Die Entführung aus dem Serail


Die Entführung aus dem Serail (eusk. 'Bahiketa harenean'; KV384) Wolfgang Amadeus Mozartek idatzitako hiru zatitan banatutako singspiel bat da. Alemanezko libretoa Gottlieb Stephanierena da, Christoph Friedrich Bretznerren beste libreto bat egokitu zuena. Vienako Burgtheaterren estreinatu zen 1782ko uztailaren 16an.

Die Entführung aus dem Serail
Jatorria
Sorrera-urtea1780
Argitaratze-data1785
Estreinaldi-data1782ko uztailaren 16a
IzenburuaDie Entführung aus dem Serail eta Il ratto dal serraglio
Ezaugarriak
Genero artistikoasingspiel (en) Itzuli eta opera
Hizkuntzaalemana
Zatiak3 act (en) Itzuli
Telesailalist of operas by Wolfgang Amadeus Mozart (en) Itzuli
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
LibretistaChristoph Friedrich Bretzner (en) Itzuli eta Gottlieb Stephanie (en) Itzuli
Bestelako lanak
MusikagileaWolfgang Amadeus Mozart
Fikzioa

IMSLP: Die_Entführung_aus_dem_Serail,_K.384_(Mozart,_Wolfgang_Amadeus) Edit the value on Wikidata

Historia aldatu

Jatorria aldatu

Opera hau lehendabizi antzeztu zuen konpainia Nationalsingspiel (Singspiel nazionala) izan zen, Josef II.a austriar enperadorearen proiektu bat (1778-1783). Enperadoreak konpainia alemanez idatzitako lanak antzezteko sortu zuen (italiar opera jada oso ezaguna zen Vienan garai hartan). Proiektu hau, azkenean, porrot bat bezala utzia izan zen, baina iraun zuen bitartean zenbait arrakasta izan zituen, gehienbat beste hizkuntza batzuetatik itzulitako lanak. Mozarten opera, bere jatorrizko arrakasta bikaina bezala agertzen da.

Nationalsingspielaren intendentea Gottlieb Stephanie zen. Mozart 25 urterekin 1781ean Vienara iritsi zenean, lan aukerak bilatuz, egin zuen lehen gauzetako bat Stephanie ezagutzera joatea izan zen eta opera bat enkargatzeko presionatu. Helburu horrekin, bere aurreko opera izan zen Zaideren kopia bat ekarri eta Stephanieri erakutsi zion, oso txundituta geratu zena. Mozartek antzokiko administratzailea zen Franz Xaver Rosenberg-Orsini kondeari ere inpresio handia eragin zion, Mozarten mezenas eta laguna zen Maria Wilhelmine Thunen etxean kondeak bere Idomeneo, Kretako erregea operaren zatiak jotzen entzun zuenean, aurreko urtean arrakasta handiz Münichen estreinatu zena. Babes honekin Stephaniek material egokia aurkitu eta Mozartentzako libreto bat prestatuko zuela gogoratu zuen. Stephaniek Christoph Friedrich Bretzner Belmont und Constanze, oder Die Entführung aus dem Serail izeneko aurreko lan bat lehenik kopiatu eta ondoren aldatuz lortu zuen. Bretzner, beranduago, lapurretagatik publikoki kexatu zen.

Konposaketa aldatu

Mozartek Stephanieren libretoa 1781eko uztailak 29an jaso zuen. Udan profesionalki konposatzeko aukera gutxi izan zituen, eta libretoan lanean oso erritmo bizkorrean jarri zen, hiru ekitaldi handi bi egunetan amaituz. Bere aita Leopoldi bidalitako gutun batean bere opera bat Vienan antzeztearen ikuspegiaren aurrean oso harro zegoela adierazten zuen, eta grinez lan egin zuen proiektu honetan.

Hasieran, Mozartek opera hau soilik bi hilabetetan amaitu beharko zuela pentsatzen zuen, irailean Paulo Duke Handia (Katalina II.a Errusiakoaren semea eta errusiar tronurako oinordekoa zena) errusiarrak egingo zuen bisitan antzezteko planak egin baitziren. Baina, azkenean, Christoph Willibald Glucken operak antzeztea erabaki zen, Mozarti denbora gehiago eman ziona.

Garai honetan adierazi zituen Mozartek konposatzailearen eta libreto egilearen paperak opera baten konposaketari buruzko bere ikuspegiak. Honako hau idatzi zion bere aitari 1781eko urriak 13an):

« Opera batean, poesia, orokorrean, musikaren menezko alaba izan behar duela esango nuke. Zergatik dira italiar opera komikoak ezagunak toki guztietan euren libretoak hain miseragarriak diren arren?... Musika delako erregina nagusia, eta batek entzuten duenean, gainontzeko guztia ahaztu egiten da. Opera batek arrakasta ziurra izango du istorioa ondo egina dagoenean, hitzak soilik musikarako idatziak, eta ez hemen eta han sartuak erritmo kaxkar batera egokitzeko... Guztietan hoberena konposatzaile on bat, antzerkian jakituna dena eta iradokizunak egiteko haina talentua duena olerkari gai batekin elkartzen denean da, benetako fenixa; kasu horretan ez da beldurrik izan behar txalorik jasoko ote duen, ezta ezjakinak ere. »


Badirudi honen antzeko zeozer gertatu zela, Mozartek libretoaren eraketan paper nagusi bat izatea erabaki zuela, Stephanieri efektu dramatiko eta musikal hobea izateko aldaketak egin zitzala behin eta berriz esanez. Irailak 26an Mozartek honakoa idatzi zuen:

« Eta halaxe dago kontua. Duela 3 astetik Lehen Zatia, 2. zatiko aria bat eta Mozkorren bikotea (Vivat Bacchus, II. Zatiari erreferentzia egiten dio)... Alabaina, ezin dut gehiago egin, istorio guztia aldatu behar bait da, eta nik hala eskatuta. Hirugarren Zatiaren hasieran boskote edo hobe amaiera eder bat dago, nahiago nuke 2. Zatiaren amaieran jartzea. Hala egiteko aldaketa handi bat behar da, hain zuzen ere intriga erabat berria sartu behar da, eta Stephanie lanez lepo dago, eta, jakina, pazientzia apur bat izan beharra dago. »


Mozart, jakina, pozik zegoen Stephanie bezalako libretista bat, entzungo ziona izateaz. Irailak 26ko gutunak honakoa ere badio:

« Guztiek hitz egiten dute gaizki Stephanieri buruz, baliteke nirekin adiskidetsua soilik itxuraz izatea, baina, egia esan, libretoa konpontzen dit, nik nahi dudan bezala, hitzez hitz, eta Jainkoagatik ez diodala ezer gehiago eskatzen! »


Berridazteko atzerapenekin, konposaketa osatzeko beste hilabete batzuk gehiago behar izan zituen.

Antzezpenak aldatu

Vienako Burgtheaterren estreinatu zen 1782ko uztailak 16an, Mozart Constanze Weberrekin ezkondu baino egun batzuk lehenago. Orkestra konposatzaileak berak zuzendu zuen, Mozartek. Operak arrakasta handia izan zuen. Konposatzaileak honako idatzi zion bere aitari: "jendea txoratzen dago opera honekin". Lehen bi antzezpenekin 1200 florineko diru kopuru izugarria lortu zen, Mozartek Salzburgoko bere aurreko lanagatik jaso zuen soldataren hirukoitza. Opera hau behin eta berriz antzeztu zen Vienan Mozart bizi zen bitartean, baita alemaniar hizkuntzako Europan ere. 1787an, Goethek, libretista bezala egin zituen ahaleginei buruz, honako hau idatzi zuen:

« Gure ahalegin guztia... sinplea eta mugatua denera mugatzeko Mozart agertu zenean galdu zen. Bahiketa Serrailoan operak mundu guztia konkistatu zuen, eta gure lan propioa, kontu handiz idatzia sekula ez da hain aipatua izan antzerkiaren alorrean. »


Mozart bizi zen bitartean, hauxe izan zen Vienatik kanpora gehien hedatu zen bere lana. 1782an bakarrik, 15 aldiz antzeztu zen. Udazkenean Pragan antzeztu zen. Hurrengo urteetan alemaniar hizkuntzako zenbait tokitan antzeztu zen: Frankfurt, Bonn, Leipzig, Münich, Kassel, Berlin eta Stuttgart. Vienan Burgtheaterren errepertorioaren zati izan zen.


Aurrekoa
Idomeneo, Kretako erregea
Mozarten operak
1782
Ondorengoa
Kairoko antzarra


Kanpo estekak aldatu