Constantino Salinas
Constantino Salinas Jaka (Altsasu, 1886ko abenduaren 12a - Buenos Aires, 1966ko urriaren 14a) nafar sendagile eta politikari sozialista izan zen. Nafarroako Foru Diputazioko lehendakariordea izan zen 1931tik 1934ra.[1]
Constantino Salinas | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Altsasu, 1886ko abenduaren 12a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Buenos Aires, 1966ko urriaren 14a (79 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta medikua |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | ![]() |
Bizitza
aldatuConstantino Salinas Jaka Altsasun jaio zen 1886ko abenduaren 12an. Aita arabarra zuen, eta ama gipuzkoarra. Zaragozan medikuntza ikasi ondoren, 1912an Cadreitan hasi zen sendagile. Bi urte geroago, sorterrira aldatu zen. 1914an, Luisa Urtasun Beroztekieta bizkaitarrarekin ezkondu zen.[2][1]
Joera politiko garbia izan zuen haren familiak: aita, alkate liberala izan zen herrian. Bera ere gazterik hasi zen politikan, prentsan artikuluak idazten. 1916an El Alsasuano kazeta kaleratzeari ekin zion eta, urte berean, El Pueblo Navarro egunkarian artikuluak argitaratzen hasi zen, Altsasuko berriemaile izendatu zuten arte. Polemika eta eztabaida frankotan parte hartu zuen. 1918an, Alderdi Sozialistan sartu zen, eta masonerian 1923an.[3]
PSOEren zerrendan, zinegotzi hautatu zuten behin baino gehiagotan, eta Errepublikarako hauteskundeetan, esaterako, hautagai bozkatuena izan zen bere herrian. Ez da harritzekoa, beraz, 1931n Bigarren Errepublika ezarri zenean, Nafarroako Diputazioko lehendakariorde izendatzea.[oh 1] Diputazioan zela, lurraren banaketa izan zuen kezkarik nagusienetakoa, eta baita Lizarrako Estatutua ere.[3]
Euskal estatutua eztabaidatzen hasi zenean, udal ordezkarien arteko hainbat bilera zuzendu zituen. Hala hitz egin zuen behin: "Ama Gipuzkoakoa dut; aita, arabarra; neska-laguna, bizkaitarra; ni eta nire semeak, nafarrak gara. Lau lurraldeek bat egiten dute niregan. Nire sorterriari diodan maitasunak bat egiten du aberri handiari diodan maitasunarekin, eta, sozialista naizen aldetik, baita amesten dudan aberri unibertsalarekin ere". Betiere, estatutuaren aldekoa izan arren, ez zuen Lizarran egindako agiria babestu.[3]
Sendagile gisa, kezka handia izan zuen jaioberritan utzitako umeen egoeraz, eta 1934an Iruñeko inklusatik Barañaingo eraikin berrira eramatea lortu zuen.[1] Urte hartan bertan, Guardia Zibilak atxilotu zuen, oso garbi ez dauden arrazoiengatik. Kamioan zeramatela, Altsasun, Emilio Iguzkitza bizilagunak kargu hartu zien nonbait guardiei, eta bertan zerraldo utzi zuten tiro batez. Salinas Iruñean egon zen preso hainbat egunez, askatu zuten arte.[3][2]
1936ko altxamenduarekin, Gipuzkoan aterpetu zen. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ospitaleen zuzendari nagusi izendatu zuen. Ondoren, Asturiasen eta Kantabrian jardun zuen. 1937ko abuztuaren 25ean, frankistak Santanderrera iristear zirela, Bordelera ihes egin zuen. Espainiako eremu errepublikanora itzulirik, Albaceten, Valentzian eta Katalunian aritu zen.[2]
Ondasunak konfiskatzeko Nafarroako Batzordeak eta Erantzukizun Politikoen Nafarroako Eskualde Auzitegiak haren aurkako auzibidea abiarazi zuten, Alderdi Sozialistako buruzagia izatea eta matxinada frankistari aurre egin izana egotzirik. 1940an, ondasun guztiak galtzera eta 15 urteko deserritzera zigortu zuten.[2]
Gerra ondoan, bi urte eman zituen Narbonan eta 1941ean Argentinara joan zen, Julia eta Josefina alabekin. Luisa emaztea eta ume batzuk Altsasura itzuli ziren. Urte batzuk geroago, Maria Teresa, Antonio eta Fernando seme-alabak ere Argentinara joan ziren, baina emazteak, gaixorik, herrian geratu behar izan zuen.[2]
1964an itzuli zen Altsasura. Argentinako enbaxadan bisa eskatzean, trabarik jarriko ote zioten galdetu zion funtzionarioari. "Eskuetan odol arrastorik ez baduzu...". "Bai" erantzun zuen, "baditut: medikua izan naiz, beti". Sorterrian egun batzuk igarota, Buenos Airesera itzuli zen. Bertan zendu zen 1966ko urriaren 14an.[3][2]
Oharrak
aldatu- ↑ Diputazioko lehendakariordea Nafarroako aginte kargurik gorena zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c Constantino Salinas Jaca. Euskonews, 234. zenbakia, euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2025-3-18).
- ↑ a b c d e f Constantino Salinas Jaca. altsasumemoria.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2025-3-18).
- ↑ a b c d e Barandiaran, Alberto. Sozialista, mediku eta poeta. Constantino Salinas politikari nafarraren (Altsasu, 1886 - Buenos Aires, 1966) gaineko lilburua kaleratu berri du Angel Garcia-Sanz Markotegi NUPeko Historia irakasleak. Berria, 2004-05-04, euskalkultura.eus (Noiz kontsultatua: 2025-3-18).