Uskal-Herriko Gaseta

euskara hutsean idatzi zen lehen aldizkaria

Uskal-Herriko Gaseta edo Uscal-Herrico Gaseta euskaraz argitaratu zen lehen aldizkaria izan zen, 1848ko ekainean sortua Agosti Xahoren zuzendaritzapean. Euskal idazleak Ipar Euskal Herrian zehar zabaldu zuen aldizkaria, bertako euskaldunengana iritsi zedin. Ziur asko aldizkariak ez zuen asko iraun, egun haren bi ale baino ez baitira ezagutzen. Ariel aldizkariaren euskal bertsio bezala sortu zela ere jakina daː horregatik izan zituen hainbeste etsai.[1] Xahoren proiektuak eztabaida sutsuak sortu zituen eta kritika gogorrak pairatu behar izan zituen ezkertiar zein eskuindarrengandik, bereziki, aldizkari iraultzailea izateaz gain, euskaraz idazteagatik. Fermin Arkotxa ikerlariaren hitzetan:[1]

Uskal-Herriko Gaseta
MotaAldizkaria
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
Argitaratze lekuaBaiona
Banaketa
Banatze-eremuaIpar Euskal Herria
SalneurriaZazpi libera
Historia
IdeologiaErrepublikanismoa
Euskaltzaletasuna
SortzaileaAgosti Xaho
« Gutun anonimoak agertu ziren, bereziki Baionako burgesia erregetiarraren egunkarietan. Leporatzen zioten ‘eroa’ zela eta Euskal Herriko ‘gizarte ordena’ irauli nahi zuela. Baina barkatzen ez ziotena zera zen: bere ideia iraultzaileak euskaldunen artean zabaldu nahi izatea. »

—Fermin Arkotxa


Frantziarren gaitzespen eta irain bortitzak jasan behar izan zituen egunkariak, euskaraz idazte hutsagatik, baina, hala ere, azken alean honako galdera interesgarri hau planteatu zuen euskal gizartearen etorkizunari buruz:[1]

« Nork oihu eginen du (...) Biba independentzia! Biba errepublika! Biba Eskual Herria? »

Agosti Xaho

Xahok lehen euskarazko aldizkaria argitaratu zuenean atera zen argitara garaiko euskararen egoera. Euskalki ugari mintzatzen zirenez eta, gainera, denak ere oso desberdinak zirenez, Xaho euskara batuaren beharraz jabetu zen, idatzita utzi zituen zenbait hausnarketatan ikusten den moduan. Horretaz gain, idazle zuberotarra politikan zebilenez, aldizkari hau baliatu zuen euskaldunen botoa lortzeko, gordeta dugun lehen alean ikus daitekeen bezala.[2]

Agosti Xahoren euskara hutseko lehen aldizkari hau ez zen oso iraunkorra izan; hala ere, eragin nabarmena izan zuen euskal gizartean. Iparraldeko apaizek berehala erantzun zioten mugimendu honi, Almanaka Xuriak argitaratuz. Hauek ipuinak, laborarientzako aholkuak, efemerideak, erlijio-kontuak eta anekdotak biltzen zituzten urtekariak ziren, euskaraz idatziak.[2]

Uskal-Herriko Gaseta aldizkariaren lehen alea, egun dakigunaren arabera, lau orrialdez osaturikoa da, azala barne. Azalaren goialdean Ariel aldizkariaren logoa dugu, zuri-beltzean tamaina handiarekin. Honen alboetan zehazten dira aldizkariaren erredaktorea eta inprimatzailearen izenak, prezioa adierazteaz gain. Ale bakoitzak zazpi libera balio zituen eta astero argitaratzen omen zen, bertan dioenaren arabera. Orrialde horretan bertan Xahok sarrera bat egiten du, aldizkaria sortu izanaren arrazoiak azaltzeko eta Arielen zein Errepublikaren inguruko azalpenak emateko. Gainerako orrialde guztiak bi zutabetan antolaturik daude. Bigarren orrialdearen zutabe bat "Laborari baten letra" atalak hartzen du; bestea, berriz, "Zer da berri?", garaiko albisteak kontatzeaz arduratzen zen atalak. Iparraldeko berriak dira, azken egunetako afera edo gertakarien ingurukoak, besteak beste. Hirugarren orrialdean, ordea, badago beste atal bat Hego Euskal Herriko euskaldunei zuzendua, zeinetan Elisabet Bigarrenaren inguruko berriak ematen diren. Xahok Espainiako erregina gaitzesten du eta laugarren orrialdearen hasieran euskaldunei erregimenari kontra egitea eskatzen die. Azken orrialde horretan uztailerako almanaka dago, Parisko gertakizun odoltsuei buruzko idatzi batez gain. Irakurleak aldizkariari lagundu nahi izanez gero, dohaintzak nola egin ditzakeen azalduz amaitzen da alea.[3]

Bigarren aleak ere lehenaren luzera bera du, betiere aurkitu diren orrialdeak eta aleak kontutan hartuta. Ale honen azala ez da lehenaren berdina, antzekoa bada ere, logoaren alboan data frantsesez idatzia du eta Ariel aldizkariaren gehigarri bat dela jakinarazten digu. Argitalpen-periodoari eta salneurriari dagokionean, ez dago aldaketarik. Oraingoan hauteskundeei buruz hitz egiten ematen dio hasiera aldizkariari Xahok. Ale honetan ere zenbait ataletan banatuta daude zutabeak, lehena da luzeena, orrialde oso bat hartzen baitu. Atal honen bidez idazleak apaiz bati erantzun nahi dio, publikoki euskaldunak lekuko dituela. Hurrengo orrialdean abisu bat eta Frantziako albisteak topatu ditzakegu, besteak beste. Azkenekoan, Espainiako berriak ageri dira eta Altza jeneral karlistaren fusilamenduaren berri ematen da, idazleak sutsuki gaitzesten duen gertaera dugu hori. Otoitz bat, agorrilerako almanaka eta mareei buruzko informazioa ere ageri dira, lehen atalean dagoen dohaintza egiteko azalpenarekin batera.[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c «Uscal-Herrico Gaseta: Biba Independentzia!» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-04-11).
  2. a b «Euskal Herriko prentsa» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-11).
  3. a b (Frantsesez) «Ariel. Uscal-herrico gaseta / redactore, Augustin Chaho ; P. Lespesen, imprimerian» Gallica 1848-06-30 (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).

Kanpo estekak

aldatu