Josefina Markina

filantropoa

Josefina Markina Ugarte (Mallabia, Bizkaia, 1889ko martxoaren 17a[1]Bilbo, Bizkaia 1972ko azaroaren 8a) emakume ongilea izan zen, Mallabia zein Berrizen umeentzako eskolak egiteko lur orubeak eskaini zituena. Esker onez Learreta-Markina izena jarri zitzaien bi eskolei, Josefina beraren eta Nicolas senarraren abizen konbinaketarekin.[2]

Josefina Markina
Bizitza
JaiotzaMallabia1889ko martxoaren 17a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1972ko azaroaren 8a (83 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakfilantropoa

Bizitza aldatu

Mallabiko Ametzaga Jauregian jaio zen, oinordetzan Markinatarrok jasotako XVIII. mendeko eraikin barrokoan.[3] Aita, Jose Maria Markina Ardanza mallabitarra, Estefana Ugarte Asua abadiñarrarekin egon zen ezkonduta lehenengo eta Jorge izan zen haien seme bakarra. Emaztea hil ostean, haren ahizpaordearekin ezkondu zen, Juana Josefa Ugarte Oruemazaga berriztarrarekin.[4]

Josefina bikotearen bigarren alaba izan zen, Benitaren hurrengo. Jasokunde parrokian bataiatu zuten jaio ondorengo biharamunean, Maria Josefa izenarekin, aurrerantzean Josefina izenez ezagutu zuten arren.

Bederatzi hilabeteko zela, Gabon Zahar bezperan aita hil zuten, berriro alkate izendatu bezperatxoan. Heriotza-agiriak jasotzen duen bezala, goizaldean zendu zen Jose Maria Mallabiko euren etxean “heriotza bortitzez eta su-izkiluz eragindako lesioen ondorioz”.[5] Egilea zein izan zen sekula argitzerik lortu ez zen arren, Mallabiko elizbidean harrizko gurutze batek gogora ekartzen du tirokatua izan eta zerraldo jausi zen lekua.[6] Senarra galduta, gogorapenez gain, Mallabira ezerk gutxi lotzen zuen Juana eta Berrizera itzuli zen, bere familiaren jabegokoa zen eliz pareko Etxezurira.[7]

Josefina 1928ko ekainaren 9an, Mallabiko parrokian Nicolas Learreta Acillonarekin[8] ezkondu zen, Arrietan jaio eta Busturian bizi zen itsasgizona. Merkataritza-ontzien kapitaina izateko ikasketak burututa zituela, Huelva eta Sevillako portuetan Itsas-Praktiko lanetan jardun zuen, bere lana porturatu nahi zuten itsasontziez kargotu eta kaian behar bezala eta lekurik egokienean ertzeratzeaz arduratzea zelarik. Bikotea luzaroko urteetan bizi izan zen bertan eta, hangoak amaituta Bilbora itzuli ziren, udaldiak Berriz eta Busturiako etxeetako egonaldiekin tartekatuz.

Herritarren akorduz, hegoaldeko beroetan ohituta-edo, Josefinak sandaliak erabiltzeko ohitura zuen: oinak biluzik eta behatzak bistan izatea ezohikoa zen jaioterri inguruko paraje hotzetan, are gehiago abarkak eta abarketak jaun eta jabe ziren sasoian.[2]

Ondarea aldatu

 
Josefinaren jaiotetxea, Mallabiko Ametzaga jauregia. Goiko aldean bere omenezko izena daramaten herriko eskolak eta hauen frontoia.

Axpe-Arratzola, Berriz, Elorrio, Mallabia eta Zaldibarren ondasun ugariren jabe ziren; bakarrik baserrietan hogeitik gora zeuden haien izenean, guztion lur, larre, baso eta enparauok barne. Odoleko oinordeko zuzenik gabeko familia zen: Jorge neba ezkongabe gazterik hilda, Benita seme-alabarik bakoa, Josefina beste horrenbeste…[2][6]

 
Mallabiko Learreta-Markina ikastetxea

1970 urteko otsailean, Josefina eta Nicolasek emaztearen ondasun tronkalak ziren 4573,61 m²-ko lursaila dohaintzan eskaini zioten Mallabiko udalari, hezkuntza eta kirol erabilpena edukitzeko baldintza bakarrarekin. Berdina egin zuten Berrizko udalarekin. Haiei esker hurrengo urteetan bi udalerrietako eskola-eraikinak eta hauen inguruko kirol-eremuak altxatu ziren.[2]

Otsailaren 7ko datarekin, Mallabiko Udal aktak jasotzen du Udalbatzaren "eskerronik adeitsuena eta zintzoena Nicolas Learreta eta Josefina Markina senar-emazteei beraien keinu handiagatik". Bikotearen eskuzabaltasuna gogoratzeko eta eskerrona erakuste aldera "errekonozimenduzko testigantza ahaztezin gisa" erabakitzen dute eskola-taldeari Learreta-Markina izena emango zaiola, emaileen bi abizenekin osatutakoa hain zuzen.

Josefina Markina Ugarte, Bilboko Lersundi kaleko bere etxean zendu zen eta Berrizko kanposantuan lurperatu zuten.[2]

Aintzatespenak aldatu

Berrizen, eskolak dauden kaleak ere haien izen bera du.

  • Berrizen Learreta-Markina eskola[9]
  • Berrizen Learreta-Markina kalea[9]

Erreferentziak aldatu

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  2. a b c d e González, Estibalitz. (2013). Learreta eta Marquina, bikote ongilea. Drogetenitturri, Ermua eta Mallabiko aldizkaria 216 zk, 10-11 or. ISSN 1133-973X...
  3. r01e00000ff26d4661aa470b88b07821bd8d58380, r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f. (2007-01-10). «Amezaga jauregia» turismoa.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  4. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  5. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  6. a b Elkartea, Euskal Birusa. (2019-03-26). «Drogetenitturri, 276 zenbakia (2019ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  7. Ramos, Jon Ander. Ugalde, Ana Isabel. Gorrotxategi, Mikel. (2013). Berrizko baserriak. Berrizko Udala, 341 or. ISBN 978-84-616-6792-5..
  8. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-08-29).
  9. a b «Learreta-Markina HLHI aren kokapena aurkituko duzu orrialde honetan - Learreta-Markina Eskola» learretamarkinaberriz.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2022-04-28).

Kanpo estekak aldatu