Lankide:B9 Irati/Proba orria

Iratzea edo garoa landare baskularren taldeko kidea da, espora bidez ugaltzen dena eta ez hazi ez lorerik ez duena. Ez da goroldioa baskularra delako, hau da, ura eta mantenugaiak eramaten dituzten ehun espezializatuak dituelako eta esporofitoarena delako fase nagusia. Megafilo edo fronde deritzen hosto konplexuak ditu. Gehienak iratze leptosporangiodunak dira, batzuetan iratze arrunt ere esaten zaienak. Taldeak gaur eguneko 10.560 espezie inguru biltzen ditu.

Iratzeak zentzu zabalean definitzen dira, Polypodiopsida guztiak sartuta, bai iratze leptosporangiodunak (Polypodiidae), bai eusporangiodunak. Lehen fosilak duela 360 milioi urtekoak dira, Deboniar Arokoak. Hala ere, egungo familia eta espezie asko ez ziren duela 145 milioi urtera arte azaldu, Kretazeo hasieran landare loredunek ingurune ugari menderatu ostean.

Iratzeak Gullmarsskogeneko haranean.

Iratzeek garrantzi ekonomiko handirik ez badute ere, batzuk janari, sendagai, ongarri biologiko, apaingarri edota kutsatutako lurzoruen erremedio moduan erabiltzen dira. Atmosferatik zenbait kutsatzaile kimiko ezabatzeko duten gaitasuna dela eta, ikergai izan dira maiz. Iratze-espezie batzuk, Pteridium aquilinum eta Azolla filiculoides kasu, oso belar erabiliak dira mundu osoan zehar. Zenbait iratze-generok, Azollak esaterako, nitrogenoa finkatu, eta arroz-arroilen elikagai-sarrera gisa erabil dezakete.

Ezaugarri nagusiak aldatu

Esporofitoa aldatu

Esporofitoa landareek dituzten bi faseetako bati deritzo, beste fasea gametofitoarena izanik. Esporofitoaren zelula guztiak diploideak dira, gametofitorenak haploideak diren bitartean. Esporofitoa eta gametofitoa txandakako ugalketa duten landareetan agertzen dira. Ugalketa mota horretan prozesu sexualak eta asexualak txandakatzen dira. Belaunaldi asexuala esporofito diploidea da, esporak dituena, eta belaunaldi sexuala gametofitoa, sexu bidezko ugalketa duena, gameto haploideak baititu.

Esporofitoak eta gametofitoak morfologia oso desberdina dute. Nahiz eta landare beraren bi fase izan, itxura aldetik ez dute zerikusirik.

Esporofitoak zelula diploideak ditu. Fase horretan meiosia gertatzen da, eta ondorioz, espora diploideak espora haploide bihurtzen dira. Espora horiek hozitzen direnean gametofito haploidea agertzen da. Gametofitoaren gameto-ontzietan gametoak sortzen dira, gameto haploideek bategin eta zigotoa eratzen da. Hortaz, esporofitoa zigoto batetik dator.

Esporofitoak ez du hazkunde sekundariorik, primarioa bakarrik. Sustraiak arrotzak edo homorrizikoak dira, homorrizia primarioa da hain zuzen. Zurtoina aldakorra da, eta errizoma luze eta plagiotropoa zein motz eta ortotropoa izan daiteke. Megafilo edo frondeak garatzen ditu, hau da, nerbiazio-eredu adarkatuko hostoak. Frondea forma zirtzinatuarekin hazten da, modu kiribilkatuan alegia.

Esporen garapenaren aldetik, gehienak homosporikoak dira. Esporangioak hostoaren zati abaxialean garatzen dira, hots, beheko partean. Esporangioek soro izeneko multzoak eratzen dituzte eta indusio deritzon mintz babesle bat izan dezakete.

Filogenia aldatu

Iratzea pteridofitoen taldean kokatzen da, hots, lur-lehorreko hazi gabeko landare baskularren barnean. Lehen pteridofitoak oso sinpleak ziren, hosto eta sustrairik gabeak. Pteridofitoak Karboniferoan nagusitu ziren, eta hortaz, dibertsitate handiena ere garai hartan eman zen. "Boom" horren arrazoi nagusia ingurune baldintza epel eta hezeak izan ziren. Ugaritasun horrek, erregai fosil ugari utzi zituen, ikatz-basoak esaterako.

Gaur egun, pteridofitoen barruan bi dibisio bereizten dira: Lycoopodiophyta eta Monilophyta. Azken dibisio horren baitan dagoen Polypodiopsida klasekoa da iratzea.

Deskribapena aldatu

Frondearen morfologia aldatu

 
Iratze baten frondearen pinak.

Frondea errizomatik garatzen den hosto megafiloak hartzen duen izena da, hau da, garo osoaren izena. Zati txikiagoetan banatuta egon daiteke, eta zatiei pina deritze; pina kopuruaren arabera, unipinatuak, bipinatuak, tripinatuak e.a. izan daitezke. Gainera, pina horiek pinula deritzen zati txikiagoz osatuta daude. Frondearen erdiko nerbioari errakis esaten zaio.

Esporangioak eta horien garapena aldatu

Gehienetan esporangioak soro deritzen taldeetan multzokatuta agertzen dira, frondearen azpialdean babestuta. Baina, batzuetan, bakarka aurki daitezke esporangioak, edo hazi ondoren, sinangio deritzen egituretan fusionatuta ere egon daitezke. Begi-bistaz bakunak dirudite, baina esporangio asko dituzte berez.

Gainera, soro edo sinangioek indusioa garatzen dute esporangioak babesteko. Indusioa frondearen azpialderantz garatzen den luzakin bat da. Soroa edo sinangioa frondearen ertzean badago, pseudoindusio bat gara dezake, hots, frondearen ertzaren tolestura.

Eusporangioa iratze primitiboenen esporangio mota da. Zenbait zelula epidermikotatik abiatuta eratzen da, eta garatu ondoren, bi zelula-geruza edo gehiago izaten ditu. Barruan, espora kopuru handia sortzen du.

Leptosporangioa iratze eboluzionatuagoen esporangio mota da. Zelula epidermiko bakarretik eratzen da, eta garatu ondoren, pareta monostromatikoa izaten du, hau da, zelula-geruza bakarraz osatutakoa. Gainera, espora kopuru txikia garatzen du.

Protaloa aldatu

Protaloarena da taloaren faserik txikiena eta laburrena, zentimetro gutxi batzuk baino ez dituelako eta aste gutxi batzuk baino ez duelako irauten. Lurrean finkatuta dago errizoide batzuen bidez. Protaloan anteridioak eta arkegonioak garatzen dira, alegia, gametofito ar eta emeak. Protaloa homosporikoa da, espora mota bakarra garatzen duelako; kasu gutxi batzuetan heterosporikoa izan daiteke, bi espora mota sor baititzakete bi protalo emateko.

Organo sexual honetara ura iristen denean, anterozoideak askatu egiten dira, eta lurreko hezetasunean zehar igeri egiten dute arkegonio batera heldu arte. Arkegoniora heltzen denean, ernalketa gertatzen da eta, ondorioz, esporofito berri bat sortzen da.

Bizi-zikloa aldatu

Iratze arrunt baten bizi-zikloa honakoa da:

  1. Esporofito diploide batek espora haploideak garatzen ditu meiosiz. Obulu eta espermatozoideak ere zatiketa zelular mota berdina burutuz ekoizten dira animalietan eta landare angiospermoetan.
  2. Espora bakoitzetik gametofito bat hazten da mitosi bidez. Meiosian ez bezala, mitosian kromosoma kopurua ez da aldatzen, horregatik, gametofitoa haploidea da, jatorrizko esporaren moduan.
  3. Gametofitoak gametoak ekoizten ditu meiosi bidez, obuluak eta espermatozoideak hain zuzen. Iratze-espezie gehienetan, gametofitoak berak ekoizten ditu bai obulu, bai espermatozoideak. Lehenak, arkegonio deritzen ugal-egituretan ekoizten dira, eta bigarrenak, anteridio deiturikoetan.
  4. Espermatozoide mugikor, flagelodun batek, protaloari atxikitako arrautza edo obulu bat ernaltzen du.
  5. Ernaldutako obulua gametofitoari itsatsita geratzen da. Obuluaren eta espermatozoidearen material genetikoa batzean, enbrioi diploidea eratzen da. Enbrioia mitosi bidez garatzen da, berriz ere esporofito diploide bat izan eta bizi-zikloa osatu arte.

Ekologia aldatu

Iratze-espezieak habitat ugaritan bizi dira, altitude handiko mendietatik hasi, eta basamortu lehorretako arroketaraino. Hasiera batean, iratzeak habitat marjinaletan hobe hazten direla dirudien arren, ingurune-faktoreek landareen loratzea mugatzen duten guneetan, haien hazkundea arrakastatsuagoa dela ikusi da. Iratze batzuk sastraka-espezieen artean sailkatzen dira, pteridium generoko iratzea, esaterako, Eskoziar mendialdean kokatzen dena, baita Azolla deritzon iratzea ere, laku tropikaletan aurki daitekeena. Bi espezieek azkar hedatzen diren koloniak sor ditzakete.

Iratzeak lau habitat desberdinetan aurki daitezke: baso laiotz eta hezeetan, harkaitzetan, batez ere, eguzkitik babestuta dauden guneetan, azidozko zingiretan, eta azkenik, zuhaitz tropikaletan, non espezie ugari epifitoak diren.

Iratze epifitoak bereziki, dibertsitate handiko ornogabe askoren ostalari dira, txori-kabi motako iratzeek, adibidez, oihan-olaretako hektarea batean aurkitzen den ornogabe-biomasaren erdia dute.

Iratze ugari mikorriza onddoaren asoziazioaren menpeko dira. Beste batzuk, aldiz, pH-tarte jakin batzuetan soilik hazten dira; esate baterako, Ipar Ameriketako ekialdean, Lygodium palmatum iratze eskalatzailea azidotasun handiko zoru hezeetan soilik hazten da. Cystopteris bulbifera iratzea berriz, kareharrietan aurkitzen da.

Iratzeen esporek lipido, proteina eta kaloria ugari dute eta, beraz, ornogabeak horietaz elikatzen dira.  Europar basasagua (Apodemus sylvaticus), Culcita macrocarpa iratzearean esporaz elikatzen dela ikusi da; gailupa arrunta (Pyrrhula murina) eta Zeelanda Berriko isatsa motzeko saguzarra (Mystacina tuberculata) ere, iratzeen esporaz elikatzen dira.