Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren helburua da lurralde-eremu (auzo, herri, hiri, eskualde) jakin bateko proiektu eta jarduera pribatu zein publikoek bertako errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikustea, identifikatzea eta ebaluatzea. Beste modu batera esanda, ELEk neurtzen du hirigintza proiektuek, turismokoek edota jarduera sozioekonomikoari lotutako aldaketek, esate baterako, dagokien guneetako hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran izango duten eragina. Horrez gain, euskararen eta euskal hiztun elkartearen egoerari kalterik eginez gero, horiek murrizteko eta aurre hartzeko neurriak proposatzen dituen tresna ere bada.

Orioko Udalak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin zion Hirigintza Plan Orokorrari (Orio.eus)

Xede horretan, elkar hartuta joan beharko dute ikuspegi teknikoak, politikoak, juridikoak eta sozialak. Izan ere, Eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna sortze hutsak ez du tresnaren bidez lortu nahi dena lortzeko biderik emango. Eragin linguistikoaren ebaluazioak adostasun politikoak, babes juridikoa eta soziala ezinbestekoak ditu, benetan, horren helburuz proiektu eta jarduera pribatu zein publikoek euskarari kalterik ez egitea lortuko badugu.

Filosofia aldatu

ELEren aplikazioak lehendik ere bistakoa zen, baina behar beste mahai gaineratu ez zen ebidentzia jarri du begien bistan: hizkuntza-politikek erabateko zeharkakotasuna izan behar dute. Alegia, ez da nahikoa euskararen aldeko politikak euskara sailetik soilik exekutatzea. Beharrezkoa da sail zein egitasmo guztietan euskara kontuan izatea, baldin eta hizkuntzaren normalizazioan neurri eraginkorrak hartu nahi badira.

Arnasguneen bilakaerak argi erakusten du, lurralde antolaketa mailan garatutako politikek eta garapen teknologikoak eremu horietako hizkuntza-politikatzat hartu diren politikek baino eragin dezente nabarmenagoa izan dutela. Harreman sozial guztietan hizkuntza presente dagoen neurrian, ez dago politika publikorik hizkuntza-erabileran eragitetik at. Beti, hiztun batzuen edo beste batzuengan, onerako edo txarrerako, eragiten dute politika publikoek. Gauzak horrela, hizkuntza-politikaren paradigma moldatu eta politikaren sail baten gisa ulertu beharrean, politikan oro har integratu beharreko ikuspegi gisa ulertu beharko litzateke. Bai norabide horizontalean, arlo edo departamentu desberdinetan; bai eta norabide bertikalean, Toki Administraziotik Administrazio Nagusiraino. Horrek politika guztiek dakarten hizkuntza errealitatearen bilakaera aintzat hartzetik, sakoneko aldaketak ekarri beharko lituzke.

Lege babesa aldatu

 
Unai Fernandez de Betoño arkitektoa, Josu Labaka UEMAko lehendakaria eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Eusko Jaurlaritzara ELEren inguruan bilera bat egitera joanda (UEMA)

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMAk 2014an abian jarritako proiektua da Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. UEMAk kezka berezia zuen arnasguneekin. Izan ere, udalerri horietako asko hauskorrak dira soziolinguistikoki, eta ikusi izan da hirigintza proiektuek asko eragin dutela haietan[1]. Bi erakunde horiek eginiko bideari jarraiki, 2016an, EAEko Udal Legea (2/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei Buruzkoa) onartu zuten, Eusko Jaurlaritzako legebiltzarrean, EAJ eta EH Bilduren botoekin. Bertan, 7.7 puntuan, aipatzen da udalerrietako errealitate soziolinguistikoan eragina izango duten proiektuak berariaz aztertu beharko direla ELErekin[2]. Honelaxe dago jasota lege horretan:

Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira[3].

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, ordea, ez zen euskararen arnasguneak babesteko soilik sortu. Izan ere, 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, bere 7.7. artikuluan EAEko udal guztiei ELE egiteko bete beharra ezarri zienean, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta UEMAk, elkarlanean, arnasguneetarako sortutako metodologia udal guztietara egokitu zuten, horretarako beharra ikusita. Metodologia berriarekin arnasguneak babesteaz gain, udal guztietan euskara zeharkako elementu gisa ezartzeko aukera sortu zen.

179/2019 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa (https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2019/11/1905415e.shtml) 2019ko azaroaren 22an argitaratu zen. Dekretu horretan, besteak beste, ELE egiteko nondik norakoak garatu ziren. Hona hemen VI. Kapituluko 50. artikuluan ebaluatu behar diren planak eta proiektuak nola zehazten dituen:

  1. Udalerriek behean zerrendatzen diren plan eta proiektuen hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko dute, bai eta horien funtsezko aldaketenak ere, baldin eta euskararen erabileran eragina izango badute: a) Planak:

– Hiri-antolamenduko plan orokorrak.

– Plangintza orokorra bateragarri egiteko plana.

– Sektorizatze-plana.

– Plangintzako arau subsidiarioak.

– Plan partzialak.

– Hiri-antolamenduko plan bereziak.

– Turismo-planak.

b) Proiektuak:

– Merkataritzagune handiak eraikitzeko proiektuak.

– Industriaguneak eta teknologia-parkeak eraikitzeko proiektuak.


2. Aurreko zerrendan aipatutakoez gain, arnasguneetako euskararen erabileran eragina izan dezaketen plan eta proiektu guztiak ebaluatu beharko dira.


UEMAk eta Eusko Jaurlaritzak Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko (ELE) tresna sortu ondotik, bere eraginkortasuna eta balioa egiaztatu ahal izateko, tresna praktikan jartzea izan zen hurrengo urratsa. Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresnaren marko teorikoa lantzetik praktikarako saltoa eman zen lehen ariketa horiekin eta emaitza guztiz positiboa izan zela baieztatu ahal izan zuen UEMAk.

Une garrantzitsu bat markatu zuen euskararen normalizaziorako norabidean, finean, lan-molde berri baterako bidean lehen urratsa izan zela iritzi baitzion. Lehen aldiz diziplina anitzeko adituak elkarlanean aritu ziren planen eta egitasmoen hizkuntzaren inpaktua aurre-ikusten eta hizkuntza zeharlerrotasunean landu beharraren garrantzia agerian utzi zuen praktika hark.

Praktika horiek egin eta gero, tresnaren balioa ezbaian jarri gabe, ELE ebaluazio lan-taldeetan aritutako kideek, hainbat ekarpen egin zizkioten erremintari. Horiek aintzat hartu eta tresna moldatzea izan zen eman zen hurrengo pausoa.

ELE aplikatu zaien hainbat proiektu aldatu

Dagoeneko EAEko eta Nafarroako zenbait lekutan aplikatu zaie ELE Hirigintza Plan Orokorrei, plan partzialei edo turismo planei, esate baterako. Horietan, planek izango duten neurriak neurtu dira, eta neurri horiek arintzeko proposamenak egin dira. Honakoak dira proiektu horietako batzuk:

Erreferentziak aldatu

  1. Irureta, Onintza. Zer gertatzen da herri euskaldunean mila etxe eraikiz gero?. (Noiz kontsultatua: 2019-06-28).
  2. Goikoetxea, Garikoitz. «EAEko hirigintza proiektuek aztertu egin beharko dute hizkuntza eragina» (PDF) Berria (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  3. «2/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.» (PDF) euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  4. Alegiko Udala. (PDF) Alegiako HAPO 2018. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.. (Noiz kontsultatua: 2018/06/28).
  5. «Etxebizitza berriek euskararen bilakaeran "nahiko eragin positiboa" izango dutela aurreikusten dute» Uztarria Azpeitiko ataria (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  6. [https://urolakosta.hitza.eus/2018/02/06/hiri-antolamendurako-plan-orokorraren-eragin-linguistikoa-neurtu-du-errezilgo-udalak/ «Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eragin linguistikoa neurtu du
    • Errezilgo Udalak»] Urola Kostako Hitza (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).
  7. «Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eragin linguistikoa» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2019/06/28).

Kanpo estekak aldatu