Alessandro Manzoni
Alessandro Manzoni (Milan, Italia, 1785eko martxoaren 7 – Milan, 1873ko maiatzaren 22a) italiar idazlea izan zen. Italiako literaturak izan duen idazle handienetarikoa da. Eleberri historikoak egiten hartu zuen ospea, eta «Risorgimento» higikundearen garaiko nazionalismoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, I promessi sposi maisulanarekin batez ere.
Biografia
aldatuLehen urteak
aldatu1792an, Manzoniren gurasoak banandu egin ziren eta, harrezkero, eskola erlijiosoetan ikasi zuen, aitaren ardurapean.
1801ean Milango nobleen eskolara aldatu zuten eta han ikasi zuen 1805 arte. Milanen harremanak izan zituen iheslari politikoekin eta ideia ilustratuetan sakondu zuen. Joera jakobino erradikala eta elizaren kontrakoa nabarmendu zen Manzonirengan urte haietan, Del trionfo de la liberta (1801, Askatasunaren garaipena) obrako lau kantuek erakusten duten bezala.
Parisko egonaldia
aldatu1805. urtean, Parisa aldatu zen, amarekin elkartzera. 1810 arte bizi izan zen han, eta garrantzi handiko urteak izan zituen, bai bere bizitzari eta baita, batez ere, bere jarduerari zegokionez ere. Izan ere, Europako literatura joeren berri izan zuen Parisen, han zeela bere garaiko literatura-bilera ezagunenetan parte hartu zuen. Bilera horietan Fauriel, erromantizismoaren aitzindarietako bat ezagutu, eta Frantziako literatura aztertu zuen.
Harremanak izan zituen ideologo errepublikazaleekin, eta frantses tradizio moralista ezagutu eta bereganatu zuen. Horrela, literaturaren kontzeptua aldatzen ari ziren ezaugarriez jabetuz joan zen.
1808. urtean, Henriette Blondel gazte kalbinistarekin ezkondu zen. Emaztea katolizismora bihurtu zen ezkondu eta handik denbora gutxira, eta Manzoni bera ere, bere jarrera agnostikoa alde batera utzirik, Voltaireren deismora hurbildu zen lehenik, eta katoliko egin zen, azkenik, 1810ean.
Manzoniren oparoaldia
aldatuUrte hartan, Milanera itzuli zen. Milanen idazleen eta intelektualen bilgune bihurtu zuen bere etxea, eta erromantizismoaren sehaskatzat har daiteke, horrenbestez.
Hiru urtez idatzi gabe ibili ondoren, literaturari heldu zion berriro 1812an, eta Inni sacri (Ereserki sakratuak) obraren lehen abestiak argitaratu zituen (azkena 1822an eman zuen argitara). Handik aurrera, eta 1817. urtea inguru arte, izan zituen Manzonik urterik oparoenak olerkigile, antzerkigile, eleberrigile eta teorialari gisa.
Antzerkiari dagokionez, bi obra hauek ditu aipagarriak: 11 conte di Carmagnola (Carmagnolako kondea, 1820), XV. mendean Venezia eta Milan artean gertatu ziren istiluei buruzko obra erromantikoa, eta Aldechi (1822), Lombardiaren historiari buruzko drama poetikoa. Shakespeareren eragina ageri duten bi antzezlan hauek, Manzoniren olerkigintzaren obra bikaintzat har daitezkeen koruak agertzen dituzte eta bikain dokumentatuta daude; horrez gainera, arau klasikoak hautsi zituen lan horietan, eta horrenbestez, horiek dira erromantizismoaren muina garbien erakusten dutenak.
Olerkietan, berriz, Marzo 1821 (1821, 1821.eko martxoa) eta Il cinque maggio (1822, Maiatzaren 5a), Napoleonen heriotza zela-eta hari buruz idatzitako oda, azpimarratzekoak dira. Goetheren ustez, Maiatzaren 5a gertaera historiko hari buruz sekula idatzi den lanik ederrena da. Hala ere, hasieran esan bezala, Manzoniren obrarik ospetsuena Ezkongaiak eleberri historikoa da. Italiar abertzaletasunaren maisulantzat hartua da, eta Italia berriko hizkuntza eta prosa finkatu zituen.
I promessi spossi (Ezkongaiak)
aldatuManzoni 1821. urtean hasi zen Ezkongaiak eleberria idazten. Lehen bertsioa, Fermo eta Lucia, 1823an amaitu zuen, baina 1827. urtean eman zuen argitara lan osoa, hiru liburukiz osaturiko argitalpen batean. 1842an, dena dela, zuzenduta argitaratu zuen, atalka.
Ezkongaiak eleberria XVII. mendean kokatuta dago, Lombardian, eta Renzo eta Lucia nekazarien istorioa du kontagai: ezkondu nahi duten ezkongaiak dira. Herriko jauntxoa emaztegaiaz maitemindu da, ordea, eta ezkontza hori galarazteko ahalegin guztiak egin ditu: besteak beste, herriko apaiz koldarra mehatxatu. Hainbat gorabeheraren ondoren (gerra, izurria, etab.), gazteak azkenean ezkondu egiten dira.
Garai hartan ohi zen bezala, Manzonik ez zuen irudimenezko gertaerek egia historikoa ezkutatzerik nahi izan, eta irudimena eta historia bateratu zituen horretarako, gertaera eta sentimendu errealak hobeki azaldu ahal izateko. Sinesgarritasuna ematen ahalegindu zen, beraz baina, horretarako lana berridatzi eta herri-hizkuntzara egokitu behar izan zuen 1842ko argitalpenerako, maila guztietako irakurleek, eta ez soilik eliteek, ulertzeko moduko obra izan zedin.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alessandro Manzoni |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.