Frantzisko Xabier Agirre
Frantzisko Xabier Matias Agirre Ortés de Belasko (Gasteiz, 1732ko otsailaren 25a – Madril, 1763ko otsailaren 6a) Montehermosoko IV. markesa, arabar aitoren seme ospetsua eta Espainiako Itsas Armadaren tenientea izan zen. Ilustratua, garaiko erakunde askoren partaidea izan zen.
Frantzisko Xabier Agirre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gasteiz, 1732ko otsailaren 25a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1763ko otsailaren 6a (30 urte) |
Familia | |
Aita | Frantzisko Tomas Agirre |
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aristokrata eta marinela |
Kidetza | Historiaren Errege Akademia Real Academia Española |
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Espainiako Itsas Armada |
Gradua | frigate lieutenant (en) |
Biografia
aldatuFrantzizko Xabier Agirreren familia oso ezaguna zen. Aita Frantzisco Tomas Agirre Ayanz, Montehermosoko III. markesa, eta ama Ignazia Ortés de Velasco Munive izan ziren. Ama Peñafloridako kondearen familiakoa zen. Agirretaren zerbitzuak Gaztelako Koroaren alde XV. mendetik ezagutzen dira. Haien arrakasta Maria Antonia Salcedo Txabarriri esker handitu zen, hala ere; Maria Antonia Filipe V.a Espainiakoaren infanteen haur-hezitzailea izan zen eta urte askoan Espainiako erregen semeen heziketaz arduratu zen, batez ere Luis I.a Espainiakoarena. Familia hau Argien Mendean Ilustrazioaren mugimenduarekin oso inplikatuta egon zen.[1]
Frantzisko Xabier hiru anaien zaharrena izan zen. Jaiotzez oso osasun ahula izan zuen. Familiak zuen diruari esker, ikasketa onak izan zituen, batez ere hizkuntzak eta matematika, eta Europan zeharreko bidaiak egin zituen. Ziur aski, familiako harremanak zirela eta, 1750eko irailaren 20an, gero Karlos III.a Espainiakoa izango zenaren Ganberako Erregeren Zaldun titulua eskuratu zuen. Urte berean Historiaren Errege Akademiaren partaidea izendatu zuten. 1752an Espainiako Itsas Armadan sartu zen eta urte pare bat geroago fragata-teniente bilakatu zen. Urte berean Cartagenako eskuadran destinatu zuten. Baina bere osasun txarra zela eta, apenas ez zuen nabigatu eta bere karrera Armadan lasten bukatu zen. 1760ko otsailean Guardia de Corps konpainiara pasatzea eskatu zuen; martxoaren 11an aldaketa eman zioten. 1754an Real Academia Españolaren Ignacio Luzanek hiltzerakoan utzi zuen aulkia, E letrakoa, eskuratu zuen. 1762ko ekainaren 13an San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren partaidea izendatu zuten. Erakunde horietan sartzeko, bere merituak baino gehiago, garrantzitsuago izan zen bere gizarte-posizioa eta ezagunak.
1759ko maiatzaren 20an aita hil zen eta markes titulua eskuratu zuen. Zuzenean haren aitona zen Frantzizko Antonio Agirre Salzedok zituen Bizkaiko patronatuak jaso zituen. Nafarroan, 1760ko martxoaren 26an, Juan Etxabarri, Purroyko baroia, hil zenean,Lizarrako merioren kargua jaso zuen ere bai.[2]
Ezkongabea, 1763ko otsailaren 6an hil zen.
Erretratua
aldatuFrantzizko Xabier Agirreren erretratua 1756an Antonio González Ruiz (1711-1788) margolari nafarrak egin zuen. Gaur egun Nafarroako Museoan erakusten. Margolanean Frantzisko Xabier Agirre Espainiako Armadaren fragatako tenientearen uniformearekin agertzen da.