Britainia berriko kanpaina

Britania Berriko kanpaina Bigarren Mundu Gerrako kanpaina bat izan zen, aliatuen eta Japoniako Inperioaren artean. Kanpaina 1943ko amaieran hasi zuten aliatuek, Rabaulgo, Britainia Berriko hiriburua, japoniar base garrantzitsua neutralizatzea helburu zuen erasoaldi handi baten barruan, eta bi fasetan egin zuten: 1943ko abendua eta 1945eko abuztuko gerraren amaiera bitartean.

Britainia berriko kanpaina
Pazifikoko frontea Bigarren Mundu Gerran
AEBko Armadako soldaduak patruila batetik itzultzen Arawe inguruan, 1943ko abenduan.
Data1943-12-15 – 1945-08-21
LekuaBritainia Berria, Ginea Berriako lurraldea
EmaitzaAliatuen garaipena
Gudulariak
 AEB AEB
 Australia Australia  Zeelanda Berria Zeelanda Berria
 Japonia Japonia
Buruzagiak
 AEB Douglas MacArthur
 AEB Julian Cunningham
 AEB William H. Rupertus
 AEB Rapp Brush
 Australia Alan Ramsay
 Australia Horace Robertson
 Japonia Hitoshi Imamura
Indarra
20.000 100.000
Galerak
502 hildako
1.575 zauritu
4 desagertu
~30.000 hildako (gehienak gaixotasuna eta goseteagatik.)[1]

Lehen borrokak Britainia Berria uhartearen mendebaldeko muturrean gertatu ziren 1943ko abenduan eta 1944ko urtarrilean, AEBko indarrek Arawe eta Gloucester lurmuturraren inguruan lehorreratu eta baseak segurtatu zituztelarik. 1944ko martxoan, beste lehorreratze bat egin zuten Talasea inguruan, eta, horren ondoren, borroka txikiak izan ziren uharteko lehorreko indarren artean. 1944ko urrian, Australiako 5. Dibisioak AEBko tropak ordezkatu zituen, eta, hurrengo hilabetean, Jacquinot badian lehorreratzeari ekin zion, Wide Bay eta Open Bay arteko uhartearen defentsa lerro bat bermatzeko erasoaldi mugatu bat hasi baino lehen. Haren atzean zeuden japoniar indar nagusiak, zenbakiz handiagoak, gerraren bukaeraraino eutsiko zituzten. Japoniarrek Britania Berriko kanpaina distrakzio-ekintzatzat hartu zuten, eta indarrak Rabaul inguruan mantendu zituzten, kontzentratuta, inoiz iritsiko ez zen lehorreko eraso baten zain.

Historialariek uste dute Britainia Berriko operazioak arrakastatsuak izan zirela indar aliatuentzat. Hala ere, batzuek zalantzan jarri izan dute kanpainaren beharra. Gainera, historialari australiarrak kritiko agertu izan dira 1944ko urriaren eta gerraren amaieraren artean uharteari laguntza emateko aire eta itsas laguntza mugatuarekin.

Aurrekariak aldatu

Geografia aldatu

Britania Berria Ginea Berriko kontinentearen iparraldean dagoen uharte bat da. Gutxi gorabehera, 595 kilometro luze da, eta, bere zabalera, 30 kilometrotik 100 kilometrora aldatzen da; horrek Bismarck uhartediko uharterik handiena bihurtzen du. Britania Berriko barnealdea, malkartsua da, eta 1.800 metrotik gorako mendi bolkanikoak ditu ia luzera osoan[2]. Uharteko kostaldea badia ugariz inguratua dago[3].

Uharteak klima tropikala du. Bigarren Mundu Gerraren garaian, zuhaitz altuko oihan batek estaltzen zituen mendiak. Uhartearen zatirik handiena jotzen duten kostaldeko lautadak oihan trinkoz estalita zeuden. Britania Berriko hondartza gehienak zingira basotsuek babesten zituzten, eta mendietatik zetozen ibai eta erreka asko itsasora joaten ziren. Ezaugarri horiek guztiek asko zaildu zuten unitate militarren mugimendua Britainia Berrian. Itsasontzi anfibioen lehorreratze-lekuen kopurua, gainera, uhartearen kostalde gehiena inguratzen zuten koralezko uharriek mugatzen zuten[3].

1940an, uharteko biztanleria 101.000 ginear eta 4.674 europar eta asiar baino gehiago zela kalkulatu zen[4]. Rabaul, Britainia Berriko ipar-ekialdeko kostaldean kokatua, uharteko kokaleku nagusia eta Bismarckseko handiena zen[3]. Hiria Australiak administratutako Ginea Berriko hiriburua izan zen 1914an Australiako indarrek eskualdea Alemaniari kendu ziotenetik[5].

Japoniarren okupazioa aldatu

 
Japoniar indarren egoera Britainia Berrian eta inguruko uharteetan, 1943ko azaroan

Japoniarrek 1942ko urtarrilean hartu zuten Britania Berria, Rabaul bermatzeko ahaleginen zati gisa[6], Australiako garnizio txikia azkar zapalduz Rabaulgo guduan[7]. Inbasio hori bi helburuekin hasi zen: alde batetik, indar aliatuek Trukeko japoniar base garrantzitsua, Ozeano Bareko erdialdean, erasotzeko Rabaul erabiltzea eta, bestetik, hiria harrapatzea, eskualdean japoniarren aurkako erasoaldi gehiago egin ahal izateko[8]. Australiako ehunka soldadu eta hegazkinlari ihes egitea lortu, eta ebakuatu zituzten otsaila eta maiatza bitartean; hala ere, 900 inguru gerra-preso bihurtu ziren, eta tratu gogorrak jaso zituzten. Japoniarrek harrapatutako 500 zibil europarrak atxilotuak izan ziren[5]. 1942ko uztailaren 1ean, Britainia Berrian harrapatutako 849 gerra-preso eta 208 zibil hil ziren Montevideo Maru ontzia Japoniara zihoala itsaspeko estatubatuar batek torpedoz jo zuenean[5]. Gainerako europar atxilotu gehienak Salomon uharteetara eraman zituzten, eta bertan hil ziren, egoera txarraren ondorioz[9].

Japoniako agintariek uhartearen kudeaketa sistema australiarra onartu zuten herrietako buruzagien bidez, eta herri askok japoniarrekiko leialtasuna onartu zuten bizirauteko edo beste talde batzuekiko abantaila lortzeko. Japoniarrekin kolaboratzeari uko egin zioten buruzagi bakanak gogor zigortu zituzten, eta hainbat hil zituzten[5]. Gerra aurretik Europako emakumeak eta haurrak Australiara ebakuatuak izan baziren ere, asiarrek ez zuten alde egiteko laguntzarik izan. Txinatar etniako komunitatea beldur zen japoniar indarrek sarraskituko ote zuten, Ozeano Bareko beste toki batzuetan gertatu zen gisa, baina ez zen gertatu. Hala ere, gizonak behargin gisa lan egitera behartuak izan ziren, eta emakume batzuk bortxatu egiten zituzten, eta, kasu batzuetan, 'plazererako emakume' izatera behartu zituzten[5].

Inbasioaren ondoren, japoniarrek base handi bat ezarri zuten Rabaulen. 1942ko hasieratik, aliatuen aire-unitateek eraso egin zieten hiritik gertu zeuden instalazioei, baina operazio horiek, oro har, ez zuten arrakastarik izan. 1943. urtearen erdialderako, Rabaulen lau aerodromoko sare bat eraikita zegoen, 265 ehiza-hegazkin eta 166 bonbaketari har zitzakeena. Babestu gabeko aparkalekuetan ere, hegazkin gehiago aparka zitezkeen[10]. Base horietan zeuden hegazkinek indar aliatuen aurka ziharduten Ginea Berrian eta Salomon uharteetan[11]. Hiria, gainera, portu handi bihurtu zen, kai zabalarekin eta ontziak konpontzeko instalazioekin. Hornigai pila handiak biltegietan eta aire zabaleko edukiontzietan gordetzen ziren Rabaulen eta inguruetan[12]. Instalazio japoniar gutxi eraiki ziren Britainia Berrian, nahiz eta aerodromo aurreratu bat garatu zen Gasmatan, uhartearen hegoaldeko kostaldean. Bai japoniarrek, bai australiarrek kostazain talde txikiak zituzten Britainia Berriko beste toki batzuetan; australiarrak inbasioaren ondoren uhartean geratzeko boluntario aurkeztu ziren zibilak ziren[9].

1943an, Inteligentzia Bulego Aliatuko (AIB) langileen talde txikiak Britainia Berrian lehorreratu ziren. AIBko unitateek nahi zuten: inteligentzia-informazioa bildu, Australiaren subiranotasuna berretsi eta aliatuen hegazkinlariak erreskatatu. Japoniarrak kostazain aliatuak eta AIBko patruilak harrapatzen saiatu ziren, eta ankerkeriak egin zituzten lagundu zieten zibilen aurka. AIBk gineaberriarrak ere prestatu, eta hornitu zituen gerrillari lanak egiteko, eta horrek intentsitate baxuko kanpaina arrakastatsu bat eragin zuen japoniar garnizioaren aurka. Hala ere, gerra tribalak ere piztu zituen, gerrillariek ustez japoniarrekin kolaboratu zuten herrixkak erasotzen baitzituzten[9].

Oposizio indarrak aldatu

1943an, 100.000 militar eta zibil japoniar baino gehiago zeuden Britainia Berrian eta gertuko uharte txikiago batean, Irlanda Berrian. Horiek 8. Eremuko Armadaren kuartel nagusian zeuden, Hitoshi Imamura jeneralaren agindupean: 17. Dibisioa (11.429 kide gerraren amaieran); 38. Dibisioa (13.108); 39. Brigada (5.073); 65. Brigada (2.729); 14. Erregimentua (2.444); 34. Erregimentua (1.879) eta 35. Erregimentua (1.967). Formazio horiek, batera, lau dibisioren baliokide zen indarra osatzen zuten. Itsas tropek beste dibisio bat ematen zuten[13]. Gerra amaitu zenean, japoniar indar horiek Rabaulera eta inguruko Gazelle penintsulara mugaturik zeuden[6]. Indar horiek ez zuten itsas eta aireko laguntzarik[14] , eta gero eta isolatuago zeuden, eta gero eta urrunago hornikuntzengandik, aliatuen debeku ahaleginen ondorioz[15]. Izan ere, Rabaul eta Japoniaren arteko komunikazio zuzenak 1943ko otsailean eten ziren, eta gerra amaitu arte ez ziren berrezarri[16].

Kontrara, Estatu Batuetako, Australiako eta Ginea Berriko indarrek, bertako zibilen laguntzarekin, dibisio mailako edo maila txikiagoko komandoa izan zen beti; Arawe ziurtatu zuen Estatu Batuetako 'Zuzendari' Taldea, benetan, 112. Zalditeriako Errejimenduan oinarritutako errejimenduko borroka-taldea zen[17]. Geroago, Infanteriako 40. Dibisioari eman aurretik, 1. Itsas Dibisioak jarraitu zion, eta hark, aldi berean, Australiako 5. Dibisioari eman zion[6]. Hori, neurri batean, uhartearen jabe ziren japoniar indarren tamainaren kalkulu oker baten ondorio izan zen, baita aliatuen estrategia zabalago baten ondorio ere, Britainia Berriarentzat operazio mugatu bat agindu zuena, hasiera batean, hegazkin baseentzako kokaleku egokiak hartu eta defendatzea eta, ondoren, japoniar indar handienari eustea helburu zuena[6].

Prestaketak aldatu

 
1943ko ekainetik 1944ko apirilera bitarteko aliatuen eta japoniarren prestaketak.

1942ko erdialdetik aurrera, aliatuek Ozeano Barerako zituzten planak, batez ere Rabaul harrapatzeko edo neutralizatzeko izan ziren. 1942ko uztailean, AEBko armadaren Aginte Bateratu Nagusiko buruek Rabaulen aurkako bi fronteko erasoaldia agindu zuten. Ozeano Bareko hego indarrari esleitutako indarrak Salomon Uharteak harrapatzera bideratuta zeuden, Guadalcanaletik hasita. Aldi berean, Douglas MacArthur jeneralak zuzendutako unitateak, hego-mendebaldeko Ozeano Bareari esleitutakoak, Lae eta Salamaua ziurtatzeko ziren Ginea Berriko iparraldeko kostaldean. Behin operazio horiek amaituta, bi komandoetako indarrak Britainia Berrian lehorreratu, eta Rabaul harrapatuko zuten. Plan hori, hala ere, goizegi egin zen, MacArthurrek ez baitzuen bere elementuak gauzatzeko behar adina indarrik. Japoniarrek Port Moresbyrantz egindako erasoaldiak ere, Kokoda Track, Milne badiako gudua eta Bonako gudua moduko kanpainetan eta hilabete luzez borrokatu ondoren garaitua izan zena, aliatuen planak zapuztu zituen, baina kontrolpean utzi zituen lurraldean beharrezko erasoaldiak egiteko[18].

Aliatuek 1943ko hasieran egin zituzten planak. Konferentzia handi baten ondoren, martxoaren 28an, Aginte Bateratu Nagusiko Buru Mistoak Rabaul garaitzeko plan berri bat azaleratu zuen, 'Kartwheel Operazioa' izendatua zena. Plan horren arabera, MacArthurren indarrak, Ginea Berriko kostaldeko bi uhartetan, aerodromoak ezarri; kontinenteko Huon penintsulako eskualdea hartu, eta Britainia Berriko mendebaldean lehorreratu behar ziren. Ozeano Bareko hegoaldeko indarrak aurrera jarraitu behar zuen Salomon Uharteetatik Rabaulera bidean, Bougainville uhartean lehorreratze batekin amaituz[18]. Cartwheel Operazioaren hasierako planek MacArthur Rabaul harrapatzera zuzentzen bazuten ere, 1943ko ekainean, Aginte Bataratu Nagusiko Buru Mistoak ez zela beharrezkoa erabaki zuen, japoniarren basea blokeo eta aireko bonbardaketen bidez neutraliza zitekeelako. MacArthur planak aldatzearen aurka agertu zen hasieran, baina, abuztuan, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako Aginte Bateratu Nagusiko buruek babesa eman zioten Quebeceko Konferentzian[19].

Ameriketako Estatu Batuetako 5. Aire Armadak, Ozeano Bareko hegoaldeko indarrei esleitutako estatubatuar aire-unitate nagusiak, Rabaulen aurkako kanpaina bat hasi zuen 1943ko urrian. Erasoen helburua zen japoniarrek Rabaul aireko edo itsas base gisa ez erabiltzea eta laguntza ematea Bougainvillen azaroaren 1erako aurreikusita zegoen lehorreratzeari, bai eta Britainia Berriko mendebaldean abendurako aurreikusita zeuden lehorreratzeei ere[20]. Lehenengo erasoa urriaren 12an eman zen, eta 349 hegazkin hartu zuten parte. Urrian eta azaroaren hasieran, eguraldiaren egoera egokiagoa zela eta, eraso gehiago egin ziren[21]. Azaroaren 5ean, AEBko Itsas Armadako bi hegazkin-ontzik ere eraso egin zioten hiriari eta portuari. Eraso horren ondoren, Japoniako Itsas Armada Inperialak Rabaul ontzidiaren base bezala erabiltzeari utzi zion[22]. Rabaulen aurkako kanpaina areagotu egin zen azarotik aurrera, Salomon uharteetan harrapatutako aerodromoetako aire-unitateek erasoekin bat egin zutenean[23].

Britainia Berriko mendebaldearen inbasioa aldatu

Plan kontrajarriak aldatu

1943ko irailaren 22an, MacArthurren Aginte Nagusiak Britainia Berriaren inbasioa agindu zuen, eta 'Dextery Operazioa' izendatu zuten. Horiek AEBko 6. Armadari (garai hartan 'Alamo Force' deitua izan ohi zena) agindu zioten indarrak lehorrera zitzan Britainia Berriko mendebaldeko Gloucester lurmuturreko eskualdean eta Gasmatan, Britainia Berri osoa (Gasmata eta Talasea arteko lerrotik mendebaldera) ziurtatzeko, iparraldeko kostaldean[23]. MacArthurren aireko komandantea, George Kenney teniente jenerala, operazio horren aurka agertu zen, uste baitzuen denbora gehiegi beharko zela, Ginea Berriko eskualdean aliatuen aurrerapenen abiadura bizkorra ikusita, Gloucester lurmuturrean aerodromoak garatzeko eta zeuden aerodromoak egokiak zirelako Rabaulgo erasoei eusteko eta beste leku batzuetan lehorreratzeak planifikatzeko. Hala ere, Walter Krueger teniente jeneralak, Alamo Force indarraren komandanteak, eta MacArthurren itsas komandanteek uste zuten beharrezkoa zela Britainia Berria inbaditzea Vitiaz itsasarte estrategikoaren kontrola lortzeko, zeinaren bidez indar aliatuak garraiatzen zituzten konboiak bidaltzea Ginea Berriko mendebaldeko kokalekuetara aurreikusita baitzegoen. Hala ere, Gasmatan aurreikusitako lurreratzea bertan behera geratu zen azaroan, japoniarrek eskualdea indartuko zutelako kezka eta Rabauleko aerodromoetatik gertu zegoelako eta baita lurra zingiratsuegia zelako ere. Horren ordez, azaroaren 21ean, Arawe eremua harrapatzea erabaki zen, Britainia Berriko hego-mendebaldeko kostaldean, torpedo-txalupentzat (PT) base bat ezartzeko eta, zorte pixka batez, japoniarren arreta desbideratzeko Gloucester lurmuturreko lehorreratze nagusitik[24]. Itsas garraioa eta aire estalkia kontuan hartu ondoren, Araweko lehorreratzea abenduaren 15erako zegoen aurreikusita, eta Gloucester lurmuturrekoa 26rako[25].

 
Indar japoniarren mugimenduak Britainia Berriaren mendebaldean, 1943ko amaieran eta 1944ko hasieran eta aliatuen lehorreratzeen kokalekuak

Alamo Force arduratu zen Dextery Operatiboaren planak garatzeaz, eta 1943ko abuztuan hasi ziren lan honekin. Plan horien berri emateko inteligentzia itsas armadako eta Alamo Scout patruiletatik etorri zen, iraila eta abendua bitartean Britainia Berrian lehorreratu zirenak, baita aireko argazkietatik ere[26]. AEBko 1. Itsas Dibisioa izan zen Gloucester lurmuturrean lehorreratzeko hautatutako indar nagusia; artilleria, garraio, eraikuntza eta logistika unitateekin batera, Backhander Task Force izendatu zuten[27]. Arawe hirirako hautatu zuten armada Zalditeriako 112. errejimenduaren inguruan eraiki zuten, zalditik jaitsia eta infanteria lanetan ari zena. Zalditeriako errejimendua artilleria eta ingeniarien unitatez gehitu zen, eta talde orokorra Talde Operatibo Zuzendaria izena eman zitzaion[28].

Japoniarren Armada Nagusi Inperialak Ozeano Barearen hego-mendebaldeko egoera estrategikoa ebaluatu zuen 1943ko irailaren amaieran, eta ondorioztatu zuen aliatuak Salomon uharteak eta Bismarck uhertedia zeharkatzen saiatuko zirela hurrengo hilabeteetan, Japoniaren barne perimetrorako bidean, mendebaldeko eta erdialdeko Pazifikoan. Beraz, aliatuen aurreratzea geldiarazteko asmoz, errefortzuak bidali zituzten inguru hartako leku estrategikoetara. Hala ere, Rabaulen indar handiak utzi ziren, aliatuak hiria harrapatzen saiatuko zirela uste baitzen. Garai hartan, japoniarrek Britainia Berriko mendebaldean zituzten posizioak Gloucester lurmuturreko aerodromoetara mugatzen ziren, uhartearen mendebaldeko puntan, eta igarobideko leku txiki batzuk, Rabaul eta Ginea Berriaren artean zihoazen ontzi txikiei aliatuen aireko erasoetatik aterpe ematen zietenak[29]. Britainia Berria irailaren 15ean japoniar militarrek onartutako 'Erabateko Defentsa Nazionalerako Eremuaren' oso ekialdean zegoenez, helburu nagusia aliatuen edozein aurreratzea atzeratzea zen, estrategikoki garrantzitsuagoak ziren eskualdeen defentsak hobetzeko denbora irabazteko[30].

Urrian zehar, japoniarren 8. Eremuko Armadako komandanteak, Imamurak, aliatuen hurrengo mugimendua Britainia Berriaren mendebaldeko inbasio bat izango zela pentsatu zuen. Erantzun gisa, unitate gehiago bidaltzea erabaki zuen bere garnizioa indartzeko, 65. Brigadaren ingurukoa, zeinak indar gutxi baitzuen, eta Matsuda Indarra izena eman zion Iwao Matsuda komandante nagusiaren ohorez[31]. 17. Dibisioa aukeratua izan zen tropak hornitzeko; unitate honen gorputz nagusia urriaren 4an eta 5ean iritsi zen Txinatik Rabaulera, Britainia Berrirako bidean, itsaspeko eta aireko erasoen ondorioz, 1.400 hildako inguru izan ondoren. 17. Dibisioko komandantea, Yasushi Sakai teniente jenerala, Britania Berriko mendebaldeko japoniar indarren komandante berria izendatu zuten, baina, eskualde honetan, dibisioko batailoiak Britainia Berriko hegoaldean eta Bougainvillen artean zeuden banatuta[32].

Arawe aldatu

 
Estatu Batuetako soldaduak Arawen lehorreratzen

Arawe operaziorako, Lan Talde Zuzendaria, Julian Cunningham brigada-jeneralaren agindupean, Goodenough uhartean kontzentratu zen[28], eta han trebatu ziren 1943ko abenduaren 13an ontziratu aurretik. Operazioaren aurreko asteetan, aliatuen hegazkinek eraso gogorrak egin zituzten Britainia Berrian zehar, baina lehorreratze-hondartzen inguruko eremua lasai utzi zen lurreratzearen bezperara arte, japoniarrak ez ohartarazteko[33]. Inbasio-indarra zeramaten ontziak abenduaren 15eko 03:00ak aldera iritsi ziren Arawe penintsularen aurrera, Merkus lurmuturretik gertu. Ilunpean, bi elementu txiki aurreratu abiatu ziren ia berehala, Pilelo uharteko hego-ekialdeko irrati-igorgailu bat suntsitzeko eta Umtingalu herrixkaren inguruko penintsularako bidea mozteko aginduarekin. Umtingalu inguruko lurreratzeak erresistentzia handia aurkitu zuen, eta, ondoren, atzera igorria izan zen; Pileloko lehorreratzeak, berriz, arrakasta handiagoa izan zuen, eta zaldizkoek, beren helburua ziurtatu aurretik, japoniarren indar txiki bat zapaldu zuten[34].

Bien bitartean, tropek, nahaspila handi baten ondoren, lehorreratze-ontziari ekin zioten, 06:25ak aldera hasi zen erasorik handiena, itsas eta aireko bonbardaketa gogor batek lagunduta[35]. Lehorreko oposizioa mugatua izan zen, inguruan japoniar gutxi baitzeuden, nahiz eta lehen erasoak metrailadoreen tiroak jasan zuen, berehala konpondu zena. Rabauleko hegazkin japoniarrak lehorreratze hondartzaren gainetik ibili ziren, baina AEBko aireko patruilek uxatu zituzten. Nahasmendu handiago batek bigarren erasoaren etorrera atzeratu zuen, eta azken hiru erasoak aldi berean nahastu eta lehorreratu ziren. Hala eta guztiz ere, AEBko zaldizkoek berehala ziurtatu zuten hondartza-buru bat, eta, arratsalderako, Amalut plantazioa ziurtatua zuten, eta defentsa posizio sendoa ezarri zuten Arawe penintsulako basean. Hurrengo egunetan, japoniarren errefortzuak iritsi ziren, eta, ondoren, kontraerasoa jo zuten, baina estatubatuarrek ere errefortzuak ekarri zituzten, tankeak barne, eta japoniarren kontraerasoa atzera bota zuten. Handik gutxira, japoniarrak lur barrurago joan ziren, hurbileko aerodromo baterantz, eta Arawe inguruko borrokak bukatu ziren[36].

Gloucester lurmuturra aldatu

 
AEBko marineak Gloucester lurmuturrean lehorreratzen, Britainia Berrian, 1943ko abenduaren 26an.
Sakontzeko, irakurri: «Gloucester Lurmuturreko gudua»

Gloucester lurmuturreko lehorreratzea 1943ko abenduaren 26an izan zen, Arawe inguruko distrakzio ekintzaren ondoren[37] eta, egun batzuk lehenago, Sudest lurmuturraren inguruan zenbait lurreratze praktikak egin ondoren[38]. 1. Itsas Dibisioa, William H. Rupertus jeneral nagusiaren agindupean, hautatu zuten erasorako[39]. Lurreratzeko, bi hondartza aukeratu zituzten Gloucester lurmuturreko aerodromoen ekialdean, hori baitzen operazioaren helburu nagusia. Lurreratze laguntzaile bat ere aukeratu zen lurmuturraren beste aldean, aerodromoen mendebaldean. 7. Itsas Erregimentuko (Estatu Batuak) tropak Oro badiatik itsasoratu ziren 74. Task Forc-eko Ameriketako Estatu Batuetako eta Australiako gerraontziek lagunduta; bidean, Infanteriako 1. Itsas erregimentuak (AEB) eta Infanteriko 11. erregimentuko artilleriak indartu zituzten[40]. Lehorreratzearen aurreko asteetan, aireko bonbardaketa gogor bat egin zuten Gloucester lurmuturraren garnizioaren aurka, zeinak defentsa finko asko suntsitu eta soldaduen moralari eragin baitzion[41]. Erasoek oldarraldia gertatu aurreko abenduaren 26an jarraitu zuten, eta ke handia sortu zuten, hondartzak erdi ilunduta utziz[40]. Lehorreratze estatubatuarrak arrakasta izan zuen, japoniarren indarren kontraerasoak garaituak izan zirelarik abenduaren 26an. Biharamunean, 1. Itsas Erregimentua mendebalderantz abiatu zen, aerodromoetarantz. Arratsalde hartan, japoniarren blokeo posizio bat gainditu zen, baina estatubatuarren aurreratzea gelditu egin zen errefortzuak lehorreratzen ziren bitartean. Abenduaren 29an ekin zioten berriro, eta aerodromoak hartu ziren[42]. 1944ko urtarrileko lehen bi asteetan, marineek hegoalderantz egin zuten beren hondartza-burutik, ustez inguruan zuten japoniar indarra aurkitu eta garaitzeko. Horrek borroka gogorrak eragin zituen, japoniarren Infanteriako 141. Errejimentua (Japoniar Armada Inperiala) lur garaietan kokatutako posizioak defendatzen saiatu zelarik[43]. Marineek urtarrilaren 16an ziurtatu zuten eremua[44].

Lehorreratze emankorrarekin, aliatuek Bismarck itsasorako komunikazio-bideak kontrolatu zituzten, Vitiazko itsasartearen alde banatan ostatuak ziurtatu ondoren, lehenago Finschhafen eskuratu ondoren. 1944ko urtarrilean, aliatuek gehiago aprobetxatu nahi izan zuten beren abantaila, eta beste 'Dextery Operazio' bat hasi zuten Ginea Berriko kostaldean, Saidorren lehorreratze bat eginez eta Huongo penintsula Australiako eta AEBko indarrek garbituz. Erantzun gisa, Rabauleko goi agintari japoniarrak, Huongo penintsulatik erretiratzen ari ziren indarrei, Saidor zeharkatzeko agindu zien, eta, ondoren, Madangera erretiratzen hasi ziren[45].

Urtarrilaren erdialdera, Sakaik baimena eskatu zuen Britania Berriko mendebaldeko agintea uzteko, eta Imamurak, hilaren 21ean, onartu egin zuen. Geroago, japoniarrek estatubatuarrengandik bereizi, eta Talasea aldera abiatu nahi izan zuten[46]. Itsas patruilek japoniarren atzetik zebiltzan, eta borroka txiki ugari izan zituzten uhartearen erdialdean eta iparraldeko kostaldean[47].

Talasea aldatu

 
AEBko marineak Talaseako hegazkin pistarantz.
Sakontzeko, irakurri: «Talaseako gudua»

Arawe eta Gloucester lurmuturra bermatzeko operazioen ondorengo hilabeteetan, borroka mugatuak baino ez ziren izan Britainia Berrian, japoniarren indarrek, neurri handi batean, garai horretan borroka saihestea aukeratu baitzuten, eta Rabaulera erretiratzen jarraitu zuten. Estatu Batuetako indarrek Rooke uhartea ziurtatu zuten 1944ko otsailean, baina, ordurako, uhartearen garnizioa erretiratua zen[43]. Hurrengo hilean, beste lehorreratze bat egin zuten Talasean, Willaumez penintsulan. Japoniar erretiratuak mozteko jarraipen operazio bat gisa pentsatua[48], operazioan, Willaumez penintsulan lehorreratutako 5. Itsas Erregimentutik (Estatu Batuak) sortutako borroka talde batek hartu zuen parte nagusiki, Volupai plantaziotik gertu dagoen istmo estu baten mendebaldean. Hasierako lehorreratze ondoren, marineak ekialderantz abiatu ziren Talaseako behin behineko lurreratze-pistarantza, kontrako kostaldean. Japoniar defendatzaile talde txiki batek eutsi zien AEBko tropei, eta eragotzi zien Gloucester lurmuturretik zetozen japoniar indar nagusiaren erretiratzea eteteko bezain azkar aurrera egitea[49][50].

Aliatuek Rabaulen egindako aire erasoak are gehiago areagotu ziren Bougainvilleko aerodromoak amaitu ondoren, 1944ko urtarrilean. Hiri osoa suntsitua izan zen, hegazkin eta itsasontzi ugarirekin batera. Hala ere, Japoniako armadak ekipamendu gutxi galdu zuen, azaroan zehar bere armategiak kobazulo bolkanikoetara eramanak baitziren. Ontzi-galerak zirela eta, japoniarrek ur-azaleko ontzi gehiago bidaltzeari utzi zioten otsailetik aurrera[51]. Otsailaren 19an, Rabaulen zeuden japoniar hegazkin-unitateek azken saiakera egin zuten aliatuen sarekada bat oztopatzeko. Horren ondoren, gerraren amaiera arte iraun zuten aire erasoek antiaire tiroz baino ez ziren erantzun[52]. Bonbardaketa luzeen ondorioz, japoniarrek aliatuen aurreratzeari aurre egin ziezaieten base izateari utzi zion. Hala ere, oso ondo babestua izan zen 98.000 gizon inguruko garnizio batez eta ehunka artilleria eta antiaire kanoiez. Gotorleku zabalak eraiki ziren Gazelle penintsularen inguruan, non lur malkartsuak ere defendatzaileen alde egingo baitzuten[53]. 1944ko martxoaren 14an, Buruzagitza Nagusi Inperialak 8. Eremuko Armadari agindu zion Rabaul inguruko eremua ahalik eta denbora gehien eusteko, indar aliatuak beste eskualde batzuetatik urruntzeko[54].

1944ko apirilean, behin Arawe eta Gloucester lurmuturra ziurtatuta, AEBko Infanteriako 40. Dibisioa iritsi zen, Rapp Brush jeneral nagusiaren agindupean[55], 1943ko abenduan lehorreratu ziren marine eta zaldunen txanda hartzeko. Horren ondoren, inaktibitate erlatibo aldi bat etorri zen, AEBko eta Japoniako indarrek uhartearen alde banatan ezartzen zirelarik; bien bitartean, AIBko indarrek, Australiak gidatuta, gerrilla ekintzak egin zituzten erdialdean[6]. Geroago, AIBko patruilek japoniarren posizio aurreratuak Ulamonara, iparraldeko kostaldean, eramatea lortu zuten, eta Kamandranera, hegoaldean[56][57]. 1944ko erdialdean, 8. Eremuko Armadaren agintaritza nagusiak aliatuen asmoak baloratu zituen berriro, Britainia Berrian. Ordura arte aliatuek Rabaulen aurkako eraso handi bat prestatzen ari zirela uste bazen ere, aliatuen indarrak Filipinetarantz aurrera egin izanak interpretatu zen hura jada ez zela posible. Aldiz, japoniarrek uste zuten aliatuek astiro egingo zutela aurrera, Britania Berrian zehar, hirirantz eta eraso egingo ziotela Japoniarantz egiten zuten kanpaina trabatu edo amaituz gero soilik edo uharteko australiar indarren tamaina handituz gero[58].

Australiar ekintzak aldatu

 
Australiako operazioak Britainia Berriko erdialdean, 1944ko urria eta 1945eko martxoa bitartean

Erantzukizuna Australiaren esku aldatu

1944ko urrian, Ameriketako Estatu Batuetako Infanteriako 40. Dibisioa eskualdatzea erabaki zen Filipinetan borrokatzeko, Britainia Berria australiarren esku uzteko erantzukizunarekin, australiar gobernuak bere tropak erabili nahi zituelako japoniarrek lehenago eskuratutako Australiako lurraldea berreskuratzeko[59]. Australiako 5. Dibisioa, Alan Ramsay jeneral nagusia buru zuena, aukeratu zuten operazio honetarako; 1944ko maiatzean Madang inguruan kontzentratu zen, Huongo penintsula ziurtatzeko operazioen ondoren[60].

Garai hartako inteligentzia aliatuak uhartean zegoen japoniarren indarra gutxietsi zuen, 38.000 gizon inguruk eusten ziotelakoan, hori biko faktore batengatik okerra baitzen, japoniarren asmoen ebaluazio aliatuak zehatzagoak izan zirelako eta planifikatzaileek Imamuraren indarrak defentsa jarrera bat hartuko zuela uste zutelako, Rabaulen inguruan ezarritako gotorlekuen barnean geratuz[61]. Izan ere, japoniarren borrokarako indarra 69.000 gizonekoa zen, 53.000 soldadu eta 16.000 marinel barne, eta, batez ere Gazelle penintsulan zeuden arren, iparraldean, Rabaul inguruan, Awulera iristeko zaintza lekuak zeuden. Garnizioaren isolamendua gero eta handiagoa zenez, arrozaren laborantza eta lorezaintza lantzen zituzten askok. Talasea-Hoskins lurmuturrean, Arawe eta Gloucester lurmuturrean zeuden kokagune estatubatuarrekin, bi aldeak, geografikoki, bananduta zeuden, eta isileko su-eten baten zain zeuden. Aliatuen bonbardaketek asko murriztu zituzten japoniar aire- eta itsas indarrak, bi aireontzi operatibo baino geratzen ez zitzaielarik, eta geratzen ziren ontzi bakarrak 150 gabarra ziren, kostaldean hornigai edo tropa kopuru txikiak mugi zitzaketenak[14].

Ramsayren indarrak Gazelle penintsulako japoniarren garnizioa isolatzeko operazio bat egiteko agindua jaso zuen[6]. Hori egitean, Ramsayk japoniarren gaineko presioa mantentzeko agindua jaso zuen, eta, aldi berean, eskala handiko indarrak ez erabiltzeko. Hala eta guztiz ere, australiarrek erasoaldi mugatu bat egingo zutela erabaki zen, neurri handi batean patruila-ekintzez osatua, AEBko garnizioa geratua zen uhartearen mendebaldeko muturra gainditzeko helburuarekin. Hori lortzeko, Australiako komandanteek bi base ezartzea erabaki zuten: bat, Jacquinot badiaren inguruan, hegoaldeko kostaldean, eta, base bat, iparraldeko kostaldean, Hoskins lurmuturraren inguruan[6][61].

Britainia Berriko erdialdea aldatu

 
Ginea Berriko Infanteriako 1. Batailoiko soldaduak Jacquinot badiatik gertu zegoen garraio-ontzi batean, 1944ko azaroan.

1944ko urriaren hasieran, Australiako Infanteriako 36. Batailoia Hoskins lurmuturrean lehorreratu zen, AEBko goarnizioari txanda hartzen hasteko[62]. Hurrengo hilaren hasieran, Australiako 6. Brigadaren gainerako elementuak Jacquinot badian lehorretatu ziren. Hurrengo asteetan, hornidura eta ekipo ugari lehorreratu ziren, sostenguko laguntzaile eta langileekin batera, instalazioak eraikitzen hasteko, besteak beste, errepideak, aireko pista bat, kai-instalazioak eta ospitale orokor bat. Lan horiek 1945eko maiatzera arte iraungo zuten[63]. Zeelanda Berriko aireko armadako bi eskuadroi Vshould F4U Corsair gudu-bonbaketariak hegaldatu zuten uharteko aliatuen operazioei laguntzeko[64], eta Estatu Batuetako 594. Ingeniaritza eta Itsasertzeko Erregimentuko lehorreratze ontziek laguntza eman zuten, 1945eko otsailean, Australiako Lehorreratze Ontzidiaren Konpainia iritsi zen arte[65].

Itsas-baliabide urriak zirela eta, 5. Dibisioaren lekualdaketa asko atzeratu zen, eta 1945eko apirilera arte ez zen amaitu. Hala eta guztiz ere, abenduan, Australiako aurreratzea hasi zen iparraldeko eta hegoaldeko kostetan zehar Gazelle penintsularantz joan asmoz, Wide Bay-Open Bay lerroa eskuratzeko, non japoniarren indar handiena baitzegoen, Rabaulgo gotorlekuaren inguruan oso estatiko mantentzen zena, 1.600 soldadu inguru baino ez zeudelarik aurre guneetan[66]. Hala, anfibioen lehorreratzeak, ibai-gurutzaketak eta eskala txikiko ekintzak ikusi ahal izan ziren[67]. Infanteriako 36. Batailoia abenduaren hasieran hasi zen Hoskins lurmuturraren inguruan hedatzen, Bialla aldera abiatuz gabarra bidez, non bi konpainiek aurre base bat ezarri zuten ekialderantz patruilatzen hasteko. Japoniarrak Pandi ibaiaren atzera erretiratu zirela egiaztatu ondoren, Ea Ea inguruan beste base bat ezarri zen, tropak berriro gabarrez aurreratuz. Ginea Berriko Infanteriako 1. Batailoia 1945eko urtarrilean iritsi zen haiek indartzera[68]. Horren ondoren, australiarrek, iparraldeko kostaldean, Open Bay aldera bultzatu zuten lerroa, Baia inguruan kanpamendu bat ezarriz eta Mavelo landaketa patruilatuz, non borroka txiki batzuk gertatu ziren[69].

 
Australiako 37/52. Batailoia Open badian lehorreratzen da, 1945eko maiatzean.

Bien bitartean, hegoaldeko kostaldean, abendu amaieran hasi zen Wide Bayrako aurreratze nagusia. Horrek, Australiako 14/32. Batailoiak, Milim inguruan, 1945eko otsailaren erdialdean base bat ezartzea ekarri zuen, Sampunen zehar gabarretan eramana izan zena[69]. Otsailaren 15ean, Kamandran eskuratu zuten borroka labur baten ondoren, non Ginea Berriko Infanteriako 1. Batailoiko patruila batek segada arrakastatsua egin zuen[68][70]. Puntu horretan, hegoaldeko kostaldeko japoniarren erresistentzia hazten hasi zen, eta, aurreratzearen azken fasean, australiarrak Henry Reid badiaren inguruan aurrera egiten hasi ziren, oinez, japoniarren indar batek batailoi baten inguruan zuen Waitavalo-Tol eremua ziurtatzeko[66].

Horren ondoren, martxoaren 5ean, Australiako infanteriako 19. Batailoiak Wulwut ibaiaren zeharkatzearekin, zenbait eraso egin ziren sei astez Sugi mendiaren inguruko japoniarren posizio nagusia murrizteko[71]. Sugi mendiaren inguruko kokalekua, Wulwut mendiaren mendebaldean zeuden hainbat gailurretan zehar hedatzen zena, gogor defendatu zen mortero, metrailadore eta gotor-kutxekin, eta, gainera, euri jasak australiarren ahaleginak zapuztu zituen japoniarren gotorlekua txikitzeko. Borroka gogorrak izan ziren, eta, martxoaren 18an, 14/32. Batailoiaren Bacon Hilleko erasoarekin amaitu zen. Waitavalo–Tol eremua martxoan eta apirilean eskuratu ondoren, australiarrak Jammer badiarantz abiatu ziren, eta patruilak bidali zituzten beren iparraldeko eta hegoaldeko aurreratzeak lotzeko[72]. Errefortzuak ere ekarri zituzten, lehen Australiako Infanteriako 13. Brigadatik eta, ondoren, Australiako 4. Brigadatik[73], haien kanpainaren eraso zatia amaitu zenean. Hurrengo hilabeteetan, australiarrek patruila batzuk muntatu zituzten Gazelle penintsularen lepoaren inguruko lerroa mantentzeko eta japoniarrek Rabauletik irteteko ahaleginik egin ez zezaten. Hori guztia gerra amaitu arte iraun zuen, 1945eko abuztua arte[67]. [2/2 Australiako 2/2 Komandoko Eskuadroia Rabauletik gertu sartu zen patruila bat zuzendu zuen, eta lurra hain malkartsua zen, ezen japoniarren unitate handiek ezin izango zuten Australiako indarrei eraso egin[74].

Garai hartan, zenbait aginte-aldaketa gertatu ziren. Apirilean, Horace Robertson jeneral nagusiak hartu zuen Ramsayko agintea, eta, abuztuaren hasieran, berriz, Kenneth Eather jeneralak[75].

Ondorioa aldatu

Infanteriako 4. Brigadako kide zen Australiako Infanteriako 29/46 Batailoiak ziurtatu zuen Rabaul, 1945eko irailaren 6an, non 8.000 gerra-preso baino gehiago askatu ziren uharteko japoniarren kanpalekuetatik. 1944ko urriaren eta gerraren amaieraren artean, Britainia Berrian izandako borroketan Australiako galerak mugatuak izan ziren: 53 hildako eta 140 zauritu. Beste 21 pertsona hil ziren borrokarekin zer ikusia ez zuen zaurien edo gaixotasunen ondorioz[76]. AEBko Itsa-infanteriako 1. Dibisioaren galerak 310 hildako eta 1.083 zauritu izan ziren[77]. Gainera, aliatuen unitate guztien hildakoak, Arawe inguruko borroketan, 118 hildako eta 352 zauritu izan ziren, eta lau desagertu[38]. Japoniarrek Britainia Berrian eta Bismarck uhartediko beste uharteetan izandako galerak 30.000 inguru dira, gehienak gaixotasunengatik eta goseteagatik[78]

 
1945eko irailean, Rabaulen harrapatutako tanke japoniarrekin zeuden soldadu australiarrak.

Kanpainaren ondoren, historialarien artean, iritzi nahasiak daude Arawe inguruan eta Gloucester lurmuturraren inguruan Estatu Batuen lehorreratzea beharrezkoa ote zen aztertzerakoan. Henry Shaw eta Douglas Kane Itsas Armadaren historia ofizialaren egileen arabera, Arawe inguruan lehorreratzeak Gloucester lurmuturrean lehorreratzea erraztu zuen[79], baina Samuel Eliot Morison AEBko itsas historialariak argudiatzen du Araweko lehorreratzeak 'balio txikia' zuela, adieraziz inoiz ez zela itsas base batean garatu eta, potentzialki, baliabideak eta eskulana beste leku batean erabil zitezkeela[80]. AEBko Armadako historialari John Millerrek ere ondorioztatu zuen Arawe eta Gloucester lurmuturra bermatzeko operazioak «ez zirela, seguruenik, funtsezkoak izan Rabaul bereganatzeko edo Filipinetara hurbiltzeko» eta Britainia Berriko mendebaldeko erasoaldiak, berriz, onura batzuek ekarri zizkiotela eta, konparazioz, biktima gutxi[81].

Gavin Long australiar historialari ofizialak, kanpainan izandako parte-hartzea laburbiltzean, idatzi zuen Australiak baliabide gutxi zituela, batez ere aireari eta itsasoari zegokienez, eta horrek 5. Dibisioaren kontzentrazio kanpaina oso berandu arte atzeratu zuela[82]. Hala ere, Longek idazten du australiarren indarra, nahiko esperientziarik gabea eta bost dibisio inguruko japoniarren indar baten aurka jotzen zuela, emaitza nabarmena lortu zuela egoera haietan[66]. Lachlan Grantek ere antzeko ondorioa atera du, eta nabarmendu du kanpainan jasan zituzten baja mugatuak beste leku batzuetakoekin alderatuta, hala nola Aitape–Wewak kanpainaLachlan Grant also reaches a similar conclusion, highlighting the limited galera that were sustained in the campaign in comparison to those in other locations such as Aitape–Wewak.[83]. John Coates erretiratutako jeneralak uste zuen «Australiak Britainia Berrian egindako operazioak, alderdi askotan, euste-kanpaina klasikoak izan zirela», baina haien aireko eta itsas laguntza eskasa kontrastatu zuen biek Borneoko kanpainari esleitutako gehiegikeriekin[84]. Peter Charlton-ek ere arrakastatsutzat jo zituen Australiaren operazioak, baina kritiko agertu zen, bai 5. dibisioa zabaltzeko erabakiarekin Japoniako indar askoz boteretsuago baten aurka, bai kanpainarako aurreikusitako babes mugatuarekin[85].

Imamura japoniar komandantearen defentsa-taktikak faktore bat izan zitezkeen Australiako indarren arrakasta askoz txikiagoa ondorioztatzeko. Kengoro Tanaka historialari japoniarraren arabera, Imamurak agindua zuen bere indarra mantentzeko Japoniako Itsas Armada Inperialarekin elkarrekintza lortu arte, eta, beraz, Rabaulgo gotorlekuaren aurrean, bere tropen zati txiki baino ez zabaltzea aukeratu zuen[86]. Eustace Keogh ere bat dator baieztapen horrekin, argudiatuz edozein erasoaldik ez zukeela helburu estrategikorik izango itsas eta aireko laguntza nahikorik gabe, garai hartan japoniarrek eskura ez zutena[72]. Gregory Blakek idatzi du lur izugarri malkartsuak ezinezko egiten zuela japoniarren ofentsiba handi bat[74].


Erreferentziak aldatu

  1. Australian War Memorial. "Australia-Japan Research Project: Dispositions and deaths". Citing figures of the Relief Bureau of the Ministry of Health and Welfare, March 1964. 30,500 Japanese troops are listed as dying in the Bismarck Archipelago.
  2. Rottman 2002, 184 orr. .
  3. a b c Rottman 2002, 185 orr. .
  4. Rottman 2002, 188 orr. .
  5. a b c d e Moremon, John. "Rabaul, 1942 (Longer text)". Australia-Japan Research Project. Australian War Memorial. Retrieved 22 April 2017.
  6. a b c d e f g Grant 2016, 225 orr. .
  7. Keogh 1965, 100–111 orr. .
  8. Frei, Henry. "Why the Japanese were in New Guinea (Symposium paper)". Australia-Japan Research Project. Australian War Memorial. Retrieved 23 April 2017.
  9. a b c Moremon, John. "New Britain, 1944–45 (Longer text)". Australia-Japan Research Project. Australian War Memorial. Retrieved 23 April 2017
  10. Mortensen 1950, 312 orr. .
  11. Shindo 2001.
  12. Mortensen 1950, 312–313 orr. .
  13. Long 1963, 268–270 orr. .
  14. a b Dennis et al 2008, 390 orr. .
  15. Tanaka 1980, 127–130 orr. .
  16. Hiromi 2004, 138 & 146 orr. .
  17. Rottman 2009, 21–22 orr. .
  18. a b Horner, David. "Strategy and Command in Australia's New Guinea Campaigns (Symposium paper)". Australia-Japan Research Project. Australian War Memorial. Retrieved 24 April 2017.
  19. Miller 1959, 224–225 orr. .
  20. Mortensen 1950, 316, 318 orr. .
  21. Miller 1959, 230–232 orr. .
  22. Miller 1959, 253 orr. .
  23. a b Miller 1959, 270 orr. .
  24. Miller 1959, 273–274 orr. .
  25. Miller 1959, 274–275 orr. .
  26. Miller 1959, 276–277 orr. .
  27. Miller 1959, 278–279 orr. .
  28. a b Miller 1959, 277 orr. .
  29. Shaw & Kane 1963, 324–325 orr. .
  30. Shindo 2016, 52 orr. .
  31. Miller 1959, 280 orr. .
  32. Shaw & Kane 1963, 326–327 orr. .
  33. Keogh 1965, 338 orr. .
  34. Shaw & Kane 1963, 338–339 orr. .
  35. Keogh 1965, 339 orr. .
  36. Keogh 1965, 339–340 orr. .
  37. Keogh 1965, 340 orr. .
  38. a b Miller 1959, 289 orr. .
  39. Miller 1959, 277–279 orr. .
  40. a b Miller 1959, 290–292 orr. .
  41. Shaw & Kane 1963, 443–444 orr. .
  42. Miller 1959, 290–294 orr. .
  43. a b Miller 1959, 294 orr. .
  44. Shaw & Kane 1963, 389 orr. .
  45. Keogh 1965, 340–341 orr. .
  46. Shaw & Kane 1963, 398 orr. .
  47. Shaw & Kane 1963, 399–408 orr. .
  48. Hough & Crown 1952, 152 orr. .
  49. Shaw & Kane 1963, 411–427 orr. .
  50. Hough & Crown 1952, 152–171 orr. .
  51. Miller 1959, 309–310 orr. .
  52. Miller 1959, 311 orr. .
  53. Miller 1959, 311–312 orr. .
  54. Shindo 2016, 59 orr. .
  55. Hough & Crown 1952, 183 orr. .
  56. Keogh 1965, 408 orr. .
  57. Powell 1996, 239–245 orr. .
  58. Long 1963, 266–267 orr. .
  59. Dennis et al 2008, 387 orr. .
  60. Keogh 1965, 395, 410–411 orr. .
  61. a b Keogh 1965, 410 orr. .
  62. Long 1963, 249–250 orr. .
  63. Mallett 2007, 288–289 orr. .
  64. Bradley 2012, 408 orr. .
  65. Long 1963, 250 orr. .
  66. a b c Long 1963, 270 orr. .
  67. a b Grant 2016, 225–226 orr. .
  68. a b Keogh 1965, 411 orr. .
  69. a b Long 1963, 253 orr. .
  70. Long 1963, 255–256 orr. .
  71. Long 1963, 256–257 orr. .
  72. a b Keogh 1965, 412 orr. .
  73. Long 1963, 260–261 orr. .
  74. a b Blake 2019, 253 orr. .
  75. Long 1963, 265 orr. .
  76. Grant 2016, 226–227 orr. .
  77. Miller 1959, 295 orr. .
  78. Australian War Memorial. "Australia-Japan Research Project: Dispositions and deaths". Citing figures of the Relief Bureau of the Ministry of Health and Welfare, March 1964. 30,500 Japanese troops are listed as dying in the Bismarck Archipelago.
  79. Shaw & Kane 1963, 343 orr. .
  80. Morison 2001, 377 orr. .
  81. Miller 1959, 294–295 orr. .
  82. Long 1963, 250 & 269 orr. .
  83. Grant 2016, 226 orr. .
  84. Coates 2006, 276 orr. .
  85. Charlton 1983, 97–98 orr. .
  86. Tanaka 1980, 127 orr. .

Bibliografia aldatu

  • Blake, Gregory. (2019). Jungle Cavalry: Australian Independent Companies and Commandos 1941-1945. Warwick, United Kingdom: Helion & Company ISBN 978-1-911628-82-8..
  • Bradley, Philip. (2012). Hell's Battlefield: The Australians in New Guinea in World War II. Crow's Nest, New South Wales: Allen & Unwin ISBN 978-1-74237-270-9..
  • Charlton, Peter. (1983). The Unnecessary War: Island Campaigns of the South-West Pacific, 1944–45. South Melbourne: Macmillan Company of Australia ISBN 978-0-333-35628-9..
  • Coates, John. (2006). An Atlas of Australia's Wars. (2.. argitaraldia) Melbourne: Oxford University Press ISBN 978-0-19-555914-9..
  • Dennis, Peter; Grey, Jeffrey; Morris, Ewan; Prior, Robin; Bou, Jean. (2008). The Oxford Companion to Australian Military History. (2.. argitaraldia) Melbourne: Oxford University Press ISBN 978-0-19-551784-2..
  • Grant, Lachlan. (2016). «Campaigns in Aitape–Wewak and New Britain, 1944–45» in Dean, Peter J. Australia 1944–45: Victory in the Pacific. Port Melbourne, Victoria: Cambridge University Press, 213–231 or. ISBN 978-1-107-08346-2..
  • Hiromi, Tanaka. (2004). «7. atala: Japanese force in post-surrender Rabaul» From a Hostile Shore: Australia and Japan at War in New Guinea. Bullard, Steven and Akemi, Inoue (translators) Canberra: Australia–Japan Research Project, Australian War Memorial, 138–152 or. ISBN 978-0-975-19040-1..
  • Hough, Frank O.; Crown, John A.. (1952). «The Campaign on New Britain» USMC Historical Monograph (Washington, DC: Historical Division, Division of Public Information, Headquarters U.S. Marine Corps) OCLC .63151382.
  • Keogh, Eustace. (1965). South West Pacific 1941–45. Melbourne: Grayflower Publications OCLC .7185705.
  • Long, Gavin. (1963). «10. atala: Operations on New Britain» The Final Campaigns. VII (1.. argitaraldia) Canberra: Australian War Memorial, 241–270 or. OCLC .1297619.
  • Mallett, Ross A.. (2007). Australian Army Logistics 1943–1945. (online. argitaraldia) University of New South Wales OCLC .271462761.
  • Miller, John Jr.. (1959). «Cartwheel: The Reduction of Rabaul» AEB Army in World War II: The War in the Pacific (Washington, DC: Office of the Chief of Military History, U.S. Department of the Army) OCLC .63151382.
  • Morison, Samuel Eliot. (2001). Breaking the Bismarcks Barrier. Champaign, IL: University of Illinois Press ISBN 978-0-252-06997-0..
  • Mortensen, Bernhardt L.. (1950). «Rabaul and Cape Gloucester» The Pacific: Guadalcanal to Saipan, August 1942 to July 1944. IV Washington, D.C.: Office of Air Force History ISBN 978-0-912799-03-2..
  • Powell, Alan. (1996). War by Stealth: Australians and the Allied Intelligence Bureau 1942–1945. Carlton South, Victoria: Melbourne University Press ISBN 978-0-522-84691-1..
  • Rottman, Gordon L.. (2002). World War II Pacific Island Guide: A Geo-military Study. Westport, CT: Greenwood Press ISBN 978-0-313-31395-0..
  • Rottman, Gordon L.. (2009). World War II US Cavalry Units. Pacific Theater. Oxford: Osprey ISBN 978-1-84603-451-0..
  • Shaw, Henry I.; Kane, Douglas T.. (1963). «Isolation of Rabaul» History of U.S. Marine Corps Operations in World War II (Historical Branch, G-3 Division, Headquarters, U.S. Marine Corps) II OCLC .482891390.
  • Shindo, Hiroyuki. (2001). «Japanese Air Operations Over New Guinea During the Second World War» Journal of the Australian War Memorial ISSN 1327-0141..
  • Shindo, Hiroyuki. (2016). Dean, Peter J. ed. Australia 1944–45: Victory in the Pacific. Port Melbourne, Victoria: Cambridge University Press, 51–76 or. ISBN 978-1-107-08346-2..
  • Tanaka, Kengoro. (1980). Operations of the Imperial Japanese Armed Forces in the Papua New Guinea Theater During World War II. Tokyo, Japan: Japan Papua New Guinea Goodwill Society OCLC .9206229.

Bibliografia osagarria aldatu

  • Gamble, Bruce. (2013). Target Rabaul: The Allied Siege of Japan's Most Infamous Stronghold, March 1943 – August 1945. Minneapolis, MN: Zenith Press ISBN 978-0-7603-4407-1..

Kanpo estekak aldatu