John Napier
John Napier (Neper), Merchistoneko baroia, (Merchiston, Edinburgh, Eskozia, 1550eko otsailaren 1a - Merchiston, 1617ko apirilaren 4a) eskoziar matematikaria izan zen. John Napierrek kalkulu logaritmikoa garatu zuen, biderketa batuketa bihurtzeko balio duena, eta baita zatiketa kenketa, berreketa biderketa eta erroketa zatiketa bihurtzeko ere. Horrela kalkuluak erraztu egiten dira. Aritmetikan, hamartar puntuaren erabilera ere ohiko egin zuen.
John Napier | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | John Napier |
Jaiotza | Merchiston Tower (en) , 1550eko otsailaren 1a |
Herrialdea | Eskoziako Erresuma |
Heriotza | Edinburgo, 1617ko apirilaren 4a (67 urte) (67 urte) |
Hobiratze lekua | St Cuthbert's Church, Edinburgh (en) San Giles katedrala |
Familia | |
Aita | Archibald Napier |
Ama | Janet Bothwell |
Ezkontidea(k) | Agnes Chisholm (en) Elizabeth Stirling (en) (1572 - 1579) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | St Andrews Unibertsitatea (1563 - |
Hizkuntzak | gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | teologoa, matematikaria, astronomoa, fisikaria, asmatzailea eta astrologoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Eskoziako Eliza |
Biografia
aldatuJohn Napier (Neper), Merchistoneko baroia, Merchistonen jaio zen, Edinburghen, Eskozian, 1550eko otsailaren 1ean.
Napierren aita Merchistongo gazteluko sir Archibald Napier izan zen eta bere ama, berriz, Janet Bothwell zen. Amaren aldeko aitona Francis Bothwell, Lord of Session politikaria eta epailea izan zen eta Adam Bothwell, Orkada uharteetako apezpiku izatera heldu zena, Johnen osaba zen, amaren anaia alegia.
13 urte zituen St Andrews Unibertsitatean hasi zenean, Fifen, bertan, urtebete baino gutxiago egon bazen ere. Bere ama denboraldi horretan hil zen. Osaba Adam Bothwellek Johnen aitari semeak Europan zehar bidaiatzeko aholkatu zion eskutzi baten bidez, horrela hobeto heziko zen xedean:
« | Jaun hori, arren eskatzen dizut John Frantziako edo Flandriako eskolara bidaltzeko, etxean ezin baitu ezer onik ikasi.[1] | » |
Aholkua kontuan hartuko zen eta Napierrek Herbeheretan, Frantzian eta Italian zehar bidaiatuko zuen bere heziketa aurrera eramateko.
1571n, Merchistonera itzuli zen eta, hurrengo urtean, Elizabeth Stirlingekin ezkondu zen, berarekin bi seme izan zituelarik. Gartlandeko (Stirling) gaztelu batean bizi izan ziren. Emaztea 1579an hil zitzaion eta, handik gutxira, Napier berriro ezkondu zen; oraingoan Agnes Chisholmekin eta berarekin beste 10 seme-alaba izan zituen.
1608an aita hil zenean, John Merchistongo gaztelura joan zen bizitzera eta bertan hil zen 9 urteren buruan.
Matematikari eginiko ekarpenak
aldatuBere bizitzan zehar, Napierrek kalkuluak sinplifikatzeko tekniken aurkikuntzan interes handia erakutsi zuen. 1570ean bere lehen tratatua idatzi zuen, bertan bere kalkulurako hainbat metodo eraginkor erakusten ditu, notazio errezenak deskribatzen ditu eta ekuazioaren emaitza irudikariaren inguruan aztertzen du. Lan hau ez zen 1838ra arte argitaratu eta, ordurako, ideia hauek gaindituta zituzten beste matematikari batzuk.
Matematika arloan, logaritmoen kontzeptua izan zen zalantzarik gabe bere ekarpenik handiena. Napierrek honen inguruan ikertu zuen 1590 eta 1617 urteetan. 1614an idatzi zuen ideia horren inguruko lehen lana, honen izena Mirifici Logarithmorum Canonis Descriptio zen (Logaritmoen taula miresgarri baten deskribapena). Bertan, triangeluen buruketak ebazteko logaritmoen erabilera azaltzen du eta logaritmoen taula bat ere ematen du. 1619an bere seme Robertek, aita hil ondoren, argitaratu zuen Mirifici Logarithmorum Canonis Constructio (Logaritmoen taula miresgarri baten eraketa) lana, non logaritmoen taularen eraketa nola burutzen den azaltzen duen.
Hasiera batean logaritmoei zenbaki artifizialak izena jarri arren, ondoren, berak jarri zion gaur egun ezagutzen dugun izena, horretarako grekotik datozen logos (proportzio) eta arithmos (zenbakia) hitzak batuz.
Napierren aurkikuntzak berehala eragin handia izan zuen matematika zein astronomian. Bere lanak jarraitzen zituzten aitzindarietako batzuk Henry Briggs eta John Speidell izan ziren. Johannes Keplerrek 1620an argitarapen bat eskaini zion Napierri, bertan logaritmoak Keplerren legeak aurkitzeko ideia nagusiak izan zirela baieztatuz.
Pierre-Simon Laplacen aipu batek Napierren logaritmoen ezarpen eta aurkikuntzari ohorea eta aipamena egin zion:
« | Logaritmoen asmatzeak astronomoen bizitza bikoiztu duela dirudi, hainbat hilabetetako kalkuluen lana egun gutxi batzuetara murriztuz. Pierre-Simon Laplace[2] | » |
Oraingo notazio dezimalaren erabilera izan zen bere beste ekarpenetako bat, nahiz eta eragin zuzena ez izan. Notazio hau ospetsu bihurtu zen Europan zehar bere lan Mirifici Logarithmorum Canonis Constructio-ren hedapenari esker eta, bertan, komaren bidez hamartarren zatia osoarengandik bereizten zen. Egia da ez zela bera izan hau sortu zuena, baina berari esker egin zen ezaguna.
Napierrek kalkuluak errazteko 3 tresna diseinatu zituen, 1617ko bere Rabdologiae lanean deskribatua. Bere lanik garrantzitsuena nepertar abakoa dela esan daiteke, historioako kalkuluak egiteko lehen tresnatzat hartzen delarik.
Teologia
aldatuProtestantismoaren jarraitzaile sutsua zenez, bere bizitza osoa ideia fededunei aurre egiten ibili zen.
Lehen urteetatik Apokalipsiaren ikerketan interesa izan zuen. 1594an Plaine Discovery of the Whole Revelation of Saint John argitaratu zuen, garai hartan eragin handia izan zuen lana izan zena, frantsesera eta alemanera itzuli zuten eta hainbat alditan berrargitaratua izan zen. Bertan, beste hainbat gauzarekin batera, Aita Santua Antikristoa dela azaltzen du eta Eskoziako erregea bere gortetik papista eta ateo guztiak botatzera behartzen du eta, horrez gain, munduaren amaiera aurreikusten du.
Beste zenbait aportazio
aldatuBeste hainbat adar desberdinetako asmatzailea ere izan zen Napier.
Nekazaritzan, lurra ongarritzeko eta belar txarrekin amaitzeko gatzen erabilera aztertu zuen. Sistema eraginkorra zen eta The new order of gooding and manuring all sorts of field land with common salt liburuan zabaldu zuen.
Arkimedesek aurretik zeukan ideia bat hobetuz, torloju hidrauliko bat sortu zuen.
1596an, Secrete inventionis izeneko eskuizkribu bat banatu zuen, bertan erabilera militarrerako izan zitezken 4 makinaren diseinuak zeuden: erasorako gurdi bat, suzko arma eta eguzki-izpiak etsaien ontzietara enfokatzeko izpilu bat (Arkimedesengandik inspiratutako ideia). Napier berak suntsitu zituen makina hauen marrazkiak bera hil baino piska bat lehenago.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.