Ireki menu nagusia

Juan Jose Vicente Mitxelena

Gipuzkoako ahaldun nagusia, alkate eta pertsonaia publikoa

Juan Jose Vicente Mitxelena Larrainzar (? - Tolosa, Gipuzkoa, 1817ko urtarrilaren 15a)[1] gipuzkoar politikaria izan zen. Hainbat aldiz hautatu zuten probintziako ahaldun nagusi, eta Donostiako alkate ere aritu zen hiriburuak bizitako historia garaikideko une oso kritikoetan, bereziki Konbentzioaren Gerran frantses armada iraultzailea Donostian sartzean eta 1813ko Donostiaren suntsipenaren ondoren.

Juan Jose Vicente Mitxelena
Donostiako alkatea

Bizitza
Heriotza Tolosa, ?
Jarduerak
Jarduerak politikaria

Euskal Herria XVIII. mendearen bigarren zatian astintzen zuen foruen eta aduanen gatazkan, bere ahotsa altxa zuen 1766tik 1778ra Espainietako Koroak emandako liberalizazio erregelamenduen kontra eta foruen alde.

JatorriaAldatu

1808ko kontrabandoko epaileak dioenez, Donostian jaiotakoa zen. Aita Juan Mitxelena zuen, Iruritakoa eta 1786. urtean hildakoa; hain zuzen, aberastasun ez gutxi utzi zizkion semeari "1740an hasita hark ingelesen kontrako kortsoan irabazitakoarekin".[1]

Ahaldun nagusi eta inbertsiogileAldatu

1773ko Elgoibarko Batzar Nagusietan ahaldun nagusi hautatu zuten. Hurrengo Segura, Zarautz eta Azkoitiko batzar nagusietan ere berriz hautatu zuten, 1778, 1780 eta 1782an, hurrenez hurren.[2] Une garrantzitsu horretan, Liberalizazio Erregelamendua eman zen (1778). Mitxelena haren aurka azaldu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari zuzendutako gutunean, kontraforutzat hartuz eta Amerikarekiko ezartzen zuen merkataritza harremana gaitzetsiz.[2] Eztabaida bizia izan zuen elkarte horren barruan gai horregatik; izan ere, Antonio Lopeolak eta Juan Jose Zuaznabarrek ez bezala, kontraforutzat zuen orduko sistemari aldaketak egitea, eta itsasotik askatasunez inportatzen ziren produktuak merkeagoak zirela horrela, Gipuzkoan aduana zerga txikiak jartzen baitzitzaizkien bere kontsumorako inportatutako produktuei.[1][oh 1]

1781ean, merkataritzan inbertsioak egin zituen, baina hondoa jo zuen 1783an, eta zorrak eragin zizkion. Hartzekodunak pilatzen zitzaizkion, Banco San Carlosek, bertako batzordekidea ere baitzen, salaketa bat jarri zion berak erositako akzioak ez ordaintzearren: 39.826 erreal eta 16 marabedi zor zizkion. Horregatik, ondasun higiezinak desjabetu zitzaizkion.[1] Kartzelatua ez izateko, Ramon Maria Zurbano koinatuak ordaindu zion fidantza.[1]

Alkatetzaren gorabeherakAldatu

Alkate, eta zigortuaAldatu

Ahaldun nagusi baino lehen, Donostiako alkatetzan hasi zen 1770ean, eta hainbat aldiz harrezkero: 1773, 1783, 1784, eta 1794.[1] 1793ko otsailean, Konbentzioaren Gerra piztu zen eta, 1794ko abuztuaren 4an, frantses armada Donostiaren atarira heldutakoan, Mitxelenak, alkate zela, kapitulazioa eman zuen. Frantses tropen sarrerak hautsak harrotu zituen Espainiako gortean eta Manuel Godoy ministro ahalguztidunean. Basileako Bakearen ondoren (1795), kargugabetu eta Iruñeko Kontseilu Militarrean epaitu zuten.[2]

Ondorioz, 1799an egindako epaiketa militarrean, Donostiatik 20 legoako urruntze agindua ezarri zioten, baita kargu publikorako betiko gaitasungabetu ere.[3] Iñaki Egañak 1800eko urtarrilaren 3ko data ematen du zehazki gaitasungabetze epairako.[3] Auñamendi Entziklopediaren arabera, aldi batez espetxean sartu zuten eta, espetxe zigorra murriztu ondoren, atera egin zen; 1799an, bere eskubideak leheneratu bide zitzaizkion.[2] Aragón Ruanok dio hamar urteko erbestealdia jasan zuela, eta 1808an itzuli zela Donostiara, Iberiar Penintsulako Gerra ("Independentzia Gerra") hasia zela; orduan, Errondo baserrian hartu zuen aterpe. Orduko kontrabandoko epaileak zioen gaitasungabetuta zegoela une horretan merkataritzarako.[1]

Alkate suntsitutako DonostianAldatu

Mitxelenak Errondo baserritik jarraitu zuen 1813ko udako Donostiaren setioa. Indar setiatzaileek hiria suntsitu berritan (1813ko iraila), Cadizko Konstituzioa onartu zen hondamendiaren erdian Donostiako San Bizente elizako meza nagusian egindako ekitaldian (1813ko irailaren 19an); ondoren, bildutako etxe oneko herritarrek udalbatza konstituzional berria aukeratu zuten eta, ondorioz, Mitxelena birgaitua izan zen. Bera eta Pedro Gregorio Iturbe izendatu zituzten alkate.[3]

1814ko maiatzean, ordea, atxilotu egin zuten, Donostiak gerra kuota pagatu ez zuelako, Batzar Nagusiek Donostia birrindua hura ordaintzetik lehenago salbuetsi zuten arren. Mitxelena Francisco Javier Castañosi zuzendu zitzaion, eta ez Álava edo Wellingtoni, beste batzuek ohi zuten bezala, "agindua edo egiten utzitakoa izan den suteak" birrindutako hiria berreraiki eta birgaitzen lagundu zezan.[3]

Argi dago alkate berriak bere burua birgaituta zegoela ulertu zuela; ez, ordea, Gaztelako Kontseiluak; izan ere, Mitxelena kargugabetu zuen 1814ko ekainaren 22an. Mitxelenak ez zuen agindu hori bete, eta uztailaren 6an berriz atxilotu zuten. Errelebua alkatetzan Ramón Francisco Izquierdok hartu zion, gutxi iraun bazuen ere.[3]

OharrakAldatu

  1. Beste bi elkartekide horiek, berriz, Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetako inportazio askea ulertu arren, Espainietako Koroako beste lurraldeetara produktu horiek ateratzeko zituzten problemak nabarmentzen zituzten, tasa gogorrak ezartzen baitzitzaizkien aduana horietan (Ebroko aduanak).

ErreferentziakAldatu

  1. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Aragón Ruano, Álvaro (2017) Motivaciones políticas, comerciales, familiares y personales en torno a la separación de Gipuzkoa durante la Guerra de la convención Fundación para el Estudio del Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia 146-148. or..
  2. a b c d «Michelena Larrainzar, Juan José Vicente de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2019-05-11.
  3. a b c d e Egaña, Iñaki (2012) Donostia 1813 Txertoa 246-247. or. ISBN 978-84-7184-533-5.

Ikus, gaineraAldatu