Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Eszeptizismo zientifiko»

Eszeptizismoa oro har onartutako baieztapenen aurrean zalantza eta sinesgaiztasuna izan behar direla aldarrikatzen duen jarrera filosofikoa da. Eszeptizismoaren jarrera duen pertsona bati eszeptikoa dela deritzo. Formalki, eszeptizismoa filosofian jorratzen da, bereziki epistemologian. Modu informalagoan, eszeptizismoa edozein gairi aplika dakioke, hala nola politikari, erlijioari edo sasizientziari. Askotan esparru zehatzetan aplikatzen da, hala nola moralean (eszeptizismo morala), teismoan (Jainkoaren existentziari buruzko eszeptizismoa) edo naturaz gaindiko gaietan.

Rene Descartes

Beste aldetik, eszeptizismoak gaur egungo gizarte-mugimendu batzuk inspiratu dituela esan daiteke. Eszeptizismo erlijiosoak oinarrizko printzipio erlijiosoak zalantzan jartzearen alde egiten du, besteak beste hilezkortasuna, probidentzia eta errebelazioa. Eszeptizismo zientifikoak ebidentziak babesten ez duen informazio guztia zalantzan jartzea eskatzen du, eta, horregatik, teorien egiazkotasuna zientifikoki aztertzen du metodo zientifikoaren bidez ikerketa sistematiko bat eginez, horien aldeko froga enpirikorik ba ote dagoen jakiteko.

Definizioa

aldatu

Erabilera arruntean, honako hauek aipa daitezke:

1- Zalantzazko jarrera edo sinesgogortasunerako jarrera, dela oro har, dela gai jakin batekiko.

2- Egiazko ezagutza edo ezagutza partikularren bat zalantzazkoa dela dioen doktrina.

3- Judizio etenaren metodoa (prozesu kognitiboa eta egoera mental arrazionala da, non epaiketak atxikitzen diren, bereziki ondorio moral edo etikoak ateratzeari buruz) eszeptikoen bereizgarria den zalantza sistematikoa edo kritikoa (Merriam-Webster).

Filosofian, eszeptizismoa izan daiteke:

1- Ikerketa modu bat non azterketa kritikoa, zuhurtzia eta zorroztasun intelektuala azpimarratzen diren.

2- Zalantza sistematikoaren eta etengabeko egiaztapenaren bidez ezagutza lortzeko metodo bat.

3- Giza ezagutzaren mugei eta muga horiei erantzun egokia emateari buruzko baieztapenen multzoa.

Eszeptizismo motak

aldatu

Eszeptizismo filosofikoa

aldatu
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Descartesen zalantza metodikoa azaltzen duen bideoa.

Filosofian eszeptizismoa ezagutzaren teoria bat da, egia existitzen ez dela baieztatzen duena, edo, existitzen bada, gizakia ez dela hura ezagutzeko gai esaten duena. Termino hori "ezer baieztatzen ez duten" eskola filosofikoko kideak izendatzeko erabili zen, kide hauek hausnarketan geratzen ziren beren iritzia eman gabe, ezer onartuz ezta ukatuz ere.

Eszeptizismoa negazionismotik bereizten da baieztapenei ebidentzia objektiboa eskatzeagatik; ebidentzia hori egonez gero, onartu egiten da, eta negazionismoak ebidentziak zalantzan jartzen edo baztertzen ditu.

Eszeptizismo morala

aldatu

Eszeptizismo morala teoria metaetiko mota  bat da, eta haren jarraitzaleek  inork ez duela inolako ezagutza moralik defendatzen dute.   Eszeptiko moral askok, haratago joanez, ezagutza morala ezinezkoa dela esaten dute. Eszeptizismo moralak, bereziki, errealismo moralaren aurka egingo du (egia moral objektiboak daudela eta ezagut daitezkeela dioen ikuspegia).

Eszeptizismo moralaren defendatzaile batzuk honako hauek dira: Pirron, Enesidemo, David Hume, J.L. Mackie (1977), Max Stirner, Friedrich Nietzsche, Richard Joyce (2001), Michael Ruse, Joshua Greene, Richard Garner, eta James Flynn psikologoa. Zorrotz hitz eginez, Gilbert Harmanek (1975) nolabaiteko erlatibismo morala defendatzen du, ez eszeptizismo morala. Hala ere, gaur egungo eszeptiko moral batzuengan eragina izan du.

Eszeptizismo zientifikoa

aldatu

Eszeptizismo zientifikoa (edo enpirikoa) ezagutza zientifikoan oinarritutako sinesmenak zalantzan jartzen dituena da. Zientzialari gehienek, eszeptiko zientifikoak izanik, baieztapen mota jakin batzuen egiazkotasuna frogatzen dute metodo zientifikoaren bidez ikerketa sistematiko bat egitean. Ondorioz, baieztapen batzuk sasizientzia gisa hartzen dira, metodo zientifikoaren funtsezko alderdiak modu desegokian aplikatzen dituztelako edo alde batera uzten dituztelako. Eszeptizismo zientifikoak behaketa hautemangarrietatik kanpo dauden eta, beraz, faltsugarritasun/froga enpiriko sistematikoaren eremutik kanpo dauden gauzei dagozkien sinesmenak baztertu ditzake.

Eszeptizismo erlijiosoa

aldatu

Eszeptizismo erlijiosoak, oro har, sinesmen edo baieztapen erlijioso jakin batzuk zalantzan jartzeari egiten dio erreferentzia.  Historikoki, eszeptizismo erlijiosoa Sokratesekin lotu izan da, garaiko adierazpen erlijioso asko zalantzan jarri baitzituen. Eszeptizismo erlijioso modernoak, normalean, arreta handiagoa jartzen du metodo zientifiko eta historikoetan edo ebidentzian. Michael Shermerrek esan zuen bezala, eszeptizismo erlijiosoa  egia deskubritzeko prozesu bat da, eta ez  errefusatze hutsa. Horregatik, eszeptiko erlijioso batek garai jakin batean Jesus existitu zela pentsa lezake, baina aldi berean, Mesias izan zela edo mirariak egin zituela dioten baieztapenak zalantzan jar ditzake. Eszeptizismo erlijiosoa eta ateismoa edo agnostizismoa ez dira gauza bera, nahiz eta askotan erlijioarekiko eta teologiarekiko (adibidez, ahalguztiduntasunarekiko) jarrera eszeptikoak izan.  Pertsona erlijiosoak, oro har, eszeptikoak dira beste erlijio batzuen baieztapenekiko, batez ere, bi konfesio gatazkan sartzen direnean.

Historia

aldatu
 
Pirron

Eskola edo mugimendu filosofiko gisa, eszeptizismoa antzinako Grezian eta Indian sortu zen. Indian, Ajñana eskola filosofikoak eszeptizismoa defendatzen zuen. Budismoaren eta jainismoaren aurkari nagusietako bat izan zen, eta eragin handia izan zuen batez ere budismoan. Beste aldetik, Grezian, hainbat sofistak ikuspegi eszeptikoak erakutsi zituzten. Gorgiasek, esate baterako, ezer ez dela existitzen esan omen zuen, zerbait balego ere ezin izango genukeela ezagutu, eta ezagutuko bagenu ere ezingo genukeela komunikatu[1]. Beste sofista batek, Kratilok, eztabaidatzeari uko egin zion eta hatza mugitu besterik ez zuen egiten, uste zuelako komunikazioa ezinezkoa dela, esanahiak etengabe aldatzen ari baitira. Sokratesek ere, sofisten kritikorik zorrotzenak, bazuen eszeptizismorako joerarik, ezer ez zekiela, edo ezer garrantzitsurik behintzat, zioenean, adibidez.[2]

Eszeptizismoaren bi eskola nagusi zeuden Antzinako Grezian eta Erroman. Bata eszeptizismo pirrondarra izan zen, Pirron Eliskoak (K.a. 360-270) sortua. Bestea eszeptizismo akademikoa izan zen; eszeptizismo akademiko horren defendatzaile nagusiak Platonen akademiako buru izandako  Arcesilaus (K.a. 315-240) eta Carneades (K.a. 217-128) izan ziren. Eszeptizismoaren eskola biek jakinduria posible dela ukatzen zuten eta judizio eman behar izatearekin (epoche) amaitzea aldarrikatzen zuten lasaitasun mentalaren (ataraxia) hobebeharrez. Eskolen arteko desberdintasun handiena zera zen: eszeptiko akademikoen arabera, sinesmen batzuk besteak baino ulergarriagoak dira; eszeptiko pirrondarren iritziz, aldiz, berdin arrazoi liteke edozein eztabaidagairen alde edo kontra. Antzinako eszeptikoen ia idazki guztiak galdu dira. Haiei buruz dakigun gehientsuena Sextus Empiricusen eskutik jaso dugu, hain zuzen ere, Kristo aurreko bigarren edo hirugarren mendean bizi izan zen eszeptiko pirrondarraren eskutik. Haren obra nagusiak, Pirronismoari lehen oharrak, argudio eszeptikoen laburpen argia egiten du.

 
Michel de Montaigne

Antzinako eszeptizismoa Erromatar Inperioaren garaian zehar desagertu zen, bereziki Agustinen (K.o. 354-430) eszeptikoen aurkako erasoekin, haren Akademikoen kontra (K.o. 386) lanean. Erdi Aroko Europa kristauan antzinako eszeptizismoari buruzko jakintza eta interes gutxi zegoen. Interesa Berpizkunde- eta Erreforma-garaietan indartu zen berriz, batez ere Sextus Empiricusen idazlan guztien latinerako itzulpenarekin, 1569an. Zenbait idazle katolikok, Francisco Sanchesek (1550-1623), Michel de Montaignek (1533-1592), Pierre Gassendik (1592-1655) eta Marin Mersennek (1588-1648), besteak beste, antzinako argudio eszeptikoak erabili zituzten eszeptizismo-forma moderatuak defendatzeko eta aldarrikatzeko fedeak behar duela izan, eta ez arrazoiak, egiarako gidari nagusia. Antzeko argumentuak erabili zituen geroago (ironikoki, agian) Pierre Bayle pentsalari protestanteak bere Hiztegi historiko eta kritikoa ospetsuan (1697-1702).[3]

Ikuspegi eszeptiko geroz eta zabalduagoek krisi intelektual bat sortu zuten XVII. mendeko Europan. René Descartes (1596-1650) filosofo eta matematikari frantsesak eman zion erantzun ezagunenetako bat. Descartesek, bere Meditazio metafisikoak lan klasikoan (1641), eszeptizismoa gezurtatu nahi izan zuen. Horretarako, lehenbizi eszeptizismoaren kasua ahalbait indartsuen formulatu zuen, ordea. Descartesek zioen, nahi adina posibilitate eszeptiko erradikal imajinatu ditzakegun arren, badirela zenbait egia (adibidez, pentsatzen ari naizelako gertakaria edo existitzen naizelakoa) absolutuki seguruak direnak. Horren arabera, antzinako eszeptikoak oker zeuden jakinduria ezinezkoa dela ziotenean. Descartes eszeptikoek zentzumenei, memoriari eta beste gaitasun kognitibo batzuei buruz zituzten zalantzak ere saiatu zen gezurtatzen. Hori frogatzeko, Descartes Jainkoaren existentzia frogatzen saiatu zen, horrela erakutsi nahian Jainkoak ez lukeela onartuko gizateria sistematikoki naturak eta errealitateak engainatua izatea. Hainbat filosofo garaikidek jartzen du auzitan Descartesek eszeptizismoari eginiko kritika honen bigarren fasea arrakastatsua ote den.[4]

XVIII. mendean, eszeptizioari buruzko argudiaketa indartsu berri bat etorri zen David Hume (1711-1776) filosofo eskoziarraren eskutik. Hume enpirista bat zen eta zioen egiazko ideia orok duela jatorria sentipen edo kontzientzia introspektibo baten inpresio originaletan. Humek sutsuki defendatu zuen oinarri enpiristak jarraituta ez dagoela baliozko arrazoirik Jainkoarengan sinesteko, ezta izate edo arima iraunkorrarengan, kanpoko munduarengan, behar kausalarengan, moralitate objektiboarengan edo arrazoiketa induktiboarengan ere. Areago ere esan zuen: “Filosofiak osoki pirrondar bihurtuko gintuzke, ez balitz Natura den bezain indartsu”[4]. Humeren ikuspegitik, giza sinesmenaren benetako oinarria ez da arrazoia, ezpada ohitura edo joera. Naturak eraikirik gaude geure oroitzapenez edo arrazoiketa induktiboaz, esate baterako, fidatzeko, eta inongo argudio eszeptikok, duen indarra duelarik ere, ez litzake sinesmen horiek alda. Ideiotan oinarrituta, Humek eszeptizismo “arindua” deitu ziona defendatu zuen, eta uko egin zion “gehiegizko” eszeptizismo pirrondarrari, zeina erabilgaiztzat eta psikologikoki inposibletzat jo baitzuen.

Humeren eszeptizismoak zenbait erantzun garrantzitsu sorrarazi zituen. Humeren garaikide eta herrikide zen Thomas Reidek (1710-1796) aurre egin zion haren enpirizismo zorrotzari, esanez zentzuzkoa dela “zentzu komuneko” sinesmen zenbait onartzea –zentzumenenganako konfiantza oinarrizkoa, arrazoimena, oroitzapenak eta arrazoiketa induktiboa, esate baterako– nahiz eta haietatik ezein ezin froga ahal izan. Reiden arabera, zentzu komuneko sinesmen horiek fundazionalak dira eta ez dute frogatzerik behar arrazionalki justifikatuak izateko. Hume hil eta gutxira, Immanuel Kant (1724-1804) filosofo alemaniar entzutetsuak esan zuen gizakien kontzientzia moralak ez duela zentzurik Humek Jainkoaren existentziari, arimari, nahimen askeari, eta beste bizitzari buruz egindako ondorio eszeptikoak ukatu ezean. Kanten arabera, Hume zuzen zegoen auzi horiek zehazki ezin ditzakegula jakin zioenean, baina gure esperientzia moralak haietan sinestera garamatza.[5]

Gaur egun ere, eszeptizismoak eztabaida bizietarako bide ematen du filosofiaren eremuan. [6]

Eszeptizismo garaikidea

aldatu

Eszeptizismo erradikalaren arazoaren eztabaida garaikideak paradoxa bat izan du ardatz; paradoxa hau hiru baieztapenen bateraezintasunean datza. Baieztapen horiek, oro har, honako hauek dira:

Lehenik eta behin, ez garela gai hipotesi eszeptikoren bat faltsua dela jakiteko, izan ere, hipotesi eszeptiko hori zirkustantzia normaletatik bereiztea ezinezkoa da. Aipatutako hipotesi eszeptiko hori zuzena edo egia izanez gero, norberak bere buruari egozten dion ezagutza gehiena ahulduko luke. Hipotesi eszeptikoen ohiko adibide bat "garuna upel batean" (‘brain-in-a-vat’ edo BIV) izeneko hipotesia da, honen arabera, norberaren esperientziak ordenagailu batzuen bitartez lortzen dira, hau da, ordenagailuek "elikatzen" gaituzte esperientziekin. Hori egia balitz, munduari buruz uste den gehiena faltsua litzateke (edo, gutxienez, ez litzateke guk espero dugun egia), eta, beraz, ez genuke ezagutzarik izango. Gainera, irudikatzen den eszenatoki horretan ez legoke inolako alderik BIV bat izatearen eta BIV bat ez izatearen ustezko esperientzia izatearen artean, eta, beraz, ez dirudi faltsua dela jakin dezakegun agertoki bat denik. Horrela, paradoxa eszeptikoaren lehen osagai "intuitiboa" lortzen dugu:

I. Ezin ditut hipotesi eszeptikoen ezeztapenak ezagutu.

Eszeptikoak erabiltzen duen ezagutzari buruzko bigarren baieztapen "intuitiboa" honako hau da:

II. Hipotesi eszeptikoen ezeztapenak ezagutzen ez baditut, orduan ez dakit asko.

Baieztapen honen atzean honelako justifikazioa dago: Hipotesi eszeptikoak ezin badira ezeztatu, norberak bere buruari tradizionalki egozten dion ezagutzaren zatirik handiena (guztia ez bada) ahulduta geratuko litzateke. ​​Azken finean, BIV bat banintz, orduan ez nintzateke hemen eserita egongo orain. Hau da, BIV bat izan naiteke, beraz, ondorioztatu beharko da ez dakidala hemen eserita nagoela orain .

Azkenik, baieztapen onargarria da esatea asko dakigula, egiazki, dakigula uste dugunaz.

III. Uste dudanetik asko, badakit.

Jakina, badudala uste dudan ezagutza abstraktu eta tekniko mota asko egon daiteke, baina intuizio honen puntua zera da, nik uste ditudan proposizio "arrunt" asko (orain hemen eserita nagoela, adibidez) orokorrean oker egon ezin daitezkeen proposizio motak direla. Hala ere, hiru baieztapen horien problematika nabaria da. Izan ere, hipotesi eszeptikoen ezeztapenak ezagutu ezin baditut, eta ezagutza falta horrek uste dudanaren zatirik handienaren ezagutzarik ez izatea badakar, uste dudanaren zatirik handienaren ezagutzarik ez dudala ondorioztatu beharko litzateke.

Eszeptikoak buru-hausgarri horri irtenbidea emateko ukatu egiten du III.ak aztergai dituen proposizio arruntak ezagutzeko gaitasuna dugunik. Beraz eszeptikoek I. eta II. baieztapenetan oinarritzen dira III.a oker dagoela esateko. Hau da, eszeptikoak honako hau argudiatzen du:

(S1) Ezin ditut hipotesi eszeptikoen ezeztapenak ezagutu.

(S2) Ez baditut hipotesi eszeptikoen ezeztapenak ezagutzen, orduan ez dakit asko.

Beraz:

(SC) Ez dakit asko.

Adibidez, BIVaren hipotesi eszeptikoa erabiliko lukeen argudio eszeptiko bat honako hau izan liteke:

(S1*) Ezin dut jakin ez naizela BIV bat.

(S2*) Ez badakit ez naizela BIV bat, orduan ez dakit asko.

Beraz:

(SC*) Ez dakit asko,

Ondorio hori, azken batean, intelektualki suntsitzailea da, gure jarduera kognitiboak, kasurik onenean, halako fede txar baten esku uzten baititu . Beraz, gomendagarria litzateke alternatiba antieszeptikoak arretaz aztertzea, paradoxa eszeptikoari ematen zaion erantzun (paradoxiko) hau onartu aurretik.

Eszeptizismoa saihestu nahi badugu, hiru baieztapen hauetako bat (edo gehiago) justifikatu beharko dugu. Lehenik, itxurak itxura, hipotesi eszeptiko erradikalen ezeztapenak ezagutzen ditugula (edo behintzat ezagut ditzakegula). Bigarrenik, itxurak itxura, hipotesi eszeptiko erradikalen ezeztapenak ez ezagutzetik ez dela ondorioztatzen proposizio arruntak ere ezagutzen ez ditugunik. Hirugarrenik, itxurak itxura, hiru baieztapen hauek azken finean sendoak direla.[7]

Iturriak

aldatu
  • A Greek-English Lexicon Henry George Liddelland Robert Scott, revised and augmented thoughout by Sir Henry Stuart Jones, with the assistance of Roderick McKenzie, Claredon Press, Oxford, UK, 1940. Online.
  • Le Morvan, P. "Healthy Skepticism and Practical Wisdom," Logos & Episteme II, 1 (2011): 87-102 (pdf)
  • Daniels, M. D., D., Price, PhD, V (2000), The Essencial Enneagram, New York: Haper Collins.
  • Comesaña, J. (2019): “Escepticismo”, Enciclopedia de la Sociedad Española de Filosofía Analítica (URL: http://www.sefaweb.es/escepticismo/).

Erreferentziak

aldatu
  1. Jones, W. T. (William Thomas). (1952). A history of Western philosophy. New York : Harcourt, Brace (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  2. «Skepticism and Language» A Critical Introduction to Skepticism (Bloomsbury Academic) (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  3. 1923-2005., Popkin, Richard H. (Richard Henry),. (1979). The history of scepticism from Erasmus to Spinoza. University of California Press ISBN 0-520-03876-2. PMC 5990405. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  4. a b «Richard Popkin on the History of Skepticism» Skepticism : From Antiquity to the Present (Bloomsbury Academic) (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  5. Henry., Popkin, Richard. (2007). Skepticism : an anthology. Prometheus Books ISBN 978-1-59102-474-3. PMC 610735606. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  6. John., Greco,. (2011). The Oxford handbook of skepticism. Oxford University Press ISBN 978-0-19-983680-2. PMC 751794846. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  7. (Ingelesez) Contemporary Skepticism | Internet Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).

Kanpo estekak

aldatu
  • Thorsrud, Harald. "Ancent Greek Skepticism". In Zalta, Edward N. Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  • Klein, Peter. "Skepticism". In Zlata, Edward N. Stanford Encyclopedia of Philosophy.
  • Pritchard, Duncan. "Contemporary Skepticism". Internet Encyclopedia of Philosophy.
  • Comesaña, J. (2019): “Escepticismo”, Enciclopedia de la Sociedad Española de Filosofía Analítica (URL: http://www.sefaweb.es/escepticismo/).