Elgeako parke eolikoa

Elgeako parke eolikoa edo Elgeako zentral eolikoa Euskal Herriko parke eoliko bat da, izen bereko mendilerroaren eta Urkillaren gainaldean dagoena. 1999. urteko abuztuaren 23an adostu zuten zentral eoliko hori egitea Iberdrolak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Eolicas de Euskadi sozietate anonimoak. Sei hilabetean eraiki zuten, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan, Barrundia, Donemiliaga, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaleta udalerrien lurretan. Guztira 7 hektarea ditu hartuta, Aizkorri-Arazko natura parkearen barruan, eta 40 errotek osatzen dute Elgeako zentral eolikoa: 27 Araban eta 13 Gipuzkoan.

Betizu behiak, elurtutako Elgeako mendilerroaren gainaldean. Atzean, parke eolikoko zenbait haize-errota.

Zentral eolikoa eraikitzearen aurka mugimendu zabala izan zen, ingurumenari —bereziki paisaiari— kaltea eragingo ziola eta.[1] Talde ekologistek behin eta berriro salatu dute zentral eolikoa Aizkorri-Arazko natura parkea izendatu eta gero eraiki izana; izan ere, natura parkea lehenago izendatu izan balitz, zentral eolikoa ezingo zatekeen eraiki, ingurune horretako paisaia hondatzen duelako.[2]

Energia kantitatea aldatu

Elgea-Urkillako zentral eolikoak 66 milioi kW·h ekoizten ditu; 100000 lagunentzat behar bezainbeste, alegia. 600 kW-eko aerogeneradoreek 690 V-eko tentsioan sortzen dute elektrizitatea eta gero 690 V horiek 20 kV-etara bihurtzen dira, dorre guztiek duten 0,69/20-ko transformadoreari esker. Errotak elkarri lotuta daude, tentsio ertaineko hiru sare eratuz, eta sare horiek sorgailua eta transformadorearen azpiestazioa lotzen dituzte. Azpiestazio hori 40. errotatik 1,5 kilometrora dago, eta tentsioa handitzen du, 220 kV-ra hel dadin. Azkenik energia hori Gasteiz-Itxaso sarean jartzen da, eta Arabari eta Gipuzkoako herri batzuei energia elektrikoa ematen zaie.

Zentral eolikoak karbono dioxidoaren eta sulfuro dioxidoaren isuriak gutxitu ditu: 60000 tonatan karbono dioxidoa, eta 240000 tonatan sufre dioxidoa. Horrela, atmosfera areago ez zikintzen laguntzen du.

Ingurumenaren gaineko eragina aldatu

Espainiako Ingurumen Ministerioak aztertu zen Elgea-Urkillako parke eolikoak ingurumenaren gainean izango zuen eragina. Elgeako parkeak azterketa hau gainditu zuen, baina gobernuak ingurumen baldintza batzuk betetzera behartu zituen. Horietako bat generadorearen azpiestazioa haranaren hondoan jartzea izan zen. Elgea mendizerrako parke eolikoko aerogeneratzaileak eta azpiestazio transformatzailea elkarren artean estekatzeko lineak aldatzea 224.999.588 pezeta kostatu zen.[3]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu