Nouvelle Vague
La Nouvelle Vague (euskaraz, Uhin Berria) 1950eko hamarkadaren bukaeratik 1960ko hamarkadaren amaiera arte Frantzian garatu zen zinema-mugimendua izan zen, aurreko hamarkadetan nagusi izan zen frantses zinemari gailendu zitzaiona bereziki. Zinema independente eta autore-zinema moduan hasi zen, Claude Chabrol, Jacques Rivette, François Truffaut, Éric Rohmer, Alain Resnais, Agnès Varda, Jean Eustache eta Jean-Luc Godard zinemagileak osaturik. Joera horretako film aitzindariak Le Coup du berger (Jacques Rivette, 1956) eta Le beau Serge (Claude Chabrol, 1959) izan ziren.[1]
Italiar neorrealismoak, Film noir-ek, Hollywoodeko klasikoak, errealismo poetikoak, existentzialismoak eta Alfred Hitchcock-ek eragina eduki zuten mugimendu berri honen sorreran.
Hastapena
aldatu1957ko urriaren 3ko L’Express astekari frantsesean, Francoise Giroud kazetariak garai hartako fenomeno soziologikoei buruzko ikerketa bat plazaratu zuen eta Nouvelle Vague terminoa orduan agertu zen lehen aldiz. Urte bat beranduago, Pierre Brillard kazetari eta kritikoak berriro erabili bazuen ere, 1959an bilakatu zen berariaz zinemarako termino.[2] Urte hartan banatutako filmak izendatzeko erabili zen, bereziki zuzendari berriek Cannesko Zinemaldian aurkeztutako lanak aipatzean.[3] Bi pelikula nabarmendu ziren orduan, Nouvelle Vague-aren izaera lau haizetara zabaldu zutenak: François Truffaut-k zuzendari onenaren saria irabazi zuen Laurehun kolpeak pelikularekin eta Alain Resnais-k ere, arrakasta handia lortu zuen Hiroshima Mon Amour obrari esker.
Claude Chabrol-en Le Beau Serge hartzen da mugimendu honen aurreneko pelikulatzat, nahiz eta berez, abiapuntua Jacques Rivetten 1956ko Le Coup Du Berger laburmetrailan kokatu daitekeen.
Mugimendua ez da zinemaren inguruko bilaketa luze baten emaitza, baizik eta garai bateko hainbat zuzendari gazteren arteko topaketaren berehalako fruitu. Kontestu historikoaren eta martxan jarri ziren hainbat mugimendu sozialen adierazpidea izan zen: ikasle iraultzak, Algeriako gerra, emakumearen askapen mugimenduak edota Hogeitamar Loriotsuak garairen hastapenak adibidez. La Cinematheque zentroak eta bereziki, André Bazin zine-kritikoaren Cahiers du cinéma aldizkariak eragin handia izan zuten, izan ere, zinema ulertu eta kritikarako eskola bihurtu ziren laster kamara hartzea erabakiko zutenentzat. Zinegile gehienak bertan idazle eta kritikari lanetan ibili ziren, ondoren gidoigile eta azkenik zuzendari paperean jardun aurretik.[4]
Gauzak horrela, Nouvelle Vague-ari buruz ari garenean, zinema egiteko teknika berri eta iraultzaileez gain, ez dira hori osatu zuten zuzendariak ahaztu behar. Nagusiki, François Truffaut, Éric Rohmer, Agnès Varda, Jean Eustache, Jacques Rivette, Claude Chabrol eta Jean-Luc Godard.
Horiekin batera beste zinegile olatu bat nabarmendu zen, “Rive gauche” izenekoa. Denboraren joan ahala, Nouvelle Vague-aren etiketapean kokatu badira ere, teorikoki abangoardistagoak ziren zuzendariak bereizi ziren, hala nola, Alain Resnais, Chris Marker, Jacques Demy edo Marguerite Duras eta Alain Robbe-Grillet idazleak. Horien zinema erretorikoagoa, lirikoagoa eta landuagoa dela esan daiteke Nouvelle Vague mugimenduaren bihotzean zeuden beste zuzendariekin konparatuz. [3]
Ezaugarriak
aldatuNouvelle Vague mugimenduaren bultzatzaile izan ziren zuzendari gazteek oinarri kultural zinematografiko garrantzitsua zeukaten, La Cinematheque eta Zine Eskola ezberdinetan ikasitakoaren ondorio. Cahiers du Cinéma aldizkarian aritu izanak zinema estiloa asko markatu zien, oso zinefiloak ziren. Izan ere, zinema klasikoaren ezagutza handia zeukaten eta euren pelikulak beraientzako erreferentzia nagusi izan ziren zuzendari, idazle edo lanei lotutako keinuz beteta daude. Howard Hawks, John Ford edo Alfred Hitchcock bezalako zuzendarien zine berritzailea babesten zuten, baita Jean Renoir, Roberto Rossellini edo Robert Bresson-en zinema errealista eta bisuala ere. Orson Welles-en zinemaren zale zirela aitortu zuten ere eta gauzak horrela, prestaketa teorikoak eta berritzeko nahiak muntaiaren garrantzia eta kameraren begiradaren indarra deskubritzera eraman zituen. Horrez gain, ikuspuntu formal batetik, pelikulak lehen pertsonan eginak zirela esan daiteke. Zinegilearen erreferentzia edo hautu formalak azpimarratzen dira eta bere hausnarketa zein barne gogoetak plazaratzen dira. Zuzendari berri hauentzat, nolabaiteko autoezagutza pertsonalerako tresna zen zinema. Nouvelle Vague-eko zinegileak izan ziren zuzendariaren figuraren garrantzia azpimarratzen, ordura arte pelikula batean produktorearen izena gailentzen zen.
Tematikoki, Hollywoodeko zinema klasikoarekin apurtzen duten gaiak bistaratzen dira, gai moral eta ideologikoek hartzen dute protagonismoa, besteak beste, oroimenak, bizi baldintzek eta burgesiaren aurkako kritikek. Gai aldaketak narrazio eta formalizazio berri bat behar zuela defenditzen zuten, pelikula bat politikoa izango bazen formen aldetik ere hala izan behar zela alegia, apurtua eta pertsonalagoa. Filmetako pertsonaiak ere logika berarekin eraikitzen ziren, Hollywoodeko zinemak pantailaratzen zituen heroiak ukatu eta nolabait, bizitzan galduta zeuden antiheroien aldeko apustua egin baitzuten. Orokorrean zinema klasikoan istorio bat kontatzea bazen helburu Nouvelle Vague-ak errealitate gordinagoa erakustea zuen xedeetako bat.
Alternatiba estetiko eta edukiaren aldaketaz gain, Nouvelle Vague-ak ekarri zuena produzitzeko era berri bat izan zen ere. Berrikuntza teknikoek eragin zuzena izan zuten korronte honek planteatzen zuena aurrera eramateko. Kamera arinago eta sofistikatuagoek adibidez, lokalizazio naturaletan kamera sorbalda gainetan jarrita grabatzeko aukera eman zuten, argi artifizial, estudio eta eszenografia handien beharrik gabe eta axolagabetasun formala bultzatuz. Horrek errodajearen denbora eta ekipo teknikoaren beharra murriztu zituen. Filmatzeko modu berriek zein planteatutako gaiek aktore izar handirik gabe grabatzea eskatzen zuten eta inprobisazioan oinarritutako aktore gazteen lanak hartu zuen protagonismoa. [5]
Jarraikortasunik gabeko muntaiak garrantzia hartu zuen, planoen ordena nahastua eta plano luzeen erabilerarekin batera. Hausnarketa bat planteatu eta errealitatearen ahalik eta ordezkapen zehatzena bilatzen zen helburu. Gehien erabilitako planoak, plano zehatzak, plano pikatu zein kontrapikatuak eta plano sekuentzia luzeak ziren. Erabiltzen ziren kamera mugimenduak irudiari askatasun eta errealitatea eman nahi zion. Panoramikak eszena osoa bistaratzea ahalbidetu zuen, elementu eta eszena guztiak identifikatzeko aukera emanez, eta travellingak ikuslea filmera hurbildu eta bertara sartzeko balio zuen.
Beste aldaketa teknologiko garrantzitsu bat magnetofonoaren agerpena izan zen. Izan ere, horri esker zuzeneko ahotsa grabatzeko aukerak zabaldu zituen eta horrek soinu ezberdin gehiago grabatzeko askatasun gehiago eman zuen, aktoreen hitzak eta giro soinua ere. Horrez gain, soinuarekin jarraituz, Off ahotsaren erabilpena beste ezaugarrietako bat da, ikuslea hunkitzeko erabiltzen zen narrazio bide.
Pelikula nagusiak
aldatu- Le Beau Serge (1958), Claude Chabrol.
- Les 400 coups (1959), François Truffaut.
- Hiroshima mon amour (1959), Alain Resnais.
- A bout de souffle (1960), Jean-Luc Godard.
- Paris nous appartient (1961), Jacques Rivette.
- Jules et Jim (1961), François Truffaut.
- Lola (1961), Jacques Demy
- Cléo de 5 à 7 (1962), Agnès Varda.
- Les carabiniers (1963), Jean-Luc Godard.
- Pierrot Le fou (1965), Jean-Luc Godard.
- La collectionneuse (1967) de Eric Rohmer.
- Ma nuit chez Maud (1969), Eric Rohmer.
- La Maman et la Putain (1973), Jean Eustache.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Le Beau Serge de Claude Chabrol (1958) - Analyse et critique du film - DVDClassik» www.dvdclassik.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) ««Nouvelle vague», el movimiento que dio origen a los cines nacionales» La Voz de Galicia 2009-01-22 (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
- ↑ a b «Le cinéma français des années 60 : La nouvelle vague et les autres» www.cineclubdecaen.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
- ↑ «La Nouvelle Vague» www.popthing.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
- ↑ «Une histoire du cinéma : La nouvelle vague» www.cineclubdecaen.com (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Ingelesez)(Frantsesez)(Gaztelaniaz)(Italieraz)(Alemanez)"New Wave Film" webgunea.
Artikulu hau zinemari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |