Estatu Batuetako Lehenengo Bankua
Estatu Batuetako Lehenengo Bankua (ingelesez: First Bank of the United States) Estatu Batuetako banku zentrala izan zen, Estatu Batuetan 1791 eta 1811 artean indarrean izandakoa. Bere garaian Bankua ere soilik deitzen zitzaion eta, Angloamerikar Gerraren ondoren (1812-1815), Estatu Batuetako Bigarren Bankuak eman zion segida (1816). Hamiltondar eta jeffersondar ikuspegi politikoen arteko gudu-zelai bihurtu zen.
Estatu Batuetako Lehenengo Bankua | |
---|---|
AEBko Leku Historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | Pennsylvania |
County of Pennsylvania | Philadelphia konderria |
Pennsylvaniako hiria | Filadelfia |
Koordenatuak | 39°56′53″N 75°08′47″W / 39.9481°N 75.1464°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1795 |
Suntsipena | 1811 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Samuel Blodgett (en) |
Estiloa | Neogreziar arkitektura |
Ordezkatzen du | Bank of North America (en) |
Ondarea | |
AEBko Leku Historikoa | 87001292 |
Kontaktua | |
Helbidea | 128 South 3rd Street |
Aurrekariak
aldatuIpar Amerikako ekialdeko kostaldean, Ingalaterrako Erresumaren pean sortutako koloniek loraldi bat bizi zuten XVIII. mende erdialdetik, diru-sistema autonomo bat erabiltzeari esker: colonial scrip. Ingalaterrako Erresuma, aldiz, Britainiar Inperio bihurtuta, gero eta zor handiagoan sartuta zebilen garai berean, bere gerrak finantzatzeko zailtasunak zituela eta. Britainiarrek, orduan, begiz jo zituzten Ipar Amerikako koloniak, eta han erabiltzen zuten interesik gabeko diru- eta kreditu-sistema debekatu zuten, trukean zilar- eta urre-estandarra (txanponak) erabiltzera behartuz. Aldiz, 1775erako ez zen ia horrelakorik geratzen, britainiarrek ezarritako zerga larriak zirela eta. Benjamin Franklinen hitzetan, gizarte-egoera guztiz gaiztotu zen hori dela eta.
1775ean, Estatu Batuetako Independentzia Gerra piztu zen, eta britaniarren kontrako kolonoek beren burua finantzatzeko modua bilatu zuten. Horretarako, diru-papera (colonial scrip) jaulki zuten, baita neurrigabe atera ere. Aldi berean, britainiarrek diru-paper faltsua atera zuten, eta kolonoen diru-sistemak huts egin zuen, konfiantza galdu eta inflazioa kontrolik gabe hazi zenean.
Finantza-desegonkortasuna eta gizarte-krisia zabaldu zen. Kontinenteko Kongresua, orduan, Filadelfian bildu zen, dirurik ez zuela eta. 1781. urte horretan, Robert Morris gizon aberats eta diruzaintza-idazkariari banku bat sortzeko mandatua eman zioten: Ipar Amerikako Bankua. Ingalaterrako Bankuaren antz eta irudira moldatu zuten, eta esku pribatuetan utzi. Ipar amerikar kolonoei zein espainiarrei eta frantziarrei aurre egin ezinik, 1783rako Britainiar Inperioa garaituta atera zen, baina lau urteren buruan, diru-desegonkortasuna areagotu egin zen, eta bertan behera utzi zuten bankuaren baimenaldia (1785).
1787an, Estatu Batuetako Konstituzioa onartu zen Filadelfian, eta errepublika baten oinarriak finkatu. George Washington hartu zuten buruzagi, baita presidente bihurtu ere (1789). Berehala sortu ziren diruari eta finantzabideari buruzko galderak, baita botere (gobernu) zentralaren gaia ere.
Baimenaldia
aldatuKezka ekonomikoak eta politikoak
aldatuOrdu arteko diru-sistema egonkortzeko beharra zegoela eta, George Washington presidentearen inguruko elite batek dirua igortzeko monopolio bat ezartzeko proposamena egin zuen, hura banku pribatu baten eskuetan utziz. Hartara, 1791n, Estatu Batuetako Lehenengo Bankua sortu zen, Alexander Hamilton gobernuko Diruzaintza Idazkariak eta Rothschild familiak bultzatuta. Hain zuzen, Hamilton izan zen bere lehen presidentea. Ingalaterrako Bankuaren irudira egindako bankua zen, zatikizko erreserba banka sistemaduna eta akziodunen agindupean jarduten zuena. Interesek (zor publikoarena, adibidez) eragindako mozkina zuen oinarritzat.
Alexander Hamiltonek hiru helburutan laburbildu zuen banku zentralaren zeregina: gerra zor guztiak kitatzea, gobernu berriarentzat dirua biltzea eta, banku nazionala ezarrita, diru mota bakar bat finkatzea. Aldiz, Bankuak horrenbeste indar izateak zein bere ezkutukeriak eta, gainera, Ingalaterrako Bankuaren irudira eginda egoteak ez zuen askoren oniritzirik, Ipar Amerikako errepublikaren gogoaren kontra jotzen zuelakoan.
Thomas Jefferson zen alderdi horren buru, James Madison ere lagun zuela. Bi buruzagi horiek, Alderdi Errepublikanoaren sortzaileen artean biak ere, gogor egin zioten bankuari, konstituzioaren kontrakotzat baitzeukaten. Haien ustez, gobernuari zegokion diruaren neurriak (txanponak, eta ez kreditu billeteak) ezarri eta igortzea, herri-subiranotasuna adierazten zuen aldetik. Kontrako aldean, Bankuaren alde eta, oro har, botereak zentralizatzearen alde, Alderdi Federalista sortu zen.
1796-1797ko izuaren ondorioak
aldatu1796-1797an, finantzen izua piztu zen Estatu Batuetan Frantziako Iraultzaren ondorengo gerra-giroan. 1796an, lurrari buruzko espekulazioaren burbuila lehertzeko beldurra piztu zen, eta are, gerra-aukeraren aurrean Britainia Handiak onartutako legediak egoera larritu zuen: Ingalaterrako Bankuko zuzendariak beldurtu bide ziren, bezeroek funtsak aterako zituztelakoan.
Bada, 1797ko Murrizketa Legeak, espezietan egindako ordainketak debekatu ez ezik, kendu egin zion betebeharra Banku horri nahi zuenak hala eskatuta banku-billetearen truke bere urrea bereganatu ahal izateko (gold standard deitutakoa). Horrek aukera ireki zion Ingalaterrako Bankuari gordailuan zeuzkan funtsak baino askoz diru-paper gehiago inprimatzeko eta, ondorioz, deflazioa piztu zuen nabarmen, ondorioak ere Atlantikoaren mendebaldean larrituz.
Estatu Batuetako Bankuak ez zuen diruaren desegonkortasuna geratzerik lortu. 1796-1797ko izuak berretsi egin utzi zuen nola errepublikar jeffersondarrek hala George Washingtonek (bere Ardura Uzteko Agurrean) ohartarazitakoa: Estatu Batuetako Banku zentralaren bidez, Europako eta Ingalaterrako gorabeheren menpe geratzeko arriskua. 1800an, Kongresuak Porrot Legea onartu zuen, hartzekodunen eta zordunen arteko adostasunaren bidea lehenetsiz.
1801ean, Thomas Jefferson hautatu zuten errepublikako presidente 1809 arte, eta bankuarenak egingo zuela zirudien, batez ere 1805ean Alexander Hamilton maila goreneko duelu batean hilik atera ondoren. 1811n, Bankuaren baimenaldia ez berritzea erabaki zuen kongresuak.
Angloamerikar Gerra
aldatuHurrengo urtean (1812), Britainiar Inperioaren eta Estatu Batuen arteko gerra piztu zen. Hainbat adituk bankuari buruzko erabakia jotzen dute horren arrazoi nagusitzat, tartean aipatuz Nathan Mayer Rothschildek orduan egindako adierazpen batzuk (ikus Estatu Batuetako Bigarren Bankua). Oro har, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko historiografia ofizialak ezikusia egin diote azalpen horri.