Galadriel (sindarinetik "dizdira distiratsu batekin girlandatsutako dontzeila" bezala itzulia), Tolkienen legendarium ospetsuko pertsonaia bat da, Silmarillion eta Eraztunen Jauna lanetan agertzen dena. Noldor klaneko emakumezko elfo bat da, Finarfin eta Eärwenen alaba eta Finrod, Orodreth, Angrod eta Aegnorren arreba da. Celebrianen ama eta Arwenen amona ere bada.

Galadriel
Legendarium
Argitalpena
SortzaileaJ. R. R. Tolkien
Ageri den obrak
Interpretatzailea
Datu biografikoak
Jaiotza-izenaArtanis eta Nerwen
Sexuaemakumezkoa
Familia
AitaFinarfin
AmaEärwen
Ezkontidea(k)Zeleborn
Seme-alabak
Anai-arrebak
FamiliaHouse of Finwë (en) Itzuli
Bestelakoak
EtsaiakMelkor eta Sauron

Lurralde bat bere kontura gobernatzeko bere nahiak bere senidea zen Fëanorrek Zuhaitzen Aroaren amaieran bultzatutako Erdialdeko Lurralderako erbesteratzera batzera eraman zuen. Han Doriath erresuman bizi izan zen, non Celeborn ezagutu zuen eta beronekin ezkondu zen. Beleriandeko lurrak hondoratu aurretik, Eguzkiaren Lehen Aroaren amaieran gertatu zena, Galadriel Eriadorrera joan zen bere senarrarekin batera eta Lothlorien basoan bizi izan ziren Eguzkiaren Hirugarren Aroa amaitu arte. Han jaso zuen Celebrimborrek elfoentzat sortu zuen hiru botere eraztunetako bat, Nenya izenekoa. Eraztunaren Gerran Eraztunaren Elkarteari bertan babes eman zion, eta, gerra amaitu ondoren, Amanerantz abiatu zen.

Tolkienek pertsonaia Eraztunen Jauna idazten ari zela sortu zuen, eta beranduago Silmarillioneko testuetara ere gehitua izango zen. Bere historiaren eboluzioa Christopher Tolkienek Numenor eta Erdialdeko Lurraldeko Amaitu gabeko ipuinak izeneko lanean zailena eta arazotsuenatzat hartzen du bere bertsio ezberdinen artean "inkoherentzia larriak" izateagatik; lan honetan, gainera, egileak, bere bizitzan zehar Galadrieli buruz idatzitako istorioetakoren batzuk biltzen dira.

Galadriel Eraztunen Jaunaren egokitze ugaritan agertu da, horien artean zenbait joko, 1978an Ralph Bakshiek eginiko marrazki bizidunetako filmea, 1955 eta 1981eko BBC Radio 3 irrati bertsioak eta Peter Jacksonek 2001, 2002 eta 2003an eginiko film trilogia. Bere agerpena eleberria zinera egokitzeko lehen saiakeretan ere programatua zegoen, Morton Grady Zimmermanen gidoi batean oinarritutakoa kasu (1957), edo United Artists enpresak John Boorman zuzendari zuela 1970eko hamarkadan proiektatu zuena.

2022ko Botere Eraztunak saioan pertsonaia berriro agertu zen, Morfydd Clark galestar aktoreak antzeztuta, istorio honetako protagonista gisa.

Deskribapena aldatu

Erdi Noldor eta erdi Teleri den elfo bat da, Vanyar zati bat ere baduen arren bere amona Indisgatik, norengandik bere ile horia heredatu zuen, Tolkienek 1968an idatzi eta ondoren bere seme Christopherrek Erdialdeko Lurralde herriak lanean "Fëanorren marka" izenpean bildu zuen saiakera batek elfoek Valinorreko Bi Zuhaitzen argia Galadrielen ilean nola isladatua geratu zen kontatzen du, baita honek Fëanorri lehen aldiz argi horiek objektu batean gordetzeko aukeran nola pentsarazi zion, ondoren Silmarilak sortuz. Testu honek, gainera, Galadrielek, oso gaztetatik beste batzuen pentsamendua irakurtzeko ahalmena izan zuela kontatzen du, eta Noldor emakumeen artean garaiena bezala deskribatzen du "indartsua gorputzez, buruz eta borondatez", maisuen zein kirolarien pare, baita "Noldorrik handiena bezala ere, agian Fëanor izan ezik, hau baino jakintsuagoa zen arren".

Eraztunen Jauna lanean, Tolkienek Galadrielen beste deskribapen bat ematen du, non bere itxura fisikoari eta bere senar Celeborni buruzko datu gehiago ematen dituen.

« "Oso garaiak ziren, eta dama ez jauna baino txikiagoa, eta eder eta grabeak. Zuriz jantzita zeuden, eta damaren ilea urrezkoa zen eta Celeborn jaunarena zilarrezkoa, luzea eta distiratsua; baina ez zegoen zahartzaro zantzurik eurengan, agian begien sakontasunean izan ezik, hauek lantzak bezain sarkorrak baitziren izarren argitan, eta, aldi berean, sakonak, oroitzapenen putzuak bezala.

Galadrielen ispilua, Eraztunen Jaunan, Tolkienena

»


Etimologia aldatu

Bere izena elfoen hizkuntza primitiboko ÑAL (dizdira) eta RIG (koroa) erroez eta -llê atzizki femeninoaz osatuta dago, gutxi gorabehera ñalatarigellê izango zelarik hasiera batean. Denborarekin, ordea, sindarin hizkuntzaren eboluzio naturala jarraituz Galadriel bihurtu zen. Noldorren quenya hizkuntzan, ordea, Ñaltariellë bilakatu zen, gerora Teleri hirugarren klana Valinorrera iristean haien hizkuntzaren efektuz Altariel bihurtu zelarik.

Zinema aldatu

Peter Jackson zuzendariak zuzendutako Eraztunen Jaunaren trilogiako filmetan, Galadriel pertsonaia Cate Blanchett aktoreak antzeztu zuen. Geroago, Jacksonen zuzendaritzapean burutu zen Hobbita trilogian, Tokienen Hobbita liburuan oinarritua, Blanchettek berriz ere Galadrielena egin zuen hiru filmetan.

Kanpo estekak aldatu