Eugenio Aviraneta
Eugenio Aviraneta Ibargoyen (Madril, 1792ko azaroaren 13a – Madril, 1872ko otsailaren 8a) euskal jatorriko espainiar politikari liberala izan zen.[1]
Eugenio Aviraneta | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Madril, 1792ko azaroaren 13a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Madril, 1872ko otsailaren 8a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Karlistaldia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Alderdi Progresista |
Bizitza
aldatuEugenio Aviraneta Ibargoyen Madrilen jaio zen 1792ko azaroaren 13an. Guraso gipuzkoarrak zituen, ama Irungoa eta aita Bergarakoa. Irunen eman zuen haurtzaroa, amaren aldeko osaba batengana joan baitzen frantsesa eta merkataritza ikastera.[2] Iberiar Penintsulako Gerran, Merino apaizaren gerrillan sartu zen. Geroago, Juan Martín Díez Empecinado-aren gerrillarekin egin zuen bat, ez zuelako Burgosko apaiz ezin atzerakoiagoa eraman.
Gerra amaitzean, erbesteratu egin behar izan zuen beste liberal batzuekin batera, eta munduan zehar eraman zuen abentura hasi zuen orduan. Habanan, New Orleansen, Gibraltarren eta Tangerren izan zen, besteak beste.
Hirurteko Liberalean Espainiara itzuli zen, eta gerrilla errealisten aurka borrokatu zen, gobernu moderatuen aurkako konspiraziotan zebilen bitartean. Hiriz hiri ibiltzen zen, giro erradikalak nahasi eta, harrapatu baino lehen, ihes eginez. Ez zuen beti hori lortzen ordea. Madrilen, Zaragozan, Bartzelonan eta Cartagenan ibili zen, adibidez, bere konspirazioak prestatzen. Absolutismoa berrezartzean erbestera jo behar izan zuen berriro.
Bere konspirazioek Lehen Karlistaldian jo zuten gailurra. Espioitza eta intoxikazio lanetan ibili zen, karlismoaren barruko sektoreen artean mesfidantza erein nahian. Horretarako, zurrumurruak eta gezurrezko agiriak zabaldu zituen, ofizialen artean zatiketak eta soldaduen artean etsipena sortuz. Artxibo handi bat ere eratu zuen ("Simancas" deitu zuena), jeneralek elkarri traizioak eta porrotak leporatzen zizkioten gezurrezko agiriak bilduz. Don Karlos erregegaia bahitzeko egitasmo bat prestatu zuen, halaber, baina ez zuen bere asmoa lortu.
Oso zaila da Aviranetaren konspirazioen eragina neurtzea, baina argi dago Bergarako Hitzarmena ekarri zuen karlisten arteko zatiketa behintzat lortu zuela. Esku-paper batzuk argitaratu zituen karlisten porrotean izandako garrantzia aldarrikatuz, baina haren jarduerek ez zuten inoiz onarpen ofizialik izan.
Hurrengo urteetan espetxealdiak, deportazioak eta erbestea jasan zituen. 1851n intendente militar izendatu zuten, baina Biurteko Aurrerakoian espetxeratu egin zuten berriro ere. Madrilen hil zen 1872ko otsailaren 8an.
Eugenio Aviranetaren jarduera gehienak ezkutukoak izanik, haren biografia historiaren eta literaturaren artean banatzen da. Pío Barojak 22 alez osatutako eleberri sorta argitaratu zuen hari buruz, Aviraneta o la vida de un conspirador izenburupean.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
- ↑ Estornés Zubizarreta, Idoia. Aviraneta e Ibargoyen, Eugenio. aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2024-12-26).
- ↑ Caro, Carmen. Eugenio de Aviraneta e Ibargoyen. dbe.rah.es (kontsulta data: 2024-12-26).
Kanpo estekak
aldatu- Eugenio Abiraneta, CC-BY-SA, Gipuzkoakultura. Zumalakarregi Museoa, zm.gipuzkoakultura.net.
- Aviraneta Ibargoyen, Eugenio: Memoria dirigida al Gobierno español sobre los planes y operaciones puestos en ejecución para aniquilar la rebelión en las provincias del norte de España, Atzo atzokoa, Gipuzkoakultura, atzoatzokoa.gipuzkoakultura.net.