San Nikolas uhartea

Euskal Herriko uhartea
Garraitz» orritik birbideratua)

San Nikolas edo Garraitz Lekeitio aurrean dagoen itsasgorako uhartea da. Lekeitioko udalerriaren aurrean eta Lea ibaiaren ondoan kokatzen da. Uhartea eta Isuntzako hondartza batzen dituen kai txiki bat dago (Lazunarri edo "malekoia"), baina itsasbehera denean bakarrik da erabilgarri. Itsasbeheran, orobat, oinez joan daiteke Mendexako Karraspio hondartzara, uhartea tonbolo bihurturik.

San Nikolas uhartea
Datu orokorrak
Garaiera48 m
Motauharte
Geografia
Map
Koordenatuak43°22′01″N 2°29′42″W / 43.36704°N 2.49504°W / 43.36704; -2.49504
MendikateaOtoioko mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Bizkaiko eskualdeaLea-Artibai
UdalerriaLekeitio

Garraitz uhartearen higadura saihesteko pinuak landatu zituzten. Lekeitioko udalerrian izurrite larriak zeudenean, gaixoak uhartera eramaten zituzten, gainerako bizilagunak ez kutsatzeko.

6,5 hektarea ditu.

Historia

aldatu
 
Garraitz Lekeitioko Talatik
 
Lekeitioko panoramika

1549koak dira uharteko eraikin batzuei buruzko lehenengo aipamen historikoak. Eraikin horiek baseliza modukoak ziren. 1578ko izurrite batek herria jo zuen 9 hilabetez, eta gaixoak uhartera eraman zituzten, lazaretotzat.

Urte batzuk geroago, Aita Solagurenek sortu zuen frantziskotar errekoletoen komentua, eta 1617an lehendabiziko meza egin zuten. Komentuaren alboan txiroentzako eta erromesentzako ospitale txiki bat ere egon zen. Hala ere, 1650ean fraideek azkenean alde egin zuten handik, ur ezagatik eta eguraldi-faktoreengatik. Nikolas deunaren irudia eraman zuten San Joanen baselizara, gaur egungo olatu-hormaren gainaldean. 1795ean suntsitu zuten Konbentzio Gerran. Horren ostean, gotorlekua eraiki zuten, kanoiez hornitua, eta Lehen Karlistaldian ere erabili izan zuten uharte hau.

1746an, Garraitzen eta Isuntzako hondartzaren artean Lazunarri izeneko kaia ("malekoia") eraikitzen hasi ziren, tarteka urpean geldituko zena itsasaldien arabera, hondarrak Karraspiorantz bideratzeko helburuarekin. Urteak aurrera, ubide modukoa zabaldu zuten itsasadarrak "bide normalari" jarraitzeko 1803an. 1840an apurtuta geratu ondoren, 1856an berriro eraiki zuten. Ordutik hona hainbat berriztapen eta konponketa egin behar izan dituzte, itsasoaren gorabeherak direla-eta.

Frantziskotarrei Garraitz uhartea komentua egiteko baimena

aldatu
« Lekeitioko hiribilduko Santa Maria elizako sakristian, mila seiheun eta hamazazpigarren urteko uztailaren zazpigarren egunean, nire aurrean eskribau publikoa eta legezko lekukoak zirela, honako hauek batu zirenː

Alde batetik, hiribilduko kabildoa eta erregimentua, elizakoa zein sekularra.

Elizatik, Likonako Pedro doktorea, Arrasate doktorea, eta Larizko Martin lizentziatua, eliza honetako abade eta parrokoa, Oxinagako abade Nicolas, Kortazarreko abade Sebastian, Arrietako abade Domingo, Oiarbeko abade Domingo, Zerangako abade Juan, guztiak eliza honetako onuradun osoak;

Sekularretik, Uribeko Juan Yarza doktorea, eta Likonako Iñigo Martinez, hiribilduko eta haren aginte-esparruko ohiko alkateak, gura Errege jaunari esker; Beingoleako Hernan Perez eta Nareako Marin, erregidoreak; Oxinagako Juan Perez sindiko fede-emailea, hiribildu honetako prokuradore nagusia, eta Likonako Juan, hiribildu honetako Marinelen Kofradiako arduradunak, guztiak kontzeju honetako justizia eta erregimentua, hiribildu honetako San Nikolas uharteko ermitako patroiak, elizakoak eta sekularrak, behin kabildo bakoitzean batzarrak eginda, ohikoa den bezala gure Jaunaren eta kabildo bien gauzak aztertu eta erabakitzeko.

Beste alde batetik, Sologureneko Juan aita fraidea, Kantabriako probintziako frantziskotar ordenaren ministro probintziala.

Zera esan zuten, guztien artean aztertura eta erabakita zutela hiribildu honetako eta aginte-esparruko uhartean, non San Nikolas ermita baitago, Errekoletoen Erregelako San Frantziskoren erlijioko komentua sortu behar dela eta sortzen dela, zeren eta badirudi hori eginda ordena horretarako ohorea handituko dela, guretzako zerbitzua ere bai eta baita hiribildurako eta haren seme-alabentzako probetxua eta erabilgarritasuna ere.

Kabildoaren eta erregimentuaren aldetik, erabaki zuten uharte horretako ordenari eman behar zaiola eta emateko ermita eta eliza, hiru aldarerekin, hiru zilarrezko kalizekin, albekin, kasullekin, mesa-liburuekin eta meza emateko beharrezko guztiarekin, koruarekin eta sakristiarekin, eta alboko etxea egongelarekin, logelarekin eta bodegarekin, sukaldearekin eta zalditokiarekin, guztiak hormaz eta harriz inguratuak, eta ortu biak eta harrizko hormak, eta eliza-kanpaia eta zukarrezko lanpara eta meza-liburuak eta komentu horren zerbitzurako beste gauza batzuk, idazki honetan zehaztuko ez direnak, luze joko luke-eta.

Hori guztia uharte horretan San Frantzizkoren Ordenako Errekoletoen komentu bat sortu eta egon dadin, eta leku hori erabil dezaten bertan leudekeen fraideek komentu hori sortzeko eta kontserbatzeko beharrezko eta komenigarri zaizkien gauzetarako, betiere baldintza hauen menpeanː

Lehenengo eta behin, komentu hori izan dadila San Nikolas eta San Sebastian izenekoa, orain arte bezala, zeren eta guztiengatik eta batez ere marilenengandik debozio handia baitago beraiengan.

Era berean, ez dadila inoiz komentu horretan ehorzketarik, ezta komentu horretako lehendakariak edo zaindariak eskatu ondoren Aita Santuak edo lehendakariak edo Errege jaunak baimendua bada ere; debeku horretatik kanpo geratzen dira komentukko fraideak eta dohaintzaileak. Arau hau bete ezean, kabildoek, elizakoak zein sekularrak, berreskuratu egingo dituzte komentua eta bertako gauza guztiak, beste ordena bati uzteko edo eurentzat hartzeko edo eurek ongien uste duten helbururako.

Era berean, nahiz eta aurreko ataleko baimenak izan, ez dezatela komentua herrian jarri, salbu eta hiribilduko kabildoak eta erregimentuak onartzen badute. Era berea, egon daitezela komentuan hiribulduko armak, eta berrituak izan ahal daitezela, kabildoek, elizakoak zein sekularrak, hala erabakiz gero.

Era berean, ez dadila egon beste patroirik, kabildoak ez direnik, ezta bigarren kapituluan aipatutako baimenak lotuta ere. Hala izanez gero, komentua kabildoaren eskuetara pasatuko da. Era berean, komentua sortu ahal izateko, ministro probintzialak lor dezala Erregearen eta Gotzaintzako prelatuaren baimena.

Era berean, ez hiribildua, ez kabildo biak ez daitezela derrigortuta egon komentua eraikitzera, ez bada euren borondatez emandako laguntzez eta limosnez.

Era berean, bai orain, bai ondoren debekatuta dagoela Errekoletoen Erregelakoak ez diren fraideak komentuan egotea.

Era berea, uharte horretako komentua utzi behar izatekotan, ez dezatela inolako eskubiderik izan; are gehiago, itzul diezaiotela kabildoari dagoen egoeran (...).

Eta horrela onartu zuten alde biek lekuko hauen aurrean. Errenteriako Juan Bautista, Arronategiko abade Miguel eta Arronategiko Juan, hiribildu honetako eta Bedaronako elizateko auzoak.

Nire aurrean, Portuko Clemente Lopez eskribaua.

»
Lekeitioko Elizak eta herriak frantziskotarrei Garraitz uhartean komentua egiteko baimena eman zieteneko akta, itzulia, 1617ko uztailaren zazpian

[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. (AP-Liburua, 15. zenbakia, "Sentencias del Cabildo" 159-163. orrialdeak)

Bibliografia

aldatu
  • (Gaztelaniaz) La villa de Lequeitio. Francisco de Ocamica. Bizkaiko Aldundia. 1966.

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa