Giovanni Verga (Catania, Sizilia, 1840ko irailaren 2a - Catania, 1922ko urtarrilaren 27a) italiar idazlea izan zen. Lur-jabe aberats baten semea zen, tradizio liberaleko familia batekoa. Zuzenbide ikasketak egin zituen bere sorterriko Unibertsitatean.

Giovanni Verga

Italiako Erresumako senataria

Bizitza
JaiotzaCatania1840ko irailaren 2a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1861eko martxoaren 17a -  1922ko urtarrilaren 27a)
HeriotzaCatania1922ko urtarrilaren 27a (81 urte)
Heriotza modua: istripu zerebrobaskularra
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Catania (en) Itzuli
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, argazkilaria, gidoilaria, politikaria, prosalaria eta antzerkigilea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
MugimenduaVerismoa
Genero artistikoashort novel (en) Itzuli
eleberria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaateismoa
Alderdi politikoaHistorical Left (en) Itzuli

IMDB: nm0894015 Discogs: 2045727 Edit the value on Wikidata
Giovanni Vergaren Erretore jauna, Lur Entziklopedia Tematikoa-k euskaratutako pasartea
Giovanni Vergaren Erretore jauna, Lur Entziklopedia Tematikoa-k euskaratutako pasartea

Eleberrigile, antzerkigile eta kontakizun laburren idazle gisa nabarmendu zen, eta Italiako verismoaren edo errealismoaren jarraitzaile nagusia izan zen.

Literaturaren alorreko lehen saiakera Amore e patria (1856-1857, Maitasuna eta aberria) eleberriarekin egin zuen, ikasle garaikoa, baina 1861-1862an argitaratu zuen bere lehenengo obra ezaguna, eleberria hau ere: I carbonari della montagna (Mendiko ikazkinak), kontakizun-obra. Obra horretan Foscoloren eta Dumasen eragina antzematen zaio, eta etikari eta politikari buruzko bere pentsamenduak eman zituen aditzera bertan. Bi eleberri horiek eta Sulle lagune (1863, Paduretan) lanak abertzaletasunari buruzko trilogia bat osatzen dute.

1869an Florentziara joan zen, eta handik hiru urtera Milanen hartu zuen bizilekua. Milanen bizi zen garaian hasi zen beste idazle batzuen ideiak ezagutzen, eta sorterrira itzuli zenean murgildu zen literaturaren munduan.

Lehenengo urte haietako obretan erromantizismorako joera eta sentimentalismoa dira ezaugarri nagusiak. Aipagarriak dira, garai honetan, Una peccatrice (1866, Pekataria), idazle gazte batek karrera hasieran bizi dituen gorabeherei buruzko eleberria, eta La storia di una capinera (1871, Moja baten istorioa), Manzoniren eraginpean idatzitako eleberria, moja baten gorabeherak kontatzen dituena.

Horien ondoren behaketa psikologiko sakoneko eta elementu erromantiko ugariz hornituriko lanak eman zituen argitara, Pekataria obran erabilitako eskema beretsuan oinarriturik, adibidez Eva (1873), Tigre reale (1873, Tigre erreala) eta Eros (1875). Vergak berak gerora esan zuenez, dotoretasunaren eta adulterioaren eleberriak izan ziren haiek, eta Zolaren eragina nabarmentzen da bertan; Luigi Capuana siziliar eleberrigilearen laguna izan zen, eta Capuanaren eta frantses naturalisten eragina nabaria da hiru eleberri horietan.

Vergaren oparotasun-aldia

aldatu

Obra haien ondoren trantsizio garai bat bizi izan zuen Vergak. 1874an eman zuen argitara Nedda kontakizuna, eta obra hori hartzen da Vergaren estiloaren heldutasunaren erakusgarritzat. Capuana Italian zabaltzen hasita zegoen naturalismoaren ezaugarriak bereganatzen hasi zen garai hartan Verga. Handik aurrera gero eta indar eta sendotasun handiagoa erakutsi zuen Vergaren estiloak, eta XIX. mende-amaierako europar idazle nagusietakoen mailara eraman zuten maisulanak idatzi zituen: Vita dei campi (1880, Landetako bizitza) eta Novelle rusticane (1883, Siziliako eleberri txikiak) kontakizun laburren saila, I Malavoglia (Zorigaiztokoak, 1881) eta Mastro-don Gesualdo (1889) eleberriak, eta Cavalleria rusticana (1884) antzerki-lana, aurretik Vergak berak Landetako bizitzan jasotako kontakizun labur baten bigarren bertsioa.

Cavalleria rusticana obrak arrakasta handia izan zuen, eta haren bidez hedatu zen verismoa antzerkiaren alorrera; baina aipagarria da Pietro Mascagnik musika jarri ziolarik Italiako musikan berebiziko eragina izan zuen verismo-joerako opera nagusietakoa bihurtu zelako ere.

Zorigaiztokoak (1881) eta Mastro-don Gesualdo (1889) eleberriak Vergak bost liburuz osatu nahi izan zuen ziklo bateko lehenengo bi lanak dira. Egilearen asmoa zen gizarteko maila apalenen bizitzaren deskribapenetik hasi eta eleberriz eleberri maila gorenengoetara iristea, garaituen (i vinti) ideiaren inguruan, aurrerapenetik baztertuta gelditzen diren gizakien ideiaren inguruan.

Ez zuen ziklo osoa idatzi (hurrengo obra, La ducbesa di Leyra, idazten hasi zen baina amaitu gabe utzi zuen), baina bi horiek aski dira Vergaren balioa erakusteko; bertan agertzen dira erregistro aniztasuna erabiltzeko zuen trebetasuna, verismoaren oinarri nagusiak, estilo inpertsonalaren erabilera...

I Malavoglia maisulanean zorigaiztoko familia pobre baten gorabeherak kontatu zituen, eta egileak hitzaurrean aditzera eman zuenez, handinahikeriak pobre zirenak are pobreago nola egin ditzakeen erakutsi nahi izan zuen. Bigarrenean, berriz, nekazari-munduan aberasten ari den diruzale baten istorioa idatzi zuen.

Ezaugarri nagusiak eta eragina

aldatu

Vergak zehaztasun eta zorroztasun handiz idatzi zuen, eta trebetasun handiz adierazi zituen gizakiaren sentipenak. Horrek eman zion, hain zuzen ere, errealismo liriko berezi baten aitzindariaren ospea. Bizitzaren adierazpen errealistak eman zituen, batez ere Siziliako nekazari eta arrantzale pobreen bizitzatik harturiko pasarteen bidez. Siziliako bizitzari buruzko idatziekin Italiako literatura erregionalistaren sortzaile izan zen.

Vergak oso gazterik eman zuen argitara lehen obra, esan bezala, eta hasierako lanekin arrakasta handirik lortu ez zuen arren, gaur egungo kritikariek Italiako eleberrigile nagusitzat hartzen dute. Eragin handia izan zuen Bigarren Mundu Gerra ondoko idazleen belaunaldian, neorrealismoaren garaian; azpimarratzekoa da, besteak beste, Luchino Viscontik Vergaren I Malavoglia eleberrian oinarriturik egin zuen La Terra trema (1948, Lurraren dardara) filma.

Erreferentziak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giovanni Verga