Artikulu hau ETAkideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Joseba Arregi (argipena)».

Joxe Arregi Izagirre (Zizurkil[1], Gipuzkoa, 1951Madril, Espainia, 1981eko otsailaren 13a) ETAko kidea zen. Espainiako Polizia Nazionalak egindako torturen ondorioz hil zen.

Joxe Arregi Izagirre
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé Ignacio Arregui Izaguirre
JaiotzaZizurkil, 1951
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMadril1981eko otsailaren 13a (29/30 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: tortura
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k)Joseba Arregi

Atxiloketa

aldatu

1981eko otsailaren 4an Brigada Regional de Seguridad Ciudadana poliziako kideek atxilotu zuten Isidro Etxaberekin batera Madrilgo hirigunean. Atxilotu eta Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusira eraman zituzten. Bertan 9 egun eman zituzten, bakartuta, Lege Antiterroristaren aplikazioaz.

Carabanchelen hil zen

aldatu

Hil aurreko egunean Joxe Arregi Carabanchelgo espetxeko ospitalera eraman zuten. Mediku txostenaren arabera, honako zauriak zituen Carabanchelen sartu zenean: «hematomas periorbitales con derrame conjuntival en ojo derecho, diversos hematomas en hombro derecho, caras internas de ambos brazos y piernas, grandes hematomas en ambos glúteos, heridas por quemaduras de segundo grado en plantas de ambos pies». Horrezaz gainera: «estado estuporoso del que se recuperaba paulatinamente, disnea intensa y dolor abdominal difuso sin signos de abdomen agudo». Egin zizkioten erradiografiek «un pulmón relativamente encharcado» zeukala erakutsi zuten.

Carabancheleko ospitalean ziren Iñaki Agirre (ETA (pm)), Xose Lois Fernández González (GRAPO), eta Lois Alonso Riveiro (PCE (r)) preso politikoek Arregirekin egon eta bere lekukotza jasotzeko aukera izan zuten: Gutun batean adierazi zutenez, "oso latza izan da!" esaldiarekin laburbildu omen zuen Joxe Arregik, ziegako lagunei horrela esanda, hamar egun haietan pasatakoa.

Haren egoera ikusita, Carabancheleko zuzendariak ospital zibil batera eramateko agindu zuen, baina ez zen kartzelatik bizirik irten.

Autopsiaren arabera, Joxe Arregiren heriotzaren eragile nagusia bronkoneumonia izan zen. Santi Brouard HASIko presidente eta sendagileak adierazi zuen "bañera" izenez ezagutzen den tortura motak baino ezin zezakeela eragin bronkoneumonia hori[2].

Jose Manuel Blanco, Poliziaren Zuzendari Nagusiak, Arregiren heriotza zabaldu orduko adierazi zuen "atxilotu horri egindako galdeketetan ez zaio inolako tratu txarrik egin"[3]. Handik gutxira dimisioa emango zuen.

Joxe Arregiren gorpuaren argazkiak

aldatu
 

Joxe Arregi torturen ondorioz hil zela are begi bistakoagoa egin zen, pertsona anonimoei esker, bere gorpuari egindako argazkiak komunikabideetan zabaldu zirenean. Argazki haietan torturak eragindako zauri eta ubeldura nabarmenak ikus zitezkeen, hala nola, oinetan zituen erredurak.

Berria egunkariak, 2009ko maiatzaren 24an Igandea gehigarrian argitaratutako Amagoia Gurrutxagak egindako erreportaian [4] [5], argazki haiek Juan Kruz Unzurrunzagak eta Bixente Ameztoik egin zituztela argitu zuen. Zizurkilgo hilerrira joan, bertako depositoan zegoen hilkutxa ireki, eta hantxe bertan egin zituzten argazkiak, gero berriro kutxan sartu aurretik.

Torturaren gaineko auzia

aldatu

Madrilgo Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 73 poliziak hartu zuten parte Joxe Arregiren galdeketetan, Brigadas Regionales eta Central de Informacion taldekoak. Horietako bost atxilotu eta Joxe Arregiren heriotza eragin zuten torturen egile izatea leporatu zieten: Ricardo Sanchez, Juan Antonio Gonzalez, Juan Luis Mendez, Julian Marin Rios eta Juan Antonio Gil. Martxoaren 25ean libre gelditu ziren denak.

Antonio Gil Rubiales eta Julián Marín Ríos polizia kideak baino ez zituzten prozesatu. 1983. urtean epaitu zituzten Madrilgo Auzitegi Probintzialean. Epaiketan, Marinek, Joxe Arregi atxilotu eta galdekatu zuten polizia taldearen buruak, esan zuen "jakina eta ezaguna dela terroristak autolesionatu eta gero tratu txarren aurkako salaketak jartzen dituztela". Epaitegi horrek bi aldiz absolbitu zituen. 1989. urtean Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu egin zituen: hiru hilabeteko atxiloaldia eta bi urtez lanik eta soldatarik gabe Gili, eta hiru hilabeteko atxiloaldia eta hiru urtez lanik eta soldatarik gabe Marini.

Sendagileak ere bai

aldatu

Beste aldetik, Bartzelonako Medikuen Elkargo Ofizialak eta Hego Euskal Herriko berrehun sendagilek Joxe Arregiren zaurien larritasuna estaltzen saiatu ziren lau mediku salatu zituzten, eta Deontologia Batzordearen zigorra eskatu: Santiago Martín Pachón, Estatuko Segurtasuneko Zuzendaritzaren mediku-zerbitzuen burua, Miguel Usieto Arvej, Isidro Alvarez García eta Javier Juan Etreros Huarte doktoreak ziren salatutakoak. Azken hiru horiei torturak estaltzeko txostenak manipulatzea leporatu zieten. Madrileko Medikuen Elkargo Ofizialak ez zuen inolako neurririk hartu mediku horien kontra.

Madrileko Giza Eskubideen aldeko elkarteak ere mediku hauek prozesatzea eskatu zuen, baina zabaldutako prozesamenduko espedientea itxi egin zuen Madrileko 13. instrukzioko epaitegiko Jose Antonio de la Campa epaileak.

Espainiako Barne Ministro Juan Jose Rosonek Santiago Martin Pachon kargutik kendu zuen jendaurreko agerraldi batean, baina kasuaren oihartzuna iraungi zenean, berriro jarri zuen Estatuko Segurtasuneko Zuzendaritzaren zerbitzu medikoen buru, inolako publizitaterik gabe. Izanez ere, Martin Pachon Goi Mailako poliziaren inspektorea ere bazen.

Torturatzaileen geroko ibilbidea

aldatu

Juan Antonio Gil Rubiales 1985ean Iruñean inspektorea zela, kazetariek in fraganti harrapatu zuten kalez jantzitako beste 11 polizirekin batera, manifestazio bateko partaideak beisboleko bate eta katez jipoitzen. Mikel Zabalza hiltzeraino torturatu zutelako beren samina agertzen ari ziren herritarrak jipoitzen, hain zuzen ere.

1992an Madrilgo Brigada de Seguridad Ciudadana delakoan ziharduen, gero Unidad de Intervencion Polizialaren buru izendatu zuten, 2003an Arona (Tenerife) herriko polizia buru eta 2005ean Tenerifeko Probintziako Komisario buru. Gil Rubiales 2008ko uztailaren 7an hil zen Santa Cruz de Tenerifeko bere bulegoan. Estatuaren, militarren eta eliza katolikoaren ohore ofizialekin lurperatu zuten [6].

Auzi honetan kondenatutako beste polizia, Julian Marin Rios, Poliziaren Artezilari Taldearen buru izendatu zuten 1987ko irailean. Orain, Julián Marínek, urteak daramatza Kitoko (Ekuador) Espainiako enbaxadan, «Agregado de Interior» gisa.

Hasieran auzipeturiko beste hiru polizien kasuan, Ricardo Sánchez «Brigada Central de Policía Judicial»-eko inspektore-nagusi zen dagoeneko 92an, eta Juan Luis Mendez Madrilgo «Brigada Provincial de Seguridad Ciudadana»-ko buru 94ean. Juan Antonio González Garcíak ere oso kargu garrantzitsuak izan ditu, eta gaur egun «Comisaría General de la Policía Judicial»-eko burua da [7][8].

Arregiren memorian

aldatu

Zizurkilen herriko plazari Joxe Arregi izena eman zioten 1981ean. 2008ko apirilaren 14an Angeles Lazkano (EAJ) buru zuen Zizurkilgo udalak izena aldatzea erabaki zuen «biktimen sentsibilitateari eraso» egiten ziola argudiatuta. Zinegotzi guztiek bozkatu zuten mozioaren alde, EAJko bost zinegotziek, EAko biek, eta PSE-EE, PP eta Aralar-EB koalizioko banak. Ezker Abertzalea 2007ko udal hauteskundeetan legez kanpo utzi zuten eta ez zuen ordezkaritzarik orduan udalbatzan [9].

Euskal Herrian, Joxe Arregi hil zuteneko eguna gogoratzeko, Torturaren Aurkako Eguna egiten da otsailaren 13an zenbait taldek deituta, ez ezagupen ofizialarekin.

"Oso latza izan da" esaldia, Arregik espetxean lagunei aitortua, bi libututako izenburuan agertu izan da:

Aipamenak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) ARRATIBEL, I.. (2020-02-18). «Gran emoción en el homenaje a Joxe Arregi en Zizurkil» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-02-22).
  2. Punto y Hora, 214. alea, 1981ko otsailaren 19a
  3. Deia, 1981eko otsailaren 14a
  4. Hilobitik atera genuen argazkiak egiteko[Betiko hautsitako esteka] pdf Berria egunkaria
  5. Joxe Arregiren argazkien egia[Betiko hautsitako esteka] Bideoa berria.info
  6. Enterrado con honores oficiales uno de los policías que torturaron a Joxe Arregi gara.net
  7. Joxe Arregiren torturatzaileak gara.net
  8. (Gaztelaniaz) Egaña, Iñaki. (2021-02-12). «El premio por torturar» naiz (Noiz kontsultatua: 2021-02-13).
  9. Arregi eta Gerestari eskainitako plazei izena aldatzea erabaki du Zizurkilgo Udalak[Betiko hautsitako esteka] berria.info
  10. (Gaztelaniaz) «Oso latza izan da - Julen Arzuaga Gumuzio» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-18).
  11. Asurmendi Agirre, Mikel. (2023-09-18). «Gertaera latz baten lekukotza: testigantzen erreka-latsa» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-18).

Kanpo estekak

aldatu