko eztabaidaAldatu

Maitasun erromantikoa genero indarkeria sortzen duen edo ez eztabaidan dago mugimendu feministan[7]. Ondoren argituko ditugu aldeko eta kontrako argudioak:

Maitasun erromantikoak genero indarkeriaren sortzaileAldatu

Maitasun erromantikoaren mitoakAldatu

Esan bezala, historian zehar indibiduoak maitasun erromantikoaren kontzeptua homogeneizatzeko izan duen joerak, zenbait ideia garatzea eragin du, egun gizartean bikote harremanen eta maitasun kontzeptuen sostenguak direnak, hala nola, bikotekiderik gabe ez zara inor; jeloskortasuna maitasunaren adierazle bikaina da; bikoteko maitasuna bermatzeko dena eman behar da... Hona hemen maitasun erromantikoaren balioak garatu dituen mito horietako batzuk, literatura eta kultura konkretu batzuen bitartez elikatuak izan direnak: [8]

  • «Eta zoriontsu bizi izan ziren betiko» mitoa: Esaldi hori da maitasun erromantikoaren mito nagusia. Zailtasun guztiak gainditu ostean, azkenean bere maitasuna bakean bizi dezakeen bikote zoriontsuaren ideia adierazten du, eta inplizituki, «benetako maitasunezko» istorio orok horrela amaitu behar duela esan nahi du, bizi dena benetako maitasuna bada.
  • Printze urdinaren eta printzesaren mitoa: Aurreko mitoari estuki lotua, printzea eta printzesa genero-rolen banaketa gogor eta estereotipatu batean eraikitzen dira: printzea salbatzailea da, indartsua, adorez betea, dominatzailea. Printzesa, berriz, beldurtia da, zaurkorra, eztia eta esanekoa. Mendetasun-eredu idealizatua aurkezteak emakume askok rol tradizional hori gogoz onartzea eragin dezake.
  • Laranja erdiaren mitoa: Pertsona bakoitzarentzat bikotekide predestinatu bat existitzen den sinesmena, aukera posible guztien artean onena edota bakarra dena. Hura gabe, pertsonak ez dira osotasunera iristen, bikotekide ideal horrek ekarriko dien erdia behar baitute izaki oso izateko.
  • Bikotearen mitoa: Bikote heterosexuala naturaltzat eta unibertsaltzat hartzea, monogamia leku eta garai guztietan presente egon den ezaugarria dela sinetsiz.
  • Esklusibotasunaren mitoa: Bi pertsonaz edo gehiagoz aldi berean maiteminduta egotea ezinezkoa dela berresten duen ideia. Mito hori oso indartsua da, eta jabetza pribatuarekin eta norberekeriarekin zerikusia dauka, pertsonak eta euren gorputzak ondasunak bailiran ikusten ditu eta.
  • Fideltasunaren mitoa. Desira sexual, erromantiko eta erotiko guztiak pertsona bakarrarekin (bikotekidearekin) ase behar direla sinestean datza, mantentzen dena benetako maitasuna izango bada.
  • Jeloskortasunaren edo zeloen mitoa: Jeloskor egotea maitasun-froga dela pentsatzea, baita benetako maitasunaren ezinbesteko eskakizuna ere.
  • Baliokidetasunaren mitoa: Maitasuna (sentimendu bat dena) eta maitemina (iraupen jakin bat duen egoera) gauza bera direla sinestea.
  • Ahalguztiduntasunaren mitoa: «Maitasunak guztiarekin ahal duela» uste izatea dakar, eta benetako maitasuna nahikoa dela arazo oro gainditzeko zein jarrera oro bidezkotzeko.
  • Aukeramen librearen mitoa: Maitasun-sentimenduak guztiz intimoak eta faktore sozio-biologiko-kulturalek eragin gabeak direla sinestea.
  • Ezkontzaren edo elkarbizitzaren mitoa: Maitasun erromantikoak, halabeharrez, bikotearen lotura egonkorra ekarri behar duen ustea, ezkontzan egikarituko dena. Mito honek XIX. mendearen amaieran du jatorria; historian lehenengo aldiz, maitasuna arautu egiten da eta ezkontzak komenentziaz hitzartua izateari uzten dio, eta, gainera, behar sexualak ezkontzaren barnean asetu behar diren ustea ere hedatzen da.
  • Betiereko pasioaren mitoa: Lehen hilabeteetako maitasun erromantiko eta sutsuak denboran iraun behar duela sinestean datza.

Maitasun erromantikoa eta emakumeen aurkako biolentziaAldatu

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeari emakume izateagatik egindako indarkeria da. Zehatzago, sexu-bereizkerian oinarritzen den eta emakumea helburu duen edozein indarkeria ekintza da, emakumeei kalte edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoa eragiten diena edo eragin diezaiekeena, baita halako ekintzak egiteko mehatxuak, hertsadura edo askatasun-kentze arbitrarioa ere, bizitza publikoan zein pribatuan gertatuak.[9] Maitasun erromantikoa emakumea kontrolatzeko eta menderatzeko tresnarik indartsuena da, batez ere halako herrialdeetan non emakumeek eskubide guztiak baitituzte eta ez baitira, legez, inoren jabetza. Laztanak eta tratu txarrak batzerakoan emakumearen autoestimua deuseztatu egiten da eta mendekotasuna sortzen du.

Modu patriarkalean maite dugu: kultur mekanismo bat da erromantizismo patriarkala, patriarkatua betikotzen duen mekanismo bat, eta, gainera, egeak baino askoz eraginkorragoa da, gure bihotzean sustraitzen baitu berdintasun eza. Jabetza pribatuaren kontzeptua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza dira maitatzeko moduaren zutarriak. Emakumeoi irakasten digute gizonak debozioz maitatu behar ditugula, garai batean Jainkoa edo Jesukristo maitatzen zen bezala.

Emakumeoi irakatsi digute gizonen askatasuna maitatzen, ez ordea gurea. Gizonak nabarmendu dira beti politikan, ekonomian, zientzian eta artean. Gizonak miresten ditugu, eta boterea duten heinean maitatzen ditugu; baliabide ekonomikoez eta jabetzaz gabetu baitituzte, emakumeek gizonak behar dituzte bizirik iraungo badute.

Generoak dakarren desberdintasun ekonomikoari tiraka, horra hor emakumeen mendekotasun ekonomikoa eta sentimentala. Gizon aberatsak erakargarri zaizkigu hain zuzen ere dirua eta aukerak dituztelako, eta txikitatik erakutsi digutelako senar bat topatzea dela salbatzeko bidea. Ez digute erakutsi berdintasunaren alde borrokatzen, eskubide berdinak lortzearen alde borrokatzen; aitzitik, erakutsi digute polit jartzen eta beste inork manten, maita eta babesa gaitzala lortzen; nahiz eta adiskideak galdu, nahiz eta gizon bortitz, desatsegin, berekoi eta anker batekin elkartu.

Kulturaren eta ekonomiaren bitartez eusten zaio emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunari. Gizon-emakumeok baliabide ekonomiko berdinak izango bagenitu eta aukera izango bagenu haurrak komunitatean hazteko, baliabideak konpartituz, orduan, gure harremanak ez lirateke beharrizanean oinarrituko. Hala balitz, tartean ez balego interes ekonomikorik, iruditzen zait askoz modu askeagoan maitatuko genukeela elkar. Eta askoz gutxiago lirateke nerabetan haurdun geratzen diren neska pobreak, zertarako eta arraren maitasuna ziurtatzeko edo hogei urtean gutxienez elikadura-pentsio bat jasoko dutela segurtatzeko.[10]

Maitasun erromantikoak ez du genero indarkeria sortzenAldatu

"Maitasun erromantikoak hiltzen du" Espainako eta amerkikako herrialde erdeldunen feminismoaren bezalako adierazpenen aurrean komunitate zientifikoa kontra ageri da zorroztasun zientifikoen falta dutela argudiatuz. IDEALOVE&NAM[11] txostenak, Espainiako hezkuntza, zientzia eta kirol Ministeritzak eskatuta eta CREA[12] eta SAFO andra taldeari argerian jartzen ditu maitasun erromantikoa eta genero indarkeriaren erlazio kausalaren funtsik eza.

Maitasun erromantikoa erlazio afektibo-sexual askea bezela.Aldatu

Maitasun erromantikoa desiratutako bikotea (eta ez familiak aukeratutakoa) aukeratzeko askatasun eta eskubide bezela sortu zen. Gizon eta emakumek erlazio afektibo-sexualen erreboluzioa sortu zuten ezkontza behartuen kontra eta maiteminduen benetazko borondatearen alde. Maitasun erromantikoa askatasun sexualaren aldeko aldarria izan zen, eta ondorioz genero indarkeriaren aurkakoa, bikotekide bakoitzaren desira eta onarpenean oinarritutako erlazioak eraikiz. Egun iraultza bat jarraitzen du izaten India bezelako herrialdeetan non oraindik ere ezkontza behartuak irauten duten. Maitasun erromantikoaren idealari jarraiki Indiako neska batzuk inposatutako senarrak arbuiatu egiten dituzte, baina beste batzuk aldiz, hala behartuta, mutilagunak utzi behar dituzte maite ez dituzten gizonekin eskontzeko[13].

Maitasun erromantikoa berdintasunean oinarritutako erlazio bezela.Aldatu

Munk eta korotayev[14] ikerketen arabera maitasun erromantikoan sexuen arteko berdintasuna garrantzitsua dela argudiatzen da. «Engainua» ezberdintasunaren indikatzaile bezela hartuta, maitasun erromantikoa gizarte berdinzaleetan garrantzizko erlazio mota dela diote, eta gizarte jerarkikoetan aldiz maitasun erromantikoa ez dela zentrala frogatzen dute. Ondorioz, gizartean maitasun erromantikoaren esistentzia gizarte berdinzaleen indikatzailetzat har daiteke.

Genero indarkeria erlazio mota guztietan ematen da.Aldatu

Genero indarkeria erlazio mota guztietan eman daiteke, bai aldi baterakoetan zein iraunkorretan. Hala demostratzen du Europan egindako genero indarkeriaren inguruan inkestarik zabalenak[15]. Inkestaren azpiatal batean egilearen araberako jazarpenaren inguruko erregistroetan lau kasu adierazten dira: Oraingo bikotea, bikote ohia, pertsona ezagun bat eta pertsona ezezagun bat. Emaitzetan argi geratzen da eraso sexualak oso ohikoak direla bikote eta bikote ohia ez diren pertsonekin. Ondorioztatu daiteke maitasun erromantikoan oinarritzen ez diren erlazioetan (aldi baterakoetan) ere genero indarkeria badagoela eta maitasun erromantikoa ez dela berez biolentzia honen iturria.

Maitasun erromantikoak ez du hiltzen, pertsona bortitzek baizik.Aldatu

Mugimendu feministatik maitasun erromantikoak hiltzen duela sarri esaten da. Alabaina, ikerketa zientifiko internazioanletan ez dago baieztapen hori frogatzen duenik. IDEALOVE&NAM [11]txostenaren arabera inolako hori baieztatzen duen ikerketarik ez dagoela aditzera dator.

Hala ere, badaude zenbait ikerketa argudiatzen dituztenak gizon biolentoak direla bere emakumeen aurkako biolentzia eragiten dutenak. Hari honetatik Jennifer Yahnerren[16] ikerketa azpimarratzekoa da, bertan ondorioztatzen da eskoletan jazarleak probabilitate bikoitza ditutela nerabetasunean genero indarkeria erabiltzeko.

Genero indarkeria aldi baterako erlazioetan errezago aurkitzen da, iraunkorretan baino.Aldatu

Sentimentuetan oinarritutako erlazioetan, maitasun erromantikokoak adibidez, intimitate, iraupen eta sentimentu sakonen trazuak dituzte. Aldi baterako erlazioak aldiz, ustegabekoak eta sentimentu sakonik gabekoak, maitasunik gabekoak halaber. Bartzelona eta Cambridgeko ikerketa baten arabera[17] aldi baterako erlazioetarako mutil bioletoak zirela gogokoenak eta aldiz erlazio iraunkorretarako mutil ez biolentoak gogokoenak zirela. Ondorioz, maitasun erromantikoak faktore prebentibo bat ekartzen du harreman sexu-afektiboetan. Gainera, ikertzaileek neska nerabeak erakargarritasuna eta biolentzia lotzera bultzatzen dituen diskurtso hertsatzaile dominantea aurkitu zuten nerabeen artean. Diskurtso hau nerabeen lehenengo erlazio afektibo-sexualekin ikasten eta esperimentatzen duten momentuan agertzen da eta horrela genero indarkerian oinarritutako erlazioetan sozializazioa ematen dela diote. Diskurtso hertsatzaile hau aldi baterako erlazioetan ematen dela diote eta ez maitasun erromantikoan oinarritutako erlazioen aurrepausuetan.

Ipuin klasikoek ez dute genero indarkeria bultzatzen.Aldatu

Ipuin klasikoak sortu ziren garaiaren jarreren trazuak izan ohi dituzte. Ohikoa da ipuin hauetan genero estereotipo tradizionalak non gizonak paper bat betetzen duen eta emakumeak beste ezberdin bat. Halabaina, ez dago ikerketarik genero indarkeria detektatzen duenik ipuin klasikoetan.[11] Modu berean, XX. mendeko familia ereduetan ohikoa zen genero araberako errolen banaketa, baina seximo honek ez zuen ekartzen berez genero indarkeria.[18]

Ezaguna da, "paradoxa nordikoa" deritzon fenomenoari. Iparraldeko herrietan non genero berdintasun maila handiak lortu den, genero indarkeria ere maila handietan ematen da. Beraz, genero berdintasuna bilatzen dituzten politikak ez dira genero indarkeriaren desagerpenerako nahikoak izaten.[19]

Ipuin klasikoek genero eredu tradizionalak erakusten dituzte, baina argi dago ez dagola emakumeak jotzen edo tratu txarrak ematen duen printzipe urdinik. Ondorioztatu daiteke beraz, ipuin klasikoak erakargarritasuna emakumeak ondo tratatzen dituzten gizonen aldera mobilizatzen dutela. Bestelako ipuin klasikoetan, esaterako Txanogorrixo (Perraulten bertsioan[20]), Mari Titare, Bizarzuri edota Arratoi Pertxenta ipuinetan, nahiz eta genero estereotipoekin osaturik egon, genero indarkeria prebenitzeko ikasbide bat dutela interpreta daiteke. Ipuin hauetan, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak agertzen dira eta azkenean emakume hauek, beren adizkideekin lagundurik askotan, gizonak errefuxatzen dituzte askatasuna lortuz.[21]

 
Giltzarrapoak "Pont des Arts" zubian. Bikoteek bertan giltzarrapoak jartzen dituzte haien maitasuna adierazteko. [22]

Maitasun erromantikoa literaturanAldatu

Haur literaturan, ezagunak dira Errauskine, Edurnezuri edo Rapunzel bezelako ipuinak. Hauetan gerero-errol tradizionaletan eta sexistetan oinarriturik egon ohi dira, aldiz, genero indarkeriarik gabekoak dira. Bestetik, ezagunak dira Romeo eta Julietaren erromantzeak, Laurencia eta Frondoso Fuenteovejunan eta Saforen Poema erromantikoak.

Maitasun erromantikoa desitxuratzen dituzten obra literarioakAldatu

Literatur lanak ikuspegi androzentriko eta misogeno batez idatzi izan dira oro har, gizonezkoen desiraren irudikapen unibertsalari erantzunez eta biolentzia trazuak agertzen dituztenak. Literatura garaikidean ere maitasun erromantikoa eta indarkeria elkartzen dituzten adibide asko aurki daitezke, deigarrienak gazte-literaturari dagozkionak, hala nola Crepúsculo saga [23]edota Federico Moccia-ren eta Nicholas Sparks-en eleberriak. Cincuenta sombras de Grey adibide bat besterik ez da, baina izan duen arrakasta eta eraginagatik fenomeno soziologiko bilakatu da. Eleberri hauek eta euren ondorengo pelikulak genero indarkeria sortu dute erakargarritasuna maskulinitate biolentoetara bideratu baita.

Literaturak eta beste industria kulturalek, beraz, etengabe saltzen dute maitasuna eta indarkeria matxista elkarturik euren produktuetan, eta literaturan, musikan edota zineman presentzia iraunkorra izateak ordena sozial patriarkala elikatzen jarraitzeko baino ez du balio belaunaldi berriei indarrez helaraziz eta normalizatuz, jarrerak kulturan ikasten baitira kontakizun eta mitoen bitartez.[24]

ErreferentziakAldatu

  1. Fricke, V. S. (2016). El amor romántico en Romeo y Julieta, de William Shakespeare. Exlibris, (5), 98-115.
  2.   «Espainar Zeinu Hizkuntza (EZH)» glosario.pikaramagazine.com . Noiz kontsultatua: 2019-03-12 .
  3.   1944-2015., Beck, Ulrich, (2001) El normal caos del amor : las nuevas formas de la relación amorosa Paidós ISBN 8449310911 PMC 49546650 . Noiz kontsultatua: 2019-03-26 .
  4.   Anthony., Giddens, (1995) La transformación de la intimidad : sexualidad, amor y erotismo en las sociedades modernas Cátedra ISBN 8437613248 PMC 34207009 . Noiz kontsultatua: 2019-03-26 .
  5. Rodríguez, I. F. (2010). Maitasuna, generoa eta nerabezaroa: ikerketa baten emaitzak. Ankulegi: gizarte antropologia aldizkaria= revista de antropología social, (14), 105-118.
  6.   Suarez Errekalde, Maialen (2016) «Indarkeria matxista eta maitasun erromantikoa Cincuenta Sombras de Grey eleberrian» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 98): 99–124 ISSN 1130-5738 . Noiz kontsultatua: 2019-03-26 .
  7.   ¿El amor mata? .
  8.   Guzmán, Capilla Navarro; Fiol, Esperanza Bosch; Pérez, Victoria Aurora Ferrer (2010) «Los mitos románticos en España» Boletín de psicología (99): 7–31 ISSN 0212-8179 . Noiz kontsultatua: 2019-03-27 .
  9. Nazio Batuen Erakundeko Batzorde Orokorrak onartutako Emakumeen aurkako indarkeriaren desagerpenerako adierazpena dokumentuko 1. artikuluan oinarrituriko definizioa.
  10. (Gaztelaniaz)  «Genero-indarkeria eta maitasun erromantikoa» www.pikaramagazine.com . Noiz kontsultatua: 2019-04-02 .
  11. a b c   Cortes, Marta (2016-06-21) «IDEALOVE&NAM. Socialización Preventiva de la Violencia de Género» Masculinities & Social Change (2): 207 doi:10.17583/mcs.2016.2133 ISSN 2014-3605 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  12. (Gaztelaniaz)  Community of researchers on Excellence for All 2018-12-13 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  13. (Gaztelaniaz)  Sol, Inés del (2016-11-15) «El amor en la India: una trágica historia concertada» El País ISSN 1134-6582 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  14. (Ingelesez)  de Munck, Victor C.; Korotayev, Andrey (1999-8) «Sexual Equality and Romantic Love: A Reanalysis of Rosenblatt’s Study on the Function of Romantic Love» Cross-Cultural Research (3): 265–277 doi:10.1177/106939719903300303 ISSN 1069-3971 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  15.   Violencia de Género contra las mujeres: una encuesta a escala de la Unión Europea Oficina de Publicaciones de la Unión Europea ISBN 10.2811/6080 https://fra.europa.eu/sites/default/files/fra-2014-vaw-survey-at-a-glance-oct14_es.pdf .
  16. (Ingelesez)  Yahner, Jennifer; Dank, Meredith; Zweig, Janine M.; Lachman, Pamela (2015-4) «The Co-Occurrence of Physical and Cyber Dating Violence and Bullying Among Teens» Journal of Interpersonal Violence (7): 1079–1089 doi:10.1177/0886260514540324 ISSN 0886-2605 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  17. (Ingelesez)  Puigvert, Lidia; Gelsthorpe, Loraine; Soler-Gallart, Marta; Flecha, Ramon (2019-12) «Girls’ perceptions of boys with violent attitudes and behaviours, and of sexual attraction» Palgrave Communications (1) doi:10.1057/s41599-019-0262-5 ISSN 2055-1045 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  18. (Ingelesez)  Yuste, Montserrat; Serrano, M. Angeles; Girbés, Sandra; Arandia, Maite (2014-9) «Romantic Love and Gender Violence: Clarifying Misunderstandings Through Communicative Organization of the Research» Qualitative Inquiry (7): 850–855 doi:10.1177/1077800414537206 ISSN 1077-8004 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  19. (Ingelesez)  Gracia, Enrique; Merlo, Juan (2016-5) «Intimate partner violence against women and the Nordic paradox» Social Science & Medicine (157): 27–30 doi:10.1016/j.socscimed.2016.03.040 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  20. (Gaztelaniaz)  «La Historia Original de la Caperucita Roja (TERROR)» Es Asombroso 2015-07-11 . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  21. Gontzal Uriarte  «Más de 4 cuentos clásicos contra la violencia de género» Mugalari . Noiz kontsultatua: 2019-06-12 .
  22. (Ingelesez)  CNN, A. Pawlowski (2011-10-19) «The joys of slowly savoring Paris» CNN Travel . Noiz kontsultatua: 2019-04-04 .
  23. Díaz, A. N. (2010). Amor y terror: el" consuelo" de Crepúsculo.
  24.   Linares Bahillo, Estibaliz (2016-07-06) «Cincuenta sombras de una «mujer habitada» Estudio cualitativo de la trilogía «Cincuenta Sombras de Grey»» Papers. Revista de Sociologia (3): 389 doi:10.5565/rev/papers.2185 ISSN 2013-9004 . Noiz kontsultatua: 2019-04-02 .

Ikus, gaineraAldatu