Joan Nikolas Etxeberria Iturralde

Joan Nikolas Anbrosio Etxeberria Iturralde (Iruñea, 1796ko abenduaren 6a - Elizondo, Baztan, 1845eko maiatzaren 13a) nafar apaiz, itzultzaile eta idazlea izan zen.

Joan Nikolas Etxeberria Iturralde
Bizitza
JaiotzaIruñea1796ko abenduaren 6a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaElizondo1845eko maiatzaren 13a (48 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiza, itzultzailea eta idazlea

Bizitza aldatu

Joan Nikolas Etxeberria Iruñean jaio eta hiri horretako San Joan Bataiatzaile elizan bataiatua izan zen 1796ko abenduaren 6an. Baztandar gurasoak izan zituen: Martin Miguel Etxeberria berroetarra, eta Maria Petra Marciala Iturralde lekaroztarra.[1] Zazpi seme-alabetatik laugarrena izan zen, eta Iruñean sortutako bakarra.[2] Izan ere, Konbentzioaren Gerra zela-eta, Iruñean babes hartzera derrigortua egon zen Etxeberria-Iturralde familia, Berroetako bizitegia utzirik. Nikolasek sei hilabete zituela itzuli ziren Baztanera.

Seguroenik ere, Iruñera itzuli izanen zen eliz-ikasketak burutzera, zenbait urte lehenago Juan Lorenzo Irigoien Iruñeko apezpiku erratzuarrak irekiriko San Migel apaizgaitegira hain zuzen ere. Apaiztu ondoren, Berroetara itzuli zen 1820an, lehentxeago zendu Juan Pedro Goienetxeren postua betetzera, bere auzokoek hala eskaturik. Bertan zortzi bat urte eman ostean, Elizondora igorri zuten 1828ko maiatzean, Santiagoko erretore. 1844an Iruñeko San Zernin elizako erretore izendatu zuten, baina azken postu honetakoak ezin izan zituen bete. ordurako arras eri baitzen. Elizondon hil zen 1845ko maiatzaren 13an.[2]

Lanak aldatu

Gaspar Asteteren kateximaren itzulpen baten egilea izan zen Nikolas Etxeberria: Christau doctrina Aita Gaspar Astetec erderaz escribitua eta orai escuaraz publicatzen duena, cembait gauza aumentaturic, Baztango Valleco Parroco batec cristau fielen instruccionearen deseyuz, Iruñeko Gadearen baitan lehenbizikoz 1826an agertu zena. Zabalkunde handia izan zuen eta, Antonio Pérez Goienaren arabera, zazpi aldiz berragitaratu zen 1852 eta 1895 bitartean. Itzulpen trinkoa da, katetximen ohiko usadioaren arabera, 93 orrialdeko liburua, 8ren tamainakoa, orduan probisorea eta bikario nagusia zen Joaquin Javier Uriz Lasagak 1826ko otsailaren 4ean sinatu baimena eta Frai Jose Jesus eta Mariarena trinitario oinutsaren onespenarekin karrikaratu zena.[2]

Nafarroako Artxibo Orokorreko Bonaparte Ondarean Nikolas Etxeberriaren hiru sermoi daude, hiruak Elizondon predikatutakoak. Lehenbiziko biak San Antonioren egunerako sermoiak dira, 1829an eta 1840an emandakoak, eta hirugarrena, berriz, San Joseren egunerako, 1841ean erabilia izan zena; hona hemen haren zati bat: "Vicitzea munduan ezda dicha, ez da fortuna, ezbada ongui vicitzen. Entenditzen duzue ongui gucioc, vicitzea munduan ezdela dicha, ezdela fortuna ezbada ongui vicitzen? Guizon aberatsac egiten detzaque gustoac, badu bearduen gucia bere bicia pasatzeco, ezditu esperimentatzen pobrezac berequin dacartzan necesidadeac eta egun tristeac. Zorionecoa deituco dugu orrengatic?".

Erreferentziak aldatu

  1. Perez Ollo, Fernando. El autor de un catecismo baztanés. Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, ISSN 0046-435X, 22. urtea, 55. zenbakia, 1990, 33-36. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-19).
  2. a b c Bidador, Joxemiel. Baztango euskal idazleen berri laburra (I). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko urtarrilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-17).

Kanpo estekak aldatu

  • Bidador, Joxemiel Baztango euskal idazleen berri laburra, Euskaldunon Egunkaria, 2000-1-21; 2000-1-28; 2000-2-4; 2000-2-11; 2000-2-18; 2000-2-25, zubitegia.armiarma.eus
  • (Gaztelaniaz) Pérez Ollo, Fernando El autor de un catecismo baztanés, Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, ISSN 0046-435X, 22. urtea, 55. zenbakia, 1990, 33-36. orrialdeak, dialnet.unirioja.es