Ingalaterrako Bankua
Ingalaterrako Bankua (ingelesez: Bank of England, formalki Governor and Company of the Bank of England) Erresuma Batuko banku zentrala da, baita egungo banku zentral gehienen eredua ere.
Ingalaterrako Bankua | |
---|---|
Kokapena | |
Koordenatuak | 51°31′N 0°05′W / 51.51°N 0.09°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1694ko uztailaren 27a |
Jabea | Erresuma Batua Treasury Solicitor (en) |
Izenaren jatorria | Ingalaterra |
Kontaktua | |
E-posta | mailto:enquiries@bankofengland.co.uk |
Webgune ofiziala | |
Mark Carneyk hartu zuen Ingalaterrako Bankuaren gobernari postua 2013ko uztailaren 1ean, 2003ko ekainaren 30etik Mervyn King zeregin horretan aritu ondoren. Carney kanadarra da, eta bost urtez arituko da postuan, ohiko zortzien ordez, artean Erresuma Batuko herritartasuna ez daukan arren. Bera da postu horretan herritartasun britaniarrik eduki gabe izandako lehena. 2014ko urtarriletik, Bankuak lau Gobernariorde ditu.
Bankuaren egoitza nagusia Londreseko Cityan, finantza barrutian, izan da 1734tik, Threadneedle Streeten. Aldameneko trafiko handiko bidegurutzeari Bank junction deitzen zaio, bertan dela ere Bank metro estazio jendetsua.
Eginkizunak
aldatuIngalaterrako Bankua da Erresuma Batuan billeteak igortzeko baimena duen zortzi bankuetako bat, baina monopolioa du Ingalaterran eta Galesen, eta Eskoziako zein Ipar Irlandako banku komertzialen billete-igorpena arautzen du.
1998an, erakunde publiko independentea bihurtu zen, Diruzaintza Prokuradorea jabe duela gobernuaren izenean, eta independentzia du diru politika diseinatzeko.
Historia
aldatu1694an sortu zen, eta munduko bigarren banku zentral zaharrena da, Suediako Sveriges Riksbank eta gero. Gainera, munduko zortzigarren banku zaharrena da. Ingalaterrako Gobernuaren banku lanak egiteko ezarri zen eta, artean, Erresuma Batuko Gobernuaren bankua da.
Sorrera unetik, Ingalaterrako Bankuak zatikizko erreserba banka sistema erabili du. Sortzeko unean, horrek esan nahi zuen bankuak benetan gordailuan zuen diru unitate bakoitzeko bi eman zitzakeela kredituan (proportzio guztiz kontserbadorea gaurkoarekin alderatuz gero). Bankua ez zen publikoa, pribatua baizik: Bankua akziodunen eskuetan zen sortu zenetik (1694) nazionalizatu arte (1946).
1797ko Frantziarekiko gerra-giroko gastu berezien testuinguruan, bezeroek batera beren urre-gordailuak Bankutik aterako zituzten beldurrez, Parlamentuak Banku Murrizketa Legea onartu zuen (Bank Restriction Act): espezietan egindako ordainketak debekatu eta kendu egin zien Bankuko bezeroei billeteen truke beren urrea berreskuratzeko zuten eskubidea. Bankuak, zeukazkan urre-gordailuak baino nabarmen billete gehiago inprimatu zituen, baina horrek diruaren balioa gutxitu egin zuen.
Bankuaren likidezia-arazoa ez zen berehala joan. 1825-1826an, Nathan Mayer Rothschild finantza-gizonak, hamarkadetan guztiz aberastuta eta 1814az geroztik Bankuaren kontrolaren jabeak, likidezia-krisia gainditzeko lain diru sartu zion Bankuari. 1844an, Banku Baimenaren Legea onartu zen (Bank Charter Act). Horren arabera, ordutik aurrera Ingalaterrako Bankua izango zen paper-dirua igortzeko eskubidedun bakarra, diru-igorpenaren monopolioa eskuratuz Ingalaterran eta Galesen (ordu arte, hainbat bankuk igor zezaketen beren dirua). Gainera, Ingalaterrako Bankuak igorritako diru-paperak urre-funtsen edo gobernu-zorraren kontra babestuta (oinarrituta) behar zuen, gehiegizko billeteen zirkulazioak sortutako inflazioa galarazteko, baina legeak bazituen parekotasun hori ez gertatzeko zenbait salbuespen.
Gobernuak beretzat gorde zuen parekotasun hori (gold standard delakoa) hausteko eskubidea krisi garaietan, eta hala egin zuen hainbat alditan hurrengo hamarkadetan.