Frantziako zinema
Frantziako zinema herrialde horretako zinematografia-industriak sortzen du. Frantzia herrialde inportantea izan da zinemaren garapenean, bai entretenimendu arloan eta baita arte arloan ere.

Besteak beste, Lumière, Méliès, Pathé, Gaumont, Renoir, Godard, Truffaut, Besson, Dupontel, Bécaud, Bardot, Belmondo, Polanski, Depardie, Kieslowski eta Binoche abizenak zinemaren historiarekin oso lotuta daude.
Historia
aldatuXIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera
aldatuXIX. mendearen amaieran, zinemaren historiaren hastapenetan, Frantzia aitzindaria izan zen. Lumièretarrak zinematografoaren asmatzaileak izan ziren eta 1895ean Parisen "L'Arrivée d'un train en gare de La Ciotat" proiektatu zutenean, historialari askoren aburuz, zinemagintza jaio zen. Hurrengo urteetan, mundu osoko zinemagileek baliabide berria erabiltzeari ekin zioten. Georges Méliès frantziarrak oso eraginkorra izan zen eta egungo zinema-teknika asko asmatu zituen. Gainera, zientzia-fikziozko lehendabiziko filma egin zuen: 1902ko "Le Voyage dans la Lune" .[1]
Léon Gaumont eta Pathé oso inportanteak ere izan ziren garai haietan. Alice Guy Blaché zinemaren aitzindaria izan zen. 1896an "La Fée aux Choux" filma egin zuenetik, Gaumonten ekoizle nagusi bilakatu zen eta 400 film baino gehiago egin zituen. Gero, Estatu Batuetara joan zen, Maurice Tourneur edo Max Linderrek egin zuten moduan.[2]
Gerrarteko garaian herrialdeko ekoiztetxe nagusiak behea jo arren, izar berriak agertu ziren: Jacques Feyder errealismo poetikoaren aitzindari bilakatu zen,[3] Nouvelle Vague mugimenduaren bide-urratzailea izan zen Sacha Guitry 1935ean egin zuen bere lehen lana, Jean Renoirrek "La Grande Illusion" (1937) edo "La Règle du Jeu" (1939) zuzendu zituen, eta abar.
Bigarren Mundu Gerran, Marcel Carnék "Les Enfants du paradis" grabatu zuen, 1945ean estreinatu zuena. Okupaziopean grabaturik, 1990eko hamarkadaren amaieran 600 kritikari eta zinemagilek "mendeko frantziar filmik onena" hautatu zuten.
IV. Errepublika
aldatuAndré Bazinek sortutako "Cahiers du cinéma" aldizkariari esker, kritikari eta zinemazalek zinemagintzari buruz eztabaidatu eta zinema-teoria modernoa sortu zuten. Bertan idazten zuten kritikari askok- Jean-Luc Godard, François Leront, François Truffaut, Claude Chabrol, eta abar- filmak egiteari ekin eta Nouvelle vague izeneko mugimendua sortu zen. 1960ko "À bout de souffle" (Godardek zuzendua eta Jean-Paul Belmondok antzeztua) edo 1959ko "Les Quatre Cents Coups" (Truffautek zuzendua eta Jean-Pierre Léaudek antzeztua) ospetsu bilakatu ziren. 1959tik 1979ra Truffautek Léauden pertsonaia, Antoine Doinel, garatu zituen hainbat filmetan: "Baisers volés" filmean Christine Darbonez (Claude Jade) maitemindu, "Domicile conjugal" filmean ezkondu eta "L'amour en fuite" filmean banatu zen.
Frantziako Laugarren Errepublikaren tarte hartan (1946-1958), besteak beste, 1948an "Monsieur Vincent" pelikularengatik Maurice Clochek eskuratu zuen Oscar Sari Berezia, eta 1950ean "Au-delà des grilles" eta 1952an "Jeux interdits" René Clémenten filmek Ohorezko Oscar Sariak. 1958an, Jacques Tatik irabazi zuen Oscar saria, atzerriko filmen kategorian, "Mon Oncle" pelikularekin. Halaber, "Le diable au corps" filma ere aipatu daiteke, Claude Autant-Larak egindakoa 1947an.
Urte haien ostean, Oscarren atzerriko filmen zerrendan hauek ditugu: "Les Dimanches de Ville-d'Avray" (Serge Bourguignon, 1962), "Un homme et une femme" (Claude Lelouch, 1966), "Z" (Costa-Gavras, 1969), Le Charme discret de la bourgeoisie (Luis Buñuel, 1972), "La Nuit américaine" (François Truffaut, 1973), "La Vie devant soi" (Moshé Mizrahi, 1977), "Préparez vos mouchoirs" (Bertrand Blier, 1978)
1980ko eta 1990eko hamarkadak
aldatu1981ean Jean-Jacques Beineixek "Diva" grabatu zuenean, Frantziako zinemaren aro berria irteteko pistola-tiroa eman zuen. 1986an Beineixek berak "37°2 le matin", 1988an Luc Bessonek "Le Grand bleu" eta 1990ean "Nikita" eta 1991n Léos Caraxek "Les Amants du Pont-Neuf" grabatu zituzten.
Jean-Pierre Jeunetek 1991n "Delicatessen" eta 1995ean "La Cité des enfants perdus" grabatu eta fantasia-zinema berria sortu zuen.
1990eko hamarkadaren erdialdean, Krzysztof Kieślowskik Frantziako goiburua («Liberté, égalité, fraternité») ardatz duen "Trois couleurs" trilogia grabatu zuen: "Bleu", "Blanc" eta "Rouge", Juliette Binoche aktoresarekin, besteak beste.
1992an, Regis Wargnier-ek atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen "Indochine" filmarekin. 1995ean Mathieu Kassovitzen "La Haine" filmak Vincent Cassel izar bilakatu zen. 1997an Luc Bessonek "Le Cinquième Élément" kultuzko film grabatu zuen.
Bertze film aipagarri batzuen artean, "Cyrano de Bergerac" (Jean-Paul Rappeneau, 1990; Gérard Depardieu aktore lanetan), "Les Visiteurs" (Jean-Marie Poiré, 1993, bertzeak bertze Jean Reno aktorearekin) eta "La Reine Margot" dugu (Patrice Chéreau, 1994; Isabelle Adjanirekin aktore lanetan).
XXI. mendea
aldatu2001ean, Hollywooden lan egin ondoren, Jeunetek jaioterrira itzuli eta "Amélie" (Audrey Tautouk eta Mathieu Kassovitzek antzeztua) grabatu zuen.[4]
2002an, Roman Polańskik pelikula onenaren Oscar saria erdietsi zuen The Pianistekin.
2004an oihartzun handia izan zuen "Les choristes" pelikulak, Christophe Barratier-ena.
2007an, "La Vie en rose" egin zuen Olivier Dahanek, Édith Piaf abeslariaren bizitzari buruz.
Xavier Beauvoisek 2010ean "Des hommes et des dieux", hurrengo urtean Olivier Nakachek eta Éric Toledanok "Intouchables",[5]
2012an "Amour" aurkeztu zuen Michael Hanekek, Frantzia, Austria eta Alemaniaren arteko koprodukzioa.
2013an Abdellatif Kechichek "La Vie d'Adèle" (Adèle Exarchopoulosek eta Léa Seydouxek antzeztua) eta 2014an Éric Lartigauk "La Famille Bélier" filmak grabatu eta arrakasta handiak lortu zituzten.
Aktore ezagunak
aldatuIkus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Sadoul, G.. (1972). Historia general del cine. Mexiko Hiria: Siglo XIX.
- ↑ Abel, Richard. The Ciné Goes to Town: French Cinema 1896–1914. .
- ↑ Paredes, Israel. (2009-9-19). Realismo poético / Nouvelle Vague. .
- ↑ «Luc Besson, un francés a lo Hollywood» La Prensa 2014-9-12.
- ↑ Rtl.fr. (2011-11-25). "Intouchables" devient le film le plus vu de l'année !. .