Djamila Bouazza

Aljeriako Independentzia Gerrako aktibista

Djamila Bouazza (Blida, Aljeria, 1938Aljer, 2015eko ekainaren 12a) Aljeriako independentzia gerran mugimendu nazionaleko ekintzailea izan zen.

Djamila Bouazza

Bizitza
JaiotzaCasbah (en) Itzuli, 1938
Herrialdea Aljeria
HeriotzaAljer2015eko ekainaren 12a (76/77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakaktibista
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra

1957ko urtarrilaren 26an, Aljerreko guduan, Coq Hardi tabernan bonbaz egindako atentatuan parte hartu zuen. Frantziako Indar Armatuen Auzitegi Iraunkorrak heriotza-zigorra ezarri zien bera eta bere borroka-kide Djamila Bouhired-i. Zigorra, baina, konmutatu zioten eta bizitza osorako bortxazko lanez ordeztu.1962an libre utzi zuten urte hartako martxoaren 19ko Eviango hitzarmenetan adosturiko amnistia orokorra ezartzean.

Aljeriako independentzia-gerran hiltzera kondenaturiko sei emakumeetako bat izan zen.

Biografia aldatu

Aljeriako Independentzia Gerran, Aljerreko posta-txekeen zentroan lan egiten zuen. Bere adiskide ikasle pieds noir-ek 'Miss Cha-Cha-Cha' esaten zioten[1][2], eta bazirudien erabat integraturik zegoela frantses gizartean. Hala ere, Djamila Bouhired-ek errekrutatu zuen.[2] Nazio Askapenerako Frontearekin (FLN) bat egin zuen eta bertako kide aktibo bihurtu zen.

Coq Hardi tabernako atentatua aldatu

1957ko urtarrilaren 26an, agindua jaso zuen Coq Hardi-n, Algeriako burgesiaren topagune izaten zen tabernan, bonba bat jartzeko.[2][3] Djamila Bouazzak militarren zelatatze-lanari iskin egitea lortu zuen, eta mandatua bete zuen.[4][oh 1]

Abderrahmane Taleb-ek prestatutako lehergailuak kalte handiak eragin zituen: atentatuan lau hildako eta 60 zauritu izan ziren.[4][5][6]

Epaiketa eta erreakzioak aldatu

 
Jamila Bouazza Argeleko kafetegiko atentatua berregin zutenean.

1957ko apirilaren 25ean, polizia judizialak Djamila Bouazza atxilotu zuen. Graziani kapitainak jo egin zuen, eta berak onartu zuen Djamila Bouhired-ek emandako bonbak jarri zituela Michelet kalean eta Coq Hardi tabernan.[7] 1957ko maiatzaren 9an, Fernand izeneko polizia judizialak Aljer ondoko El Biar herrian galdekatu zuen.[8] Ondoren, El-Harrach-eko espetxean sartu zuten. Bertan ziren Djamila Bouhired, Jacqueline Guerroudj[9] eta Zohra Drif. Aljerreko guduan bonbaz eginiko atentatua egin izana egotzi ziotenez, Aljerko Indar Armatuen Auzitegi Militar Iraunkorrera eraman zuten. Antza denez, Djamila Bouazzak epaiketan jokabide "erratikoa" izan zuen, auzitegiaren aurrean xelebrekeria ugari eginez, eta, horregatik, aretotik kanporatu zuten.[10] Paul Vergès abokatuak argudiatu zuen Djamila Bouazzak dementzia zuela eta, beraz, bere galdeketan lortutako testigantza ezin zela erabili Djamila Bouhireden aurka.[11] 1957ko ekainaren 22an, Djamila Bouazzak gutun bat idatzi zion kartzelatik Rachid Hattab-i, bere ustezko eromena aldez aurretik planifikaturik zegoela eta itxurak egiten egon zela aitortuz.[12]. Bouazza eta Bouhiredi heriotza-zigorrra ezarri zieten.[2] Aljeriako Independentzia Gerran heriotz-zigorra ezarri zieten emakumeak sei izan ziren: Djaouher Akrour, Baya Hocine, Djamila Bouazza, Djamila Bouhired, Jacqueline Guerroudj eta Zahia Kherfallah.[4][5][6]

 
Germaine Tillion (1907 - 2008) Frantziako erresistentziako kidea eta etnologoa.

Exekuzioa atzeratu egin zen Jacques Vergès abokatuak eta Georges Arnaud kazetariak antolatutako kanpaina bati esker. Bien artean Pour Djamila Bouhired manifestua argitaratu zuten Éditions de Minuit-en; ondoren, Henri Alleg-ek kartzelan idatziriko torturari buruzko La question liburuaren zabaltze klandestinoa egin zen; eta, azkenik, Germaine Tillion erresistentziako kideak agintarien aurrean egindako lan kementsua.[13] Jacques Vergès eta Georges Arnaudek geroago plazaratutako idazkiek, eta gero Henri Allegenak, erne jarri zuten Frantziako iritzi publikoa eta kontzientziak piztu zituzten armada frantsesak Aljeriako independentistei eragindako tratu txarrengatik. Kanpaina mediatikoari esker, Bouazzari heriotza-zigorra konmutatu zioten eta bizitza osorako bortxazko lanez ordeztu. 1962an, zenbait urte preso egon ondoren, libre utzi zuten urte hartako martxoaren 19ko Eviango hitzarmenetan adosturiko amnistia orokorra ezartzean.[14]

Aljeria independentean aldatu

Independentziaren ondoren, Djamila Bouazzak ez zuen parte hartu erregimen berriaren jarduera politikoetan. Aljeriako segurtasun militarraren zerbitzuek, 1983ko irailaren 27an, bere senarra, Boussouf Abboud, 1965eko ekainaren 19ko estatu-kolpearen aurka egon zena, bahitu egin zuten. Atxiloketan haren helbidea eta denda guztiz suntsituta utzi zituzten.[15]

Djamila Bouazza 2015eko ekainaren 12an hil zen Aljerren, 78 urte zituela.[2][16] El-Asr-eko (arratsaldeko) otoitzaren ondoren ehortzi zuten Aljerreko El-Alia hilerrian.[17]

Oharrak aldatu

  1. Kasbah inguruko alanbre-hesiak zeharkatzean bonbak ezkutatzeko, gorputz osoa inguratzen zuen haik izeneko Aljeriako emakumeen jantzi tradizionala edo europar itxurako neska gazteek zeramatzaten saskiak erabiltzen ziren.

Erreferentziak aldatu

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Djamila Bouazza» artikulutik itzulia izan da, 2023-05-22 data duen 204495815 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-05-22 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (Frantsesez) Delpard, Raphaël. (2012-07-01). Ils ont vécu dans l'Algérie en guerre. L'Archipel ISBN 978-2-8098-0734-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  2. a b c d e (Frantsesez) A.R.. «Djamila Bouazza s’est éteinte. Elle était l’auteure de l’attentat du “Coq hardi”» http://www.liberte-algerie.com/ (liberte-algerie.com) (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  3. (Frantsesez) Duthel, Heinz. (2013). Jacques Vergès L’Avocat mystérieux, très à l'est de la France. Books on Demand, 592 or. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  4. a b c (Frantsesez) Zineb, Abbès. «La grande moudjahida Djamila Bouazza n'est plus» www.algerie1.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  5. a b (Frantsesez) Codaccioni, Vanessa. «(Dé)Politisation du genre et des questions sexuelles dans un procès politique en contexte colonial : le viol, le procès et l’affaire Djamila Boupacha (1960-1962)» Nouvelles Questions Féministes 2010/1 (29. liburukia): 32-45. ISSN 0248-4951. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  6. a b (Frantsesez) Thénault, Sylvie. «Défendre les nationalistes algériens en lutte pour l'indépendance. La « défense de rupture » en question» Le Mouvement Social 2012/3 (240. zk.): 121-135. ISSN 0027-2671. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  7. (Frantsesez) Roux, Hubert le. (2013-05-09). Jean Lartéguy: Le dernier centurion. Tallandier ISBN 979-10-210-0284-5. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  8. (Ingelesez) Rejali, Darius. (2009-06-08). Torture and Democracy. Princeton University Press ISBN 978-1-4008-3087-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  9. (Frantsesez) Gallissot, René. (2013-12-24). GUERROUDJ Jacqueline, née Jacqueline NETTER, divorcée de Pierre MINNE. Maitron/Editions de l'Atelier (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  10. (Frantsesez) A. J.. (1957-11-12). «Le livre de Georges Arnaud et Jacques Vergès» Le Monde.fr (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  11. (Frantsesez) Amarni, Abdelkrim. (2015-06-13). «Le couffin de Djamila... - LA MOUDJAHIDA BOUAZZA NOUS A QUITTES» Djazairess (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  12. (Frantsesez) «Lettre de Djamila Bouazza annonçant comment elle va simuler la folie au procès de Djamila Bouhired (envoyée par A. Martinez)» Algerie Francaise | La verite sur la guerre d'algérie www.algerie-francaise.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  13. (Frantsesez) KELLE, Michel. (2013-05-13). 5 Figures de l'émancipation algérienne. KARTHALA Editions ISBN 978-2-8111-0877-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  14. (Frantsesez) Dore-Audibert, Andrée. (1995-01-01). Des Françaises d'Algérie dans la Guerre de libération: des oubliées de l'histoire. KARTHALA Editions, 155 or. ISBN 978-2-86537-574-5. (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  15. (Frantsesez) Abdelaziz, Saoudi. (2015). «Elle fut la première condamnée à mort. Djamila Bouazza nous a quittés hier» Algerieinfos-saoudi.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
  16. Fatima Aїt Khaldoun Arab. (2015). «La moudjahida Djamila Bouazza n’est plus» El Watan.
  17. (Frantsesez) «Décès de la moudjahida Djamila Bouazza : L’inhumation a eu lieu au cimetière d’El-Alia» El Moudjahid 2015-06-12 (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).

Bibliografia aldatu

  • Jean-Louis Gérard, Dictionnaire historique et biographique de la guerre d'Algérie. Éditions Jean Curtuchet - 2001 - ISBN 9782912932273
  • Philippe Bourdrel, La dernière chance de l'Algérie française: 1956-1958. Éditions Albin Michel - 1996 - ISBN 9782226088239
  • Serge Bromberger, Les rebelles algériens. Éditions Plon - 1958
  • Bernard Violet, Vergès: le maître de l'ombre. Éditions du Seuil - 2000 - ISBN 9782020314404
  • Jabhat al-Taḥrīr al-Qawmī. Fédération de France, La femme algérienne dans la Révolution: textes et témoignages inédits. ENAG éditions - 2006 - ISBN 9789961624609

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu