Juan Paredes Manotas, Txiki (Zalamea de la Serena, Badajoz, 1954ko otsailaren 20a - Cerdanyola del Vallès, Bartzelona, 1975eko irailaren 27a), ETA politiko-militarreko kidea izan zen Francisco Francoren diktadura garaian.

Juan Paredes

Bizitza
JaiotzaZalamea de la Serena1954ko otsailaren 20a
Herrialdea Euskal Herria
BizilekuaZarautz
HeriotzaCerdanyola del Vallès1975eko irailaren 27a (21 urte)
Heriotza modua: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k)Txiki

Angel Otaegirekin eta FRAP erakunde armatuko José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz eta Xosé Humberto Baenarekin batera fusilatu zuten 1975eko irailaren 27an. Fusilaketa horiek Frankismo garaian azken heriotza-zigorrak izan ziren. Gertaera horiek protesta eta gaitzespen ugari sortu zituen Euskal Herrian, Espainian eta Nazioartean.

Biografia aldatu

Extremadurako familia batean jaioa, lau anai-arreben artean bigarrena zen. Senideekin batera Zarautzera emigratu zuen 1964an, 10 urte zituelarik (edo aurreko urtean, beste iturri batzuen arabera). Aurretik, aitona-amonek gauza bera egin zuten, Gerra Zibila amaitu eta gutxira, Mikel anaia zaharenak ere bai.

14 urte arte ikasi zuen Zarauzko eskola publikoan, eta herrian hasi zen lanean plastiko lantegi batean. Joseba Zubiaurrek eraginda, Zumaiako Inda-Mendi elkartean ibili zen.

EGIn sartu zen 1972an, eta hortik ETAra igaro; hurrengo urtean, antza, fronte militarrean zebilen komando legal baten kide moduan. 1974ko urtarrilaren 12an Zarauztik ihes egin eta klandestinitatera pasatu zen. Espainiako errege-erreginen senide baten aurkako atentatua prestatzen ari zirela, Goardia Zibilak topatu baina ihes egiten lortu eta Ipar Euskal Herrira gurutzatu zuen.

1974ko azaroan Txiki ETA politiko-militarraren barruan sartu zen, eta bikotea egin zuen Bizar Bujandarekin Goierrin eta Iruñean. Garai hartan euskalduntzeari ekin zion kidearen eskutik.

Hurrengo urtean, komando berezietan sartu eta Apalarekin bat egin zuen. 1975eko apirilaren 1ean José Díaz Linares polizia subinspektorearen erailketa leporatu zioten Txikiri, argi gelditu ez bazen ere. Maiatzean Kataluniara joan zen Iñaki Pérez Beotegi "Wilson"-ekin, eta uztailaren 30ean biak atxilotu zituzten Bartzelonan. Paredes Manot bost egunez egon zen komisaldegi nagusian, legeak esaten zuenaren aurka, eta torturak jasaten. Bosgarren egunean Modelo kartzelean sartu zuten. Bertan, gose grebari ekin zion Garmendia eta Otaegi etakideei ezarritako kondenengatik protesta gisa.

Abuztuaren 22an hasi zen Txikiren aurkako epaibidea eta irailaren 19an gerra kontseilua egin zioten, erruduntzat hartuta, Ovidio Díaz López poliziaren hilketa zela-eta (ekainaren 6an Bartzelonan hil zuten). Heriotza-zigorra ezarri eta 1975eko irailaren 27an 8:30etan fusilatu zuten Cerdanyolaren hilerriaren ondoan Otaegi eta FRAPeko hiru kide bezala.

Azkenik Zarautzen hileta elizkizuna egin zuten parrokia elizan irailaren 29an, 4.000 pertsona baino gehiagoren aurrean, agintariak eragozten saiatu ziren arren. Halaber, Bartzelonan lurperatu bazuten ere, Zarautzera eraman zuten gorpua urte bat geroago. Haren hilarrian hitz hauek irakur daitezke: "eta behar dudan denbora baino lehen hiltzen banaute nere hortzetan den azken antzia beste batenetan loratuko den lehen irria izango da."

Ikus, gainera aldatu