Galaziarrei Gutuna

bederatzigarren liburu Itunaren Berriaren, konpost 6 kapituluen
Epistola galaziarrei» orritik birbideratua)

Galaziarrei gutuna[1] Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Paulo Tarsokoak Asia Txikiko Galaziako erromatar probintziako kristauei idatzitako gutun bat da.

Galaziarrei Gutuna
Jatorria
Egilea(k)Paulo Tartsokoa
IzenburuaΕπιστολή προς Γαλάτες eta Brief des Paulus an die Galater
Ezaugarriak
Genero artistikoaEpistola
Hizkuntzagreziera
Deskribapena
Honen parte daItun Berria
Pauline epistles (en) Itzuli

Testuinguru historikoa aldatu

Galaziak Asia Txikiko (gaurko Turkiako) iparraldea hartzen zuen. Bizilagunak jatorriz zeltak ziren, Galiako (Frantziako) leinuen ahaideak. K.o. 45. urtea eta 48. urtea bitartean, lehenengo ibilaldi apostolikoan, Asia Txikiaren hegoaldeko hirietan (Ikonion, Derben, Listran, Pisidiako Antiokian) ebanjelioa zabaldu zuen Paulok; bigarren ibilaldian, K.o. 50. urtea eta 52. urtea bitartean, berriz, Galaziako hirietan (Eg 16,6), ondoren Grezian sartzeko.

K.o. 55. urte aldera Efeson zelarik, Galaziako elkarteak nahasiak zebiltzala jakin zuen Paulok. Palestinako elkarte judu-kristauetatik iritsitako predikari batzuek eraman zuten nahasmendua Galaziara ere. Paulok irakatsi zien ebanjelioa ez zela jatorra eta egiazkoa, eta Paulo bera gezurrezko apostolua zela zioten. Juduzale haien esanetan, Moisesen legea onartu beharrik –erdainkuntza edo brit milah egin beharrik, batik bat– ez zela zioen ebanjelioa faltsua zen, ez zetorren Jerusalemgo apostoluengandik. Horregatik, ez zuen baliorik Paulok hots egindakoak.

Arazo hau Galaziako elkarteetan ez ezik, beste elkarte askotan ere agertua zen. Horri buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko bildu zen, hain zuzen, Jerusalemgo kontzilioa 50. urte inguruan (Eg 15:1-29). Efesotik edo Mazedoniatik 56. edo 57. urtean galaziarrei bidali zien epistola honetan sutsu eta gogor defendatzen zituen Paulok bere apostolu-izatea eta lana, baita berak zabaldutako ebanjelioa ere, bakarra dela eta besterik ez dagoela esanez (1,6-10). Geroxeago, 57. urtetik 58. urtera arteko neguan, erromatarrei idatziko zien gutunean luze eta zabalago landuko zuen zenbait gai garrantzitsu aipatzen du Paulok galaziarrei eginiko honetan. Zerikusi handia dute, beraz, batak bestearekin, bi epistolek.

Epistolaren hari nagusiak aldatu

Eztabaidaren suak hari bakarra eta garbia ikusten uzten ez badu ere, hiru sail nabari dira:

  • Lehenik (1–2 kap.ak), bere apostolu-izatea defendatzen du Paulok, gizakiengandik ez, baizik eta Jesu Kristogandik eta Jainko Aitarengandik hartu duela esanez (1,1-10). Predikatu zuen ebanjelioa ere defendatzen du, gizakien asmaketa ez dela esanez, Jesusek berak adierazia baizik. Paulok Jerusalemgo apostoluei berak predikatutako ebanjelioaren berri eman zien, eta apostoluek ontzat hartu zioten. Nahasmenduak «gezurrezko anaiek» (juduzaleek) sortzen zituztela dio, Kristorengandik lortutako askatasuna oztopatzeko, jentil-jatorriko kristauak Moisesen legearen menpean esklabo bihurtu nahirik. Petriri berari ere denen aurrean behin gogor egin behar izan ziola aitortzen du Paulok, juduzaleen beldurrez judu ez ziren kristauengandik bereizi zelako. Izan ere, epistolan Paulok garbi adierazten du «Kristorengan sinesteagatik onartzen gaituela Jainkoak eta ez Moisesen legea betetzeagatik» edota erdainkuntza egiteagatik (1,11–2,21).
  • Ondoren (3–4 kap.ak), bere irakaspen nagusia eskaintzen du: egiazko salbamena Jainkoarengandik datorrela Kristoren bidez, eta Kristo sinesmenez onartzeak sartzen dituela sinestunak Jainkoaren salbamen-bidean. Salbamena dakarren gertakari nagusia, beraz, Kristo da. Eta Kristo salbatzaile bakartzat onartzean ematen dio Jainkoak gizakiari salbamena. Onartze hori, adimenez ez ezik, bihotzez ere egin beharrekoa dela dio, eta jokaeretan adierazi, elkar maitatuz batik bat (3,1–4,7). Galaziarren egoerari buruz dituen kezkak ere aipatzen ditu Paulok, antzina bezala legea betetzera itzuli nahi baitute (4,8-20).
  • Azkenik (5–6 kap.ak), Kristok askaturiko gizakiak nolako jarrera behar duen adierazten du, Espirituaren arabera askatasunean bizitzeko eta ez giza grina txarren menpe: kristaua Kristoren irudira sorturiko izaki berria da, eta ez dago legearen mende; kristau-erlijioa askatasun-erlijioa da; judu-erlijioa, aldiz, esklabotza-erlijioa (4,21–5,1). Legearen mendera itzultzea kristau-askatasuna galtzea izango litzateke. Baina askatasuna ez da, grina txarrei jarraituz, lasaikerian ibiltzea, senide arteko maitasunean bizitzea baizik, Espirituaren eraginari erantzunez eta berari dagozkion fruituak emanez (5,2–6,10).

Epistolan emandako zenbait ideia nagusi laburbilduz –bere eskuz eta hizki handiz idatziz (6,11)– bukatzen du Paulok: harrotzeko bide bakarra Kristoren gurutzea du, gurutzea baita salbamen-iturri bakarra; erdaindua izan ala ez berdin dio; sorkari berri izateak du balio (6,15); Paulo Kristoren apostolu da; argi agertzen dute hori apostolu-lanen ondorioz gorputzean dituen aztarrenek (6,11-18).

Eskema aldatu

  • Agurra eta sarrera (1,1-10).
  • Paulo bere apostolutzaren alde (1,11–2,14).
  • Salbamena Kristorengan sinestetik (2,15–4,20).
  • Kristau-askatasuna (4,21–6,10).
  • Amaiera (6,11-18).

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2005]

Kanpo estekak aldatu

  • [1] Biblia euskaraz